Tolosak zeinu hizkuntzan eginiko zinemari leihoa irekiko dio hirugarren urtez. Ukraina, Italia, estatu espainola, Ingalaterra eta estatu frantsesetik iritsitako izenburuak ikusi ahal izango dira azaroaren 10ean Leidor zineman. Lanak bikoiztuta eta azpitituluekin eskainiko dira, entzule zein gorrek elkarrekin goza ditzaten.
Xole Aramendi
2012ko Urriaren 25a
Europako hainbat herrialdetan zeinu hizkuntzan sortu den filmografia ezagutzeko aukera izango da Tolosan azaroaren 8tik 10era.
Gainditzen elkarteak urteak daramatza gorrek gure jendeartean bizi duten errealitatea erakusten eta euren eskubideen alde lanean. Tolosaldeko eta Goierriko 25 bat pertsona biltzen ditu elkarteak. Alberto Etxeberria lehendakariarekin eta Julian Rodriguez jaialdiaren arduradunarekin elkartu gara.
Azaroaren 10a izango da egun nagusia. Sariak egun horretan emango dira. Bost pertsonak osatuko dute epaimahaia: hiru gor eta bi entzule. Guztira, hamazazpi film labur eskainiko dira. «Aurten, film luzeak ere ekartzen saiatu gara, baina diru eskasiak ezinezkoa egin du. Egileek dirua eskatzen dute eta guk ezin diogu horri erantzun», azaldu dute.
Zinema jaialdiaren hastapenak ez ziren errazak izan. Eta ondoren ere, aurrekontu murritzari aurre egin behar izan diote. Askori harrigarria egin arren, zeinu hizkuntzan egindako zinema ekoizpena egon badago. Batez ere Europan eta AEBetan. «Antolatzerakoan zortea izan dugu. Laguntza sare oso handia edukitzea lortu dugu Europako hainbat herrialdetan. Hautaketa lana ez da erraza izan; guztira 25 lanetik gora jaso ditugu eta 17 izango dira ikusgai», diote.
Filmak ez ezik, hainbat egile ere hurbilduko da Tolosara. Ingalaterratik, Italiatik, Frantziatik eta estatu espainoletik dira etortzekoak hainbat zuzendari, ekoizle zein aktore. «Zailtasunak ditugu. Donostia Zinemaldian bai, bost izarreko hoteletara ekartzen dituzte, luxuzko baldintzak eskaintzen dizkiete, baina pertsona gorren mundua txikia da, eta pobrea. Gainera, aktoreak ez dira profesionalak, kamerak ere ez...», argitu dute.
Dirurik ez, baina lanerako kemena eta ilusioa erruz dute Rodriguezek zein Etxeberriak. «Laguntzaileak ere baditugu elkartean, eta eskerrak haiei», adierazi dute.
Atzerriko ekoizpena ikustera eurak kanpora joatea ere ez da erraza. «Hasierako urteetan eta iaz ere gure poltsikotik jarri genuen bidaietarako dirua. Oso diru laguntza txikia jasotzen dugu eta beste herrialdeetara bertako produkzioak ikustera bidaiatzea oso zaila da. AEBetan sekulako eskaintza dago, baina ez gara iristen, emailez bakarrik daukagu harremana».
Zinema jaialdiak guztiei irekiko dizkie ateak, pertsona gorrei zein entzuleei. Izan ere, film denak gaztelaniaz –asko dira euskaraz ez dakiten gorrak– azpititulatuta eta bikoiztuta emango dira. Hau lagungarria izango zaie gorrei eurei ere, zeinu hizkuntza aldatu egiten baita herrialdearen arabera. «Ingelesen zeinu hizkuntza, frantziarrena edo gurea ez dira berdinak. Ukrainarrena ere ez dugu ulertzen. Italiarrena, aldiz, nahiko antzekoa da, eta kasu horretan erraztasunak ditugun arren kosta egiten zaigu ulertzen», diote.
Hamar urte bete ditu aurten elkarteak. Balantzea ezin positiboagoa da. «Formakuntza eta sentsibilizazio alorrak jorratu ditugu bereziki. Horri esker, gure mundutik atera eta zabaltzea lortu dugu, gizarte entzulearekin harremanetan jarriz», adierazi du Rodriguezek.
Euskal Herrian aitzindariak dira era honetako jaialdiak antolatzen. Pozik eta oso harro daude. «Tolosakoa da espainiar estatuan egiten den nazioarteko jaialdi bakarra. Eta Europan hamarren bat izango dira, gurea barne», adierazi dute.
Sarrerak eskuratzeko eta egitaraua kontsultatzeko www.gainditzen.com helbidera jo dezakete interesatuek.
Zeinu hizkuntzaren ofizialtasunaren alde ari dira lanean Gainditzen elkarteko kideak. Hauxe da gorren aldarrikapen nagusiena. «Hizkuntza ofiziala bada eta udaletxera banoa, itzultzailea izateko eskubidea dut. Sendagilearengana joan eta gauza bera. Poliziarengana banoa, edo atxilotzen banaute, zeinu hizkuntzako itzultzailea izateko eskubidea daukat. Gorra den ikasleak ere, txiki txikitatik, eskubide hori badu Unibertsitatera arte. Oraindik ez da ofiziala, eta Gobernua, gainera, kontua atzeratzen ari da», adierazi du Rodriguezek.
Jendarte paraleloan sentitzen dira. «Bazterketa badago. Ez da borondatez egindakoa, baina tamalez, ezezagutzak horretara eramaten du jendeartea», esan du.
Adibide bat eman du. «Demagun enpresa batera aurkezten direla hainbat lagun lanpostu bat eskuratzera. Askoren artean bat gorra bada, berehala baztertu egiten da. Eta hori bazterketa da. Nagitasuna ere bada. Pertsona gorra kontratatuz gero, badakizu itzultzailea beharko duzula. Lan hori aurrezteko, pertsona entzulea hartu eta aurrera... Badira oso gor saiatuak, Unibertsitatean ikasketak eginak –Ingeniaritzak, Farmazia, Magisteritza–, eta ziklo ikasketak eginikoak, eta Enplegu Zentro Berezietara bidaltzen dituzte. Gureak zentroan bai, ateak zabalik dituzte, baina gorrarentzat ez da desiragarria. Hobe da ‘ohiko’ enpresetan lan egitea».
Itzultzaile eskasiak dakar beste arazo nagusia. Gipuzkoan, esaterako, bakarra dago. «Euskal Gorrek, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioak, itzultzaile bat jartzen du Gipuzkoa osorako. Deitu arren askotan ezin du etorri, lanpetuta dagoelako. Gipuzkoan zeinu hizkuntza dakigun gorrak 400-500 gara. 700-800 izango dira guztira entzumen galera izan arren zeinu hizkuntzarik erabiltzen ez dutenak», azaldu du Julian Rodriguezek.
«Bakar batekin ez daukagu ezer egiterik! Gipuzkoan herri txiki asko gara eta toki guztietatik deika hasten bagara, pentsa... Arazo handia daukagu», gaineratu du Alberto Etxeberriak.
Pertsona entzuleok zeinu hizkuntza ikastea da gakoa. Zeinu hizkuntzako irakaslea da Rodriguez. Hamabost urte daramatza. Bost ikaslerekin agertu da hitzordura. Bostetik hiru aktoreak dira eta laugarrena, dantzaria, interpretazio lanetan aritu da ere. Ainhoa Aierbe, Miren Gojenola, Aintzane Crujeivas, Sergio Nguema eta Irati Azkarate dira taldekideak.
Zeinu hizkuntza ikasten
Elkarrekin eman dute pausoa. Azkarate ondoren gehitu zitzaien. Astean lau orduz aritzen dira zeinu hizkuntza ikasten. Batzuetan, euren artean zeinu hizkuntzan aritzen dira.
Miren Gojenola da aurretik ahalegin handiena egin duena. «Hiruzpalau urte daramatzat. Beti iruditu zait erakargarria, oso espresiboa. Niretzat liluragarria da. Aktore naizen aldetik, uste dut hitzez baino gorputzez gehiago espresatzen naizela eta nolabaiteko lotura badaukat zeinu hizkuntzarekin», azaldu du.
Erabat lotuta dago. «Hasi nintzenetik ezin izan dut utzi. Sekula ez dut behar bezala ikasi eta ez dakit iritsiko naizen ere. Nire asmoa ez da interpretari lanetan hastea, baina bai elkar ulertzea», dio.
Ainhoa Aierbe kuriositatez hasi zen. «Duela mila urte hogei orduko ikastaroa egin nuen, baina ez nintzen ezertaz gogoratzen», kontatu du “Goenkale”ko Leonorrek.
«Gero beste mila gauzatan ibilia naiz eta egia esan, ez dut landu. Inguruan ez dut gorrik eta beharrik ez dut izan. Miren [Gojenola] lankidea izan dut. Oso ikasle fina denez, lanera apunteekin etortzen zen. ‘Hau ikasi beharra daukat’, esaten zidan. Hori ikusita eta Aintzanek aukera aipatu zidanean animatu egin nintzen. Taldean gutxien dakiena izango naiz, baina ari naiz», dio. Oso esperientzia polita izaten ari da. «Gure artean bizi diren pertsonak dira eta gu bezain baliagarriak. Agian egia da ez diegula kasurik egiten, eta ni horretaz ohartu gabe nengoen», adierazi du Gainditzen elkarteko kideekin dugun solasaldiaren harira.
Aintzane Crujeivas urtebetez aritu zen zeinu hizkuntzaren sekretuak ikasten. «Integrazio Soziala ikasi nuen eta irakasle izan nuen Julian. Orain aukera berria sortu zait», kontatu du.
Oso positibotzat jo du ikastaroa. Hori bai, espresio gaitasun handia eskatzen du. «Guk, aktore izanik, badugu erraztasuna, baina konturatu naiz entzuleok eskuak gutxi erabiltzen ditugula. Eta askotan keinuak egitea zaila egiten zaigu».
Sergio Nguemak Donostiako Easo ikastetxe politeknikoan ikasi zuen; ikasle gor askok ikasten zuten bertan. Beraz, gorrak ez zaizkio hain arrrotz egiten.
Orain arte pentsatu izan du dantzan ari denean hizkuntza guztietan adierazten zela baina ez da horrela. «Beti esan ohi da hizkuntza guztietan egiten dela dantza, baina bada erabiltzen ez dugun bat, zeinu hizkuntza», argitu du. Gaztetan interesgarria iruditzen zitzaion zeinu hizkuntza eta, orain, are gehiago. «Gainera, ikastea beti dator ondo, ez bakarrik ikuskizuna egiteko, nire eguneroko bizitzarako ere bai. Mundu guztiarekin komunikatzea gustatzen zait».
Sentsibilizazio Astean antolatutako dantza emanaldian ikusi zuen Aitzane Crujeivasek entzumen galera duten pertsonak nola sentitzen diren. «Saioa gorrentzat zen eta konturatzen zara eurak guk antolatutako ikuskizunetara etorritakoan nola sentitzen diren. Eta hori antzerki emanaldian itzultzaile bat jarri zutela eta bagenekiela zer zioten... Beraiek ere guk egiten ditugunean ez dute ezer ulertzen!», azaldu du.
«Gertu pertsona gorrik ez baduzu ez zara konsziente pertsona entzuleongana iristeko dituzten zailtasunez», jarraitu du.
«Oso zaila da. Estimulu piloa dugu eta beharrik ez badugu... Intxaurrondon bizi nintzen eta han ikusten nituen gorrak baina iruditzen zitzaidan eurentzat inbasioa zela. Eta agian ez da. Beraiek oso kontzentratuta daude euren elkarrizketan eta niri ez didate begiratzen; nola, ezin dira elkarrekin komunikatu niri begira badaude... Zaila da kontaktua egitea. Sentsibilizazio zabalagoa behar da, ez dira kanpotik etorri eta gure hitzkuntza ikasi behar dutenak. Ezintasuna dute. Gure gizartearen parte badira guk ere egin beharko genuke esfortzua. Baina inguruan inor ez baduzu, ez zara konturatzen», dio.
Irati Azkarateren aitak gorrekin egiten du lan eta baditu gorrak diren ezagunak. «Denei gomendatzen diet zeinu hizkuntza ikastea. Pertsona gorren tokian jartzen naiz eta nik ez nuke bitartekaririk nahi norbaitekin hitz egiten ari naizenean. Gertatu izan zait gor bati zerbait esan nahi eta etsita, uztea. Idatziz saiatu izan naiz, baina ezintasun handia da!», dio.
Talde berezi honez gain, Tolosako bi ikastetxetan irakasten du Julian Rodriguezek zeinu hizkuntza. Haur gorren guraso entzuleekin ere egiten du lan. «Lehen talde handiekin egiten genituen ikastaroak, orain txikiekin. Askoz hobeto da, gaitasuna eta interesa duten ikasleekin ari baikara lanean. Metologia berriarekin ari gara, aspertu ez daitezen jolasak eta horrelakoak eginez», argitu du irakasleak.
Zeinu hizkuntza ikasi nahi dutenek Euskal Gorrak federaziora zuzentzea nahikoa dute (www.euskal-gorrak.org).
Iker Amondarain ari da gure ondoan Gainditzen elkarteko bi kideen esanak guri itzultzen. Berak txikitan ikasi zuen zeinu hizkuntza. «Lagun bat daukat gorra dena. Gurasoak lagunak ziren eta elkarrekin hazi ginen. Beraz, zeinu hizkuntza modu naturalean ikasi nuen. Gizarte Heziketa egin nuen eta ondoren Bilbon bi urteko ikasketak egin nituen Botika Zaharrean. Eusko Jaurlaritzan dut ogibidea. Diseinu Grafikoko zikloan gor-itsua den ikasle bat dago eta berekin nago, bitartekari lana eginez. Horrez gain, era honetako itzulpenak egiten ditut», kontatu du.
Atzean geratu dira zeinu hizkuntza gaizki ikusia zegoen garaiak. «Oraindik asko dago egiteko baina ez du zerikusirik gu haurrak gineneko garaiekin. Orduan, zeinu hizkuntza debekatuta genuen, aho hizkuntza erabiltzera behartzen gintuzten, etxean zein eskolan», adierazi dute.
Zeinu hizkuntzaren onarpena berandu etorri zen, duela hamabost urte inguru. «Kalean gorde zen zeinu hizkuntza, erakundeetatik kanpo, frankismo garaian euskara bezala. Horrelaxe jaso genuen guk», argitu dute Gainditzen elkarteko bi kideek.
Aktore gorrak eta entzuleak bilduko dituen antzerki taldea sortzeko proiektua dute esku artean Gainditzen elkarteko kideek. Era honetako lehenengo antzerki taldea izango da. «Badira gorrez osatutako taldeak, Gainditzen elkartean ere burutu ditugu hainbat egitasmo, baina gure asmoa integrazioa bultzatzea da, gorrak eta entzuleak batuz», azaldu du Julian Rodriguezek.
«Lehenengo zeinu hizkuntza ikasi behar dugu, poliki poliki antzerkia egiten hasteko», esan du Aintzane Crujeivasek.
Oinarrizko ezagupenak jasoko dituzte zeinu hizkuntzaren ikastaroan.
Lagun giroan, klaseetan ondo pasatzen dutela nabarmendu dute. «Ez da erraza, baina dibertigarria bai», adierazi du Ainhoa Aierbek.
Zuzenean pertsona gor batekin komunikatzeko aukera izatea eskaintzen die zeinu hizkuntzak. «Bestela bitartekaria dago tartean, eta badirudi harremana galtzen duzula aurrean duzun pertsona gorrarekin eta itzultzailearekin bakarrik duzula. Eta hori ere ez da. Nik gorrarekin izan nahi dut harremana. Bera ezagutu nahi dut, ez beste norbait, gaineratu du Aierbek. Bat datoz mahaiaren inguruan bildutako guztiak. «Nire asmoa ez da interpretari lanetan hastea, baina bai elkar ulertzea», esan du Miren Gojenolak. «Antzerki lan bat gustura egingo nuke eta bestela beste zerbait. Betidanik eduki dut buruan ikasi dudanarekin zerbait egitea», kontatu du Ainhoa Gojenola aktoreak.




