Erretreten sistema zaharkitua geratzen ari dela eta, iritzi ezberdinak plazaratzen ari dira Txinan azkenaldian. Jaiotza-tasa zorrotz kontrolatzen duen herrialdeak, bikoteko seme-alaba bat eta erretreta 65 urterekin hartzeko proposamena ikertzen ari da, biztanlegoaren zahartzeak pentsioen ordainketak areagotuko baititu.
Isa Rodriguez
2012ko Urriaren 25a
Txinan, eztabaida kalean da. Erretreten politiketan aldaketak eman daitezkeen aukerak aztoratu du Txina. Gai honek berebiziko garrantzia du txinatarrengan eta eztabaida nazional bilakatu da. Izan ere, erretreten gaiak aurrekontu, biztanlegoaren zahartze, langabezia, jaiotza-tasaren kontrol eta beste hainbat faktorengan eragiten du. Ez da harritzekoa, beraz, txinatarren urduritasuna.
Iraila bukaeran zabaldu zen polemika. Orduan, Gizarte Segurantzarako Funtseko kontseilu nazionaleko presidente eta Txinako banku zentraleko gobernadore ohi Dai Xianlong-ek defizitak saihesteko pentsioen sistema aldatzea aholkatu zion gobernuari. Funtzionari honek, jendaurrean eginiko agerkizun batean, garai bateko erretreta adinera bueltatzea proposatu zuen, 65 urtera alegia. Gaur egun, gizonezkoak 60 urterekin eta emakumezkoak 55ekin erretiratzen dira. Honekin, langileek jubilazio edo erretreta aseguruak 30 urtez ordaindu beharrean, 35 urtez ordaintzea zuen helburu Xianlongek.
Honek guztiak zeresan handia eragin zuen biztanlegoan. Politikarien artean, berriz, He Ping-en adostasuna ere ekarri zuen, Gizarte Segurantzaren eta Giza Baliabideen Ministerioari atxikia dagoen Gizarte Segurantzaren Ikerketa Institutuaren zuzendariarena hain zuzen ere. Ping-ek erretretaren adina 65 urtera luzatzea iradoki zuen, 2045a baino lehen. Ordutik aurrera, 1.300 milioi biztanle dituen herri honetako sare sozialak pil-pilean jardun dira, erretreta luzatzearen aldeko eta kontrakoen artean. Oraingoz, gehiago dira aurka azaldu direnak.
Gai honen inguruan lan egiten dutenen eta hainbat adituren ahotsak entzun dira azkenaldian, eta itxuraz sinplea zirudien afera honen inguruan ikuspuntu ezberdinak plazaratu dituzte. Ekonomialarien ustez, Txinako biztanlegoaren zahartzeak pentsio ordainketak areagotuko ditu, bai eta gobernuaren erretiro fondoan defizit izugarria sortu du ere.
Pentsioen defizita
Txinako Bankuaren eta Deutsche Bank-en orain gutxi aurkeztutako ikerketa batek 18,3 trilioi yuanetan zehaztu du defizit hori hurrengo urtetarako (dolar batek 6,3 yuan balio ditu). Defizit hau karga fiskal izugarria izango da gobernuarentzako.
Hala ere, adituen ustez, estatu indartsu honek aurre egin ahalko dio horri guztiari. Hala dio, behintzat, Fan Jianping-ek, Estatu Informazio Zentroko ekonomialari nagusiak. «Pentsioen defizita hor dagoela argi dagoen arren, beharrezkoa balitz, gobernua ongi hornitua dago arazoa konpontzeko», adierazi zion Xinhua berri agentziari. Jianping-ek adierazi zuenez, estatuak gobernuaren enpresenak diren aktibo, bonu eta beste dibidendu asko ditu. Horiek guztiak zor horri aurre egiteko nahikoak direla azpimarratu zuen.
Arau zaharkituak
Pekingo adituek indarrean mantentzen duten erragulazioaren arabera, gizonezkoen nahitaezko erretreta 60 urtean dago, eta emakumezkoena, berriz, 55 urtean. Erregulazio hau orain sei hamarkada burutu zela ere aipatu zuten. Orduan, Txinako bizi itxaropena egungoa baino askoz baxuagoa zen: 50 urte ingurukoa.
Erregulazio horien baitan agertzen diren arauen arabera, langile bakoitzak bere hilabeteko soldataren %8 norbanako pentsio kontu batean sartu behar zuen. Langilearen kantitate hori enplegu-emaileek emandako beste %20 batekin osatzen zen. Hori guztia dela eta, Txinako ekonomian aditu diren analista ugarik bizi itxaropenaren luzatzeak (egun 73,5ekoa da eta 2015ean 74,5ekoa izango da) eta, ondorioz, finantza presioaren (jende gehiagok eskatuko baititu pentsioak) areagotzeak lan bizitzaren aldaketak eragin beharko lituzketela uste dute.
Dena den, gai honen inguruko eztabaidak ez du berehalako ondoriorik ekarriko; hala baieztatu du Gizarte Segurantzaren eta Giza Baliabideen Ministerioak. Etorkizun hurbilean, gehienean ere, erretiroaren aukeren malgutze bat iragartzen dute. Malgutze honek eskain ditzakeen aukeren artean, honako hau dago: norbanako bakoitzak erretreta hartzeko adin muga gainditzean, erretreta hartzeko edo ez hartzeko aukera. Adituen arabera, aukera hau batez ere esperientzia zabaleko profesionalek probestuko lukete: osasun, hezkuntza eta ikerketa alorretako profesionalek, besteak beste. Gai honek badu beste alderdi bat ere, langabeziaren indizearengan erretreta adina luzatzeak nola eragingo duen ikusteko baitago. Agintariek azaldu dutenez, hirietan indize hori 4,1ean mantendu da azken bi urteetan, gobernuak 2012rako ezarritako 4,6ko topearen azpitik.
Lan eskaera eta eskaintza
Txinak 10-12 milioi lanpostu eragiten ditu urtero-urtero; horietatik heren bat erretreten ondorioz sortzen dira. Erretreta hartzeko adina luzatuz gero, lanpostu ugari sortzea eragozten da. Hau dela eta, adituek lanpostu gehiago sortzea aholkatzen diote gobernuari; hartara, gizarte arazo larriak saihestuko baitira. Uda bukaeran Txinako erretreten inguruan azaleratu den aferaren analisi zabal honetan, herrialdeak azken 30 urte hauetan aurrera eraman duen jaiotza-tasaren kontrol politikak badu zeresanik: bikoteko seme-alaba bat. Hortaz, azken 30 urteotan Txinan ez dira 400 milioi pertsona jaio, politika horren ondorioz.
Errealitate hori guztia Estatuarentzako izugarrizko lan bilakatu da; izan ere, gero eta gehiago dira erretreta hartuta bakarrik daudenak, bai eta oso garesti diren osasun arretak eskuratu ahal izateko baliabiderik ez dutenak ere.
Komunikabideak
Azkenaldian, Txinako hainbat komunikabidetan gaiak sona handi izan du. Batzuek dioetez, erretreta gozamenerako denbora besterik ez da; beste batzuen aburuz, ordea, erretreta hartu eta zailtasun handien garaia hasten da.
Azken finean, Txinan indarrean den erretreten legedia aldatu egin behar dela diote ahots ezberdinek. Aurrera begira, ondorengo hau izango da gakoa: bizitza herriaren garapenaren alde eman dutenei eragingo ez dien eta azken hauek ordezkatu beharrean egongo direnen arteko politikan asmatu beharko dugu.




