Antton Izagirre
2012ko Urriaren 25a
Hauteskunde bezperakoak baino, hauteskunden ondoko egunek izan beharko lukete hausnarketarako.
Oraingoz, herritarrok eman dugu geure hitza eta orain alderdien garaia da. Emaitzen analisietatik abiatuz, irabazleak eta galtzaileak bilatzeko joera tentagarri bilakatzen da horrelakoetan, eta askotan berehala jarri ohi dira alderdiak hurrengo hauteskundeetan lor ditzaketen emaitzei begira. Alderdi interesak herri interesen aurretik jarri ohi dira askotan edo herri interesak alderdi interesekin nahastu.
Tentaldi horiek alde batera utzita, herri honetako espazio politikoen joera nagusiak iraunkorrak izango direla pentsatzen hasteko garaia da. Espazio horien lidertzan txandatzeak eman daitezke, baina bi joera, sentsibilitate edo adierazpen horiek; hau da, abertzaleak batetik eta konstituzionalistak bestetik, jarraitzaile kopuruari dagokionez aldi luze baterako ezarri direla pentsarazteko zantzuak daudela esango nuke.
Hori horrela, denbora galtzea eta herritarrei iruzurra egitea litzateke, hurrena egin daitezkeen hauteskundeen peskizan, estrategiak esparru barneko lidergo borroketara bideratuko balituzte. Aldiz, alderdi politikoek galbidean jarri duten sinesgarritasuna eta herritarren borondatea aintzat hartu behar badituzte, hiru lan ildoren inguruan epe motz eta ertainerako ibilbide orriak adostu behar dituztela nabarmena da. Hiru ibilbide orri, gatazkaren konponketari, Euskal Herriaren subiranotasunari eta krisi ekonomiko eta sozialari erantzuteko. Horretarako, borondatea izateaz gain, Loiolan sinatu gabe utzi zituzten paperak berrirakurtzea ere komenigarria litzateke. Herri gisa aritzeko akordio handiak behar ditugu. •




