ANALISIA -

Joseba Agudo

2012ko Urriaren 25a

Azaroaren 6an hauteskunde presidentzialak egingo dira Ameriketako Estatu Batuetan. Alderdi Demokratako Obamaren eta Alderdi Errepublikanoko Romney-ren artean aukeratu beharko dute erroldatuta dauden estatubatuarrek. Botoa emateko erregistratuta daudenek bakarrik, milioika baitira bertan bizi eta bozkatu ezingo dutenak.

Obamaren lau urteetako balantzea eginez gero, itzalak argiei gailentzen zaizkiela nabaria da. Denok dugu gogoan Obamak irabazi zuenean mundu osoan zehar barreiatu zen poza. George W. Bush aurreko presidentea historiaren zulotik bidaltzeko gogoa zegoen, dudarik gabe, eta Obamaren garaipenak haize berria zekarrela zirudien. Baikortasun handi horren erakusle dira hainbat pertsonek garai hartan idatzi zituzten artikuluak eta zorion mezuak. Esaterako, ezker abertzaleak 2008ko azaroaren 7an idatzitakoa: «Ameriketako Estatu Batuetako hauteskunde presidentzialetan lorturiko garaipena zoriondu nahi dio ezker abertzaleak Barack Obama presidenteari». Garaiko ilusioaren lekuko dira ere zorion mezu berberak zituen hurrengo lerroak: «Gure zorionak Alderdi Demokratari, euskal diasporari eta bereziki AEBetako historian lehen aldiz Etxe Zurian ordezkatua izango den komunitate afro-amerikarrari ere luzatzen dizkiogu». ezkerabertzalea.info webgunean oraindik irakurri daitezke bai zorion agur hori, bai hurrengo egunetan argitara eman zen Obamari ezker abertzaleak aurreikusten zizkion arazoen gaineko txostena (2008ko azaroaren 20koa da). Bertan jasotzen zuen ezker abertzaleak ea «yes we can» hura, «he cans» bihurtuko ote zenari buruzko zalantza. Ilusioaren ondoren, handik hilabete batzuetara, Bakearen Nobel Saria jaso zuen presidente demokratak, nahiz eta onartu behar dugun sari horrek gehiago zuela Obamari gerra asmoak mozteko intentzioa, beste ezer baino.

Latinoamerika

GAUR8n Amerikako errealitatea aztertzen dugun aldetik, ikusi dezagun zer suposatu duen Obamaren administrazioak kontinentearentzat eta, batez ere, AEBekin 3.185 kilometroko muga duen Mexikorentzat.

AEBen belatzek berdin-berdin jarduten dute. Boterean demokratak ala errepublikanoak egon, ez da gauza handirik aldatzen. Bushen eta Obamaren estiloen artean alde izugarria badago ere, ekintzei dagokienez parekotasunak handiak izan dira, nahiz eta azken lau urteek ezaugarri berritzaileak ere izan dituzten AEBak-Latinoamerika dikotomian. Ez dugu ahantzi behar, gainera, Obamak Alderdi Demokrata batzeko Joe Biden jarri zuela lehendakariorde (azken honek alderdiko sektore tradizionalena ordezkatzen baitzuen). Eta, behin hauteskundeak irabazita, estatu idazkari eta atzerri ministro izendatu zuela Hillary Clintoni; mugimendu horrek alderdia erabat batuta mantentzeko balio behar zion. Baina, jakina, bere prezioa ordainduta lortutakoa.

Beraz, barne osagai horiekin, Obamaren agintaldian honako gertaerak bereizi behar ditugu Latinoamerikari dagokionez: bi estatu kolpe «moderno» egon dira, Hondurasen bat eta Paraguain bestea; Ekuadorren Correa presidentea eta Bolivian Evo Morales erailtzeko saioak egon dira; Kubaren aurkako jarrera erasokor eta bidegabeari beti bezala eutsi dio; plan militarrak gauzatzen dihardute, ustez delinkuentziaren aurka egiteko, baina jarduera horren benetako helburua protesta sozialaren kriminalizazioa da. Finean, aldaketa gutxi aurreko administrazioarekiko, formetan ez bada. Baina edukietan, batere ez.

Hein batean normala da gauzak horrela izatea. AEBek dituzten interesek talka egiten dute behin eta berriz Latinoamerikakoekin. Zuzenean talka egiten dute ALBA osatzen duten herriekin. Baita Unasur, Petrocaribe edota CELAC bezalako proiektuekin. Latinoamerikako herrien independentzia, benetako burujabetza, sakontzen doan heinean («bigarren independentzia» da garai honetako prozesua idazle askoren esanetan, Angel Guerra Cabrerak, esaterako, urriaren 11ko “La Jornada” egunkarian idatzi zuen moduan), AEBek gero eta arazo gehiago dituzte beren kontrol eta nagusitasun nahiei eusteko.

Beraz, datozen urteetan lehia horrek bizi-bizirik jarraituko du, are gehiago urriaren 7an Hugo Chavezek hauteskundeetan lortu duen garaipen historikoaren ostean, Venezuela eta Chavez baitira, Kubaren lidergo historikoa baztertu gabe eta Brasilgo ekonomiak duen pisu itzelaren ondoan, Latinoamerikako aldaketa handienen motorrak. Aldaketa gutxi espero daiteke, Romneyk ala Obamak irabazi, haien ikuspuntutik Bravo ibaitik beherako zonalde osoa borroka eremu baita.

Mexiko

Barack Obama presidenteak traizionatu duen herria al da Mexiko? Esan behar da AEBetako presidente beltzak Mexikorekiko izan duen jarrera ez dela egokia izan.

Aitzakia bezala, Obamak aditzera eman du AEBetako Kongresuan ez duela berak nahiko lukeen gehiengorik eta horregatik ezin dituela hauteskunde kanpainan hartutako zenbait konpromiso bete, batez ere mexikar migrazioa behingoz legeztatzeko hartu zuen konpromisoa (mundu osoan, legez kanpo gehien zeharkatzen den muga da AEBen eta Mexikoren artekoa: 12 milioi pertsona pasatzen dira urtero!). Baina hori ez da guztiz egia, erreskate ekonomikorako neurrien bilduma, 70 urtetan saiatutako osasungintzaren erreforma eta finantza erakundeen kontrola xedatzen dituzten legeak aurrera atera baitzituen.

Hazel Blackmorek eta Olga Pellicerrek “Los retos internacionales de México” izenburuko liburuan idatzi dutenez (Siglo XXI argitaletxea), Barack Obamaren garaipenak horraino iritsi ziren, presidenteak zituen barne presioengatik eta errepublikanoek beste garaipenik ez baimentzea erabaki zutelako. Atzerritartasunarekin lotutako erreforma bazterrean geratu da, beraz, klimaren aldaketarena eta energiarena bezalaxe.

AEBetan Mexikoren aurkako jarrerek gora egin dute. Egun Mexiko segurtasun arazotzat jotzen da. 2009an, urte hasieran, Joseph Lieberman senatariak Mexiko Pakistanekin alderatu zuen; eta bertako droga kartelak, AEBek aurre egin beharreko antolatutako delinkuentziarik arriskutsuena direla esan zuen.

Une honetan, AEBek ez dute Mexiko lagun moduan edo maila bereko estatu gisa ikusten, hegoaldeko herrialdeko indarkeria tasak murrizten laguntzeko. Hori egin beharrean, Mexikoko indarkeria beren lurretara iritsi ez dadin neurriak hartzen ari dira estatubatuar agintariak. Clintonek 2010ean Mexikoko egoerari «narkoinsurgentzia» terminoa ezarri zion. Kontuan hartzekoa da, Blackmorek eta Pellicerrek beren liburuan diotenez Clinton baita Mexikoren inguruko politika benetan zehazten duena. Askotan esan dugun bezala, hau guztiz eskandalagarria da, Mexikotik igotzen den drogak AEBetan amaitzen baitu, dirua bertako bankuetan zuritzen baita eta armak bertan erosten baitira. Mexikarrak hiltzen dira eta gerra horren irabaziak AEBetako bankuek, finantza munduko pertsonek eta arma saltzaileek lortzen dituzte.

Oro har, beraz, Obamaren 2008ko garaipenaren ondoren egindakoak etsipena eragin duela onartu beharrean gaude. Ez baitu asmatu Mexikon edota mundu osoan zeuden itxaropenak betetzen. Agian, sentsazio horrek eztabaida sakonago batetara eraman behar gaitu: litekeena al da pertsona batek, edo iritzi korronte soil batek, AEBen ildo estrategikoa aldatzea? Edo gehiago sakonduz: posible al da instituzioetatik, sistemaren barrutik eta sisteman bertan lan eginez, eraldaketa eragitea?

Obamak delegatu edo ordezkarien banaketan sekulako aldea lortu zuen orain lau urte: 365-173, John McCain hautagaiaren aurka. Baina erne egon behar dugu, konderriak kontuan hartuz gero, McCainek 2.246tan irabazi baitzuen, eta Obamak soilik 865etan. Obamak hirietan irabazi zuen, AEBetako landa guneek kontserbadore izaten jarraitzen baitute. Auskalo zer gertatuko den datorren azaroaren 6an.

Puerto Ricoko jatorria duen Benicio del Toro aktoreak urriaren 7ko “Zazpika” aldizkarian adierazi zuenez, aukera eman behar zaio Obamari beste lau urtez aldaketak egiten jarraitzeko. Garrantzitsua izango da, bai, jatorri latinoamerikarra dutenen bozka. Halere, Obamari bozka emateko egungo motibazioa ez da izango duela lau urte izan zenaren parekoa. Joseba Uriak www.zuzeu.com albistari digitalean urriaren 4an jaso bezala, «Obamak ez du bakea ziurtatzen; aldiz, Romney gerraren bermea da». Antzeko motibazioak egongo dira bozka baten edo bestearen atzean baina, oro har, Latinoamerikako gobernuek eta herritarrek AEBen nagusitasun nahiari aurre egiten segitu beharko dute.