Abenduaren 21a badator. Nah Kin apaiz emakume maiak GAUR8-ri jakinarazi dio egun horretan ez dela iritsiko apokalipsia, «garai berria eta eboluzio-saltoa» baizik. Hala, hankaz gora bota ditu hedabide handienetan egin diren datorren Santo Tomas egunaren inguruko irakurketa katastrofista eta apokaliptikoak.
Daniel Galvalizi
2012ko Urriaren 25a
Urtea badoa. 2012a bukatzen ari da eta hedabide handienetan eta Interneten, datorren abenduaren 21aren inguruko irakurketa katastrofista eta apokaliptiko ugari aurkituko du irakurleak. GAUR8-k Nah Kin apaiz emakume maiarekin hitz egin du egun horren esanahi sakona ezagutu nahian. Munduko makina bat herrialdetan hitzaldiak eskaintzen dituen emakumeak esan digunez, egun horretan ez da apokalipsia iritsiko, «garai berria eta eboluzio-saltoa» baizik.
Mexikoko Yucatanen, Guatemalan, Belizen, Hondurasen eta El Salvadorreko iparraldean Ameriketako zibilizazio garrantzitsuenetako bat garatu zuten maiek. Kristo aurreko 2000. urtean kokatu ziren lurralde horietan, 400.000 kilometro koadro inguruko azalera duen eskualdean. Zibilizazio horren urrezko aroko ekarpen nagusiak aritmetika, idazkera hieroglifikoa eta 365 eguneko eguzki-egutegia izan ziren.
Europarren aurreiritziak
Tikal edo Chichen Itza bezalako maien hiri-estatu izugarrien enperadoreek inoiz ez zuten imajinatu ere egingo mende asko pasa eta gero beraien kulturak horrenbeste eztabaida eta zorakeria eragingo zuenik. Bihozkada apokaliptikoak egin dira astronomian oinarri duen data baten inguruan, 2012ko abenduaren 21aren inguruan.
Maiak europarren aurreiritzi askoren protagonista izan dira mendeetan zehar, onerako zein txarrerako. Alde batetik esaten da kolonaurreko Ameriketako zibilizaziorik garrantzitsuena izan zela maiena, eta bestetik, oso herri bortitz eta erasokorra zela. Azken aurreiritzi hori asko indartu zuen Mel Gibson zuzendariaren “Apocalypto” filmak, esaterako.
Antropologiak eta arkeologiak dagoeneko egiaztatu dute maia herriak matematikan eta astronomian lortutakoa garai hartan mundu osoan zegoen gauzarik aurreratuena zela. Beraien filosofiaren arabera, bizitza espazioan gertatzen den mugimendua baino ez da, unibertsoa ez baita geldirik dagoen zerbait, etengabe aldatzen ari dena baizik, eta mugimendu horrek aldaketak eragiten ditu izaki bizidunetan ere.
Hortik abiatuta, maiek uste zuten mugimendua ziklikoa izaten dela, eta ziklo horien ordenak egonkortasuna eta iraunkortasuna ahalbidetzen dituela. Aldaketak kudeatu nahian, maiek mugimendua erregistratu zuten. Horregatik garatu zituzten oso idazkera eta kontabilizazio sistema konplexuak. Gainera, Eguzkiaren, Ilargiaren eta Artizarraren zikloetan oinarritutako egutegia sortu zuten.
Maiek Aro Eguna ere asmatu zuten orain mende asko, beraien kalkuluak egin ahal izateko ezinbesteko erreferentzia. Kristo aurreko 3113ko abuztuaren 13a litzateke aurki bukatuko den aroaren hasiera. Egutegi ezberdinak erabilita, Kontaketa Luzea izeneko sistema asmatu zuten. Kontaketa Luze horren amaierara iristen ari gara, bada.
Kontaketa Luzea
Maien erlijioaren arabera, kosmosa gizakiok bizitzeko eraiki zuten jainkoek, eta ziklikoki berreraikitzen dute. Ziklo berri bakoitzaren hasieran, gizaki hobeak sortzen dira. Beraz, ikuspegi horren arabera, ez du inolako zentzurik aldaketa garaia Armagedonekin edo munduaren bukaerarekin lotzea.
«Kontaketa Luzea bukatzen ari gara, maien arabera 5.125 urtean behin gertatzen dena. Kontaketa Luzea Ziklo Handiaren bosten bat da, 25.625 urteko iraupena duen zikloaren bostena, alegia. Kontaketa Luzearen bukaerak zerikusia du Eguzkiak galaxiaren zentroa zeharkatzearekin, galaxiako ekuatorea zeharkatzearekin. Une honetan Eguzki Sistema galaxiaren zentrotik oso hurbil dago, ez da inoiz hain gertu egoten, eta horregatik orain galaxiaren nukleotik datorren energia asko jasotzen ari gara», adierazi dio Nah Kin apaizak GAUR8ri Buenos Airesen. Hitzaldi batean parte hartzeko etorri zen Argentinako hiriburura.
Mexikar idazleak adierazi digunez, une honetan, lerrokatze galaktiko batean buru-belarri sartuta gaude. «Gure Eguzkia galaxiaren ekuatorearen gainean dugu orain. Horregatik, puntu horretatik sortzen den erradiazioa indar handiarekin iristen da Eguzkira, bertako prozesuak suspertuz. Eta egoera horren ondorio zuzena da Lurrera, gure planetara, Eguzkiaren uhin elektromagnetiko indartsuak iristea».
«Fenomeno kosmiko baten aurrean gaude. Lerrokatze galaktikoa 2008an hasi zen eta ez da 2016ra arte bukatuko. 2012an jasoko dugu energia gehien. Atomo eta argiaren fotoi horiekin elikatzen ditugu gure espirituak, hortik iristen zaigu energia. Maien jakinduriak esaten digu horrelako momentuetan betetasunez jokatu behar dugula, adimen osoz, jauzi kuantikoa egin ahal izateko, kontzientzia salto bat eginez eboluzioaren hurrengo koskara iritsi ahal izateko», nabarmendu du.
Beldurra eragin
Egunkariak saltzea edo ikuslea telebistaren aurrean edukitzea beste helbururik ez duten bertsio interesatuek beldurra eragin nahi dute. Nah Kinek ezin du bat egin bertsio horiekin. «Eguzkitik datorrena gizakion kontzientzia indarrean jartzeko sekulako bultzada da, antzinako iluntasuna atzean uzteko laguntza. Benetako dohainak birkonkistatzeko obskurantismoa eta zentzumenen gainbehera gainditu behar ditugu».
«Abenduaren 21ean, ipar hemisferioko solstizioa izango dugu. Une horretan, planeta galaxiako zentroari begira dago, orduan daude lerrokatuta. 25.000 urteko zikloan ez da inoiz izan horrenbesteko energia fluxurik; horregatik dago horrenbeste jende egun horren zain. Pubertaro zikloaren amaiera bezalakoa da. Behar materialak baino zerbait transzendenteagoa bilatzeko nahia oso hedatuta dago», nabarmendu du apaiz emakumeak.
Maiek egindako behaketetan oinarrituta, etorkizuna iragarri zuten herri hartako jakintsuek: beren zibilizazioaren lehen egunetik, 4 Ahau 8 Cumku egunetik (Kristo aurreko 3113ko abuztuaren 13a) 5.125 urtera (2012ko abenduaren 21a), Eguzkiak galaxiaren zentrotik etorriko den izpi sinkronizatzaile indartsua jasoko du, izarraren polaritatea aldatuko da eta sugar erraldoi dirdiratsua eragingo du.
Data hori Estela 6 izeneko harrian ageri da. Mexikoko hegoaldeko Tabasco estatuko El Tortuguero arkeologia-aztarnategian aurkitu berri dute zizelkatutako harri angeluzuzen hori, Kristo aurreko IV. mendekoa dena. Bertan ageri den hieroglifikoan «13.0.0.0.0 4 Ajaw 3 Kank’in» dago idatzita, hau da, datorren abenduaren 21a.
Egungo zientzialariek ere badakite solstizioaren egunean urtero lerrokatzen direla Lurra eta Eguzkia, eta aurten, 2012 honetan, bi astroak galaxiaren zentroarekin lerrokatuko direla. Beraz, fenomenoa mitikoki zein zientifikoki aztertuta, abenduaren 21ean Eguzkiak galaxiaren zentroko planoa zeharkatuko du, ekuatorearen beste aldera pasako da. Galaxiaren ipar hemisferiotik hego hemisferiora pasako dela esan daiteke. (6312)
Beraz, fenomeno astronomiko horren berri orain 24 mende zuten maiek. Baina beraiek ez zuten inoiz munduaren bukaera aipatu ere egin.
Beren iritziz, horrek ez du zentzurik, gauza guztiak aldatzen direlakoan baitzeuden, eta espiritua bera litzateke irauten duen gauza bakarra, maila gorenera iristeko bilakaeran. «Nire ustez, gizadiak prestatu egin behar du energia berria jasotzeko eta berarekin bat etortzeko. Galaxiako izpien energia berri horrek guztiongan du eragina eta ondo hartzen badugu, energia hori gu sendatzera dator. Norberak bere barruan espazioak zabaldu behar ditu horretarako», dio Nah Kinek.
Emakume apaizaren ustez, gure buruak zabaltzen baditugu eta gure helburua aldaketa kultural bat lortzea bada, une hau jauzi espiritual bat egiteko balia daiteke.
Gaurko maiak
«Gaur egun gauza materialei lotuegi gaude gizakiok. Jauzia egin behar dugu gaur sakratu dena ohiko bihurtu dadin eta gauza materialekin beste era bateko harremana izateko. Garai berria bake garaia da. Merezi dugun politika eta gure beldurrak eragin dituen baldintza materialak ditugu gaur egun», dio Nah Kinek egungo egoeraren diagnosia egiteko.
Maien zibilizazioa arlo askotan hain aurreratua izan zen arren, Guatemalako, Mexikoko, Honduraseko, Belizeko eta El Salvadorreko gaur egungo agintarien artean ez dago haien hizkuntza, bizimodua eta nazio moduan dituzten interesak defendituko dituenik.
Hori bazter guztietan gertatzen ari da, baita nazioartean oso ezagunak diren pertsonak dituen herrialdean ere. Rigoberta Menchu ekintzaile guatemalarrak, esaterako, Bakearen Nobel Saria jaso zuen bere herrialdea suntsitu zuen gerra zibilarekin amaituko zuen bake prozesuan esku hartzeagatik, XX. mendeko azken hamarkadan.
Menchuren porrota
Iaz Menchu hauteskunde presidentzialetara aurkeztu zen eta botoen %2 baino ez zuen jaso. Bozketa haietan, eskuin kontserbadoreko bi indarrek jaso zituzten boto gehien. Argi geratu zen Guatemalako jatorrizko herriak ez direla oraindik abian jarri, nahiz eta bertako herritarren %40ak eguneroko bizitzan maieraz egiten duten. «Maien tradizioa makina bat dike hautsi beharrean dagoela esango nuke, mende askotako bazterketak eraikitako mugak hautsi beharrean. Espainolen konkistak sekulako sufrimendua eragin zuen, beraien aurreko jakinduria eta sinesmen guztiak erabat suntsitu baitzituen, su eta gar sartu ziren. Oraindik muga gehiegi jartzen diogu geure buruari geure kulturari duen balioa ezagutzeko», nabarmendu du Nah Kinek. Mexikar emakumeak adierazi duenez, maiak eta beren jakinduria errazago onartzen dira atzerrian beren lurraldean baino. «Ni Merida hirian bizi naiz eta bertan hitzaldiren bat ematen badut, ia ez da entzulerik izaten, baina Munichen edo Hanburgon, 300 lagun elkartzen dira nik esan beharrekoa entzutera. Han maien filosofia asko errespetatzen dute».
Arbasoen kultura
«Oso tristea da gure zibilizazioa zutitu zuen lurrean hori gertatzea. Gu serio eta sakon ari gara lanean gure arbasoen kulturari duen balioa onar diezaioten. Baina Yucatanen, esaterako, espainolen errepresioa ikaragarri gogorra izan zen eta oraindik ikusten dira ondorioak: maia askok ez du onartzen bere hizkuntzako izena, lotsatu egiten du bere kulturak».
Garai bateko maiek zientzia eta erlijioa batu zituzten, mitologiaren eta astronomiaren sinkretismoa lortu arte, eta horrek emango zion beren sistema sozial, politiko eta ekonomikoaren oinarriari bere zilegitasuna. Hala ere, inoiz ez zitzaien burutik pasa gizadia unibertsoan gertatutako fenomenoren baten eraginez desagertu egingo zenik. Alderantziz, gizakion historia beti eboluzionatzen ari delakoan zeuden.
Beraien ikuspegia ulertzeko adierazle egokiak dira XVII. mendean, espainolen erasoaldia hasi berria zenean, Yucatango penintsulan idatzitako “Chilam Balam” liburuak. Bertan irakur daitekeen esaldi batek beren zibilizazioaren inguruan pentsatzen zutena laburbiltzen du. Sortzen denetik gizakia mugimenduak sendotzen duela ematen du aditzera, eta hori odolaren zirkulazioan ere ikusten dela, gorputzaren txoko guztietara joaten baita etengabe; horregatik sakratutzat zuten odola, errituetan ikusten denez: «Odol guztia iristen da bere patxadara, punturik gorenera eta tronura iristen den moduan. Ilargi guztiak, urte guztiak, egun guztiak, haize guztiak, mugitu eta pasa egiten dira era berean».
Eugenia Casarin izena ipini zioten neska Mexikoko Veracruz estatuko Coatzacoalcos herrian jaio zen orain 51 urte, 1961ean, hain zuzen ere. Gero, berak aukeratu zuen maierazko Nah Kin izena, bertako hizkuntzan Eguzki Ama esan nahi duena.
Yucatango hizkeran egiten zuten izen bereko penintsulan maien zibilizazioak bere urrezko aroa ezagutu zuenean. Nah Kin bera Ahaukinen edo Eguzki Apaizen artean dago eta Kinich Ahau du maisu. «Leinu hori berreskuratu dugu garai honetarako, Eguzkia baita une honetako aldaketaren protagonista nagusia».
1987az geroztik, Merida hirian bizi da, Karibeko penintsulako handienean. Maien aztarnategiak askotan bisitatzen ditu bertatik joanda. Atzerrira ere askotan joaten da, maiei buruzko hitzaldiak eskaintzera: espainol zein frantses estatuetara, Alemaniara, Austriara, Italiara, Suitzara, Argentinara, Perura, Venezuelara, Costa Ricara, Kubara eta AEBetara.
«Maien jakinduriak proposatzen dituen aldaketak irakasteko tailerrak antolatzen ditut, liburuak idazteaz gain. Asko gustatzen zait maien garai bateko eran errituak egitea. Zeremonia horietan beti naturaren elementuei babesa eskatzen diegu. Zeruko energiarekin konektatzeko ahalmena dute errituek. Horregatik esaten didate apaiz emakumea, zerua lurrarekin lotzen dudalako», adierazi dio idazleak GAUR8ri.
Nah Kin Bizkaian jaiotako Alberto Arribalzaga kinesiologoarekin ezkonduta dago, hau da, kinesiologia edo gizaki mugimenduaren azterketa zientifikoa egiten duen profesionalarekin. Nah Kinek eta Alberto Arribalzagak lau seme-alaba dituzte: Shantal, Vimukti, Itauqui eta Kinti.




