-

«Ironman batean bizpahiru aldiz pasatzen zaizu burutik etxera joatea». Orain bi urte Hawaiiko triatloi sonatuan izandako esperientziaren ondotik, Iker Baztarrika beasaindarrak berriro ere bertan parte hartzeko txartela eskuratu du. Oraingo honetan, ezeren gainetik «disfrutatzera» joango dela argi duela ziurtatu du.

Amalur Artola

2012ko Urriaren 25a

Telebistan Hawaiiko Ironman triatloia ikusten ari zela piztu zitzaion Iker Baztarrika beasaindarrari modalitate honekiko irrika. «Igerian hasi, gero korrika, bizikleta... polita izan behar zuela pentsatu nuen», azaldu du. Orduan hamabost urte zituen eta, garaiko mutiko gehienak bezala, futbolean aritzen zen Baztarrika, «baina niri betidanik txirrindularitza gustatu izan zait eta aitari esan nion horretan hasi behar nuela». Aitak, ordea, ‘ez, umea, ez zaitez hasi, Idiazabalen futbol taldea duzu eta segi ezazu hor’ esan eta urte batzuk behar izan zituen triatloiean buru-belarri sartzeko: «Nire kabuz bizikletaz ibiltzen eta korri egiten hasi nintzen, baina ideia handiegirik gabe, eta futbola unibertsitatean heziketa fisikoko ikasketak egiten hasi nintzean utzi nuen. Gero, korri egin ostean igerilekura joaten hasi nintzen eta, horrela, besteei begira, ikasi nuen», azaldu du. Denborarekin sartu zen Goierriko triatloi taldean eta harekin egin zuen gisa honetako lehen lasterketa, 17 urte eskas zituela.

Lehen esperientzia hura «abentura» gisa oroitzen du Baztarrikak eta, frogaren distantzia «aise» beteko zuen ziurtasuna bazuen ere, ekipamentu aldetik hobetzeko asko zuela kontatu du, barrez: «Bizikleta zahar bat, korri egiteko zapatila batzuk, praka motzak eta niki bat soilik neramatzan... egia da apur bat nabarmen geratu nintzela, baina tira. Nire helburua lasterketa amaitzea zen eta hori lortu nuen, behintzat», agertu du kirolariak.

Hala ere, barruan daraman har konpetitiboak ez zion atsedenik ematen eta, hala, diziplina ezberdinetan hobetzeko zer egin zezakeen aztertzen eta entrenamenduak planifikatzen hasi zen. Hasierako erronka lasterketak bukatzea zen bezala, behin triatloi munduan sartuta, egiten ari zen horretan hobetzea bilakatu zen helburua: «Hasieran ez neukan ideiarik eta entsegu-errore asko egin ditut; horrela ikasi dut. Kemenekin entrenatzen hasi nintzenean, esaterako, asko kosta zitzaidan ohitzea: ez nien kasu askorik egiten, nik uste nuelako gutxiegi egiten ari nintzela eta gehiago egiten ahalegintzen nintzen, hori kalterako zela konturatu gabe. Orain badakit ondo entrenatu behar dela eta atseden ere ondo hartu behar dela; baina, lehen, behar nuenean ez nengoen behar bezain beste deskantsatua eta, deskantsatua nengoenean, gehiegi egiten nuen. Eta, orduan, ez nintzen eraginkorra, ez nituen kalitatezko entrenamenduak egiten».

Berriro ere, esperientzia hartatik ikasi eta igeriketa hobetzeko teknikako ikastaroa burutu zuen eta, apurka-apurka, hobetzen eta triatloiaren munduan bere lekutxoa egiten hasi zen beasaindarra.

Eta, orain, Hawaiiko triatloi hura lehen aldiz telebistaz ikusi eta irrika piztu zitzaionetik hamabost urte igaro direnean, bigarren aldiz lortu du munduko Ironman gogorrenetako bat omen den horretan parte hartzeko txartela. «Eta oraingo honetan –ziurtatu du–, ezeren gainetik disfrutatzera joango naiz».

Deshidratazioaren ondorioak

Beroak eta hezetasunak markatutako triatloi horretan 1700 pertsona inguruk hartzen du parte urtero, eta Baztarrikak ondo baino hobeto daki Hawaiiko egoera klimatologiko bereziek pertsonarengan izan dezaketen eragina noraino irits daitekeen. Orain bi urte atzera eginez, 2010eko edizioan lehen aldiz parte hartu zuenean gertaturikoa oso presente du oraindik. Halaxe kontatu du berak: «Beste Ironman batzuetan ibilia banintzen ere, Hawaiin oso gaizki pasa nuen. Lasterketan zehar indarrak erregulatzen joan nintzen eta ondo nindoan, baina, bat-batean, sei kilometroren faltan, ezin nuela gehiago sentitu nuen. Gauzak geroz eta okerrago ikusten hasi nintzen, jendea, pankartak... baina korrika jarraitu nuen. Nik ailegatu beharra nuela nekien, ez besterik». Baita ailegatu ere, baina, helmuga pasa ostean, oinek korrika jarraitzen omen zuten: «Ez nekien non nengoen ere eta korrika jarraitu nuen, inertziaz. Pertsona batek geratu ninduen eta, handik pare bat minutura, emakume bat, ingelesez, ea nonbaitera joan nahi nuen eta abar hasi zitzaidan galdezka... Ingelesean kontzentratzeko nengoen, ba! –nabarmendu du–. Nik eseri egin behar nuela esaten nuen. Ondo sumatzen nintzenean, berriro zutitzen nintzen, baina berriro esertzeko beharra izaten nuen. Bizpahiru ordu egon nintzen horrela, bizikleta hartzera beste batzuk joan behar izan zuten... buelta ematea dezente kosta zitzaidan. Hurrengo egunean hobeto nengoen, baina gorputza kristo bat eginda».

Hausnartuz, Ironman frogak gogorrak direla dio. «Bakarrik zoazenean, ‘zer ari naiz ni hemen tontoarena egiten?’ pentsatzen duzu eta bizpahiru aldiz pasatzen zaizu burutik etxera joatea. Baina, zure burua engainatuz, egiten duzu», agertu du. Hurrengo anoa-posturako geratzen den distantzia, ura lortzeko geratzen diren kilometroak... lasterketa zatika planteatzea da erabiltzen duen teknika.

Eta, beste behin, lehen saioan ikasitakoa erabiliko du bigarrenerako. «Ez dut baztertzen aurrekoan gertatu zitzaidan gauza bera gertatzea –aitortzen du, errealismo osoz–, baina argi dut disfrutatzera noala eta, nere ustez, horrekin lotuta etorriko da lasterketa ondo edo gaizki egitea. Gainera, badakit zer den Ironmana, badakit zer den beroa, baina hangoa... Aireportutik jaitsi orduko arnasa hartu eta beroa, sargoria, barruraino sartzen zaizu. Egunero eta orduoro», oroitu du, estutasun aurpegia jartzen duen artean.

Klima aldetik dauden oztopoez gainera, behin hara joanda zaila ez entrenatzea dela ziurtatu du. «Ikusgarria da zenbat jende aritzen den azken orduan entrenatzen, ero moduan... Sekulako zirkoa da». Eta, “zirkoa” aipatzen duenean, bi zentzu eman nahi dizkio hitzari. Bata, azken orduan atseden hartu eta gorputza klimara ohitu dadin itxaron beharrean argi-orduak entrenatzen pasatzen dituelako jendeak eta, bigarrena, entrenatzen ari diren horiek daramaten ekipamenduak zer pentsatua ematen duelako. Baztarrikari, behintzat, bai. «Ni ez naiz pretty boy bat –hasi du azalpena, mintzaira pausatuaz–, bizikleta normala daukat, ez naiz depilatzen, ekipamendu aldetik erosotasuna soilik bilatzen dut... Baina egia da batzuena gehiegizkoa dela, ‘Triatloiaren moda’ moduko bat badago eta Itsasok, esaterako –bere neska laguna eta «babesle handiena»–, lasterketaren batera etortzen denean, denak mozorrotuta daudela esaten du: konpresio elastikoak, bixera bereziak –batzuk gainaldea irekia daramaten horietakoak–, ‘Ironman’ bularrean, bixeran... edonon idatzia, lasterketa famaturen batean parte hartu dutela argi uzten duen elastikoa, sekulako betaurrekoak... Kit osoa daramate. Eta, noski, bizikletan ur bidoiak –nahiz eta arinago joateko bizikletak karbonozkoak izan–, eskuleku bereziak, gurpil bentrikularrak eta tubularra daramatenak... Baina, gero, pintxatzen badute ez dakite tubularra aldatzen... eta akabo lasterketa».

«Profesionala? Ez, mila esker»

Baztarrika profesional arloan aritzen ez den jendeaz ari da, froga hauetara bere bitartekoen bidez aurkezten denaz. Alegia, bere moduan, afizioz eta gogoz aritzen diren kirolariez.

Aitortu duenez, berak ez luke profesional mailan aritu nahi; batetik, «frogatzerik ez badaukat ere» dopinga egon badagoen susmoa duelako eta, bestetik, «horrek nire bizitza emaitzetara hipotekatzea ekarriko lukeelako. Goran bazabiltza ongi eta gaizki bazabiltza kanpoan zaude. Lana bilatzera. Ez dago besterik».

Horrek, Baztarrikak horrenbesteko garrantzia ematen dion «disfrutatze» hori desagartzea ekarriko lukeela uste du. Hala ere, bere erronka «nire burua profesionalen mailatik gertu» ikustea dela dio, «ikustea entrenamenduekin, ni ibiltzen naizen moduan, badagoela konpetentea izatea».

Horren erraza ez dena, agian, bera ibiltzen den moduan ibiltzea izan daiteke, ez baita txantxetarakoa beasaindarrak daraman bizi-erritmoa. Goizeko hiruretatik zazpiak edo zortziak arte aritzen da lanean, Irizar autobus konpainian. Amaitzean, astean hirutan igerilekura joan ohi da eta, «egiteko besterik ez badut», bizpahiru orduz lo egiten du. Ostean, burutzen ari den Heziketa Fisikoko ikasketak tarteko –bost ikasgai geratzen zaizkio amaitzeko–, batzuetan Gasteizera joaten da, «tutorearekin egotera, apunteak lortzera edo dena delakora» eta, bestela, apur bat ikasi, loa luzatu, bazkaria jarri eta bazkaldu egiten du. Bazkalostean, ordu pare bat lo egin, eta bigarren entrenamendu saioari ekiten dio: bi orduko bizikleta saioa edo korrika egitera. Asteartetan eta ostegunetan, zazpiretarako amaitu beharra izaten du, Beasainen spinning eskolak ematen baititu. Bizikletako «saio luzeak, bost ordu ingurukoak», denbora gehiago duenerako uzten ditu. Larunbat goizak “lo sendaketa” egiteko erabiltzen ditu, eta gero bizkletan ibiltzera joaten da. Eta, igandeetan, ezinbestean, arratsaldetan gorputzak kirola egitea eskatzen dio.

Hawaiiko triatloirako dezente geratzen da –hurrengo urteko ekainean izango da–. Nolanahi ere, halako froga batean parte hartzeak eskatzen duen ahalegin ekonomikoa tarteko, Baztarrikak inork babesle izan nahi badu biziki eskertuko duela azaldu nahi izan du, «izan ekonomikoki zein material bidez. Esate baterako, bizikletak saltzen dituen denda batek bizikleta muntatu nahi badu, kirol arropa saltzen duen denda batek zapatilak eman nahi baditu, bidai agentziak batek hegaldia ordaindu nahi badu... laguntza guztiak izango dira ongi etorriak. Nik, nire aldetik, dena emango dudala ziurta dezaket». Gogoak, behintzat, ez zaizkio falta. •