Ekologikoa izatea, ahal dela bertakoa izatea eta ahalik eta produktu desberdin gehien eskaintzea. Horiek dira Zarauzko ekodendaren joko-arau nagusiak
ENEEK
2012ko Urriaren 19a
Beristaindarrak aspaldi ohartu ziren baratzean zein mahastian erabili ohi zituzten pozoi kimikoek, mesede baino, kalte handiagoa egiten zutela. Amaiak dioenez, «mahastia duela urte asko daukagu etxean, eta guk ere botatzen genizkion pozoiak. Zerbait gaizki zebilela sumatzen hasi ginen: kimikoak botata ere, mahatsa ez zegoen beharko lukeen eran». Horiek horrela, beste era batean ekoizten hasi ziren.
Baina ez hori bakarrik: erosketak egiteko orduan ere aldaketa nabarmena egin zuten, eta produktu ekologikoak bilatzen hasi ziren. Amaiak azaltzen duenez, sasoi hartan ez zen batere erraza produktu ekologikoak topatzea. Are gehiago, erosketa osatzeko, prozesio bat egin behar zen, hainbat saltokitara joanez. Hortik sortu zen ideia: zergatik ez mota guztietako produktu ekologikoak bilduko dituen saltokia ireki? 2004an ireki zuten dendak 8 urte bete ditu dagoeneko. Egun, Vida Sanaren “Saltoki gomendatuen” zerrendan dago.
Zer da ekodenda bat?
Produktu ekologikoen aukera zabala ematen duen saltoki bat. Beristain Produktu Ekologikoak dendan asteko erosketa egin dezakezu, denetarik baitugu. Produktu ekologikoez hitz egiten ari garenean, ziurtapena duten produktuez hitz egiten ari gara. Produktu horiek ez dute substantzia kimiko eta pestizidarik, eta hori baieztatzeko modu bakarra analisien bitartez frogatzea da. Edonork esan dezake bere produktuak naturalak direla, baina benetan nola jakin produktu kimikoren bat duten ala ez? Edonola ere, produktu ekologikoa produktu naturala da.
Nolakoak izan dira 8 urte hauek?
Hasiera nahiko gogorra, jendeak oraindik ez baitzeukan oso argi produktu ekologikoa zer zen, eta lan asko egin behar izan dugu hori azaltzeko. Gaur egun jendearen ezagutza maila handiagoa da, eta hori gure alde daukagu. Hala ere, oraindik bide luzea dago egiteko, izan ere, familien asteko erosketaren zati oso txikia da produktu ekologikoek osatzen dutena. Hori horrela izanik ere, irakurketa positiboa egiten dugu.
Zer topatu dezakegu zuen dendan?
Produktu freskoak (barazki eta frutaz gain, txerrikia, txahalkia, oilaskoa), izoztuak (izozkiak, ogiak, pastelak…), solteak (lekariak, zerealak, fruitu lehorrak…, olioak), eraldatuak (marmeladak, galletak, teak, gosarirako zerealak, freskagarriak…), kontserbak, ardoa, gozokiak, garbikariak, umeentzako gauzak, kosmetika… Ogia egiteko makinak, zerealak ehotzeko makinak, zartaginak. Guztira, produktu ekologiko zertifikatuen 3.000 erreferentzia baino gehiagorekin lan egiten dugu. Saiatzen gara bezeroek eskatuta hainbat produktu ekartzen, guk momentu horretan ez baldin badaukagu.
Zer irizpide jarraitzen dituzue dendarako produktuak aukeratzerakoan?
Ekologikoa izatea, eta ahal bada bertakoa. Produktuaren kalitatea begiratzen dugu. Aniztasuna, bezeroari aukera zabala ematea ere garrantzitsua iruditzen zaigu.
Etxeko baratzeko ekoizpena dendara bideratzen da. Dendaren beharrak asetzeko lain ematen al du?
Ez. 3.500 metro karratuko ekoizpena daukagu, baratzaren eta frutaren artean. Mota askotako fruta arbolak landatu genituen (sagarrondoak, madariondoak, kiwiak, okaranak, intxaurrondoak, urretxak, gaztainondoak…) baina gazteak dira oraindik eta gutxi ematen dute. Baratzari dagokionez ez dugu negutegirik eta eguraldiak agintzen du. Zaila da plangintzari eustea, momentu puntual baten dena batera dator, eta gero ez dago…
Zein da dendara etortzen zaizuen jendearen perfila?
Egia esan, zaila da definitzea. Mota askotako jendea. Seme-alaben elikadurari garrantzi handia ematen dieten guraso gazte asko etortzen zaizkigu, baita osasun arazoak dauzkatenak ere. Beste batzuek probatu, eta zaporeagatik errepikatzen dute. Nabarmentzekoa da dendara etortzen direnen artean emakume zein gizonen kopurua berdintsua dela.
Garestiagoa da ekologikoak kontsumitzea?
Bai, egia da produktu garestiagoak direla. Adibidez, ohiko arrautzen kasuan: espazio txiki batean oilo asko egoten dira (batzuetan kaioletan sartuta). Arrautza ekologikoen kasuan, berriz, oilo bakoitzeko metro karratu kopuru handi bat eskatzen da. Espazio berberean askoz oilo gehiago eduki daitezke ohikoen kasuan; beraz, produktibitate handiagoa ematen du, arrautza gehiago. Beste alde batetik, oiloen elikadura ere aztertu behar da: ohiko moduan, jatorri oso argia ez duen pentsu asko eman ohi da (transgenikoa…), aldi berean oso merkea dena. Ekologikoan, aldiz, oiloen elikadura ere asko begiratzen da, ezin baita produktu kimikorik erabili eta horrek garestitu egiten du arrautza. Nekazari ekologiko bati gehiago kostatzen zaio arrautza bat ohiko nekazari bati baino. Beraz ezinezkoa da biak prezio berdinean saltzea. Askotan ikusten ditut fruitu eta barazkiak salgai, nik neuk banatzaileari ordaintzen diodana baino prezio apalagoan. Nola da posible? Ezinezkoa da, ez da bideragarria.
Salneurrien gora beheran komentario desatseginik entzutea tokatu zaizue?
'Ohiko'dendetan erosleak ez du ezer zalantzan jartzen, gauzak merke-merke erosita gustura gelditzen dira. Baina gurean salneurri altuagoak ikusten dituztenean, milaka galdera egiten dizkigute. Hori legezkoa da, eta ez gara kexatzen, gustu-ra asko erantzuten ditugu galdera guztiak, baina zergatik ez da oilaskoa horren merke erosi ahal izatea zalantzan jartzen?
Alegia, pedagogia beharra dagoela…
Bai, eta guztion partetik, gainera. Elikadura eta kontsumo ekologikoaren arloan lan egiten dugunok hartu behar dugu eredu hori bultzatzeko ardura, eta hori ez dugu beti betetzen. Guk geuk, ‘ekologikoen’ arloan lan egiten dugunok, ez badugu horren aldeko apustua egiten, nork egingo du ba? Ezin dugu kontsumo ekologikoak gora egin dezala aldarrikatu, guk bultzatzen ez badugu. Bestalde, kontsumitzaileen esparrua dago: 8 urte hauetan, asko hitz egin dugu bezeroekin; hala ere, lan handia egin behar da ekologikoa kontzeptua zer den azaltzeko. Oro har, jendeak ez daki zer den. Oso gutxi zaintzen den beste alderdi bat sasoitasuna da. Ildo horretatik, osasunaren arloko profesionalen papera bitxia da: dieta zehatz batzuk gomendatzen dituzte, demagun brokolia jateko esaten diotela pazienteari, baina ez dute kontuan hartzen brokolia neguko barazkia dela, eta ez dute beste alternatibarik eskaintzen. Sasoitasuna zaintzen ez bada, alferrikakoa da bertako produktua aldarrikatzea!




