BAHIKETA BATEN KRONIKA -

2003. urtean Asier Huegunek 74 egun eman zituen ELNren esku bahituta. Euskal Herrian jende askok bizi zituen egun haiek sabela uzkurtuta; bere senide eta lagunek noski, baina baita albistea gertutik segitu zuten urrunagoko askok ere. Gari Udabe kazetariaren laguntzaz, liburu batean kontatu du egunez egunekoa.

Amagoia Mujika

2012ko Urriaren 12a

Bederatzi urte joan dira 2003ko irailaren 12 hartatik. Kolonbian bidaian zegoela, Santa Martako Ciudad Perdidara joan zen Asier Huegun donostiarra trekkinga egitera. Egurrezko txabola batzuetan lo zeudela, zazpi turista bahitu zituen ELNk; Huegun bera, ingeles bat, alemaniar bat eta lau israeldar. 74 egun eman zituen bahituta. Egunez egun Huegunek koaderno urdin batean idatzi zituenak eta memorian iltzatuta geratu zaizkionak gidari hartuta idatzi du Gari Udabe kazetariak bahiketa haren kronika.

Bederatzi urte joan dira 2003ko irailaren 12 hartatik eta Asier Hueguni ez zaio 74 egun haietako bat bera ere ahaztu. Udaberen laguntzarekin, “Kolonbian bahituta. 74 egun &softReturn;ELNren esku” liburuan jaso ditu egun horietan pentsatutakoak, pasatutakoak eta sentitutakoak.

Liburuaren azken orrialdea pasatu orduko itxi nahi du bere bizitzako kapitulu hori. Ez ahaztu nahi duelako, «ahaztezina baita», bahiketaren kapitulua aldean hartuta ere aurrera egin eta pozik bizi daitekeela esan nahi duelako baizik.

Zeintzuk bahitu gaituzte? Zergatik? zertarako?

Asier: «Lehendabiziko egunetan ez genekien noren esku geunden, eta horrek sekulako kezka sortzen zidan. Kolonbiako egoeran, oso-oso garrantzitsua da noren esku zauden jakitea zer esan eta zer ez esan jakiteko. Nik ondo ezagutzen nuen Kolonbiako egoera eta hori nire alde nuen. Gainontzeko bahituek ez zuten ideiarik ere herrialdearen egoerari buruz. Britaniarrak zerbait bazekien, baina gainontzekoek ezer ere ez. Israeldarrak soldaduska egin eta gero, urtebeteko oporraldia izaten dute lanean hasi aurretik. Hego Amerikara joan ohi dira merkeena delako, baina ez dute batere ezagutzarik izaten herrialdeen egoeraz. Duela egun batzuk, garai hartako egunkariak irakurtzen jardun naiz eta albiste batek zihoen bi israeldarren sarrera ez zela inon ageri, eta arma kontrabandistak ote ziren. Grazia egin zidan. Agian egia da, agian arma kontrabandistak ziren, baina ez zekiten ez zer den FARC, ez ELN, ez zekiten gobernuaren presentziarik ez duten guneak badaudela... Nik banuen hango egoeraren berri. Bestetik, espainola gehien kontrolatzen nuena nintzenez, askotan bahitzaileek niri ematen zizkidaten azalpenak eta bozeramaile lanak egiten nituen. Horrek arazoak sortu zizkidan, israeldarrek mesfidantzaz begiratzen baininduten. Ez ziren nirekin fida. Baina israeldarrei ez zitzaizkien batere interesatzen Kolonbiari buruzko azalpenak. Haiek bahituta zeuden eta aske geratu nahi zuten, ez zuten besterik buruan».

Eta bahitzen bazaituzte? Ordaindu eta kito

Bidaia hasi aurretik bizilagun batekin izan zuen solasaldiarekin askotan gogoratu izan da Asier. «Eta bahitzen bazaituzte?», galdetu zion bizilagunak. «Ordaindu eta kito», erantzun zion Asierrek.

Asier: «Ez nuen uste bahituko nindutenik, ez neukan beldur hori. Baina, gertatu eta gero, onartu beharra neukan arrisku hori bazegoela. Banekien nora nindoan. Oso gogoan dut aurretik Medellinen hilabete luze eman nuela. Orduan munduko hiririk bortitzena eta arriskutsuena omen zen, eta ni lasai asko ibili nintzen atzera eta aurrera. Ez nuen beldurrik izan. Are gehiago, Santa Martara joan aurretik Kolonbian hamar bat urte zeraman alemaniar batekin egon nintzen, eta hark esan zidan Ciudad Perdida oso leku segurua zela. Oso turistikoa zenez, Gobernuak ondo zaindutako lekua zela. Bi plan neuzkan aukeran; Ciudad Perdidara trekkinga egitera joan, edo inguruan zegoen hondartza zoragarri batera atseden hartzera joan. Lehena aukeratu nuen, eta gero askotan akordatu nintzen hondartza harekin. Baina erabakiak hartu beharra dago, eta beti ez da asmatzen».

Benetan, nahiago nuke zuek elenoak ez izatea

Bahiketaren 21. egunean esan zieten bahitzaileek ELNkoak zirela. Asierrek amorrua eta haserrea sentitu zituen.

Asier: «Euskal Herrian beti egon da Hego Amerikako gatazken inguruan elkartasun mugimendu bat, eta ni bat nator mugimendu horrekin. &softReturn;ELNoak zirela jakin nuenean sekulako kontraesana sortu zitzaidan; ‘ni hauen alde nago, hauek bahitu egin naute eta, gainera, oso gaizki tratatzen naute’. Baina amorruaren, haserrearen eta minaren gainetik, une batean onartu beharra daukazu zure egoera: Nik aukeratu dut hona etortzea, bahitu egin naute eta ez dago besterik, aurrera».

«Etorri eta aska gaitzazue», edo ez?

25. egunean helikoptero bat ikusi zuen Asierrek urrunera. Honela jasotzen ditu Huegunen hausnarketak liburuak: «‘Etorri eta aska gaitzazue’ oihukatzea eskatzen zidan barruak. Baina kontraesanik ere ez nuen falta: ‘Hauen helburuekin bat egiten dut, eta ez dakit helikopteroak gu ikustea izango litzatekeen onena’».

Asier: «Nik beti esaten nien bahitzaileei zer nahi nuen: Ni onik ateratzea bahiketa hartatik eta gerrillariek beren helburua lortzea. Latza zen egoera, baina niretzat garrantzitsua da koherentea izatea, pentsatzen duzunarekin kontsekuente izatea. Nik banekien zein zen beren helburua eta banekien arrazoia zutela bere salaketa horretan».

Zazpi pertsona ezezagun elkarri pega-pega eginda

«Gu zazpiok, beste egoeraren batean, beste lekuren batean, seguruenera egingo ez genukeen zerbait egin genuen egun hartan: lastozko ohean elkarren kontra jarri ginen pega-pega eginda eta elkarri beroa emanez lokartzen saiatu ginen». Horrela deskribatzen da liburuan bahituek elkarrekin eman zuten lehen gaua. Bahiketan zehar, askorako ematen dute bahituen arteko harremanek.

Asier: «Israeldarrekin oso gaizki moldatu nintzen. Bazirudien bahituta zeuden bakarrak beraiek zirela. Oso jarrera berekoiak zituzten eta horrek sutu egiten ninduen. Beren portaera izugarria zen. Esaten zuten zenbat eta okerrago portatu, lehenago askatuko gintuztela. Baina ez ziren konturatzen beraien jarrera txarren ondorioak guztiok pairatzen genituela. Gau batean ihes egiten saiatu ziren, eta haien erruz Marki pistola bat jarri zioten buruan bahitzaileek. Markek, Reinik eta nik ez genekien ezer ihesaldi saiakera hari buruz, baina bahitzaileek baietz pentsatzen zuten eta hortik etorri zen Marki pistola bat buruan jartzearena. Ika-mika asko izan nituen lau israeldarrekin bahiketa guztian zehar eta oso haserre amaitu nuen».

Bahituen arteko harremanak bahitu izateari utzitakoan

Asier: «Israeldarrekin ez dut sekula harremanik izan. Markekin saiatu nintzen baina ez zituen nire mezuak erantzun. Reinirekin harremanetan jarraitzen dut, lagunak gara. Euskal Herrian egon da pare bat aldiz, eta ni ere izan naiz Alemanian berarekin. Duela urte eta erdi, ama izan zen. Horrelako esperientzia batek asko lotzen du. Nik egunerokoa ihesbide moduan neukan. Ingelesez ez nintzen moldatzen nahi bezain ondo eta gainontzeko bahituek ingelesez hitz egiten zuten. Bahitzaileei ez nizkien kontatuko bahituta egoteak sortzen zizkidan penak. Markek eta Reinik bazekiten zerbait gaztelaniaz eta elkarri asko lagundu genion. Bahiketan zehar, baxualdi handiko datak izan ditugu eta une latz horietan elkarren ondoan egon gara. Finean, gauza bera pairatzen ari ginen eta gure sentimenduak paretsuak ziren. Horrek asko lotzen du eta egun, Reini nire laguna da».

Bahiketa bat lehen pertsonan kontatzea

Gari: «Gehien kostatu zaidana Asierren tokian jartzea izan da. Benetan bera sentitzen ari zena adierazten ari ote nintzen, hori izan da nire kezka nagusia. Buelta asko eman dizkiot horri. Nik askotan entzun dut Asierren bahiketaren istorioa, baina ni ez naiz bahitua egon, ez dakit benetan zer sentitzen den egoera horretan. Egia esan, galdetu izan diot nire buruari nik Asierren egoeran nola jokatuko ote nukeen. Baina iruditzen zait oso ondo kudeatu zituela bahiketaren 74 egunak. Egunez egun indarrak non zeuden ikusten joan zen, gerrillako buruekin noraino irits zitekeen... nik beti esaten diot berari sokatira moduko bat izan zela; berak alde batetik tiratzen zuen eta besteak bestetik, nahiz eta alkate makila beti bahitzaileen esku zegoen. Baina Asierrek oso ondo neurtu zituen bere indarrak sokatira horretan».

Koadernoetatik eta hizketaldietatik jasoak

Asierrek bahituta egon zen egun guztien berri jaso zuen letra gehiagorako tokirik apenas daukaten bi koadernotan. Horrez gain, hogeita hamar ordutik gorako grabazioetan jaso zituen Gari Udabek Huegunekin izandako solasaldi luzeak. Eta gerora, liburuaren proiektuak argia ikusteko behar izan dituen urteetan, askotan eta askotan aritu dira gai beraren gainean hizketan. Sentimenduak, sentimenduak eta sentimenduak, lehen pertsonan jasoak. Sentimenduz blai dago liburua.

Gari: «Bahiketaren zenbait egunetan Asier egon zen tokiek sekulako inpresioa sortzen didate. Bai kontatzen zidanean, baita gerora paperean horiei buruz idazten nuenean ere. Toki ilun, heze, egiteko ezer ez zuten tokiak, ia-ia eguzki izpirik sartzen ez diren tokiak... irudi haietan pentsatzen jartzen naizenean eta Asierren tokian jartzen saiatzen naizenean, oilo-ipurdia jartzen zait. Ez dakizu bahitzaileek esaten dizutena beteko ote den, ez dakizu sinetsi edo ez sinetsi, animoa erabat behean daukazu... Gainera, inguruneak ez dizu batere laguntzen. Ni horrekin geratzen naiz, errepikatzen den egoera da, gainera».

Asier Huegunen inguruko askok espero zuten liburua

Asier: «Ni ez naiz nire sentimenduak azaleratzearen oso zalea. Ondo ezagutzen nauen jendeak ezezagunek baino askoz gutxiago galdetu didate. Ezezagun asko gerturatu zaizkit lotsagabe-lotsagabe hau eta bestea galdetzera. Ondo ezagutzen nautenek, berriz, badakite zer eta nola galdetu. Gertuko askok gustura irakurriko dute liburu hau, galdetzera ausartzen ez diren galdera askoren erantzunak daudelako bertan. Segur aski bahiketa honi buruz gehien dakiena Gari da, gehiena berari kontatu diot».

Nola kudeatu senide eta lagun baten bahiketa

Asier Huegunen bahiketak oihartzun handia izan zuen Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Huegunen senideek eta gertukoek diskrezio handiz eta egoerak eskatzen zuen patxadaz kudeatu zuten muturreko egoera hura.

Asier: «Ez pentsa gehiegi hitz egin dugunik etxean horri buruz. Atal hori itxi genuen, denak ondo geunden eta aurrera egin dugu. Aitak kontatu zidan bahiketaren berri izan zuten lehenengo egunean ezezagun batek deitu ziola eta garbi hitz egin ziola: ‘hau konpontzen lagunduko dizuna Eliza da’. Gurasoei esan zieten Eliza izango zela kudeatzaile onena eta horri jarraitu zioten. Isilean jokatu zuten, adierazpen gehiegi egin gabe eta hori eraginkorra izan zen. Zergatik Eliza? Ba ELNn oso kristauak direlako. Beren leloa ‘Jesucristo y el fusil’ da. Nik ere, bahituta nengoela, garbi neukan Eliza zela bitartekaritza onena egin zezakeena. Inongo berririk jakin gabe, garbi neukan nik Eliza zela bide zuzenena».

Hedabideetan oihartzun handia izan zuen bahiketa

Asier: «Bahituta nengoela gerrillariek esaten zidaten ‘zure herrian oihartzun handia izaten ari da’. Oihanean nengoela irratia jarri zidaten batean entzun nuen nola eskatu zuten euskal ordezkaritza bat: Intxaurraga, Alvarez, Egibar... &softReturn;GARA egunkariko zuzendaria zen Mertxe Aizpuruaren hitzak ere entzun nituen eta dagoeneko jabetzen hasi nintzen dezenteko zalaparta izango zela. Horrek bertigoa ematen zidan. Aske utzi ninduten unean helikopteroan eraman gintuzten Bogotaraino eta bidean lagun batekin, Evarekin, hitz egin nuen telefonoz. Hark esan zidan oihartzuna sekulakoa izan zela eta beldurtzen hasi nintzen. Nik garbi neukan ez nuela nahi hura guztia luzatzea. Bukatu da eta bukatu da. Gogoan dut Hondarribian hegazkinetik jaitsi eta zenbat kazetari eta kamera zeuden zain... orduan ohartu nintzen norainokoa zen kontua. Hurrengo egunean prentsaurreko bat eman nuen eta mesedez lasai uzteko eskatu nien hedabideei. Eta, egia esan, errespetatu egin zuten».

ELN-ri handi geratu zitzaion ekintza hura agian?

Asier: «Nik pentsatzen dut &softReturn;ELNk ez zuela espero bahiketak gerora izan zuen oihartzuna izango zuenik. Agian handiegi geratu zitzaion. Kolonbian nengoela kartel bat ikusi nuen kalean. ‘Munduko terroristak’ zihoen eta bertan Bush, Blair, Sharon eta Aznar agertzen ziren. Eta britainiar bat, lau judutar, ‘espainiar’ bat eta alemaniar bat geunden. Ez zeukaten kalkulatuta, baina bete-betean asmatu zuten. Bazekiten trekkinga egitera joaten zirenak turistak zirela, baina ez zekiten nongotarrak ziren. Nire ustez bahiketa hark izan zuen oihartzuna handitxo geratu zitzaien».

Gerrillari oso gazteak eta ez espero bezain jantziak

Asier: «Gerrillari oso gazteak ziren gehienak. Asko ez daude gerrillan ideia zehatz batzuen ondorioz, gehienak bizipen pertsonalek eraman dituzte gerrillara. Nik jantzia, bat topatu nuen, Antonio, hango komandantearen eskuin eskua zena eta unibertsitatetik zetorrena. Hiritik mendira ihes egin behar izan zuen eta hark esaten zidan ‘Asier, guri jende asko etortzen zaigu, nekazariak eta beste, gurekin formakuntza txiki bat izaten dutelako eta gutxienez idazten eta irakurtzen ikasten dutelako’. Nekazari askok haurrak gerrillan sartzen dituzte gutxieneko ikaskuntza hori izan dezaten. Orduan, zer eskatuko diozu 14 urteko gerrillari bati? Badituzte laupabost ideia barneratuta: Venezuela, Cuba, Che... baina hortik aurrera ez daukate ideario politiko osatu bat. Nik faltan bota nuen gerrillari jantziagoak izatea. Gustura izango nituen elkarrizketa interesgarriagoak, egoerari buruzkoak... Antoniorekin izaten nituen halakoak, berak ere asko galdetzen zidan Euskal Herriari buruz».

Asierren istorioak mitinak balira bezala entzunaz

Gari: «Gerrillariek oso gustura entzuten zituzten Asierrek kontatzen zizkienak. Oihanean atzera eta aurrera, ekintza batetik bestera dabiltzan gerrillarientzat interesgarriak ziren Asierren istorioak, freskoak iruditzen zitzaizkien. Berria zen haientzat».

Asier: «Asko harritzen ziren nire egoerarekin: 30 urte, lana utzita urtebeterako, hona datorrena... aberatsa nintzela esaten zidaten eta nik agertzen nien nola moldatu nintzen bidaia hura antolatzeko. Egia da jakin min handia zutela eta batzuetan sentitzen nuen mitin bat ematen ari nintzela, suaren inguruan jarri eta denak galderak egin eta egin. Haiek ez zidaten ezer askorik kontatzen beraiei buruz».

Karpeta batean gorde nahi duen kapitulua

Gari: «Niretzat luxu bat izan da lan hau egitea, asko ikasi dut. Lan nekeza izan da, buelta asko eman dizkiogu bidean. Baina, benetan, luxu bat izan da».

Asier: «Gustura nago liburuarekin. Nire burua ikusten dut bertan. Orain, karpeta batean gorde behar dut, eta aurrera segitu nire bizitzarekin».