Umoretsu hartu gaitu Eneritz Iturriagak. Pelotoi profesionalean egindako hamar urteko ibilbideak psikologikoki akituta utzi badu ere, erretiroa hartu ondorengo etapa berriari aurre egiteko gogoz dago. Txirrindularitzari lotuta jarraitu nahi du, belaunaldi gazteagoei lagunduz.
Xole Aramendi
2012ko Urriaren 19a
Bereziak izan dira azken egunak Eneritz Iturriagaetxebarriarentzat. Gaur ezkonduko da. Eginkizun zerrenda luzearen artean, GAUR8ri tartea egin zion joan den astearen erdian. Abadiñon. Bertan biziko da, jaiotetxean, San Luis baserrian. Italian denboraldi luzea egin ondoren, gustura dabil familia eta lagunen ondoan. Denen berotasunaz gozatzen ari da.
Aske, baina hutsik. Horrelaxe deskribatu zuen bere burua duela aste batzuk, hedabideen aurrean agur esan zuenean. «Dena eman dut, eta hutsik sentitzen naiz. Psikologigoki hondoa jota egon naiz. Lehia, lesioak... Kirolariak gure buruarekin oso exigenteak gara, eta ez nuen beste inoren beharrik, nahikoa nintzen neure buruari presioa jartzeko. Erabakia hartzerakoan, pisua kendu nuen gainetik, baina zerbait kendu balidate bezala sentitu nintzen», argitu du.
Munduko Txapelketaren ondoren, azken hilabetean, negar asko egin du. «Ni lehen negartia nintzen, baina gero ikasi egin nuen erorikoren batengatik edo garaipenagatik bakarrik egiten. Pentsa, sentimenduak ez adierazteko esaten digute... Espainiar selekzioko kideek hala zioten azken Munduko Txapelketan: ‘hara, ez zara Robocop. Negar egiten badakizu eta!’. Ordurarte erabat banatzen nituen Eneritz ziklista eta Eneritz pertsona. Azken hori etxekoek eta oso pertsona gutxik ezagutzen dute, ni beste guztientzat Eneritz kirolaria nintzen. Eta orain apurka-apurka biak elkartzen joan naiz. Ikaragarria izan da! Deabrua eta aingerua elkartzea bezala...», adierazi du.
Goi mailako kirolari eskaini dio gaztaroa. «Pertsona moduan kirolarekin hazi naiz», dio. Zapore mingotsa zein gozoa, denetarik dastatu du. «Sekulakoak egin dizkidate eta noski, gozatu ere egin dut», kontatu du.
Hogei urte zituen jubeniletan Baque taldean ibili ondoren aitaren taldean, Ciclos Iturriagan, hasi zenean. Mutilen taldea zen. «Hemen dena irabazten nuen eta Europara joan eta lehenengo hogeien artean geratzen ginen. ‘Zerbait ez dugu ondo egiten’, pentsatu nuen. Ikasketekin ari nintzen, eta uda garaia aprobetxatu nuen lagun batekin Holandara joateko. Han prestakuntza, mentalitatea... dena zen ezberdina. Etxera bueltan, erabateko aldaketa beharrezkoa ikusi nuen. Entrenatzailea hartu nuen, eta denbora gutxian gorantz egin nuen», gogoratu du.
Fabiana Luperini txirrindulariaren arreta erakartzeraino. 2002. urtea zen, eta Joane Somarribaren taldearekin joan zen lehen aldiz Tourrera. «Hantxe proposatu zidan berekin joateko. Zer esan ez nekiela geratu nintzen», dio.
Gurasoen bultzadarekin Italiarako bidea hartu zuen. Italiara iritsi eta lehenengo urtea oso gogorra izan zen. Etxetik urrun eta goi mailako kirolaren zurrunbilo eroaren erdian. Hasierak ez ziren errazak izan. Etsitzeko zorian ere egon zen. «Europa ekialdeko txirrindulariak zeuden etxe batean bizi nintzen. Hogeita bat urte nituen eta errusiarrak eta lituaniarrak, denak ni baino hamar bat urte zaharragoak ziren. Sekulakoak egin zizkidaten! Beren postua kenduko nien beldur ziren... Bi hilabete egin nituen, eta etxera etorri nintzen. Ez nuen bueltatu nahi. Gero Fabianak bere etxera gonbidatu ninduen, eta han bizi izan nintzen lau urtez –esan du–;. Nik uste pena ematen niola. Berari gauza bera gertatu zitzaiola kontatu zidan gero».
Italiarra eredu du kirolean, Diana Ziliuterekin batera. «Nik Fabianaren ondoan ikasi nuen pertsona izaten. Oso serioa da, eta inork ez zidan hartaz ondo hitz egiten, baina hasieratik ikusi nuen oso pertsona sentibera eta noblea zela. Nobletasun horrek gehiago ematen dizu lortutako garaipenek baino. Kirola gure beharra da, baina niretzat pertsona nolakoa den da garrantzitsua», argitu du.
Fabiana Luperinik kirola utzi zuen bolada batez. Diana Ziliuti lituaniarrak deitu zion bere taldera joateko, 2007an. «Izakeraz antzekoagoak gara, irekiak. Ni garai hartan hasi nintzen irekitzen, oso itxia nintzen Italiara iristean». Gezurra dirudi.
Iturriagaren esanetan, azken urteotan bizitzen ere ikasi du. «Kirolean aritu arren, beste bizimodu bat ere egiten genuen Dianarekin», dio. Harremana mantendu dute eta ezkontzan izango da. Italiarrak ezin du.
Pedalkadak emateaz gain, antolakuntzaren alderdia ere ezagutu du. «Diana zuzendaritzan zegoen eta hari laguntzen hasi nintzen, antolakuntzan».
Ia oharkabean, goi mailako kirolari agur esateko unerako prestatzen hasi zen.
Lehiak ez du errazten lagunak egitea. «Are gehiago emakumeak badira –zehaztu du–;. Lasterketako gorabeherak arlo pertsonalera eramateko joera dute. Nik bi gauzak desberdintzen ikasi dut. Fabianak horixe esan zidan, bi alorrak desberdintzen dituena urrun iritsiko dela. Nahiz eta talde-buruarekin ondo ez moldatu, min handia eman zidalako, lasterketa heltzean, maillota neukan soinean eta taldearen alde egiteko beharra nuen», nabarmendu du.
Pena ematen dio askok hori ez desberdintzea. «Eta ez kirolean bakarrik, bizitza errealean berdin. Gizonezko txirrindulari askok esan dit nik gizona behar nuela izan. Agian eragina dauka mutilen artean hainbeste ibili izanak», gaineratu du.
Hamabi aldiz korritu du Munduko Txapelketa, eta zazpi aldiz Espainiako txapelketa. Frantziako Tourrean bederatzigarren egin zuen eta Italiako Giroan, hamargarren. Munduko Kopan, berriz, hirugarren eta bosgarren postuak eskuratu ditu.
Garaipenaren garrantziaz galdetuta, honako hau dio: «Irabaztea lanaren emaitza da. Eta horrek jarraitzeko animoa ematen dizu, hala ere, nik besteei laguntzen lagundu diet gregaria moduan. Nire emaitzak ez ditut ikusi. Hala ikusi nuen emaitza ez dela dena. Diana batek edo Fabianak, sekulako palmaresa dutenek, helmugara iritsi eta eskerrak eta muxu bat ematea oso handia zen», adierazi du.
Erakutsi duen erregulartasunaz harro dago. «Lesio gogorrak izan ditut eta horrek gogortu egin nau. Hainbeste lesio izan ez banitu, beste zerbait izango litzateke. Garbi dut», esan du.
Izan ere, aurrez aurre ikustea nahikoa da errepideko asfaltoak utzitako arrastoez jabetzeko. Orbainak bistan ditu, hartutako muturrekoak ahaztu nahi ez balitu bezala. «Hasieran estali egiten nituen, baina gero pentsatu nuen: ‘jauzi eta min hartu badut, zer gero!». Aurpegian 50 puntu ditu. Valladoliden izan zen erorikoa, 2004. urtean. «Barruan dauzkat puntu asko. Ezpainik gabe geratu nintzen, zati hau –dio, eskua ezpain aldera eramanez–; dena altxata neukan. Ospitalean begiak zabaldu eta Fabianaren aurpegi zurbila ikusi nuenean jakin nuen sekulakoa hartu nuela! Aurpegia deformatuta neukan, ez neukan bekainik... Bi hilabete behar izan nituen aurpegiak bere itxura hartzeko», gogoratu du.
Bi lepauztaiak eta saihetsak apurtuta ditu. 2007an katu bat gurutzatu zitzaion Munduko Kopan. 2010. urtekoa izan zen gogorrena. «Besoa erori egiten zitzaidan. Sei hilabete eta hiru ebakuntza behar izan nituen. Mikel Sanchez zirujauak, ez edonork, esan zidan. ez zekiela nola geldituko zen...».
Bizikleta alboratzea planteatu zuen, baina berriz ekin zion. «Eskerrak gurasoei. Kirolari batentzat okerrena lesio batengatik uztea da. Beti geratzen zaizu damua. ‘Jarraitu izan banu’ galdetzen diozu zure buruari».
Hamar urte eta dena berdin
Italiako abenturari amaiera emanez –«oso gogorra egiten zitzaidan»–, lesioaren ondoren ez zen itzuli. Euskal Herrian aurkitu zuen panorama ere ez zen baikor izateko modukoa. «Hamar urteren ostean, berdin edo okerrago zegoen emakumeen txirrindularitza. Oso neska gutxi ibiltzen dira, nahiz kalitatea badagoen. Eta lasterketak ere gutxi dira. Taldeek ezin dute nahi adina aldiz kanpora joan... Nor ibiliko da txirrindularitzan hemen dirurik ez badago? Batere aurreratu ez dela ikustea oso gogorra izan da. Sekulako pena ematen dit. Europan emakumeen taldeak gizonezkoen filialak dira, joan zaitez haien aurka lehiatzera!», esan du.
Lointek taldean bi urte egin ditu. «Sei lasterketatan parte hartu dugu kanpoan, baita Munduko Kopan ere. Behintzat kanpora ateratzen dira, beste taldeak batere ez...», dio.
Hamar urterekin hasi zen bizikleta gainean. Emakumeen txirrindularitzarik ez zegoen Euskal Herrian. Nahiko lodia nintzen eta ‘nora zoaz ipurdi horrekin?’ ere entzun nuen garai hartan. Ez dakizu taldeetako zuzendariak eta gurasoak nolakoak diren... Zenbat aldiz entzun dut nik ‘emakumeek etxean geratu behar dute, hura garbitzen eta arropa plantxatzen’ esaldia. Beti mutilekin nenbilen, eta mari-mutil ere esaten zidaten. Askotan! Eta mutilei irabazten nienean zer esanik ez... Denetarik entzun dut, baina horrek guztiak energia eman dit aurrera egiteko».
Ez da edonola kokiltzen. Kasta berezia ikusten zaio bizkaitarrari. Etxetik datorkio. «Aitak diziplina handia ezarri zigun umetan. ‘Ikasten ez baduzue ez dago bizikletarik’, esaten zigun. Aita Iturriaga zen gero...», kontatu du abadiñoarrak. Bizikletarako zaletasuna ere etxetik jaso du. «Etxean dena izan da bizikleta, ez baloirik ez beste ezer. Osaba bat profesionala izan zen, aita zaletua eta bi nebak ere aritu dira. Gainera, bizikleta denda dugu. Kirola odolean daramagu», esan du.
Txikitatik egon da mutilez inguratuta. Etxean bi neben arteko neska bakarra, errepidean betidanik ibili da mutilekin. «Nesken lasterketak bazeuden baina nik hobeto pasatzen nuen mutilekin. Horregatik atera naiz hain lehiakorra eta horregatik dakit hainbeste sufritzen», bota du. Elkarrizketa aurrera doa eta hiru lagun, denak mutilak, pasa dira bizikleta gainean. «Eurekin ateratzen naiz egunero pare bat orduz ibiltzera», azaldu du.
Ziklismoari lotuta jarraitu nahiko luke, nahiz orain atseden hartzeko unea den. Gero gerokoak. «Antolakuntza gustuko dut oso. Beste erronka bat izango litzateke. Lan piloa egin behar da txirrindulari gazteekin. Zangotraba asko jarri dizkidate, baita Euskal Herrian ere, baina lagundu didaten pertsonak ere aurkitu ditut. Nik pasatu dudana bizi ez dezaten gazteei laguntzea gustatuko litzaidake. Zorretan sentitzen naiz», argitu du.
Atzean geratu zen “El conquistador del fin del mundo” saioa. Ez du oroitzapen txarrik. «Ohituta gaude gosea pasatzera. Ez zen hain gogorra izan», dio. Gaur ospakizun eguna du. •




