Josu Juaristi
2012ko Urriaren 25a
Gaur zortzi Iñaki Sotok orri honetan bertan idatzitako artikuluaren izenburua aprobetxatuz, anarkiaren ideia jorratuko dugu, beste behin, Britainia Handiari lotuta, baina, kasu honetan, Europar Batasunari erreparatuz, ez Eskoziari. Neurri batean edo bestean, Britainia Handiak Europar Batasunarekin duen harremanak (edo alderantziz) anarkia puntu handi batekin duelako zerikusia. Hala ere, GARAko zuzendariak zioen moduan, inor ez dadila nahastu, pragmatismoa eta interes britainiarraren defentsa eta kalkulua baitago, kasu honetan ere, ekintzen eta jarreren atzean, itxuraz anarkia irudika dezakeen harreman horren atzean. «Ez dakit zer nahi dudan, baina badakit nola lortu» dio, hasieran, The Sex Pistols taldearen abesti ezagunak. Ez dakigu, erreferendumik ez delako egin inoiz, zer nahi duen Britainia Handiak, baina badakigu zer ari den egiten eta zer egiteko prest dagoen (benetan edo mehatxu bezala) bere interesak babesteko Europar Batasunaren barruan… edo kanpoan. Bi faktore aztertuko ditugu jarraian Britainia Handiaren eta Europar Batasunaren arteko harremana ulertzeko eta etorkizunean gerta daitekeena ikusteko.
Krisia eta egitura paraleloak
Londresen eta Bruselaren arteko harreman konplikatua aspaldiko kontua da (etengabeko salbuespenak Itunetan dira horren adibiderik garbiena, 1973an sartu zenetik). Britainiarrena baino gehiago, kasu honetan ingelesen berezitasuna aipatu beharko genuke, hala ere, batez ere eskoziarren eta irlandarren errealitatea, eta baita nahia ere, seguru asko, desberdinak izan daitezkeelako eta Eskoziako erreferendumak europar dimentsio nabarmena har dezakeelako. Zentra gaitezen, beraz, Londresen, eta azter ditzagun David Cameronen azken hitzak eta honek Europar Batasunean har ditzakeen erabakiak. Urriaren 9an garbi asko esan zuen Cameronek: «Britainia Handiak Europar Batasunarekin duen harremana berritu egin behar da». Zer esan nahi du horrek? Nola egingo litzateke hori? Erreferendumaren aukera plazaratu da, beste behin. Kontu zaharra da, baina, orain arte, inor ez da ausartu horrelako jauzi bat ematera Britainia Handian. Erantzunak baiezkoa edo ezezkoa bakarrik izan beharko balu, azkenekoak irabaziko luke, seguru asko, eta horrek bertigo handia sortzen dio Downing Street-eko 10ean sartzen den edonori. Baita Bruselako agintariei ere, Sarkozyk barruan gustura ez badira alde egiteko esan bazion ere Cameroni. Orain arte, ordea, Itunetan eta politika komunen aurrean (euroa, Schengen eta beste asko) Londresek eskatzen zituen salbuespenekin alde biek harreman «orekatu» samarra zutela esan daiteke. Londresek ez zuen traba gehiegi jartzen Bruselan eta Europar Batasunak ez zuen asko estutzen Britainia Handia. Batasunaren barruan dauden abiadura desberdinak, ordea, areagotu edo urrundu egin dira krisiarekin. Eurogunean daudenek eta euroan sartu nahi dutenek arautegi, arkitektura instituzional paralelo eta aurrekontu propioa ere izango dute, edo izan dezakete, eta horrek geroz eta bateraezinago bilaka ditzake bi mundu hauek. Gainera, krisiari erantzuteko eran dauden aldeak ere areagotu egin dira; ondorioz, oso gizarte desberdinak (desberdinagoak) sor daitezke. Ildo horretatik ere, Londres eta Brusela elkarrengandik aldentzen ari dira.
Eteteko arriskuan egon daitekeen soka hau are gehiago tenkatzera etorri da, orain, Europar Batasuna 2014-2020 eperako negoziatzen ari den aurrekontua. Astearteko kontua da, eta oso gai sentsible bati lotua, Erasmus egitasmoa finantzatzeko dauden arazoei lotua: Europako Batzordeak diru gehiago eskatu die estatu kide guztiei Erasmus salbatzeko, eta Cameronek, beste batzuek bezala, ezetz esan du. Beste horiek ez bezala, ordea, betoaren mehatxua erabili du ingelesak (bere aurreko guztiek egin zuten antzera). Baiezkoa emateko, trukean zerbait lortu nahiko du, baina garaiak aldatu egin dira. Betoak, izatekotan, Berlinek bakarrik jartzen ditu gaur. Besteei txikitu egin zaie tartea «anarkiarako», nahi dutena egiteko. •




