-

Mikel Olasagasti / Sistema administraria

2012ko Urriaren 19a

Abuztuan Twitter bidez niretzat zeresan handia zuen artikulu bat zabaldu nuen. Artikuluak berak dozenaka erantzun jaso zituen eta beste hainbat sarrera berri sortu blogosferan. Artikulua tirania.org domeinuan agertu zen, Miguel de Icaza mexikarraren blogean, hain zuzen. Miguel aski ezaguna da software librearen munduan, egin dituen ekarpenengatik. GNOME mahaigain ekosistemaren sortzaileetako bat eta Mono proiektuaren burua da, besteak beste.

Blogeko artikuluaren titulua “What killed the Linux Desktop” da, hau da, zerk hil du Linux-en mahaigaina. Horretan, erabiltzaile arrunten ordenagailuetan Linux-ek duen arrakasta ezaren inguruan argudiatzen du, zerbitzari eta mugikorren munduan, aldiz, errege den bitartean. Azter dezagun arrazoi nagusienetako bat.

Linux-ek ehunka banaketa ezberdin ditu, eta gehienak izozte prozesu baten ondorioz kaleratzen dira; hau da, egun jakin batean kaleratzen dira eta aplikazio ezberdinen bertsio finko bat izaten dute. Horren adibide dira Ubuntu, Debian edo Fedora. Rolling release izeneko banaketak ere badira, Gentoo adibidez, zeinak ez baituten bertsio jakin bat izaten; unean uneko bertsioekin lan egiten dute. Erabiltzaile arrunt zein enpresa mailan lehen motako banaketak dira ohikoenak.

Linux esatean, sistema eragile bat baino gehiago izaten da normalean, banaketa bat aipatzen da; hots, sistema eragileaz gain, banaketatik milaka aplikazio eskuratzeko aukera du. Windows eta Mac orain gutxi arte sistema eragileak ziren soilik, kalkulagailu edo testu editore txikiren batekin, baina beste aplikazio guztiak ez zeuden eskuragarri zuzenean. Aplikazio bat Windows-erako garatzean, ziurrenik hainbat bertsiotan erabili daiteke arazorik gabe. Azkeneko Ubuntu bidez garatutako aplikazio batek, aldiz, 2009. urtean kaleratu zen Debian 5ean erabiltzeko arazoak izan ditzake. Eta ez naiz nire aplikazio txoro batez ari, LibreOffice bera erabiltzeko sekulako lanak hartu beharko lirateke.

Nola azaldu erabiltzaile bati aplikazio jakin bat banaketa bertsio jakin batera lotuta dagoela? Windows erabiltzaileak garatzailearen webgunera jo ohi du aplikazio jakin baten azken bertsioa lortzeko. Horrelakoxea da prozesua. Prozesu hori ia ezezaguna da Linux banaketa batean;&punctSpace;izan ere, banaketa hauek beren gain hartzen dute lan hori aurretik, eta, ondorioz, erabiltzaileak ez du zertan garatzailearen webgunean bilatu.

Baina, gaur egun, erabiltzaile horrek duen mekanismo automatiko horretaz gain, Windows Marketplace, Apple Store, Steam edo Android-erako Play eskuragarri daude, eta hauek ere banaketa lana egiten dute, baina eguneraketak bermatuz. Hau da, erabiltzaileak ez du kanpora jo behar, sistemak berak jakingo du zer dagoen eta nola instalatu behar den.

Hortxe arazoa, nola egin Linux banaketek Marketplace, Store eta Play-ren lana. Nola bermatu denen artean aplikazio batek funtzionatuko duela edo, behintzat, eguneraketak jasoko dituela? Ubuntu horren inguruan lanean jarri da eta dendatxoan pixkanaka moldaketak egiten dabil, sistema “berri” hori integratzeko. Baina Ubuntu bakarra da, eta ez Linux ekosistema osoa; beraz, alternatiba komun bat osatu beharko da.

Beste behin ere, aurten ez da mahai-gainarentzat Linux-en urtea izango, eta dugun automizazioarekin, agian, 2013a ere ez. Baina, ea zorte pixka batekin eta lan tona batekin bideratu daitekeen Miguel de Icazaren blogean “Zerk egin du Linux mahaigaineko errege” irakurtzeko. •