ASTROARGAZKIGINTZA -

Gure aurrekoek bazuten zerura begiratzeko ohitura. Begiratu eta irakurri egiten zuten zerua, hark esaten dituenak ulertzen ikasi baitzuten belaunaldiz belaunaldi. Urte gutxitan galdu den jakintza da. Orain, herrietako eta hirietako farolek zaintzen dituzte gure gauak, apenas begiratzen diogu zeruari eta oso gutxi dakigu hark bidaltzen dizkigun seinaleei buruz. Oraindik bada, hala ere, iluntasun ilunenaren bila mendi tontor batera igo eta gaua zerura begira pasatzen duenik, zeruak bere baitan gordetzen dituen altxorrak argazki batean harrapatzeko grinaz.

Amagoia Mujika

2012ko Urriaren 25a

 Hurrengo lerroetan, altxorrok harrapatzen jarduten diren bi pertsonen esperientziak jasoko ditugu: Mikel Martinez eta Iñaki Lizaso.
 
MIKEL MARTINEZ
«Zeruak nire lekuan jartzen nau; bertan dauden gauza izugarriei begira konturatzen naiz lurra zein txikia den»
 
Txikitatik izan du astronomiarekiko interesa. Gai horren inguruan harrapatzen zuen guztia irakurtzen  zuen haurtzaroan eta gaztaroan. «Zaletasuna baztertuta izan dut urte batzuetan, baina duela laupabost urte Gasteizen astronomiaren inguruko ikastaro bat zegoela ikusi nuen eta izena eman nuen. Berriz piztu zen nire jakinmina».
 
Mikel Martinez kimikaria da lanbidez eta denbora librean bere bi zaletasun uztartzen ditu; astronomia eta argazkilaritza. «Ikastaro hartan konturatu nintzen orain, era digitalean, errazagoa dela edozein amateurrentzat argazki onak ateratzea. Eta horrela hasi nintzen argazkiak egiten». Izan ere, garbi dauka argazki digitalak «gauzak erraztu eta merketu» egin dituela.
 
Astroargazkigintza, xume-xume esanda, zeruari argazkiak ateratzea da. «Zeruan aukera oso zabalak daude. Astroargazkigintza egiteko modu asko daude, zeruan elementu asko eta oso desberdinak daudelako». Zeruan dagoen aberastasun hori, ordea, zaila da begi hutsez ikustea. Teleskopio batek lagun dezake aberastasun horren zati bat bistaratzen, baina astroargazkigintza sakona deitzen dena harago doa. «Finean lehen begiratuan edo teleskopio batekin ikusten ez diren elementuak bistara ateratzea da helburua», agertu du Martinezek. Hartara, ekipo berezi samarra behar da, askok uste baino normalagoa hala ere. «Ni kamera arrunt batekin eta teleskopio merke batekin hasi nintzen. Eta horrekin nahikoa da. Baina egia da gero eta argazki hobeak atera nahi izaten direla eta horretarako ekipoak ere hobea izan behar duela. Baina, ni ekipo merke batekin hasi nintzen, ez nekielako seguru nire zaletasuna beroaldi bat izango ote zen edo denboran jarraituko ote zuen», azaldu du.   
 
Arabako lekurik ilunenetako bat Iturrieta da eta hara hurbiltzen da Mikel Martinez etxetik gertu ibiltzen denean. «Baina argazki on onak egiteko Arbaiunera joaten naiz, Irunberri ondora, Nafarroan. Soriara ere joaten naiz. Horiek toki onak dira. Gure hiri eta herrietan argi kutsadura handia izaten da, baina hori ez da daukagun traba bakarra, eguraldia oso lainotsua eta euritsua izan ohi da eta horrek ere ez du batere laguntzen», segitu du.
Eguraldiak, lanak, familiak eta ilargiak baimena ematen diotenean joaten da argazkiak ateratzera, «hilean bizpahiru aldiz». «Askotan bakarrik joaten naiz eta beste batzuetan lagun batzuekin. Taldetxo bat aritzen gara Gasteizen astronomiaren inguruan eta bertako lagunekin joaten naiz batzuetan. Baina bakarrik joatea ere gustatzen zait».
 
Argazkiak egingo dituen tokira iritsi eta bi bat ordu ematen ditu ekipoa eta prestatzen. «Aurretik ondo pentsatuta eta zehaztuta izaten dut egun horretan zerri aterako dizkiodan argazkiak. Datu asko behar dira gero argazkia ateratzeko; zeri aterako diozun, nola koadratuko duzun, Interneten begiratzen duzu aurretik zer dagoen egina... gauzak ondo pentsatuta joan ohi gara», hasi da prozesua azaltzen. «Gero, tokira iritsi eta bi ordu behar ditut dena prestatzeko. Argazkiak ateratzen lau, bost, sei ordu ematen ditut, egunaren arabera. Amaitzean, dena desmuntatu, eta buelta etxera», kontatu du.
 
Astroargazkigintzak bere berezitasun propioak ditu. Bospasei ordu horietan etengabe argazki berdina ateratzen dute. «Zeruan dauden elementuak oso leunak eta apalak izaten dira eta esposizio denbora luzeak behar dira elementu horiek iruditan jasotzeko. Horregatik ordu asko behar dira. Normalean hamar minutuko esposizioak egiten dira eta gero, egindako argazki guztiak bata bestearen gainean jartzen ditugu. Horrelako gauzak egitea beharrezkoa da zeruko ahalik eta informazio gehien jasotzeko». Lana, ordea, ez da hor bukatzen. Gero ordenagailu aurrean beste ordu mordoa eskatzen baitute argazki horiek. «Argazkiak bata bestearen gainean pilatu eta ahalik eta informazio gehien ateratzeko ordu dezente eman behar dituzu ordenagailuaren aurrean».
 
Prozesu luze horretan, Mikel Martinezi gehien gustatzen zaion fasea argazkiak ateratzeko fasea da. «Mendian, iluntasunean eta zeruari begira egotea izugarri gustatzen zait. Benetan gozatu egiten dut. Zeruak nire lekuan jartzen nau. Gure buruaren gainean dauden gauza izugarriak ikusi eta konturatzen zara zein txikia den Lurra. Gauzak erlatibizatzen laguntzen dizu», segitu du.
 
Zer egiten duzu hemen?
 
Gaueko iluntasunean –ahalik eta iluntasun ilunena gainera– eta bakardadean ordu asko eman ditu Mikel Martinezek baina ez du ezusteko handirik izan. Guardia Zibila izan da bizpahirutan bere bakardade ilun hori hautsi duena. «Behin baino gehiagotan hurbildu zait Guardia Zibila zertan ari ote nintzen galdezka. Kosta egiten zaie ulertzen mendian, gauez, hotzez eta bakarrik zer egiten ote dudan. Ekipoari jakin minez begiratzen diote eta azkenean ia denek berdina esaten didate, ‘begiratu dezaket pixka batean ea zer ikusten den?’», kontatu du Bilbon jaio baina txikitatik Gasteizen bizi den kimikariak.
 
Mikel Martinezek bere lana foroetan erakutsi ohi du, astroargazkigintzan dabiltzanekin partekatzeko eta beren iritziak jasotzeko. Eta honako blogean ere jartzen ditu bere lan batzuk: «photoastro.blogspot.com» «Etxekoei eta lagunei erakusten dizkiet, baina normalean hor bukatzen da nire lana». Gasteizen “La Otra Mitad” izeneko elkartearen bueltan ere ibiltzen da (www.laotramitad.org) Martinez eta bertako webgunean ere topa daitezke bere argazkiak.
 
«Elkarte horren helburua astronomiari bultzada ematea da, zabaltzea. Orain hirietan bizi gara, argi askorekin, eta apenas egiten diogun kasu zeruari. Baina garai batean, duela ez hainbeste urte, gure aurrekoentzat zerua beren bizitzaren parte garrantzitsu bat zen. Urte gutxitan galdu dugu hori guztia. Gure aurrekoek bazekiten zerua irakurtzen eta oso garrantzitsua zen hori, beren egunerokoan eragin handia zuelako, nekazaritzan eta arrantzan kasu», egin du hausnarketa Martinezek.
 
 
IÑAKI LIZASO
«Gaur egun kanpoan egiten den lanean ez dago hainbeste desberdintasun argazkilari batetik bestera»
 
Lanbidez ez da argazkilaria, baina pasioz bizi du argazkilaritza. Batez ere, astroargazkilaritzak dauka harrapatuta. Horregatik, izarrak bere alde lerrokatzen direnean –eguraldi ona, jai-eguna, ilberria...–, gaua mendi tontorren batean ematen du, zeruari argazkiak ateratzen eta esna-esna. Hori da bere pasioa. 
 
Astroargazkigintzak astronomiatik eta argazkigintzatik dauka eta zeru sakoneko gorputzei argazkiak ateratzea du helburu. Ez dira lehen begiratuan ikusten diren gorputzak; kamera eta gailu bereziekin, denbora luzez eta pazientzia dezenterekin hartzen diren irudiak dira. Izarrei argazkiak ateratzen dizkiete, bai, baina ez izarrei bakarrik; «izar-lainoak, galaxiak, planetak, eguzkia, ilargia, izar usoak, izar hodeiak... zeruan ikus daitezkeen gauza guztiak», zehaztu du Iñaki Lizasok.
 
Aitonarengandik jaso zuen zeruari begiratzeko zaletasuna. «Baserrian jaioa eta hazia naiz eta betidanik ikusi izan dut aitona zeruari begira. Ni ere horrela hasi nintzen, begi hutsez. Geroago, amonak prismatikoak oparitu zizkidan, eta haiekin hasi nintzen. Normalean horrela izaten da prozesua; begi hutsez behatzen hasten zara eta geroxeago ikusitakoa beste formatu batean jasotzeko grina sortzen zaizu. Horrela hasten zara ikertzen, argazkiak nola atera daitezkeen jakin nahian».
 
Galdezka-galdezka Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Saileraino iritsi zen. «Gelditualdiak egiten dituzte jendearekin, ikastaroak ere ematen dituzte... Gustatu egin zitzaidan mundu hori eta buru-belarri sartu nintzen», segitu du Irunen jaio eta Hondarribian bizi den Iñaki Lizasok.
 
1999-2000 urteen bueltan hasi zen astroargazkigintzan. Ordutik hona asko aldatu dira gauzak, bai berak asko ikasi duelako, baita teknologiak bide luzea ibili duelako ere. «Hasiera hartan film bidez egiten genuen. Gaur egun dena digitala da, dena kontrolatzen da ordenagailu baten bidez. Egia da lana asko erraztu dela, baina orain argazkiak ez dira hain pertsonalak. Lehen argazkiak pertsonalagoak ziren. Fokua, adibidez, zuk egiten zenuen eta hori zuk argazkiari ematen zenion puntu bat zen, nortasun bat zuen. Gaur egun dena automatikoki egiten da, beti makinak berak enfokatzen du. Eta baten eta bestearen lanak paretsuagoak dira. Gaur egun kanpoan egiten den lanean ez dago hainbeste desberdintasun argazkilari batetik bestera, desberdintasunak gero sumatzen dira; ordenagailu aurrrean emandako orduen arabera eta lan horretan jarduteko dauzkazun ezagutzen arabera».
 
Ez da klik batean lortzen
 
Zenbateko ekipoa behar den? Bada, hori ere norberaren zaletasunaren eta poltsikoaren arabera. «Tripode soil batekin eta kamera arrunt batekin argazki ederrak egin daitezke. Baina mundu honetan gero eta gehiago sartu, gero eta ekipo konplexuagoa nahi izaten da. Eta materiala nahiko garestia da».
 
Lizasok DSLR kamera bat erabiltzen du eta CCD digital berezi bat, zientzia egiteko prestatutakoa. Astroargazkilaritzak, gainera, bere zehaztasun eta exijentzia tekniko propioak ditu. «Astroargazkiak ez dira bestelako argazkiak bezalakoak. Ez da klik batean lortzen den irudia. Izan daitezke ehun argazki inguru, bata bestearen gainean jarriak. Bost minutuko esposizioak egiten ditut eta gero gau guztian egindako bost minutuko esposizio horiek gehitu egiten ditut, bat bestearen gainean», agertu du.
 
Mugimendua. Hori da astroargazkilariek oso kontuan izan behar duten beste faktore bat. Lurra mugimenduan dago, baina lurretik zerura begiratuta, badirudi zerua ari dela mugitzen. «Bigarren ekipo bat izaten dugu eta hori Ipar Izarrarekin alineatzen dugu. Software berezi batekin ekipoak izar horri jarrraitzea lortzen dugu eta automatikoki zuzentzen du mugimenduaren akats txiki hori».
 
Beste arazo bat tenperaturarena da. «Esposizio oso luzeak izaten direnez, kamerak berotu egiten dira eta sentsore digitalek beroarekin ez dute ondo funtzionatzen. Beti saiatzen gara kamerak hozten. Hala ere, astronomia egiteko kamerak prestatuta daude tenperatura jeisteko».
 
Lehen bakarrik joaten zen
 
Zeruaren irudi txukunak lortzeko bada bete beharreko beste baldintza bat: zeru ilunak izatea, argi kutsadura ahalik eta txikiena izatea. «Hemen, Gipuzkoan, oso zaila da hori lortzea. Ni normalean Izabara joaten naiz, Pirinioetara. Urte askoan bakarrik joan izan naiz. Zortzi bat urte eman ditut bakarrik joaten. Duela bi urtetik, berriz, Zarauzko lagun batekin joaten naiz, Fredirekin. Jai izan eta eguraldi ona egiten badu, autoa hartu eta Izaba ingurura joaten gara. Ilundu aurretik iristea gustatzen zaigu, trasteak muntatu eta argazkiak ateratzen hasteko. Gau oso ematen dugu argazkiak ateratzen. Goizaldean ordu pare batez lo egiten dugu, eta buelta etxera».
 
Baina hor ez da bukatzen kontua. Jasotako irudi horiek tratatzen, barruan gordetzen duten informazio guztia ateratzen, orduak eta orduak ematen ditu ordenagailu aurrean, «hogei bat ordu ematen ditut ordenagailu aurrean argazki batekin lanean. Gau batean ateratako argazki guztiak gehitu, kalibratu, prozesatu eta azkenean, webera igo arte, ordu mordoa joaten da».
 
Izan ere, Lizasoren lanaren helmuga hori da, bere webgunea (www.astrosurf.com/lizaso). «Nire helburua argazkiak webgunean argitaratzea da. Hori egiten dudanean, lana bukatutzat ematen dut eta ja gustura egoten naiz».
 
Baina, zer ikusten dute, bada, zeruari begiratzen diotenean? «Zerura begiratzen dugunean zuri-beltzean bezala ikusten dugu. Argi gutxi egoten denez, apenas jasotzen dugu zeruan dagoen informazioa. Prismatiko batzuekin begiratu orduko hasten dira koloreak agertzen, eta argazki ekipo berezi batekin objektu oso ahuletaraino iristen zara. Begiz ikusezinak diren objektuak argazkietan agertu egiten dira. Hori da desberdintasuna». Orduak ordu eta gailuak gailu, Iñaki Lizasori gehien gustatzen zaiona gaua izarren pean ematea da, zerura begira. «Gaua mendi puntaren batean zerura begira pasatzea, hori da niretzat parterik onena. Ez dut galdu umetan zeruari begira egoteko neukan zaletasuna eta ez nuke galdu nahi. Gure zaletasun hau modu askotara bizi daiteke. Nik nomada moduan egiten dut; aldiro joan, ekipoa muntatu, gaua argazkiak ateratzen eman eta buelta. Badira bestela lan egiten dutenak ere. Ekipoa nonbait muntatuta uzten dute eta Internet bidez konektatzen dira kamerara argazkiak atera nahi dituztenean, bertara joan beharrik izan gabe. Nik ez nuke alde hori galdu nahi. Niretzat xarma horrek dauka; gauak, izarrek, mendiak...», segitu du.
 
Zeinen txikiak garen
 
Iluntasunean eta isiltasunean entzun izan du gauza arraroren bat, «zuhaitz baten adarra bortizki apurtzen entzun izan dut, animalia basatiren bat edo... Bianditzen behin zezentxo batzuekin partekatu nuen zelaia eta halako batean trasteak jaso eta korrika alde egin behar izan nuen, zezen bat haserretu egin zitzaidan eta. Baina hamar urtean ez dut arazo handirik izan», kontatu du.
 
Hamar urte darama trasteak aldean hartuta ahal duenero zeruari begira jartzen. «Horrela nagoenean zeinen txikiak garen konturatzen naiz. Zerua eta espazioa zein mugagabeak izan daitezkeen eta gu zeinen txikiak garen; horrekin konturatzea sekulakoa iruditzen zait. Hori da zaletasun honetatik gehien gustatzen zaidana. Oso interesgarria da noizean behin oso-oso txikia zarela sentitzea. Perspektiba hori benetan interesgarria iruditzen zait».