Jose Angel Oria
2012ko Urriaren 19a
Piloturik gabeko hegazkinak ikaragarri hedatu dira azken urteotan, eta badirudi bide beretik jarraituko dutela, datozen urteetan ere. Europako Batzordeak egin berri duen txosten batek aurreratu du, hemendik urte batzuetara, erabilera zibil ugari izango dituztela drone izeneko hegazkinek, baina oraingoz, erabilera militarrak haserretzen ditu pertsona gehien munduan. Aurten makina bat manifestazio egin dituzte Afganistanen zein Pakistanen AEBek droneak erabiliz egiten dituzten sarraskiak salatzeko. Ekialde Hurbilean Mendebaldeko indarren aurkako borrokan ari direnek ere ikasi dute piloturik gabeko hegazkinak egiten eta erabiltzen, Israelgo agintariek onartu behar izan duten moduan. Teorian, Hezbola Libanoko erresistentzia mugimenduak Israelgo instalazio nuklearretara piloturik gabeko hegazkin bat bidali izanak bakea gerturatzen du horrenbeste sufritzen duen eskualdera, hemendik aurrera agintari sionistek gauzak bi aldiz pentsatu beharko baitituzte Iranen edo horren aliatuen aurkako erasoa agindu baino lehen.
Irudiak zuzenean
Hezbolakoen droneak «Israelgo Armadaren base sekretuen irudiak transmititu zituen zuzenean», irakur zitekeen joan den igandean Russia Today (RT) telebista kateak bere webgunean eskaintzen zuen artikuluan. Beste hedabideetan eman diren datuak bildu dituzte RT katekoek, beren bertsioa osatzeko: dronea Libanotik abiatu zen eta Israelera sartu, urriaren 6an. Hiru ordu egin zituen hegan, israeldarrek bota zuten arte. 300 kilometroko ibilbidea egin zuen piloturik gabeko hegazkinak. Aparatuak hartutako irudiak hartu zituztenek israeldarrek estatubatuarrekin bihar bertan egin beharreko maniobren prestakuntza lanak ikusi ahal izan zituzten. “The Sunday Times” hedabide britainiarraren arabera, piloturik gabeko hegazkinak israeldarren misil balistikoak, aireportuak eta, seguru asko, Dimonako erreaktore nuklearraren irudiak hartu zituen.
RTk egin duen txostenaren arabera, dronearen atzematea ez zen egokiena izan, lehenengo misilak kale egin ondoren, bigarrena jaurti behar izan baitzuten. Hala ere, Tel Aviveko agintariek txalotu egin zuten Armada, bere «erantzun azkarra» dela-eta. Txosten berak eransten du Iranen ekoitzitako Shahed-129 hegazkina zela Hezbolak bidalitakoa, eta Irango Guardia Iraultzaileko teknikarien laguntza izan zutela libanoarrek. Hassan Nasralak berak onartu zuen irandarren laguntza izan zutela. Hezbolakoen bertsioaren arabera, Israelek 2006az geroztik askotan bortxatu du Libanoko aireko espazioa. Dimonako erreaktorearen irudiak lortzea zen bidaiaren helburu nagusia. «Hegaldi hau ez da lehenengoa izan; ezta azkena ere. Guk nahi dugun lekura, Palestinako edozein puntura, iristeko moduan gara», biribildu zuen mezua libanoarrak.
Joan den astelehenean, Ahmad Vahidi jeneralak eta Irango Defentsa ministroak azaldu zuten urriaren 6an Israelek botatako dronea Iranek ekotzitakoa zela. «Iranen eta erresistentzia islamikoaren lorpen handia izan zen. Erregimen sionistaren aireko espazioaren ‘Iron Dome’ delakoa haustea lortu genuen», adierazi zien ministroak ISNA agentziako kazetariei. Israeldarren Burdinazko Kupula izeneko misilen aurkako defentsa sistema gainditu izanaz ari zen jeneral irandarra.
Hezbola indartu
Hezbola Israelgo instalazio garrantzitsuenetara drone bat bidaltzeko gai izateak gauza asko alda ditzake Ekialde Hurbilean. Libanoko erresistentziaren indar erakustaldiak gogorarazten die israeldar herritarrei, Irani eraso militarra egiteko tentazioa oso garesti ordaindu beharko luketela. Hezbolak askotan iragarri du sionistek Irani eraso eginez gero, «errepresalia suntsitzaileak» jasango dituztela israeldarrek. Dronearen hegaldiak mehatxu hori asko indartu du, sinesgarritasuna eman baitio.
Hassan Nasrala Hezbolako burua bera ageri zen telebistan dronearen hegaldiaren berri emateko. Hitzaldi «dramatikoa» eskaini zuela esan dute begiraleek. Berak esandakoaren arabera, piloturik gabeko hegazkinak 30 minutu inguru egin zituen hegan Israelen gainetik eta Dimonako instalazio nuklearretara ere iritsi zen aparatua, Negeveko basamortuan dagoen leku ultrasekretura, alegia.
Guztiek dakite Israelek bertan dituela instalazio nuklearrak, nahiz eta agintariek horrelakorik inoiz onartu ez duten. Mendebaldeko potentziek ezikusiarena egiten dute, gai horren inguruan beti egin izan duten moduan. Tel Aviveko Gobernuak Hegoafrikako uharte batean egin zituen lehen proba nuklearrak, orain 30 urte inguru, Apartheid garaian, alegia. Baina AEBek, Britainia Handiak eta frantses Estatuak ez zuten ezer egin sionisten egitasmo nuklearra geldiarazteko. Gaur egun, aldiz, edozer egiteko prest agertu dira Iranek bere egitasmoa bertan behera utz dezan. Isunak eta zigorrak ezarri zaizkio Teherani aitzakia horrekin, Tel Avivekin inoiz egin ez dutena. Azkenean, herritarrek ordaintzen dituzte isun eta zigor horiek, ez agintariek, tankerako egoeratan beti ikusi dugunez.
Mordejai Vanunu zentral nuklearreko teknikariak 1986an jakinarazi zion munduari Israel bonba atomikoak ekoizten ari zela. Tel Aviveko agenteek Erroman bahitu zuten teknikaria eta isilean egindako epaiketa batean hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Gainera, denbora gehien, hamaika urte, bakar-bakarrik eduki zuten Vanunu, eta hark jasandako tratua salatu zuen Europar Parlamentuak. 2004an aske geratu zenean ere, bere eskubideak oso mugatuta zituen. Israelgo Gobernuak era horretan ordainarazi dio sekretuak argitara eman izana. Adituek diote Israelek gaur egun 200 bonba atomiko inguru dituela, eta zenbateko horrek gora egiteko joera hartu duela. Hala ere, ez AEBek ez Europako bere aliatuek ez dute Israelen aurkako zigorrik proposatu. Inguruko herrialdeek, aldiz, sortzen diren aukera guztiak baliatzen dituzte nuklearrik gabeko Ekialde Hurbila aldarrikatzeko, baina Mendebaldeko potentziek nahiago izaten dute nazioarteko bileretan kontu hori gai-zerrendatik kanpo uztea. Mendebaldeko hedabide nagusiek ere beste aldera begiratzeko joera izaten dute.
Israelgo bozketak
Hezbolak Dimonara bidalitako hegazkinak berehala izango du eragina Israelgo politikan. Benjamin Netanyahu lehen ministroak hauteskundeak deitu zituen hilaren 10ean, inkesten arabera Likud eskuineko alderdiak oso emaitza onak lortuko lituzkeelako bozketak lehenbailehen eginez gero.
2013ko urtarrilean edo otsailean egingo dituzte hurrengo udazkenean egin beharko liratekeen bozketak. Netanyahu eta harne aliatuak oso jarrera erosoan daude, nahiz eta Israelen ere krisi ekonomikoak arazo ugari eragin dituen. Han ere «haserretuak» irten ziren kalera protesta egitera, bizi baldintza hobeak eskatzeko, horrenbesteko gastu militarra duen Estatuak ezin baitie era egokian erantzun herritarren beharrei, nahiz eta &softReturn;AEBen sekulako laguntza izan. Israelgo agintariek beren erabakia hartzean esku artean zituzten inkestak, Hezbolakoen dronearen bidaia baino lehen egindakoak ziren. Aparatuaren hegaldiak erabat murriztu dezake herritarren segurtasun sentsazioa, batez ere, lehen ministroa egunero ordagoka ari den herrialdean. Eta horrek erabat baldintzatu dezake botoen banaketa.
Begirale batzuek nabarmendu dute Israelgo agintariek hasiera-hasieratik zekitela Aire Armadak urriaren 6an jaurtitako piloturik gabeko hegazkina Hezbolarena zela, baina ez zuten datu hori eman hilaren 11 arte. Hauteskundeak urriaren 10ean deitu zituen Netanyahuk, aparatua norena zen bazekienean, baina herritarrek oraindik jaso ez zutenean.
Lehen ministroak bere mesederako erabili nahi izan du esku artean zuen informazioa, propaganda egiteko. Sinaiko mugara egindako bidaia batean, berarekin batera joan ziren kazetariei adierazi zien Israelgo Armada edozer erasori aurre egiteko prest dagoela gaur egun, eta orduan kontatu zien urriaren 6an suntsitutako dronea Hezbolak bidalitakoa zela.
Hauteskunde ekitaldi bati dagokion moduan, egia osoa kontatu beharrean, berari komeni zitzaion zatia baino ez zuen eskaini Netanyahuk, hilaren 6ko dronea Israelera iritsitako lehenengoa ez zela esatea «ahaztu» egin baitzitzaion. France Presse berri agentziaren arabera, 2005eko apirilaren 12an Hezbolak bidalitako hegazkin batek Israelen gainetik hegan egin zuen, eta israeldarrek ez zuten botatzea lortu. 2006ko uztailean, ez armarik ez lehergairik ez zeraman drone bat lurrera bota zuen Israelgo Armadak. Kasu horretan ere, Hezbolakoen aparatua zen. Israelek Libanoren aurkako erasoa hasi zuen. «33 eguneko gerran» Israelgo Armadak Libano inbaditu zuen, Hezbola suntsitu nahian. 1.200 libanoar hil ondoren, sionisten tropek ospa egin zuten, misioak porrot egin ondoren.
Ez da harritzekoa Netanyahuk 2006ko udako gerra gogora ekarri nahi ez izatea, Hezbolak egindako borrokaren eraginez, oso emaitza txarra jaso baitzuten israeldarrek. Moises Saab Prensa Latina Kubako agentziako analistak egunotan gogorarazi du Eliyahu Winograd epaile ohiak zuzendu zuela porrot militar hura aztertu zuen Parlamentuko batzordea, eta berak orain hilabete esan duenez, gaur egun Irani militarki eraso egiteak oso ondorio tragikoak izango lituzke. «Puntu honetan, Libanoko xiiten dronea Israelera sartu izanak esanahi politiko garbia hartzen du. Netanyahuk hauteskundeetan beste garaipen bat lortu ondoren Iranen aurkako obsesioarekin jarraituz gero iritsi daitekeen hondamendiaren adierazle zuzena da», idatzi du Saabek.
Irandarren droneak
Irango agintariek joan den igandean jakinarazi zuten dagoeneko hiru drone garatu dituztela. Farzad Esmaili jeneralak emandako datuen arabera, berriena Hazem izenekoa da, eta bonbardaketak egiteko gai da. Misilik jarri ez badiote ere, lehergai asko eramateko gauza da aparatua, eta kilometro asko egiteko diseinatu dutenez, erasoak egiteko egokia da. Gainera, jomugak aukeratzeko miaketa lanak egiteko ere erabili dezakete. Baita garraio militarrerako ere, jeneralak erantsi zuenez.
Iranek garatu zuen lehenengo dronea Karrar izenekoa zen. 2010eko abuztuan bukatu zuten. Hegaldi luzeak abiadura handian egiteko gai da aparatua eta, adituen arabera, informazioa jasotzeko, suziriak garraiotzeko eta lurreko jomugei eraso egiteko egokia da.
Bigarrena orain hilabete inguru bukatu zuten Irango ingeniariek, irailean. Shahed-129 izenekoak 24 orduko hegaldiak egin ditzake. Etsaiaren posizioak ezagutzeko ezinhobea da, urriaren 6an Hezbolak Dimonara bidali zuenak erakusten duenez. Shahed-129-k Israelgo Armadak dituen zaintza sistema guztiak gainditzea lortu zuen hilaren 6an. Sionistek esaten dute beren Armadak ez zuela horrelako hegaldirik espero, eta horregatik lortu zuela sistema garesti eta ultramoderno horiek gainditzea. Hurrengoan ez duela lortuko aditzera eman nahi dute.
Irango Gobernuak behin eta berriz esaten du garatu dituen arma berrien helburua ez dela inguruko herrialdeei eraso egitea, irandarrei eraso egin nahi dieten potentziak horrelakorik egin ez dezaten konbentzitzea baizik. Disuasio-neurri moduan hartzeko eskatu die herrialde arabiarrei.
Honela genion orain lau urte GAUR8-n: «AEBetako Armadak aurkeztu berri ditu bere armarik modernoenak, punta-puntako teknologia erabiltzen dutenak. Soldadua blindatu eta bere indarra biderkatzea da horien helburua, munduko edozer lekutan eraso egiteko agintzen duen politikariak lo lasaiago egin dezan». Zera erantsi genuen: &softReturn;«AEBetako militarrek tripulaziorik gabeko ibilgailuen garapena nabarmendu zuten. Piloturik gabeko hegazkin txikiak gero eta gehiago erabiltzen direla gauza jakina zen. Palestinan, Iraken eta beste herrialde batzuetan ere erabili izan dituzte. Gazan, esaterako, palestinarrek garaipen moduan ospatzen dute horietako bat botatzea lortzen duten bakoitzean. Bonbardaketa hasi aurretik eta ondoren erabiltzen omen dituzte».
Irandarrek garatutako drone berriek testuingurua aldatu dute bat-batean. Estatubatuarren etsaiek ere badituzte arma moderno horiek. Borroka orekatuagoa izango da aurrerantzean.
2009ko azaroko ale batean Prensa Latina Kubako agentziak banatutako Manuel Navarroren testu bat argitaratu genuen GAUR8-n. Amerikarren droneen erasoak pakistandarrek nola bizi zituzten kontatu zuen egileak: «Pakistango ipar-mendebaldeko herritarrak berehala konturatzen dira. Erlamando baten burrunbadaren tankerako zerbait entzuten dute estatubatuarren piloturik gabeko hegazkina iritsi aurretik. Inguruetako nekazariek badakite burrunbadaren atzetik misilak iristen direla, drone izeneko aparatu horiek jaurtitzen dituzten bonbak, alegia. AEBetako militarrentzat arriskurik ez, baina bertako herritarrentzat... ikaragarria!».
Drone horiek behar al zituzten Ekialde Hurbileko herriek benetako bakea lortzeko?
Europako Batzordeak plazaratu berri duen txosten baten arabera piloturik gabeko hegazkinen kopuruak ikaragarri egingo du gora datozen urteetan, orrialdeotan aztertu dugun erabilera militarrari erabilera zibilak erantsiko zaizkie-eta.
Gaur egun, mundu osoan ekoizten diren droneen %95 militarrek erabiltzen dituzte. AEBek eta Israelek egiten dituzte piloturik gabeko hegazkin gehienak, %66 inguru, eta Europar Batasuneko herrialdeetatik droneen %10 baino ez da ateratzen egun. Argazki hori aldatzen hasi da, ordea, Europak erabilera zibilerako aplikazioak garatzeko erabakia hartu baitu eta, datu ofizialen arabera, une honetan, horietako 400 bat diseinatzen ari dira. Batzordeak egindako txostenak eransten du hondamendiak gertatzen direnean erabiltzeko moduko aplikazioak garatzen ari direla, esaterako, suteak izaten direnerako ke artean hegan egin dezaten, zentral nuklearren edo planta kimikoen inguruan ibiltzeko istripuren bat izaten denean. Gainera, beste aplikazio batzuen helburua «krisiak kudeatzea», «ordena publikoari» eustea, mugak zaintzea edota suteak itzaltzea lirateke. Merkataritzan, nekazaritzan, arrantzan, azpiegituren zaintzan, komunikazioetan, kutsaduraren azterketan eta beste arlo askotan ere erabili daitezke piloturik gabeko hegazkinak, txostenak dioenez.
Giza eskubideen kalterako izango da Europako aireko espazioan horrenbeste drone izatea, Eric King Privacy International elkarteko kideak esan duenez. Berak beharrezkotzat jotzen du herritarrek jakitea aparatu berri horiek non eta nola erabiltiko diren. «Orain urte batzuk, zientzia-fikzioko kontua zirudien, baina telefono mugikorrak atzemateko tresneria eta miaketarako punta-puntako teknologia duten aparatuen hegaldiak gero eta ohikoagoak dira. Egoera kezkagarria da, zaintza-droneak isilpean jarri baitituzte abian, eta Poliziak ez du oraindik onartu horiek erabiltzeak giza eskubideak hautsi ditzakeenik. Abusurako sekulako aukerak zabaltzen dira gauzak era horretan, gardentasunik gabe, eginda».
Droneen hegaldiak arautzea ezinbestekotzat jotzen da, bestelako hegazkinen istripurik ez eragiteko, esaterako. Pribatutasunari eutsi nahi bazaio ere arauren bat ezarri beharko da, baina horiek ez errespetatzeko joera du Aginteak.




