E.LKARRIZKETA -

Gazteekin egiten du lan batez ere, harreman afektiboen eta emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan duten jarrera aztertzen.

2012ko Urriaren 12a

Emakumeen aurkako indarkeria aztertzen du, baina, batez ere, gazteen jarreretan eta harreman afektiboetan jarri du arreta. Maitasunaren ideia idealizatuak aipatu ditu: «Adinean aurrera egitean, konturatzen zara maitasunagatik ez dela dena egin behar, mugak daudela eta garrantzitsua dela norberaren ongizatea», adierazi du. Ideiak oso garbi izanda ere, emakumeengan kontraesan ugari sortzen direla uste du. «Izan ere, batzuetan uste dugu emozioak kontrolatzeko gai garela, baina hezkuntza emozionala falta zaigu». Bere blog-ean kantuez mintzo da, besteak beste. Bere esanetan, haietan indarkeria sinboliko handia ezkutatzen delako, eta egokia ez den maitasunaren inguruko ideiak zabaltzen direlako.

Emakumeen aurkako indarkeriagatiko salaketak ugaritu egin dira gazteen artean. Zer ari da gertatzen?

Normalean, pentsatzen da salaketa gehiago dagoela kontzientziazio handiagoa dagoelako; hori izan daiteke arrazoi nagusietako bat. Gaur egun aurkezten diren salaketen %30, 30 urte baino gutxiago dituzten emakumeek jartzen dituzte. Hala ere, egia da salaketez gainera, erasoen %30 gazteek sufritzen dituztela. Egia da kopuruek gora egin dutela, eta gazteen artean zerbait gertatzen ari dela agresiboagoak izan gaitezen eta lehertzeko harreman afektiboak balia ditzagun.

Zer esango zenieke gaur egungo gazteak berdintasunean jaio direla esaten dutenei?

Baietz esango nieke, berdintasun formal batean hazi baikara. Eskola misto batean ikasteko aukerarekin jaio nintzen, unibertsitatera joateko parada izan nuen... Inork ez zidan esan 'zuk ezin duzu ikasi emakumea zarelako'. Berdintasuna lortu da zentzu batean: bozkatzeko eskubidea, aitaren bahimenik gabe gidabahimena ateratzekoa... Beste belaunaldi batzuek ezin izan dute hori egin. Beraz, nolabait berdintasun legal edo formal batean jaio gara. Arazoa da berdintasuna ez dela jarreretara iritsi. Oraindik orain, jarrera bera gizon batengan edo emakume batengan ez da berdin baloratzen, eta hori ez du lege batek aldatzen. Emakume edo gizon izan zer egin behar den, zenbaitetan erabiltzen diren 'irainak', gizon edo emakume izan jasotzen den sozializazioa... Horretan ez gara horrenbeste aldatu; ez dago horrenbeste berdintasun. Aipatzen ditudan desberdintasun horiek ez daude idatzita, ez ditu lege batek jasotzen, baina badira modu informalean gure egunerokoan presente daudenak. Horrexegatik, hain zuzen, ez ditugu ikusten, benetan pentsatzen eta aztertzen jartzen garen arte. Orduan konturatzen gara diskriminazioa dagoela gure bizitzan, eta gure lagunenean ere bai.

Harreman afektiboetan ere ez da apenas ezer aldatu. Oraindik orain, neskek maitasunean baino ez dutela pentsatzen sinesten jarraitzen dugu, eta gauzak bere tokian jartzen duen neska 'agintzailea' dela pentsatzen da. Gauza horiek guztiak txikiak dira, baina txikiak kakotx artean; desberdintasun horiek gure jarrerak baldintzatzen dituzte-eta. Egia da legalki nik gizon batek dituen eskubide berberak ditudala, baina praktikan ez.

Bereizten da neska gazteek sufritzen duten indarkeria emakume helduagoek pairatzen dutenetik?

Gauza batek ematen dit atentzioa: emakumeen aurkako indarkeria jasan duten helduek diote ezkongai zirenean zer edo zer atzeman zutela. Dena ez da, beraz, 40 edo 50 urte dituztenean hasi. Zantzuak nabaritu zituzten, baina ez zituzten indarkeriakotzat jo. 'Aldatuko da' pentsatu zuten. Horregatik da horren garrantzitsua ezkongai direnean zer gertatzen den jakitea. Normalean emakume gazte bati bere bikotekideak ez dizkio gauza asko indarrez aginduko, askoz ere jarrera sutilagoak izaten dira. Esate baterako, ikusten ari gara kontrola ohikoa dela, hau da, harremanetan norekin egotea eta norekin ez komeni zaizun esatea. Indarkeriazko harremanak izan dituzten emakumeek jeloskortasuna ere nabarmentzen dute. Hasieran, ez zioten garrantzirik eman, eta maitasun keinu gisa hartu zuten, kasu askotan. Gazte askok ere hori pentsatzen dute, bikotea jeloskor ikustea maitasun keinua dela. Errealitatean maitasun keinu bat baina konfiantza eza agertzen duen zerbait da, ordea. Beraz, emakume gazteak ez daude akaso mendekotasun ekonomiko horretan murgilduta, kasu askotan ez direlako bikotearekin bizi, eta horregatik ere zenbait jarrera ez dituzte atzematen. Kasu horietan, errazagoa da nork bere burua engainatzea, 'aldatuko da, errealitatean maite nau', pentsatzea.

Maitasunaz dugun ideiak eragina du. Zer nolakoa izan behar duela uste dute gazteek?

Maitasunaren idealak eragin handiagoa du eurengan. Adinean aurrera egitean, konturatzen zara maitasunagatik ez dela dena egin behar, mugak daudela eta garrantzitsua dela norberaren ongizatea zaintzea. Adin horretan, joera dago dena liluragarria eta pasioz betetakoa izango dela pentsatzeko. Gazteak, izan ere, asko bizi dira pasioan. Hori dela eta, komeni ez zaien harreman batekin jarraitu dezakete, pasioz bizi dutelako harremana bera. Batzuetan gaizki eta beste batzuetan oso ondo tratatzen dituen pertsona horri lotzen dira. Hori guztia ulertzeko beharrezkoa da gu nerabeak ginenean nola pentsatzen genuen gogoratzea, gauzak nola ikusten genituen... Badirudi errealitateak aurpegian jo behar zaituela benetan bizi duzun hori ikusten hasteko.

Zerk laguntzen du une zehatz batean errealitatea aurpegiaren parean jartzen?

Kasun gehienetan inguruak laguntzen die gazteei errealitatearekin parez pare jartzen. Elementu garantzitsuenetako bat lagunak dira. Lagun batek edota batek baino gehiagok esaten dietenean ez dituztela ondo ikusten, orduan hasten dira pentsatzen zer daukaten eta zer nahi duten. Bestalde, tratu desegokia behin eta berriz jasateak edota nolabait mugak gainditzen dituen jarrera batek ere eginarazten dio ‘klik’ gazteari. Pertsona guztiek dugu nolabaiteko muga bat maite dugun pertsonarengatik noraino irits gaitezkeen ezartzen duena. Muga hori oso subjektiboa izan daiteke, hala ere. Kasurik gehienetan, indarkeria fisikoak gainditu egiten du muga hori eta ‘honaino iritsi gara’ pentsarazten dio neska gazteari. Nolabait nahasmena argitzea da gisa horretako harreman batetik ateratzeko arrazoia. Gaizki tratatzen zaituen pertsona batek ez zaituela maite konturatu behar dute, zerbait hobea merezi dutela pentsatzea, ondo tratatzen dituen norbait. Horretan oso garrantzitsua da ingurukoen iritzia. Horregatik, nik beti esaten diet gazteei ez dutela bere lagun taldea alboratu behar bikote bategatik, babes elementu bat delako, besteak beste. Neska bat erabat isolatzen denean eta den dena bere bikotearekin egiten duenean arrisku handian dago.

Neskek oro har mutilek baino gehiago ematen dute harreman afektiboetan?

Maitasunaren inguruan, naranja erdiaren ideia hori dugu. Pentsatzen dugu badela pertsona bat munduan zu osatuko zaituena eta zuretzat perfektua izango dena. ‘Maitasun-fusio’ ideia hori ere badago, hau da, maitasun harreman ideala bi pertsonek gauza orotan bat egiten duten hori da: leku guztietara elkarrekin joan daitezke, ez dute eztabaidarik, ez ditugu gustu desberdinak... Guztia elkarrekin egin dezakete, beraz.

Maitemintzeko denbora zehatza behar da du, eromen-aldia da, baina hori pasatu eta gure gorputzak eta pentsamenduak lasaitzen direnean, berriz ere modu objektiboan pentsatzen hasi beharko genuke, alboan dugun pertsona hori komeni zaigun ala ez, pentsatzen duena gustatzen zaidan edo ez edota pertsona horrek benetan zer garen ahaztera garaman; izan ere, joera dugu bikoteari moldatzeko.

Beste modu batean maitatzen irakatsi digute?

Neskei, izan ere, harremanak zaintzen irakatsi digute eta, ondorioz, gure jarrera aldatzera, harremanak aurrera egin dezan. Maiz, harreman batek huts egiten duenean, joera dugu gure errua izan dela pentsatzeko. Guztiok ditugu kontraesanak, feministek ere bai, eta horiekin bizitzen ikasi behar dugu eta harreman batean huts egin baduzu, komeni ez zitzaizun norbaitekin lotzen, ikasi egin behar da eta hurrengoan lehenago ikusten ahalegindu. Izan ere, batzuetan uste dugu, emozioak kontrolatzeko gai garela, baina hezkuntza emozionala falta zaigu. Horregatik, askotan kontraesan asko ditugu gure pentsamolde eta jarreren artean, eta nahiz eta ideiak oso argi izan, komeni ez zaigun pertsona batekin egoten gara.

Kantuak aipatzen dituzu maitasunaren ideia horren oinarri gisa?

Kantuen bidez neskei esaten zaie ‘maitasunik gabe ez zara ezer’, ‘garrantzitsuena maitasuna da’, ‘guztia eman behar duzu’... Maitasuna sufrimenduarekin lotzen da, pelikuletan, bezala. Mutilei bidaltzen zaien mezua ere oso kaltegarria da. Beraiengatik edozer egiteko prest egongo den norbait aurkituko dutela pentsarazten zaie. Hori dela-eta, zerbait egiten ez duen norbait aurkitzen dutenean, bere bikote ideala ez dela pentsatzen dute, ez dela perfektua. Kantu matxista ugari daude, emakume objektu gisa irudikatzen dutenak, mutilari neska eurena dela pentsarazten dietenak.

Legeak baditugu, hala ere, kantu horiek euren tokia bilatzen dute eta guk abestu eta dantzatu egiten ditugu.

Egia da kantuen hitzak aztertzen hasiko bagina, asko ezingo genituzkeela dantzatu, baina egin egiten dugu, musika eta erritmoekin nahastua daudelako hitzok. Oso modu automatikoan kantatzen eta errepikatzen ditugu. Baina ez dugu publizitatearen, telebistaren edo kantuen bidez jasotzen ditugun gauzen analisi kritikoa egiten. Jaso eta erreproduzitu egiten dugu, eta jasotzen ditugun mezuek jarrera asko normaltzat hartzera eramaten gaituzte. Indarkeria sinbolikoa ez dugu hain serio hartzen. Uste dugu ez dela hain garrantzitsua, baina jarrera matxista askoren atzean dago.

Ez da oinarrietara joaten, beraz.

Aldaketak mantso doaz. Gaur egun txiste matxisten aurrean beste jarrera bat dugu, lehen ez genuena. Kontua da legeak aurretik doazela, baina jarrerak aldatzen ez ditugun, bitartean ez dago zer eginik. Hori gutariko bakoitzari dagokio eta, batez ere, orain hezten ari garen gazteei. Egia da, hala ere, kanpotik datozen mezuak ezin direla kontrolatu, diru asko ematen dutelako eta hori sistema patriarkal eta kapitalistaren ondorio direlako. Pertsonetik pertsonarako kontzientziazioak emango ditu emaitzak. Jarrera kritikoa izatea da garrantzitsua, gure harremanetan eta besteenetan erakutsi behar dugu ez gaudela ados zenbait jarrerekin.

Sare sozialak baliatzen dituzu zure mezuak besteei iristarazteko.

Sare sozialek gauza negatiboak dituzte, haietan ere diskriminazio asko dagoelako. Era berean, besteei gu kontrolatzeko aukera ematen diete, eta jazarpena errazten dute. Baina badituzte alde positiboak, difusio bitarteko aparta baitira, eta pertsonen arteko komunikaziorako eta ideiak zabaltzeko baliagarriak dira oso. Balia daitezke, beraz, analisi kritikorako eta hausnarketarako tresna gisa. Eta gainera jende askorengana iristeko aukera ezin hobea eskaintzen dute. Nire esperientziak sare sozialek sekulako potentzialitatea dutela erakutsi dit, gure ingurutik kanpora iristarazi baitezakegu mezua. Gainera, jende gaztearengan eragin nahi bada, ezinbestean hartu behar dira kontuan sare sozialak, eurak han daude eta.