-

Iņaki Altuna

2012ko Urriaren 19a

Gaur urtea beteko da ETAk bere ekinbide armatua behin betiko uzteko iragarpena egin zuela, eta bihar EAEko hauteskundeak egingo dira, oso bestelako Legebiltzarra ekarriko duten hauteskundeak. Berez, 2011ko foru eta udal bozketekin irekitako hauteskunde zikloaren amaiera izan beharko genuke biharkoarekin, baina badirudi luza daitekeela, Nafarroa Garaiko krisi egoerak 2015. urtean hautestontziekin izan beharreko hitzordua aurreratzen badu azkenean. Orain arteko eredu autonomikoaren agortzeak, alde batetik, eta Aieteko Adierazpena zein ETAren erabakia orain arteko adierazle nagusi dituen garai berriak, beste batetik, zehaztu behar du etorkizunerako jokalekua.

Esan bezala, Gasteizko Legebiltzarrak oso bestelako osaketa izango du aurrerantzean, eta, bide batez, azken urteotako itxurakeria agerian geratuko da. 2009an euskal gizartearen borondateak aldaketa politikoa ekarri zuela esan zuten PSEk eta PPk. Ez zen egia, ezker abertzalea legez kanpo uzteak eman baitzien bi alderdiei gehiengoa osatzeko aukera, ez herri babesak. Orain, inkestek diotena berresten bada, jukutriaz eginiko ustezko aldaketaren ibilbidea ere zigortuko dute herritarrek. Hau da, ez zuten orduan herri babesa jaso eta orain, ikusitakoak ikusita, zigorra baizik ez dute izango hautestontzietan.

Antza, inoiz izandako legebiltzarrik abertzaleena izango da hurrengoa. Burujabetzaren aldeko hautua egiteko gehiengo zabala izango luke, beraz. Halere, egia da inork ez duela «fronte» itxura eman nahi; nonbait, Lizarra-Garaziko esperientziatik jasotako ikasgaia da.

Eztabaida «identitarioak» zatiketa sortzen duela diote «unionistek» egoera nahastu asmoz. Eztabaida, funtsean, demokraziari buruzkoa dela ezkutatu nahi dute. Uko egin diezaiotela independentziaren aukerari, baina onar dezatela besteen proiektuak egingarri behar dutela izan, baita independentziarena ere. Patxi Lopezek, GARAri eskainitako elkarrizketan, demokrazia ez dela soilik gehiengoaren eta gutxiengoaren arteko jokoa esan berri du. Legeak ere errespetatu behar direla gehitu du. Baina berak onartu beharko luke legeria ezin daitekeela herri borondatea geldiarazteko erabili. Izatekotan, herri gogoa gauzatzeko balio behar duela edo, bestela, aldatu behar dela. Eztabaida politikoak, beraz, abiapuntu demokratikoa jarri behar du, tranpa eta gezurrik gabe.

Bide horretan, Aieteko Konferentziaren urteurrena bete den honetan, nabarmendu beharko litzateke EAJ eta EH Bildu osatzen duten alderdiak ez ezik, PSE ere gatazkari konponbide oso bat emateko antolatutako elkargune hartan izan zela present. Handik ateratako adierazpenaren laugarren puntuak alderdien arteko elkarrizketa jotzen du gatazka politikoari aterabidea emateko bide egokitzat. Beraz, egon badago elkarrizketa hori bideratzeko oinarri nahikoa, inor alderdikerietan erortzen ez bada behintzat. Horrenbestez, Aieteko Adierazpenaren urteurren honek atzera begiratzeko baino askoz ere gehiago, aurrera begira elkarrizketa politikoaren arloan dagoen erronkari eusteko balio izan beharko luke. EH Bildu Gasteizko Legebiltzarrean sartzeak beste indarrekin topatzea erraz dezake, baita gaur egun hitz egiteari ere uko egiten dion indarrarekin ere.

Gatazka gainditzeko eta Euskal Herrian beste eredu politiko bat eraikitzeko erronkarekin batera, krisi ekonomikoari eman beharreko erantzuna da, denek aitortu dutenez, lehentasuna. Legebiltzarraren osaketa ikuspuntu horretatik ere aztertu beharko da. Inkestek dioten moduan EAJk hauteskundeak irabazi eta gobernua osatzea lortuko balu, aldagai interesgarria litzateke bere burua ezkertiartzat jotzen duten indarrek ganberan 38 eserleku izatea. Fiskalitatea eta murrizketen eztabaidak, adibidez, puri-purian izango baitira.

Baina hori dena horrela gertatzeko, edo beste modu batera izateko (oraingoz soilik inkestak ikusi baititugu), herritarrek boza eman beharko dute lehenik, aro berriak ibilbidea jarrai dezan. •