Maider Eizmendi
2012ko Urriaren 25a
Ahots gogorra eta hizketaldi pausatua du. Ideiak argi eta umorea bidelagun. Emakundek antolatutako “Emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatzeko Nazioarteko Biltzarrean” itxiera hizketaldia eskaini zuen, eta amaieran bertan bildutako guztiak zutik jarri arazi zituen feminismoak eta nork bere eremuan egindako lana txalotzeko. «Feminismorik gabe, gutariko bakoitza desberdina izango zen; mundu hau erabat desberdina izango zen», ondorioztatu zuen. Krisia emakumeen eskubideak murrizten ari dela uste du, eta arduratuta dago. Kalera ateratzea inoiz baino garrantziatsuagoa dela uste du: «Azaldu behar dugu ez dugula atzerapauso bakar bat egiteko asmorik». Politika publikoei dagokionez, zera dio: «Legeak bete baino ez dituzte egin behar, bertan dena jasota dago».
Krisia hizpide hartu duzue kongresuan. Zein da egoera? Nola eragin du emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko bidean?
Ardura handia dago gaur egun; izan ere, gizon eta emakumeen berdintasunean eta emakumeen eskubide espezifikoetan egin diren aurrerapen asko arriskuan daude. Familia eta erreprodukzio lan-kargen banaketan egindako aldaketa asko ere ezbaian daude; berriz ere mundu pribatura ari dira itzultzen horiek eta, noski, emakumeen bizkar ia beti.
Hitzaldi desberdinetan entzun den moduan, murrizketak ez dira soilik ekonomikoak, baina badira ekonomikoak ere, eta, batez ere, emakumeei eta beren inguruei egiten diete kalte, bai lan-munduan, bai inguru pribatuan. Emakumeen eskubideen aurkako eraso kontserbadorea ari da gertatzen. Krisia aitzakia gisa hartu eta alternatibarik ez dagoela esanaz, botere kapitalista eta patriarkalak emakumeen eskubideak murrizteko probetxu ateratzen ari dira. Hezkuntza munduan ere aldaketak ari dira egiten eta horrek eragina izango du emakumeen jakintza aurrerapenean.
Krisia eragin handiagoa izaten ari da emakumeengan, beraz.
Bai, oso argi dago hori, baina belaunaldi desberdinetako feministak hortxe daude egoerari aurre egiteko. Animo asko sumatzen da, baita hitzaldi hauetan ere. Lortu diren eskubideetako asko feministek proposatu, borrokatu eta lortu dituztela ikustarazi behar dugu, jendeak jakin dezan. Jende askok ez daki hori, eta horregatik, hain zuzen ere, gure indarra ikustarazi egin behar dugu. Feminismoak alternatiba garrantzitsuak planteatu ditu, ez bakarrik krisia gainditzeko, baizik eta daukagun gizarte ordena kapitalista eta patriarkala eraldatzeko ere. Feminismoak modu kritikoan planteatu zuen demokrazia, emakumeak baztertu zituelako. Demokrazia baztertzailea eta androzentrikoa eraldatzea lortu dugu, eta, egun, pixkanaka parte hartzen dugun demokrazia izatea lortu dugu, oraindik ere berdintasuna inon ez bada ere. Badira, hala ere, parte hartze politikoa berdintasunera eta proposamen feministara bertaratzen ari diren tokiak. Izan ere, ez dugu soilik han egon nahi, gaien inguruan dugun pertzeptzioa aginte eremuetara eraman nahi dugu: demokratikoa, ez baztertzailea, antolaketa sozial solidarioa proposatzen duena, demokrazia parte hartzailea bultzatzen duena, pertsona guztiei garapenaren etekinak eskuratzeko aukera ematen diena...
Zer eraiki dugun ikusi eta defendatu behar dugu. Esate baterako, berdintasun alorrean edo emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko, edota emakumeen erreprodukzio alorreko eskubideak defendatzeko egin diren legeak... Horrekin egin behar da aurrera, eta ez da atzerakadarik onartu behar.
Aipatu duzunez, emakumeak aginte postuetara iristeak ez du, halabeharrez, politika feminista bermatzen.
Ez, nolabait bazterketa politikoari aurre egitea lortzen da horrela. Ordezkatzen gaituzten edo ez emakumeen eskubideekin edota demokraziaren inguruan duten ideiarekin baldintzatuta dago, baita norberaren ideologia eta politikaren baitan ere. Mexikon, aurrerapen handia lortu berri dugu arlo horretan, kongresuan emakumeen parte hartzea baztertuta gera ez dadin. Ezberdinen arteko akordio bat lortu dugu, arauak aldatzeko eta alderdi politikoek emakumeak barne hartzen dituen zerrenda aurkezteko. Aurretik ez ziren inoiz senaturako, diputatuen ganberarako hautagai izan horrenbeste emakume. Lehen %22 izatetik, %40tik gora izatera pasa gara orain. Emakumeen ordezkaritza lortu dugu, baina hori da bakarrik. Emakumeek politika egiten dute eta han beren aukera politiko eta ideologikoak ordezkatzen dituzte. Iritsi direnen artean feministak daude, baina gutxiengoa dira. Horregatik diot ez gaudela berdintasunean, gauza asko falta dira; honek bazterketa kentzea suposatzen du soilik.
Zein neurri dira beharrezkoak?
Aipatu aurrerapenek beste aurrerapen batzuekin batera etorri behar dute: alderdi politikoen antolaketa bera eraldatu behar da eta erakunde feministak indartu behar dira eskoletan, unibertsitateetan, sindikatuetan, kalean... Gauza asko dago egiteko. Baina egia da kongresuetan emakume kopurua handitu den herrialdeetan, hamarkada hauetan hainbat lege, proiektu eta aurrekontu onartzea lortu dela emakumeen eta berdintasunaren alde. Herritar gisa politika tradizionalari kritika handia egiten jarraitzen dugu, nazkatuta gaudelako korporatibismoarekin, alderdien disziplinarekin... Onuragarria litzateke botere postuak dituzten gizon eta emakumeek genero perspektiba barne hartzen duen XXI. mendeko ikuspegi demokratikoa izatea, bai eta, ikusi eta aipatzen ez diren arren, gizarte guztietan presente dauden bestelako bazterkeriak ezabatuko dituena ere.
Horretarako, noski, heziketa bera garrantzitsua izango da, baina horretan ere murrizketak ari dira egiten.
Bai. Orain arte zer lortu dugu? Emakumeak eskoletara joatea eta gizonen ohituren arabera heztea. Gainera, orientazio, filosofia eta zientzia erabat androzentrikoarekin; hala eta guztiz ere, ezagutza moderno horiek emanzipatzen eta feminista egiten lagundu digute; kontraesan itzela da. Hezkuntza bera eraldatu behar dugu, hala ere. Herrialde askotan egin dira saioak hezkidetza eta genero ikuspegia barne hartzen dituen hezkuntza bat ezartzeko. Horiek denak giza ekimenak izan dira.
Egingo dutela eta ezin gara zain egon, beraz?
Ezin gara gauza berriak lortzeko zain egon, ezta besoak gurutzatuta irabazitakoak galdu zain ere. Kalera atera behar dugu eta erakutsi ez gaudela inolako galerarik onartzeko prest; erresistentzia jarri. Gune akademikoak, emakumeen institutuak, berdintasun guneak eta legeak defendatu behar ditugu. Egunerokoan ere nork bere aldetik berea jarri behar du. Ez dugu itxaron behar gauza horiek guztiak alda daitezen gu aldatzeko.
Feminismoak ezer erakutsi badu desberdinen arteko akordioak lortzeko gaitasuna da.
Bai. Latinoamerikan elkarte eta erakunde ugari daude. Ez gara asko, baina eragin politiko handia dugu gauza batzuetarako. Ez dugu indarrik aurrerapen kontserbadoreak gelditzeko. Mexikon Vatikanoak, beste hainbat lekutan bezala, abortuaren eskubidearen kontra egin zuen, eta herrialdeko 18 estatutan arauak egin zituzten bizitzaren aldeko eskubidea defendatzeko kontzepziotik, emakumeen giza eskubideen kontra eginda ere. Ezin izan genuen gelditu, baina indarra izan genuen emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako 32 lege egiteko. Gure eragina ez da homogeneoa, eta ez dugu eragina toki guztietan, baina elkartzea da gakoa.
Errealitate desberdina bizitzeak ez du asko laguntzen, nahiz eta oinarrian arazoa bera izan.
Feminismoa beti izan da internazionala eta hori oso ona da; orain ez dugu internazionalki pentsatu behar, baizik eta globalki, egiten ari garen moduan; badugu, izan ere, agenda global bat, eta lema bakarrera muga daiteke: emakumeen boteretzearen eta gizon eta emakumeen berdintasunaren alde. Emakumeen eskubideen eta herritartasunaren alde eta, oro har, emakumeen bizi baldintzak hobetzeko egin behar dugu lan. Ezin dugu ahaztu Europan krisia dagoela, baina munduko beste hainbat lekutan emakumeak beti bizi izan gara krisian, prekarietate handia dago, munduko emakume gehienen pobrezia dago. Hori ere ikusi behar da eta horregatik dugu agenda globala, munduko pertsonen oinarrizko beharrak asetzearekin eta ongizatearekin zerikusia duena eta emakumeek zaintza arloan duten gehiegizko pisuarekin zerikusia duena. Giza eskubideak unibertsalizatu egin behar dira, halabeharrez. Horretarako, indartu beharra dugu, edozein gunetan egiten den lana eta berdintasunaren aldeko nazioarteko erakundeekin kolaborazioa landu behar ditugu. Argi esan behar da: gu ez gara inoiz emakumeentzat erraza den egoera batean egon, inoiz.
Mexikon luze eta zabal aztertu duzue emakumeen aurkako indarkeria; feminizidio izena ere eman zenioten.
Feminizidioa arazoaren punta da; izan ere, feminizidioa emakumeak arrisku handiagoko egoeretan egon ohi direlako gertatzen da: ahultasun ekonomiko edo sozialagatik, bazterketagatik, marginazioagatik, diskriminazioagatik eta egunerokoan eta modu jarraian jasaten ditugun indarkeria anitzengatik.
Mexikon egin genuen legeak bost indarkeria mota jaso zituen, adibidez. Hori garrantzitsua da. Eskandalua feminizidioa da, bai, baina ikusi dugunez, muturreko indarkeria hori jasan duten emakumeek beren bizitza guztian jasan dutela bestelako indarkeria: psikologikoa, sexuala, ekonomikoa, patrimoniala, hezkuntza eta lan mundukoa... Eta hainbat jendek eraginda, gainera: bikotekideek, irakasleek, poliziek eta soldaduek, besteak beste. Babestu eta eskubideak eta segurtasuna bermatu beharko zizkieten guztiek eraso egin diete nolabait.
Errealitate horren azterketa ez da xamurra.
Guretzat oso oso mingarria izan da errealitate gogor horren parean jartzea, gure beldurrak gainditzea eta gertatzen zen horri izena ematea. Ez ginen lehenak izan, noski.
II. Mundu Gerraren ostean, emakumeen aurkako indarkeriak indarra hartu zuen. Ordura arte ez zegoen emakumeen eta feminismoaren agendan, baina 1950eko eta 1960ko hamarkadetako feministek gai hau azaleratzeko lan handia egin zuten. Hala ere, oso errotua dago emakumeen eta neskatilen aurkako indarkeria bikotearen aldetik, baita beste emakume batzuen, erakundeen eta komunitateen aldetik ere. Ciudad Juarez-eko kasua deigarria da, baina ez da bakarra; feminizidio foko gorri gehiago aztertu ditugu gure herrialdean eta beste batzuetan.
Ur jauzi bat bezala izan zen lur azpian gertatzen den hori edota beti izan dela eta izango dela uste den hori izendatzeko prozesua. Pentsatu genuen ezetz, ahal genuen guztia egingo genuela normaltzat hartzen zen hori delitu bilakatzeko. Jada ez da ohitura, natura.. jada delitua da. Eta estatuei hori bermatzeko eskatzen zaie, erantzukizuna eskatzen zaie.
Politika publikoak aztertu dira kongresu honetan, zein ardatz jarraitu behar dituzte haiek?
Politika publikoek legeak aplikatu behar dituzte. Lege guztiek jasotzen dituzte arauak eta ardatzak politika publikoak egiteko. Haiek betebeharrak jartzen dizkiote estatuari bete ditzan, berdintasunaren norabidean urratsak emateko, emakumeen boteretzea eraikitzeko, gizonen botere bortitzak ezabatzeko eta politika integralak egiteko. Baina horretarako estatu batek bere erakundeak eraldatu behar ditu. Hemen, esaterako, berdintasuna sailak sortzen hasi ziren udaletan; berdintasun teknikariak ere baditugu. Hori erraz esaten da, baina hori oso ona da jendea prestatzen ari delako politika publiko demokratikoak aplikatzeko; demokratikoak izan behar dute eta genero ikuspegia duen demokraziak suposatzen duen eraldaketa bultzatu behar dute, garapenaren onurak eskuratu ahal izatea defendatu behar dute. Horrek izan behar du estatuaren politika. Agenda politikoaren aurreko aldean jarri behar da eta ez bigarren mailan, egiten den moduan.
Politika publikoek nolakoak izan behar dute jakin eta ezartzen ez badira?
Emakumeok politika horiek proposatu eta eratzen ditugu, oso xamurtuta eskaintzen dizkiegu agintariei. Diziplina ugaritan ezagutza eta jakintza sortu dugu neurri espezifikoak proposatzeko; bide luzea egina dago maila globalean politika publikoak egiteko. Baina eskuineko gobernuak, batez ere, Europakoak, ez daude konprometituak transbertsalitatea bezalako kontzeptuekin, ez zaizkie interesatzen. Feminismoa ulertzeak zera dakar: feminismoa politika progresista eta barneratzaileen parte dela ulertzea, bai eta gure aurka doazen ideologia eta politika atzerakoien parte ez dela ulertzea ere. Hori dela eta, boza bati edo beste bati ematea garrantzitsua da, baita alderdi politiko batean edo bestean edo erakunde batean edo bestean parte hartzea ere.




