Soluzio bila ari dira, baina oraindik ez dute aurkitu. Asiar liztorrek erleak eta erlezainen lana gogor kolpatu dute. Zenbaitek jada etsi dute; beste batzuk itxaropentsu daude eta izaki txiki hauek naturaren eta ekositemaren alde egiten duten lana goraipatzen dute, guztien elkarlana eta laguntza eskatzeko.
2012ko Urriaren 19a
Atsekabetuta begiratzen die Aitor Zabala erlezainak Oiartzungo Ergoien auzoaren gaineko aldean dituen erlategiei. Sarearekin estaliak dauzka asiar liztorrek erleei eraso ez diezaieten. Ez da soluzio ideala, hori badaki, baina hoberik ez du aurkitu oraindik. Sarearen ondoan, irudia oraindik ere gehiago trakesten duten ur botila batzuk ikus daitezke. Bertan liztorrak erakarriko dituzten likidoak ditu: ura azukrearekin, alkoholdun edaria... «Hiru egunean bakarrik, bote hauetatik bostehun liztor kendu izan ditut», azaldu du.
Duela zortzi urte ekin zion Pasai Donibaneko bizilagun honek erlezaintzari. «Naturatik gertu egoteko aukera ematen du. Behartuta zaude usainetan, loraldietan, inguruaren hezetasunean, eguraldian... arreta jartzera, eta naturarekin kontaktuan egotea gustuko duen pertsona batentzat ‘obligazio’ atsegina da», adierazi du.
Erlezainak etsita
Gaur egun, ordea, fustrazioa da berak eta beste hainbat erlezainek bizi duten egoera deskribatzeko erabiltzen duen hitza. «Iaz liztor batzuk inguratu zitzaizkidan erlategietara, eta kopuru ikaragarria zirela iruditu zitzaidan. Aurtengo kopurua, iazkoarekin konparatuta, askoz ere handiagoa da. Espero dut datorren urtean gehiago ez izatea, gainerakoan, akabo!», jakinarazi du. Gainera, hainbat erlezainek etsi eta erlategiak kendu dituztela aitortu du: «Inoiz ez da negozio bat izan erlezaintza inguru hauetan, baina lana egitea, erleak jartzea eta haiek nola akabatzen dituzten ikustea etsigarria da».
Elkarrizketak irauten duen bitartean, asiar liztorrak erlategietan egiten duen triskantzaren testigu izateko aukera izan dugu nahi baino gehigotan. «Liztor batek sarea gurutzatzen duenean, eta erle bat harrapatzen duenean, segidan gerturatzen zaizkio gehiago; burua eta sabela mozten dizkiote beren larbei jaten emateko», azaldu du atzamarrarekin egoera hori seinalatzen duen bitartean.
Asiar liztorrekin batera, hemengo liztorrak ere ikus daitezke sarearen inguruan bueltaka. «Hemen ere badira tamaina bereko liztorrak, baina asiarrek ez bezala, ez dituzte hori koloreko hankak; begiratu bakarrean horrek desberdintzen ditu». Euren jokabidean dago, ordea, desberdintasunik handiena. «Hemengo liztorrek noiz edo noiz jan dezakete erle bat, baina ez dira erlategi batekin tematzen. Asiar liztorrak euren artean komunikatzen dira, eta taldean aritzen dira erleak akabatzen», zehaztu du.
Kumeak elikatzeko garaia
Sarea jarrita izango ez balu, asiar liztorrak erlategiaren ondoan izango liztuzke erleak irteteko zain; eta atera orduko, jango lituzkete. «Erleek atzeman dute atarian zain dituztela, eta erlategietatik ateratzeari utzi diote», nabarmendu du, erlategietatik metro gutxira dagoen zuhaitz bat seinalatzen duen bitartean. «Garai honetan, untza loretan dago eta erlez beterik egon beharko luke polen eta nektar ugari daukalako, baina apenas gerturatzen dira», azaldu du erlezainak.
Sareak ere erleei eurei ere lana zailtzen die, landareriara gerturatzea trakesten dielako. «Erleak ateratzeko adinako zuloak ditu.Egia da, hala ere, hara eta hona lasai ibiltzea zailagoa zaiela, baina bederen erlategietatik atera egiten dira», onartu du. Atera ezean, izan ere, akabo.
Negua igaro
Udazken garai hau garrantzitsua da erleentzat. Udaberri amaieran eta uda hasieran ekoizten dute erleek ezti gehiena, baina orain negua igaro behar duen kumea zaindu behar dute. «Sasoi honetan, hotzari aurre egin behar dioten kumeak jaiotzen dira eta haiek osasuntsu elikatu behar dira, gainerakoan ez dutelako negu osoa igarotzeko adina indarrik hartzen», azaldu du.
Jaio ere gutxiago jaiotzen dira asiar liztorraren eraginez, erle erreginak erlategian behar adina janik ez dela sartzen ikusita arraultzak jartzeari uzten diolako. Horregatik, hain justu, liztorrez babesteaz gainera, bestelako lanak ere ari dira egiten erlezainak. «Ura eta azukrearekin erle erregina estimulatzen saiatzen gara arrautzak jarri ditzan».
Asiar liztorrarentzat ere sasoi garrantzitsua da hau, izan ere, udazkenean jartzen dituzte habiarik handienak: «Neguan denak hiltzen dira, erregin berriak izan ezik. Hauek lur azpian ezkutatzen dira. Udaberrian irteten da bertatik, eta habia txiki bat egiten du. ‘langile’ taldea osatzen du ondoren, eta horiek habia handiago bat eraikitzen dute, eta ‘ehizara’ irteten dira». Uztailean hasten dira erlezainak liztorren presentzia nabaritzen, eta udazkenean, berriz, euren triskantzak bete-betean jasaten.
Azken aldian, suhiltzaileen kolaborazioa jasotzen dute. Izan ere, haiek arduratzen dira han eta hemen topatzen dituzten habiak kentzeaz. Lasaigarria da neurri hori, baina ez da soluzioa «denbora irabazteko aukera ematen die», erabateko soluzioa aurkitu bitartean. Kontuan izan behar da liztor habia bakoitzetik berrehun bat erregina ateratzen direla «eta denek aurrera egiten ez badute ere, nahikoa azkar zabaltzen dira». Inguru hauetan, gainera, liztorrak erasotuko dituen harriparirik ez dago. «Sorterrian, Asian, liztorrak jaten dituzten harrapariak daude; gainera, erleek badakite beren burua defendatzen; hemen, ordea, ez». «Aralarren tigreak» askatzearen parekoa da liztor hauek inguru hauetan ibiltzea, Zabalaren esanetan. Izatez, ez zituzten inoiz paraje hauek zapaldu behar, baina nahigabean edo, «egurra zekarren ontzi batean iritsi ziren Bordelera».
Ordutik metroak irabazten joan dira pixkanaka, baina etenik gabe. Hegoaldera zabaldu dira, eta Euskal Herria jada iparraldetik hegoaldera hartu dute, ia Gipuzkoa osora. Europa Iparraldean ere hasi dira tokia hartzen. Estatu frantsean, hasiera batean, lasai hartu zuten kontua, nolabait oreka bat lortuko zutela pentsatzen baitzuten, «baina ez da horrela izan».
Soluzio globala
Arazoari benetako irtenbidea emango dion soluzio baten bila hasi beharra dagoela uste du Zabalak. Gipuzkoako Erlezainen Elkartean lan andana egiten ari dira hura topatu nahian, baina horren bilaketan eta sustapenean guztiek parte hartu behar dutela uste du. «Penintsula osoko erlezainak hona begira jarrita daude, ea arazoari zer irtenbide ematen diogun itxaroten. Begiratzeaz gain, esku bat botatzeko eskatzen diegu guk; izan ere, ezer egiten ez bada, penintsula osoan zabalduko dira liztorrak bi edo hiru urte barru», ohartarazi du.
Adostua eta orokorra izan behar du soluzioak, beraz. «Gaitz zehatz bat izanez gero, ditudan erle guztiak kentzea eta, zerotik hasita, berriz jartzea erabaki dezaket; baina kasu zehatz honetan, soluzio horrek ez du balio, liztorrak hemen segituko dute-eta».
Gainera, erleen populazioa makaltzen bada, liztorrak beste espezie batzuk erasotzen hasiko direla nabarmendu du erlezainak. «Erlea biktimarik errazena da eurentzako orain. Erlategietara hurbiltzen dira, eta denak pilatuta aurkitzen dituzte, baina horiekin amaitzean beste zerbait bilatuko dute».
Zabalaren ustetan, gizarteak erleek egiten duten lana agerian jarri eta hura defendatzeko garaia da, erleen babesa ez baita erlezainen lana bakarrik, azken batean «biodibertsitatea dago jokoan». Adibide gisa jarri nahi izan du Europako mendietan hartza sartzeko erleek izan zuten pisua: «Hartza sartu aurretik, erleak sartu zituzten, landareria kopurua handitu zedin eta hartzak jatekoa izan zezan, pentsa ezazu zein esanguratsua den erlearen lana».
Ekonomikoki ere erleek duten pisua nabarmendu nahi izan du: «2011ko datuen arabera, Europar Batasuneko 600.000 biztanleri eskaintzen die diru-iturri nagusia edo osagarria». Landareen %84ren atzean, erleen lana dago; beraz, eztiaren bidez sortzen duten aberastasunaz gain, polinizazioaren bidez ere sortzen dituzte irabaziak zeharka. Kalkuluen arabera, Europar Batasunean 15.000 milioi inguruko aberastasuna sortzen dute urtero erleek.
Zabalaren esanetan, erlezainei, nekazariei bezala, eman behar zaie aukera euren bizimodua aurrera ateratzeko. «Hemen erlezainek ez dute kobratzen polinizazioren alde egiten duten lanarengatik, beste toki batzuetan, aldiz, bai. AEBetan, esaterako, nekazari handiek erle trailerrak alokatzen dituzte euren soroak poliniza ditzaren eta erlezainei ordaindu egiten zaie erleak izan ditzaten», azaldu du erlezain pasaitarrak.
Gipuzkoaren kasua jarri nahi izan du adibide gisa. Lurraldean 500 bat erlezain daude, erlategi gutxirekin, baina lurraldean ondo sakabanatua. «Polinizazio lan ederra egiten dute guztiek batera. Izatez, inguruan kalterik egiten ez duen ekoizpen lan bakarra da erlezaintza».
Eztiaren estima
Inguru honetan ez da, ordea, polinizazio lan hori ordaintzen. Diru-laguntza txiki batzuk jasotzen dituzte erlezainek, baina erleek ekoizten duten eztiaren salmentagatik jasotzen dute etekina dirutan. Horregatik, eztia errekonozitu eta estimatzea oinarrizkotzat jotzen du, «kontuan hartuta, besteak beste, kilo bat ezti sortzeko erleek miloika lore bisitatu behar dituztela».
Garai batean eztiak zuen estatusa berreskuratzen ari dela uste du Zabalak, azukrearen mesedetan galdua zuena. Hala ere, herritarrei erlezainek ekoizten duten eztia erosteko deia luzatu die: «Herriko erlezainei eztia erostea norberaren herriaren ekosistemaren alde egitea da; erlezain horrek erleak manten ditzala sustatzen baita». Izan ere, gaur egun ez da erle basati-rik, liztorrak iritsi aurretik ere nahikoa eraso jasaten baitzituzten. «Varroa izeneko parasito batek asko kaltetu zituen erlategiak. Horrez gain, egungo kontsumo ereduak erleei eragiten dizkien kalteak hartu behar ditugu kontuan». Hazi transgenikoak, egungo nekazal eredu erasokorrak eta pestizida ekarri ditu ahora. «Naturan triskantza eragiten ari gara. Animalia txiki hauek abisua eman eta eman ari zaizkigu; gure esku dago esaten ari zaizkiguna entzuteko prest egotea edo ez».
Arazoak arazo, komunikabideetan izan duen oiartzuna dela-eta, erleen eta hauen lanaren inguruan sentsibilizazioa aregotu dela irizten dio. Bera, esaterako, ikastetxez ikastetxe ari da txikiei erleen misterioak argitu nahian.
Zabalak ez du itxaropenik galdu nahi. Berandu baino lehen soluzioren bat topatuko dutela espero du, eta aurrerantzean ere, erlezaintzari buruzko misterioak lehen pertsonan eta orainaldian azaltzeko parada izango duela espero du.
ALEJANDRO JORAL: «EZ DUGU BERTAKO LIZTORREK BAINO GEHIAGO ZIZTATZEN DUTELA PENTSATZEKO ARRAZOIRIK»
Donostia Ospitaleko Alergologia saileko burua da Alejandro Joral. Asiar liztorraren hainbat ale gordeta dituzte bertan. Suhiltzaileek ekarri dizkiete azter ditzaten; izan ere, beharrezkoa da haiei egokitutako txertoa atzematea. Hasiera batean, dena den, lasaitasun mezua zabaldu dute.
Erleen eta liztorren ziztadei alergia dieten pertsonak artatzen dituzue zerbitzuan. Zein da zehazki zuen eginbeharra?
Erleen eta liztorren pozoiari alergia dioten eta erreakzio alergiko gogorrak jasaten dituzten pazienteak artatzen ditugu. Larrialdi zerbitzuan artatzen dituzte hasiera, eta ondoren, gurenana bideratzen dituzte. Pazienteak aztertzen ditugu, eta tratamendu bat ematen diegu, berriz ere ziztadak izaten badituzte, erremedioa gainean eraman dezaten. Gainera, txertoa jartzen diegu. Gutxi gorabehera, urtean hamar bat kasu edo izaten ditugu.
Asiar liztorrarekin aldaketarik sumatu duzue?
Asiera liztorrarekin lotutako kasuak ari gara jasotzen, baina oraindik ere oso gauza berria da, eta jakintza eta esperientzia handiagoa behar dugu. Hasiera batean, lasai egon behar da ez dirudi-eta ohiko liztorrek baino gehiago ziztatzen dutenik. Euren pozoia ere gogorragoa dela ez dugu uste. Kontua da diagnostikoa egiteko orduan arazoa dugula, oraindik ere oso ondo ez dakigulako zer diren liztor horien pozoiaren osagiak. Hala ere, familia bereko animaliak direnez, ohiko liztorraren antzeko pozoia dela uste dugu.
Euren pozoia aztertzen ari zarete alergia duten pertsonentzat txertoa prestatzeko.
Kanpotik datorren espezie bat da; beraz, ez dugu behar adina ezagutzen. Une honetan, txertoa lantzen ari gara: pozoia atera, osagaiak aztertu, gainerakoengandik zer desberdintasun dituen ikusi eta, beharrezkoa izanez gero, bada txertoa egin.
Jendea larrituta dago?
Kontua da, azken aldian, komunikabideetan asko hitz egiten dela liztor horien inguruan. Gainera, tamainaz ere handiak dira, eta horrek nolabait herritarren artean ardura handiagoa eragiten du.
Zenbait lanbide dituzten pertsonek eraso gehiago jasaten dituzte.
Aire librean lan egiten duen jendeak beti izan du arrisku gehiago erleen eta liztorren erasoa jasateko.
Badaezpadako probak egiten zaizkie zenbait lanbide dituzten pertsonei.
Ez dira proba profilaktikoak egiten, ez liztor hauen kasuan, ez besteen kasuan ere. Alergia kasu larriagoa izan duten kasuetan soilik daude aholkatuta; ez alergia kasu lokaletan. Erle edo liztor batek ziztatzean pertsona guztiengan du erreakzio bat. Horrek ez du esan nahi, ordea, erreakzio alergiko gogor bat denik, kasurik gehienetan ziztada jaso duen eremua handitzen da soilik.
Zeintzuk dira alergia duen pertsona batek ziztada jasota izan ditzakeen sintomak?
Ziztada baten ostean, leku zehatzetik haratago sintomak zabaltzen direnean hasi behar da larritzen; hau da, besoan ziztatu eta aurpegia handitzen hasiz gero, edota arnasa hartzeko zailtasunak dituzula atzemanez gero. Era berean, zorabio sentsazioa badugu ere, larritasun sintoma litzake. Halakorik izanez gero, larrialdi zerbitzura ahalik eta azkarren joan behar da.
Eta ondoren?
Hiru puntu edo fasetan egiten dugu lan. Lehenengoan, ziztada gehiago jasotzea ekidin nahi izaten dugu, normalean egiten diren aholkuekin. Bigarrenean, ziztada jasoz gero, gainean eramateko sendagaia ematen diegu, adrenalina. Hirugarrenean, nolabait alergia samurtzen saiatzen gara, eta txertoak horretarako ditugu.
Aholkuak aipatu dituzu, zein dira gomendagarrienak?
Kolore biziko arropak ez janztea gomendatzen da, bai eta aire librean ahalik eta aldi gutxienetan jatea ere, batez ere, udaberrian. Horrez gain, usain gozoko perfumerik ez erabiltzea gomendatzen da.
Alergia duten pertsonen profila egin daiteke?
Beste alergia batzuk dituen batek aukera gehiago du erle edo liztorren pozoiari ere alergia izateko. Gainera, aire librean lan egiten duen batek ere aukera handiagoa du; zenbat eta ziztada gehiago jasan, orduan eta arrisku handiagoa izango baitu berriz jasateko.




