Indarrean dagoen sistema energetikoa ez demokratikoa eta interes ekonomikoetan oinarritutakoa dela iritzita, alternatibak bilatu eta energia berriztagarrien aldeko apostua egitea erabaki zuen Goienerreko lantaldeak. Energia ekoitzi eta merkaturatu nahi dute eta, lehen pausoa, «energia erosle kooperatiba" bilakatzearekin eman dute.
Amalur Artola
2012ko Urriaren 12a
Dena ez da Iberdrola. Ezta Endesa edo Gas Natural Fenosa ere. Energiaren merkatua liberalizatu zenetik, dozenaka enpresa txiki sortu dira eta, horien artean, bada sustraiak Ordizian bota dituen bat: Goiener. Berezitasuna? Irabazi asmorik gabeko kooperatiba gisa eratu dela eta energiaren ikuspegi jasangarri eta ekologikoa duela ardatz: energia berdea, hau da, iturri berriztagarrietatik datorrena, bultzatu, ekoiztu, merkaturatu eta kontsumitu nahi duen lantaldea da. Momentuz, merkaturatze prozesuarekin ekingo diote proiektuari eta, bide batez, Euskal Herrian energia berdea merkaturatzen duen lehen enpresa bilakatuko dira.
Kooperatibako kideen artean daude Iker Azurmendi eta Joanes Maiza. Lehena, Goieki-ko (Goierriko Garapen Agentzia) kide da. Bigarrena, nolabait, proiektuaren “ideologoa”. Berak azaldu du nola otu zitzaion Goiener sortzea: «Belgikan lagun asko ditut eta, hara egindako bidaietan, energia berdea abiapuntutzat zuten proiektu interesgarri pare bat ezagutu nituen. Euskal Herrian eredu horiek aplikagarriak izan zitezkeela ikusi eta, 2010ean, Katalunian eredu bereko enpresa bat sortu zutela jakin nuen. Eurekin egon nintzen eta, haiek ahal bazuten, ni ere saiatuko nintzela erabaki nuen». Hala jarri zen harremanetan Goiekirekin eta, hauek ekimena bideragarria izan zitekeela iritzita, elkarlan jarduera batean murgildu ziren. «Ez dugu ezer berria asmatu –dio Azurmendik–, Europan urteak daramatzaten esperientziak dira eta, guk, Euskal Herrira ekarri ditugu».
Kooperatibak bi ardatz ditu. Bata, energia berdea komertzializatzea eta, bigarrena, kontsumitzen den energia hori ekoiztea. «Joanesek proiektua aurkeztu zigunean –azaldu du Azurmendik–, epe laburrean martxan jartzeko konplexua zela eta jende askoren parte hartzea beharko zela aurreikusi genuen. Horregatik, merkaturatzearekin hasi eta, etorkizun batean, ekoizpenean ere sartuko ginela erabaki genuen».
Labur azalduta, honakoa litzateke merkaturatze prozesua: fruta-denda batean barazki ezberdinak dauden antzera, energiaren merkatuan jatorri ezberdineko –nuklear, eoliko, fotovoltaiko...– energia dago. Eta jatorri berriztagarrietatik datozenek “energia berdea” deritzon taldea osatzen dute. Goienerren asmoa talde honetatik datorren energia erosi eta bazkideen artean banatzea da: «Guk erosiko dugu gure bazkideek kontsumitzen duten energia adina, eta exijituko dugu erosten ditugun watt horiek ziurtagarri berdea izatea, hau da, jatorri berriztagarritik datozela ziurtatzea. Gero, gure bazkideei energia horren arabera fakturatuko zaie», zehaztu du Azurmendik. Maizak gaineratu du ezin daitekeela ziurtatu «entxufera iristen den energia» berdea denik, merkatuan erosten dena berriztagarria izanda ere, «sarean dena nahastu egiten baita. Norbere etxera iristen den energia berriztagarria izateko era bakarra –azpimarratu du–; norbere etxean ekoitzi eta bateria batean pilatzea da».
Merkatua presiopean
Bazkideen etxeetara iristen den energiak zer jatorri duen jakitea ezinezkoa izanda ere, merkatuan energia berdea erosteak eragin nabarmena duela nabarmendu du Maizak: «Merkatuak badaki zenbat erosten den nuklearretik, zenbat ikatzetik eta zenbat energia berriztagarrietatik. Guk azken hauek geroz eta erosle gehiago izan ditzala bultzatu nahi dugu, nolabait, eskaera hori sortu». «Jende guztiak eskaera hori egingo balu –jarraitu du Azurmendik–, enpresek energia berriztagarriekiko apostua egingo lukete».
Eta, hain zuzen, horixe da Goienerrek epe luzera begira duen apostua: energia ekoizle izatea. Baina horretarako egiteko bide luzea dagoela aitortzen dute, batez ere, proiektu berriztagarriekiko dauden «oztopoen» ondorioz. Maizak azaldu duenez, eguzki-baratzak, haize-errotak eta, orohar, energia berriztagarria lortzeko beharrezko diren instalakuntzek inbertsio handia egitea eskatzen dute, «handiegia gu bezalako kooperatiba batentzat». Horri aurre egiteko, crowdfounding ereduaren eta elkarlanen alde egiten dute: «Batetik, bakoitzak ahal duenaz lagun dezake ekimena eta, bestetik, ildo berean goazen kooperatiba ezberdinen artean elkarlana bultza dezakegu. Belgikan oso ondo funtzionatzen du eredu honek. Baina... zer gertatzen da estatu [espainol] mailan? Gobernuak halako instalakuntza handien aurka egin duela».
Maizaren hitzetan, konpainia elektriko handiek gasaren aldeko apostua egin dute eta Madriletik horiek babestearen aldeko hautua egin da. «Nahiko ezkorrak gara, industriaren eta higiezinen eta azpiegituren boom horretan konpainia elektriko handiek gasaren alde egin eta ziklo konbinatuko zentral mordoa jarri zituzten. Zer gertatu den orain? Krisiarekin ez dagoela energia eskaera, fabrikek gutxiago kontsumitzen dute... Orduan, enpresa handiek Gobernua presionatu edo zuzenean mahai azpitik gobernatzen dute eta besteei trabak jartzen dizkiete. Bestalde –jarraitu du Maizak–, Bruselatik ‘aizu, ez zaitezte pasatu, Europa mailan energia berriztagarrien alorrean ditugun konpromisoak bete behar ditugu’ esaten ari zaizkie etengabe, baina zaila da kontua. Guk, hala eta guztiz ere, zirrikitu guztiak bilatuko ditugu eta, hain zuzen, horretan ari gara energia lantaldean».
Besteen artean, aurtengo otsailean-martxoan abian jartzekoa zen Autokontsumorako Errege-Dekretuarekin zer gertatuko zain daudela azaldu dute, dekretu horrek zehaztuko baititu norberak bere etxe edo etxebizitza-blokean argi-indarra sortzeko baldintzak. «Instalakuntza hauetarako inbertsioak ez dira tontakeria –ziurtatu du Maizak–, jende asko bildu eta denek jartzen dugu zerbait edo jende gutxik jarri beharko du mordoa. Ondorioz, legedi berriaren kontua nola argitu daitekeen itxaroten ari gara, nola finantza daitezkeen ikusteko». Bien bitartean, merkaturatze faseari ekin eta momentuz kooperatibak dituen 32 bazkiden artean “esperientzia pilotua” abiaraziko dute.
Frogak eta ekoizpen prozesua
«Gure helburua hurrengo asteetan, hilabete honetan, komertzializazioari ekitea da. Gure artean froga eginda, hurrengo urtean zabaldu eta ekoizpen prozesua hastea, posible balitz, crowdfounding edo antzerako finantzazio-bideren bat erabilita. Hori baita proiektu honen gauzarik politena –ritzi du Azurmendik–, egin daitekeela egiaztatzea, txikia izanda ere eraldaketa posible dela erakustea». Uste berekoa da Maiza ere: «Gure helburuen artean gizartea sentsibilizatzeak eta eraldaketa bilatzeak indar handia dute. Horregatik, sortzea bezain garrantzitsua da gizarteak energia berdea eska dezala lortzea, horrela politikariek energia berriekiko apostua egin dezatela lor baitezakegu».
Baita gutxiago kontsumitzea ere, Goienerreko kideek argi baitute eraginkortasunez jardunez gero energia ugari aurreztu daitekeela. «Adibidez –aipatu du Maizak–, gasolioz edo gasez dabilen galdara biomasaz dabilenagatik aldatzen badugu, dirutan aurrezteaz gainera baso garbiketak eta zura lanak bultza ditzakegu. Normalean, ditugun instalakuntzak ez baitira batere eraginkorrak eta energia asko galtzen da alfer-alferrik. Horregatik, eraginkortasuna eta aurrezpena ere bultzatu nahi ditugu». Eta, gizarteko ohiturak medio, aurrezteko asko dagoela argudiatu du: «Orain arte, etengailuari eman eta, nahiko merketzat har daitekeen salneurrian, han genuen argia. Gasolina ere, orain arte ordain genezakeen» eta horrek, nolabait, beharrezkoa baino gehiago xahutzera garamatza. «Orain –jarraitu du–, ikusten ari gara enpresa energetiko eta elektriko handiek sekulako dirutzak eta irabaziak dituztela eta, aldi berean, guri geroz eta gehiago kostatzen zaigula energia hori ordaintzea. Gainera, Garoñatik gertu bizi zirenak edo errauste-planta baten ondoan biziko garenak, konturatzen gara enpresa handiek zelako trikimailuak egiten dituzten gasa sartzeko, hondakinak erretzeko, argi-indarra sortzeko... eta hortik diru-iturria bilatzeko. Iruditzen zait jendea konturatzen ari dela sistema energetikoa ez dela batere demokratikoa».
Alde horretatik, argi utzi nahi izan dute Goienerreko etekinak kooperatiban bertan inbertituko dituztela, «proiektuak aurrera egin dezan». Momentuz, proiektuan lanean ari direnak musutruk ari dira eta asmoa errentagarria izatea da, «baina proiektua gauzatu ahal izateko, ez beste ezertarako, kooperatiban izan daitezkeen etekinak ez direlako bazkideen artean banatuko, berrinbertitu egingo ditugu».
Bazkide izatearen abantailak
Kooperatibaren web-orrian (www.goiener.com) jada zabalik dago bazkide izateko aukera. «Ehun euroren truke, edonor izan daiteke bazkide. Alde batetik, etxean energia berdea izateko aukera izango du eta, aldi berean, kooperatibak atea irekita du, nahi duenak parte har dezan», azaldu du Maizak.
Erabiltzaileak sumatuko duen aldaketa bakarra faktura noren izenean etorriko den izango da; multinazional baten izenean etorri beharrean, Goiener izango du goiburuan. Hain zuzen, hori da aldaketa nabarmenena: «Multinazional bati ordaindu beharrean, kooperatiba bati ordainduko dio, eta erabiltzailea horren bazkide izango da, gainera». Baita energia berdearen ekoizpen eta kontsumoa sustatzera ere. Eta, kooperatiba bat denez, erabaki nagusiak batzar batean hartuko ditugu, eta, bertan, bazkide bakoitzak bozka bana izango du».
Salneurriari dagokionean, kontsumoa murrizteko filosofiari heldu eta prezio taula berezia egingo dutela aurreratu dute: «Oraindik ez daude guztiz finkatuta, baina gutxiago kontsumitzen dutenentzat merkeagoa eta normala baino gehiago kontsumitzen duenarentzat garestiagoa izatea da gure asmoa; hala, jendea gutxiago kontsumitzera eta gehiago aurreztera bultzatzen baita», azaldu du Azurmendik. Hala ere, bataz besteko salneurria merkatuan dagoenaren «ahalik eta antzekoena» izan dadin saiatuko direla aurreratu dute.
Maizak azaldu duenez, proiektuan interesa duten askoren zalantzetako bat da honakoa: matxura baten aurrean, zer? Hala, bazkideak erabiliko dituen instalakuntzak betikoak direla argitu nahi izan dute; beraz, orain artean bezala, enpresa banatzaileak izango du horren ardura.
Goienerren webgunean arakatu ostean zalantzak dituenak edo, besterik gabe, proiektuaren nondik norakoak ezagutu nahi dituen edonork helbide elektronikoa eman dezake informazioa jasotzeko. «Proiektu hau Goierrin sortu arren, euskal gizarte osoari zabaldu diogu. Araban eta Bizkaian bazkideak ditugu jada, eta Nafarroa edo Iparraldetik deitzen badigute, prest gaude», ziurtatu dute. Umiltasun osoz, argi utzi dute Goienerreko taldea alternatiba bila ari dela eta gustu handiz hartuko dutela euren proiektuarekin bat egiten duen edonor.




