Amaia Agirre
2012ko Urriaren 19a
Atez atekoa hitzetik hortzera dabilen garaiotan, zernahi entzun, zernahi bota eta zernahi jaso daiteke. Postontzi elektronikoan zaborra baino ez zait batzen. Niregana biltzen da, baina balio ez duen oro zakarrontzira hustutzen dut.
Ordenagailuan erraza da hori egitea. Gure etxeetan, ordea, zaborrak baino utzikeria eta hautsa pilatzen dira. Atez atekoa baino isilago dabil kontua, baina etxez etxekoak ere ematen du zeresana.
Etxea txukuntzeko eta garbitzeko gogorik ez duzunean, gera zaitez ohean. Gau mahaitik mugikorra hartu, garbiketa enpresa batera deitu, eta itxaron.
Ez da amu txarra alferkeriari jaten eman nahi dionarentzat. Etxea garbitzera datozen zalantza jarri zait, ordea, euren eskaintza irakurri dudanean:
–Etxea goitik behera garbitzen dizute; Lehen betea zegoena hutsik uztean ote datza?
–Ohetik jaiki eta lanean hasteko gogorik ez baduzu, zu lasai, zerbitzu osoa eskainiko zaizu, eta telefonoz hitzartutako orduan hantxe izango gara. Auskalo proposamen horiekin nor datorren!
–Eremu sarkorretan edo zailetan aritzeak gastua igotzea lekarke. Etxea lizunduta izateak proposamen lizunak dakartza, argi!
–Behar adina langile joango dira zure desioak behar bezala burutzeko. Zure buruari egin diezaiokezun oparirik onena da!
Eskerrak email hau zakarrontzira bota aurretik irakurri dudan. Perla zoragarria, benetan! Zerbitzuaren araberako prezioen zerrenda ikusgarria da. Irribarre artean irakurri dut hasieratik bukaerara, baina betikoa, email hauek gutxitan izaten dira “happy end” dutenak. Etxeko andre gizen eta narrats baten irudia agertzen da bukaeran. Hala ere, zer nahi duzue esatea, erakargarriena, emakumea bera! Ohetik jaiki eta etxea txukuntzeari ekin diot. •




