-

Lesakako bizilagun honek Nafarroako eta Euskal Herriko txinga txapelketak irabazi ditu. Harritu egiten du gazteen artean herri kirolek duten arrakasta eskasak; berak lehen kontaktua izan zuenetik sentitu baitzuen lilura. Familiak Brasilen harriduraz bizi du bere afizio berria, baina gustura gordetzen ditu eramandako garaikur guztiak, mordo bat.

Maider Eizmendi

2012ko Urriaren 12a

I rribarrea ahotik kendu ezin duen emakume horietakoa da. Herriko kaleetan barrena diosala egiten die bizilagunei eta gorritzeraino lotsatzen da argazki kameraren aurrean jarritakoan. «Sartzen naiz bada ni saltsa hauetan!», dio barrez.

39 urte ditu eta jada hamabost daramatza Lesakan bizitzen. «Maitasunak ekarri ninduen hona, inoiz ere ez nuen pentsatu Brasildik joango nintzenik, baina lasai bizi naiz hemen», onartu du Xanta Sousak (Maria do Amparo da bere benetako izena, baina «luzeegia denez», Santa izenez ezagutzen zuten bere jaioterrian eta “x” erantsi zion Euskal Herrira iritsitakoan).

Lanetik iritsi berri da, Ibardineko bentan aritzen da. Nekatuta heldu da arratsalde erdian herrira, baina jakin badaki ilunabarrenerako indarrak berreskuratuko dituela. Orduan abiatuko da Oronoz Mugairira Patxi eta Donato Larretxearengana. «Hara iristean, neke guztiak joaten zaizkit; izan ere, esaten den moduan gustuko lekuan aldaparik ez». Txingak hartuko ditu eskuan, entrenatu beharra dauka lortu dituen txapelak defendatzeko. Nafarroako eta Euskal Herriko txinga txapelketan irabazi ditu Sousak, hain zuzen.

Betidanik izan du gustuko kirola; bere jaioterrian bestelako kirolak egin zituen eta Lesakara iritsitakoan ere haiei eutsi zien hasiera batean: korrika, futbola...

Kasualitatez, izan zuen sokatira taldean parte hartzeko gonbita eta hala izan zuen lehen kontaktua herri kirolen munduarekin. Orduz geroztik, nolabaiteko maitasun istorio bat loratu zen Souza eta herri kirolen artean. Hala azaldu ditu hasiera haiek: «Koruan kantatzera joaten nintzen eta bertako lagun batek esan zidan soka-tira taldea osatu behar zuela eta pertsona bat behar zuela». Ezeri ezetz esaten ez dakien horietakoa denez, izena eman zuen bertan. «Soka-tiran oso gustura aritu nintzen, giro ona sortu zelako gure artean», gogoratu du. Giroa eta eskarmentua, Nafarroako txapeldun izatera ere iritsi baitziren.

Txingetara saltoa

Beren entrenatzaileak proposatu zien, hain zuzen ere, txingetan hastea, taldea osatzeko bi lagun falta zituztela eta. «Txingak ikusi genituenean, zer demontre egiten ari ginen pentsatu genuen», kontatu du. Elkarrizketan bertan behin eta berriz errepikatu duen pentsakera etorri zitzaion orduan ere burura: «Probatu arte, batek ez daki zerbait egiteko ahalmenik baduen». Horixe pentsatu eta hasi zen txingetan. Eskuak gogortzen joan zaizkio ordutik, baina lehen egunetan, ondo minberatuta izan zituela gogoratzen du. Sufritzen jakitean dago beretzat txingen gakoa: «Sufritzen dakienak asmatuko du txingak eramaten, gainerakoan ez».

Lehen txapelketa ondo gogoan hartuta dauka. «Oso-oso urduri joan nintzen, parean jarritakoa ere nekez ikusi nezakeen. Hasi ordurako amaitzeko gogoa neukan», gogoratu du Lesakako bizilagunak.

Txapelketa hartatik ez zen egindako lanarekin gustura itzuli etxera eta «gehiago eman» zezakeela pentsatuta segitu zuen entrenatzen. Teknikoki txingak nola heldu behar ziren erakutsiko zien pertsona bat behar zuten eta hala egin zuten kontaktua Larretxea anaiekin. «Hasieran lotsatuta iritsi ginen bertara inor ez baikenuen ezagutzen, baina segituan egokitu ginen». Gaur egun, etxean bezala sentitzen da Larretxeatarrenean.

Aizkorarekin probak

Aizkorarekin hasi da orain gutxi, «baina oso konplexua» dela dio. «Ez da indar kontua. Enborrari aizkorarekin non eman behar diozun ondo asmatzea da gakoa; oso polita da, ordea». Burugogorra denez, saiakera guztiak egiteko prest dagoela aitortu du, «batek daki zer lortu dezakedan».

Beste ezerekin probatuko duen galdetuta, ezezkoarekin erantzun du, baina segidan erantsi du inoiz ere ezin dela jakin etorkizunak zer ekarriko duen. Ez da fida, inork proposatzea eta behin probatzea nahikoa da harekin tematzeko.

Ingurukoek asko animatzen dutela aitortu du. «Herrian eta inguruetan erakustaldiak egiten ditugu eta orain artean bezala jarraitzeko esaten didate». Azken batean bera gustura dago eta «hori da ingurukoentzat garrantzitsuena».

Brasilen duen familiak harridura handiagoarekin bizi du bere afizio berria. «Zertan ari naizen galdetzen didate behin eta berriz harrituta».

Gaztetasuna gogoan

Baserrian jaioa da bera, eta bertan nahi baino gehiagotan egokitu zitzaion pisua hartu eta etxetik aitonaren etxera joatea. «Bidaia haiek gogorarazten dizkit txingekin ibiltzeak», nabarmendu du. «Orduan ez zitzaidan batere gustatzen, hori nire anaiei zegokiela kexatzen nintzen eta orain berriz gustatzen zaidalako egiten dut», azaldu du barrez. Bere amak, hain justu ere, behin baino gehiagotan aurpegiratu dio jarrera aldaketa hori. Hala ere, gustura jasotzen ditu alabak Euskal Herritik eramaten dizkion garaikur guztiak. «Lortu ditudan bi txapelak eramatea falta zait, eta benetan desiratzen nago haiek ere gainerakoekin batera jartzeko», azaldu du Sousak. Amak estimu eta mimo handiarekin gordetzen dizkio, izan ere, denak.

Brasilen erakustaldi bat egitearekin amesten du. «Beti esaten diot Patxiri ‘imajinatzen hara joan eta erakusten diogula jendeari zer egiten dugun?’», azaldu du. Taldea bertara eramateko baina denbora eta dirua falta dituztela dio.

Berak oraindik ere herri kirolak uzteko inolako asmorik ez dauka, gorputzak berak ere errespetatu dio bere nahia, inoiz ere ez baitu lesiorik izan. Entrenamenduetan ematen duen denboraz haratago sakrifizio handirik ere ez du egiten, ez behintzat mahaiaren bueltan eseritzen denean. «Sokatiran pisua zaindu behar izaten genuen; txingetan ordea ez, orduan eta gehiago jan hobe. Niretzat txuleta jatea eta basokada bat ardo edatea primerakoa da!», dio irribarrez.

Herri kirolen sustapena

Atentzioa ematen dio herri kirolen munduak gazteen artean duen arrakasta eskasak. «Oso kirol gogorra dela uste dute eta jendea ez da animatzen. Gustatuko litzaidake bertako jendea animatzea». Jendea herri kiroletara lotu du, dena den. Izan ere, lagun bat konbentzitu zuen berarekin batera Larretxeatarrenera joateko.

Indartu egin behar da herri kirolen presentzia, «zinez espero baitut ez daitezela desagertu». Azken batean, Euskal Herriko kulturaren zeinutzat hartu ditu eta balioa eman behar zaiela uste du. «Brasilen ihauteriak galtzearen pare izango litzateke nire ustez».

Modu berean hitz egiten du euskararen inguruan. Brasildik etorri zenetik gaztelera, frantsesa eta euskara ikasi behar izan ditu. Onartzen du azken hau erabiltzea askoz ere gehiagi kostatzen zaiola, baina ulertu dena ulertzen du. «Hasieran konturatu nintzen, euren artean beti euskaraz egiten zuen jendeak gaztelera erabiltzen zuela ni nengoenean, gaizki senti ez nedin; horrek ezinegon handia eragiten zidan eta euskaraz lasai aritzeko eskatzen nien, ikasiko nuela-eta», azaldu du. Txingetan eta, oro har, herri kiroletan erakutsitako buru-gogortasunak lagundu dio horretan ere. •