Kattalin Miner
2012ko Urriaren 12a
Aurreko batean, orain urte bete arte sekula ezker abertzaleari bozkatu ez dion (edo agian tarteka bai), baina ia beti ezker abertzalearen aurkako kritikak egin izan dituen pertsona bat EH Bilduren aldeko bozaren garrantziaz aritu zitzaidan jo eta su. Nik, barkatuko didazue, baina duda moduko batzuk jarri nituen mahai gainean. Badakizue, boza ematera zoazen horretan, birpentsatu nahi dituzun hainbat gai dituzu, eta aurrean nuenak, orain bi egun esnatu den horietako batek, “azaldu” nahi zidan, oraingoan inoiz baino garrantzi handiagoa zuela bozkatzeak.
Barrez hasi nintzen, zeren nik ez nekien nola azaldu, batez ere modu atsegin batean, badakidala ongi baino hobeto zer den “oraingo honetan bozkatzea oso garrantzitsua da” hori. Diot, denetik egin dugulako jada, hutsean bozkatzea, legez kanpoko paperak eramatea, abstentzioa egitea... “oraingo honetan duen garrantziagatik”... zer kontatuko dizuet.
Baina ez, hau inoiz baino garrantzitsuagoa omen da berriro.
Garai berriak omen dira. Garai berriak. Hiru ostia emango nizkioke lehendabizikoz hori esan zuenari. Historia ez da lineala, ez da superazio kontu bat. Izan ere, aurreko astean, garai ilunenetako (kasik atzo bezperako) kontuak gogora ekarri zizkigun gertakari baten berri izan genuen. Ari naiz Enara Rodriguezek preso duen anaia Logroñotik bisitatzetik bueltan bizitako gertaeraz. Batzuentzat, badirudi, garai berriek gutxi dutela berritik.
Izan ere, batzuetan, iruditzen zait, azkarregi deitzen diogula “garai berri” bizi ditugun dena delako garai hauei. Agian, egia da garai berri deitzeko izugarrizko gogoa dugula, benetan garai berri horiek bizi nahi ditugula, baina tarteka, gogorarazi egiten digute, berriak ez izateaz gain, betiko garaiak bizitzeko puntu asko ditugula.
Azkarregi goazelako sentsazioa dut batzuetan. ETAk borroka armatua utzi eta garai berri horietan murgildu ginen garai horiek zer esan nahi zuten oso ongi jakin gabe. Presaka. Urteetan debekatu izan zaizkigun garai horien zaporea dastatu nahian. Behingoz gure boto-paperek norantza bat hartuko zutenaren sentsazioz. Batuz, denok batera. Baina nik ez dakit oraindik, garratza ez bada ere, gozo zaporerik ote dabilkidan ahoan, eta, noski, ez dakit bihar zer zapore izango dudan.
Eta sentitzen dut oraindik ikusteke dagoela hauteskunde bezpera hauetan, gure garai berriek zeren zaporea izango ote duten. (Zukgu zaporea? Ez, barkatu hau broma errazegi eta txar bat zen).
Nostalgikoa naiz, agian hori da, edo kontrara pentsatzera ohitu den kapritxosoa, baina garai zaharren eta txarren oroitzapenek, bake faltsu honen aurrean barrenak erretzen dizkidate. Nik neuk ere garai berri hauetarako eraikitako eustorma bat nabaritzen dut nire barrenetan, eta zerbaitek ez dit hain konbentzituta egoten uzten.
Barkatuko didazue, hamaikagarrenez, badakit hauteskundeen kontua errekurtso erraza dela data iristen denean, eta normalean jendeak kontra edo alde, edo zer bozkatu edo ez idazten duela. Eta badirudi une batez, nik zapore eta garai berriez hitz egiten besterik ez dakidala.
Gauza da, azken finean, arraro harrapatu nauela honek denak. Uste dut gauza asko izan direla urteetan pilatu ditugunak. Haserreak, kontentzioak, minak, erasoak, etsipenak, jazarpenak, oraingo garai berriak, garai berrietako abertzale-berri arraro horiek, baita bat-bateko haize berridun hippismo arraro horiek...
Eta ez da ez diodala EH Bilduri boza eman nahi, ez gaizki ulertu. Gauza da, batzuetan pentsatzen dudala, urteetan pilatutako hori dena ez zaigula gutun-azal bakar batean sartzen. Hori bakarrik; eta batzuetan. •




