-

Amalur Artola

2012ko Urriaren 19a

Giza laguntza bideratzen duten GKEekin aurretik harremanak izan bazituen ere, 2006an abiatu zen lehen aldiz Juan Karlos Izagirre Mendebaldeko Saharara. Ikusi eta ikasitakoetatik ondorio asko atera ditu, baita kooperante batek argi eduki beharko lituzkeen puntuak ere. Bat: munduko edozer lekutan, komeni da bertako errealitatea ezagutzen ahalegintzea. Bi: umil joan behar da eta, lehendabizi, ikastera. Gero izango da nork berea azaltzeko aukerarik. Hiru: ez dugu ahaztu behar hemen eskubidetzat ditugun kontuak, txorrota ireki eta ura irtetea kasu, munduko leku gehienetan luxua direla. Lau: guk luxu hori dugu munduko beste leku askotan benetan gaizki pasatzen ari direlako eta, beraz, haiekiko ardura bat dugu. Eta bost: kooperazio mundua ez da profesionalen mundua; edozeinek har dezake parte eta, askotan, izan Saharan edo Amazonaseko herri indigena batean, egin daitekeen kooperazio lan onena haiekin egon eta haiek entzutea da.

Orotara zortzi bider izan zara Saharan, iraupen ezberdineko bidaietan. Gogoan duzu nolakoa izan zen lehen kontaktua?

Zoragarria. Lehendik Afrika ezagutzen nuen zer edo zer, batez ere Afrika frankofonoa, Ginea Bissau, Mali, Kamerun… Trekkingak egin eta herrixkak ezagutzen ahalegindu izan gara eta, horietan bezala, jendearen harrerak eragin zidan zirrara. Egoera hain zailetan dagoen eta hain gauza gutxirekin bizi den jendeak duen guztia eskaintzeko borondatea eta nahia izatea izugarria da, baita zer ingurunetan bizi diren ikustea ere: basamortu latza da hura, han harria eta harea besterik ez dago. Ez dunarik, ez mendirik, ez ezer. Haizea galanta.

Mediku zaren aldetik, osasun arloko beharrez ondo baino hobeto jabetuko zara.

Egia esan kanpalekuak oso ondo daude antolatuta. 1975ean, eta azpimarratu beharra dago emakumeek izan zutela hor ardura ia osoa, gauzak oso-oso ondo antolatu zituzten. Lau kanpaleku egin zituzten, epidemiak saihesteko elkarren artean 20 km-ko tartea utzita, eta kanpaleku edo huilaiak banatu zituzten herrixka edo dairatan. Horietan anbulatorio txikiak dituzte, ahal den neurrian osasun kontrolak egiteko. Gertatzen dena da azken urteetan bertako medikuek alde egin dutela, eta krisia zein politika tarteko, azken 2-3 urteetan medikazio zein kooperante gutxiago daudela. Krisiarekin, gobernu guztiek, estatu zein udalek, lankidetzatik murrizteko joera dute eta GKEek ere laguntza gutxiago jasotzen dutenez, gutxiago lagun dezakete. Politikoki, Marokok geroz eta gehiago estutzen du eta baita Espainiak ere, Marokoren alde eta Sahararen aurka eginez.

Uztailean, Madrilgo gobernuak kanpalekuetan zeuden kooperanteak aberriratu zituen, horien artean lau euskal herritar. Nola bizi zenuen erabaki hura?

Sahararen aurkako beste maniobra bat izan zela uste dut. Horregatik erabaki nuen kooperante bezala, ez alkate bezala –nire oporretan joan bainaiz–, hara joan eta babesa emateko garaia zela. Lantaldean ere, ikusi genuen Gobernu espainolaren mehatxuek eragin ezkorra izan zutela, zenbait GKE bidaiak bertan behera uztera zihoazen...

Agintari espainolen jarrerak, beraz, soka ekarri du…

Bai, bai, eta une honetan GKE askok ez dute kooperanterik Saaharan. Atera zituzten eta ez dira itzuli. Hala ere, badaude Espainiako Gobernuaren mezuei muzin egin eta, bahiketa gehiago egoteko arriskua dagoenik gezurtatu, eta han jarraitzen dutenak. Ni oraintxe etorri naiz eta han dauden segurtasun neurriak sekula baino handiagoak direla esan dezaket, baita saharar herriak hara joatea inoiz baino gehiago eskertzen duela ere, Espainiaren maniobraren ondorioz, jende asko ez delako joaten. Eta joan egin behar da.

Mundu Batek ezegonkortasunaren gorakada aipatu zuen. Sumatu duzu halakorik?

Pentsatu errefuxiatuen kanpaleku bat dela, ez duela bere kabuz aurrera ateratzeko aukerarik, ez elikagairik ez ezer... Kooperante bezala joan arren, ministro batzuekin egon eta egoerari buruz galdetzeko aukera izan dut. Adibidez, Madrilek urtero sendagaiak erosteko 180.000 euro ematen zituen, eta aurten ez du ezer emango. Valentzian, gaixo zeudenak hartzeko etxe bat zegoen eta hori ere kendu egingo dute. Katalanek ere basamortuaren erdian dagoen medikamentuak sortzeko enpresa bat –oso proiektu bitxi eta zoragarria– diruz-laguntzen zuten, eta aurten ez dute laguntzarik bidaliko. Ondorioz, sendagaiekin arazoak izango dituzte...

Orduan, zuk ere ikusi duzu ezegonkortasun hori.

Ikusi dut eta, gainera, bertako agintariak ohartzen dira zer egoeratan sartuko diren hemendik aurrera. Kooperanteak badoaz, hurrengo urterako proiektuetariko asko bertan behera geratuko dira eta izututa daude, egoera ez delako batere erraza izango. Horregatik, uste dut garrantzitsua dela administrazio eta GKEek ahal bezain beste laguntzea eta kooperanteak joatea, ahal badute. Beti beharrezko izan badituzte orain eta, bereziki, datozen urteetan, askoz gehiago beharko dituztelako.

Halako gatazketan, zer paper betetzen du kooperanteak?

Beti iruditzen zaigu guk egin dezakeguna ez dela asko, eta gauzak ez direla guk emandakoagatik konponduko. Egia da nazioarteko foroetan erabaki ekonomiko eta politikoak hartu behar dituztela, baina, era berean, egia da munduan dauden injustizien aurrean ezer ez egitea oso erraza dela. Nire lagun batek esaten du mundua ez dagoela horren gaizki gaizkile asko daudelako, baizik eta jende gehiena eserita geratzen delako, gaizkile horiek zer egiten duen ikusi arren.

Aktibatu beharra dago. Horren guztiaren atzetik arazo politikoak daudelako eta horiek identifikatu eta salatu egin behar dira. Giza laguntza ematea oso ondo dago, noski, baina testuingurua injustizia sozial eta politiko batean dagoela jakinda. Ez gara salaketa horiek mahaigainean jartzeaz ahaztu behar.

Eta sahararrek, nola bizi dute gatazka hau?

Nik uste, edozein iltze goriri heltzen diotela. Jada 37 urte dira han daudela, bi belaunaldi jaio dira basamortuan, eta askorentzat urrunegi dago guraso eta aiton-amonek egin zuten gerra hura. Egia da Arabiar Udaberri famatua izan zenean, itxaropentsu azaldu zirela. Sistema baten aurkako iraultza badago, injustizia horren aurka altxatzen direnek bat egin dezaketelako beste batekin. Eta, izan diren azken mugimenduekin, Marokoren barruan ere egungo sistemaren aurkako mugimendu bat badagoela ikusten dute.

Baina, beste aldetik, gazteen artean etsipena zabaltzen ari da, eta batzuk irtenbide pertsonala bilatzen hasi dira. Herriak trebatu dituen pertsonak dira, Fronte Polisarioak Venezuela, Italia, Argelia edo Kuba bezalako herriekin dituen hitzarmenen bidez trebatu direnak, eta horrek nolabait buelta behar zuen herriaren alde lana eginez.

Eta zer gertatu da?

Hango gazteekin hitz eginda, denak sentitzen dira herri baten parte, ikusten dute injustizia eta aldarrikatzen dute erabakitzeko eskubidea, baina kanpalekuetan zer etorkizun duten ikusita ‘hau berdin defendituko dut kanpotik, Sahara bihotzean daramat eta behar denean itzuliko naiz’ esan, eta alde egiten dute. Jarrera ulergarria da eta egia da batzuk itzultzen direla, baina, adibidez, kanpalekuak medikurik gabe uzten badituzu, nork artatuko ditu zure ama edo anai-arrebak? Polisarioak bilatuko du formula bat herriak eskaini dien zerbitzu horrek, kasu honetan titulu bat edukitzeak, kanpalekuetan buelta izan dezan, gutxienez urte batzuetan han lan eginda. Baina, noski, hau guk esatea erraza da. Nik handik itzultzen nintzenean Osakidetzan lanpostu bat nuen, soldata ederra... Zaila da.

Egun Donostiako Udalean zabiltza. Bertatik ere abiatu dituzue zenbait ekimen, ezta?

Egia da aurreko gobernuek ere Sahararekiko jarrera positiboa izan dutela eta proiektuak bultzatu dituztela. Gu saiatu gara proiektu sakabanatuak babestu beharrean Polisarioarekin lehentasunak adosten, kanpalekuetarako laguntzak orekatuak izan daitezen. Hori aurrekoek ere nahiko ondo egin zuten, baina ez du balio hori egitea eta ondoren Madrilgo Gobernuari kritikarik ez egitea. Nik uste salaketa politikoa egiteke dagoela, hara joatea eta egunero jazarpen hori pairatzen duen jende horrekin denbora pasatzea, eta guk ere, Udaletik, lan horretan sakondu nahi dugu.

Agian politikariek asko lantzen ez duten alorra da…

Bai, eta ‘giza laguntza’ren diskurtsoak ezin du horretan geratu. Oinarrizkoa da, baina atzean gatazka bat dagoenean ezin da laguntza bat eman bestea ahaztuta. Adibidez, nik Saharako haur bat ekartzen badut uda pasatzera, jakin behar dut gurasoak beren lurraldetik kanpo bidali zituztela, haien bizileku izan beharko lukeena okupatuta dagoela eta ume horrek itsasoa ikusteko ez lukeela Donostiara etorri beharrik, Saharak Euskal Herriak baino dezente itsaso gehiago duelako. Jakin behar dut egunero milioika euro lapurtzen dizkietela, han dituzten fosfato mehategiak, arrantza eta dituzten balio guztiak osten dizkietelako. Marokok osten dizkio, baina baita Espainiak ere, harekin akordio bat sinatzen duen bakoitzean.

Kontuokin uste dugun bezain sentsibilizatuta al gaude?

Nik uste Euskal Herria historikoki dela herri solidarioa. Ikustekoa da zenbat euskaldun dabilen munduan eta nik uste ez dela gutxi norabait joan eta han zer dagoen ikusi eta ikasteko gogoa izatea. Eta, euskaldunen artean, badago halako gogoa...

Errealitate ezberdinak ezagutzekoa, agian?

Bai, ezagutzekoa, baina lekuan bertan. ‘Nik dakit eta nik erakutsiko dizut’ pentsamoldea zuten zenbait kooperante ezagutu ditut, bai Saharan, baita beste leku batzuetan ere. Hala ezin da inora joan. Beti umil joan behar da edonora, lehendabizi zer errealitate dagoen, zer nortasun duten eta zer ohitura dituzten ikusi behar da. Ondoren, elkartrukean sartu eta ahal duguna ematen saiatu behar dugu. Betiere ikasten ari zarela aintzat hartuz.

Zure bidaietan, topatu duzu halako jarrera ezkorrik?

Lehen bidaian, han medikuak zeuden, eta haiei laguntzen aritu ginen batez ere. Hainbat mediku eta mediku ez ziren emakume bildu genituen, eta zenbait gaitz nola sendatzen zituzten galdetu genien. Mineralak, belarrak eta abar erabiltzen zituzten burukominak, hilerokoaren minak, katarroak eta sendatzeko . Beren irtenbideak badituztela konturatu nintzen. Funtsezkoa da, Ginea Bissaun edo Amazoniako herri indigena batean hemengo medikuntza aplikatzen saiatzea erabateko desastrea baita. Kooperante batek, adibidez, Amazoniara X izpien sekulako aparatua eraman zutela kontatu zigun, eta lekura iritsi zirenean, konturatu zirela han ez zegoela argi-indarrik… Joan eta beraiekin hitz eginez, segituan konturatuko dira zuk esaten diezun horretatik zer den arrazoizkoa eta ezer ez.

Haurrak aipatu dituzu lehen. Osasun aldetik, zer onura egiten die hona etortzeak?

Uztailean eta abuztuan 50 gradutik gora izaten dira han, eta hilabete horiek libratzea, hasteko, ederki dago. Hemen azterketa medikuak egin eta unean edo hurrengo bidaia batean zuzendu daitezkeen gaitzak detektatzen dira. Bestetik, hemengo familiekin egiten diren harremanek buelta izaten dute, asko hara joaten direlako eta hori asko eskertzen dutelako. Laguntzaren bat ere ematen dute, eta hori primeran dago, baina egia da horrek desorekak sortzen dituela, batzuk laguntzak dituztelako eta besteek ez... Horregatik da horren garrantzitsua administrazioetako laguntzak Polisarioarekin adostea. Azkenik, nik uste balio beharko lukeela haurrei harrera egiten dieten familiak informatzeko zer gertatzen den Saharan eta bozgorailu lanak egiteko. Eta batzuetan ez da hori gertatzen.

Karabana Solidarioa.

Oinarrizkoa. Saio asko egin dira han baratzeak landatzen saiatzeko, baina maiz denbora batez funtzionatu eta gero, porrot egiten dute. Oilasko-haztegi bat ere jarri dute, baina diru-laguntzarik ez dagoenez, ixteko zorian dago. Han ez dute ezer ekoizteko aukerarik, eta kanpotik ematen zaienaren mendekotasun handia dute, bai Argeliatik –produktu galkorrak, fruta eta barazkiak, nagusiki–; eta bai hemendik ere –egoskariak, konpresak...–. Hemendik bidaltzen ez bazaizkie, han ez dute lortzeko aukerarik. Horregatik da horren oinarrizkoa Karabana Solidarioa. Hausnarketa egin behar dugu eta ohartu laguntza horiei eutsi behar diegula, bai Saharan, bai eta hainbeste sufritzen ari den mundu zabal horretan ere.