Iņaki Altuna
2012ko Urriaren 12a
Gure proiektu komunikatiboaren eta euskararen arteko harremana izan genuen aztergai aurreko astean, eta horixe bera izango dugu gaurko gaia ere. Nondik gatozen azaltzen saiatu ginen aurrekoan; nora goazen marrazteko egingo dugu ahalegina honakoan. Ikuspuntu orokor batetik egin beharreko ariketa da, aldagai dezente baitago.
Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea (EKHE) eratu genuen lehenik, eta ondoren, enpresa horrek GARA egunkaria kaleratzeko egiturak sortu zituen. Orduz geroztik, EKHEk zenbait irizpideri eutsi die komunikabideen arloan ekarpena egiteko, euskal esparru komunikatiboa deritzana osatze aldera.
Gizartean eragiteko asmoa duten proiektuak sustatu nahi izan ditu; beste hedabide nagusietan toki handirik ez duten informazio eta iritziak eskainita, Euskal Herria eta mundua ulertzeko beste modu batzuk indartu nahi dituelako. Helburu horri lotuta, eta euskal herritar guztiengana zuzentzeko bokazioarekin, izaera ezberdineko (eremu geografikoari, hizkuntzari, gaiei... dagokienez) proiektuak garatu ditu. Irizpide hori ulertzeko “Le Journal du Pays Basque” dugu adibide argia. Hiru lurralde horietan gabeziak nabarmenak ziren. Gure proiektuak Euskal Herriaren aitortzarekin bat egiten duten bertako sektore guztiek azaldutako behar bati erantzun zion. Hala agertu zen Enbata, Ekaitza eta bestelako argitalpenak bateratzeko Lizarra-Garaziko garaian egindako ahaleginean. Hark kale egin zuenean, beharra bere horretan zegoela ikusita, bideratu zen “Le Journal” egitasmoa, 2001ean. Ukaezina da hamarkada honetan eragina izan duela Ipar Euskal Herrian, baita gaur egun bizi den egoera politiko interesgarria ereiteko eta elikatzeko ere.
Informazioa, ideiak, eztabaidak... zabaltzea dugu helburu, baina horretarako gutxieneko ekonomikoak bete behar dira. Gure jarduerak komertziala ere izan behar du. Diru iturriak lortu gabe, sarrera eta irteeren artean orekarik mantendu gabe, agian ekonomikoki oso bideragarriak ez diren proiektuetarako beste finantziazio batzuk bilatu gabe... ez dago halako egitasmorik egiterik.
Egoera horretan, aurreko astean azaldu genuenez, euskara sustatzeko ekarpena ere egin du gure taldeak. GARA eta Zazpikan bertan hasieran, eta euskara hutseko argitalpenak kaleratuz segidan. GAUR8 astekaria eta ZazpiHaizetara hilabetekaria. Euskara hutsez produktuak idaztea bezain garrantzitsua da produktu horiek jendeak irakurtzea, eta esan beharra dago, CIESko datuek diotenez, bi produktu horiek irakurle asko dituztela. Batak 40.000tik gora eta besteak 70.000tik gora.
Egunkariko eremutik at, beste alor batzuetan ere parte hartu du EKHEk euskarazko hedabideak sustatzeko. Hamaika Telebistako bazkide da. Elkarlanaren bitartez, gure taldeak beste proiektu batzuei laguntza eman die. InfoZazpi (%80 euskaraz) dugu adibide esanguratsuena.
Azkenaldian, euskara indartzeko ahaleginean, esfortzu berezia egin dugu irratigintzan, Hamaika Irratiak proiektuan, eta emaitza ikusgarria izan du. Aste honetan bertan, Eusko Jaurlaritzak egindako banaketan zabalkunde handia lortu du proiektu horrek.
Errealitateak beste aurpegi bat ere badu, ordea, hauteskunde kanpainan bertan, ezustean, egindako banaketa honetan. Askoz ere latzagoa. Euskarazko lizentzietan eginiko ahaleginaz gainera, EKHEk lizentzia elebidunetako proiektuak ere aurkeztu zituen. GARA Irratiari ez diote lizentzia bat bera ere eman, inongo eskualdetan, nahiz eta proiektu sendoak aurkeztu. Gauza bera gertatu zaie beste batzuei ere. Gobernutik alde egin aurretik, PSEk lotuta utzi nahi izan du dena. Antza, unionismoa prest da euskarazko eremua «tribuaren» esku uzteko, baina ez burujabetzan oinarritutako mezuak «bere» eremura iristeko zirrikiturik uzteko. Erabakitzeko eskubidean eta nazio aitortzan oinarritutako aldaketa politikoak inoiz ez bezala du beste gizarte esparru batzuetara ailegatzeko aukera. Antza, egiazko trantsizio demokratiko baten beharra gehiago hedatzea ez zaio komeni zenbaiti. Nola ulertu behar ote da Basagoitik soilik ETB1 mantentzearen alde egindako proposamena? Ez, ez da euskaltzale bilakatu. Nahiago dute gaztelerazko kateak, pribatuak eta pribatizatutakoak, betiko talde mediatiko handien esku egotea.
Internet etorkizuneko eremua da, baina ez ginen atzo hasi. Euskara zabaltzeko aukera eskaintzen zuela ikusirik, duela urte batzuk Euskal Herriko Kazeta hedabide digitala martxan jarri genuen. Ipar Euskal Herriko gaurkotasunari lotuta, bertan erreferentzia polita lortu du.
Gure taldetik bultzatutako egitasmo nagusia NAIZ da, hedabideetan ematen ari den transformazio izugarriari aurre egiteko eta gure taldearen geroa bermatu ahal izateko proiektu nagusia.
Euskarari dagokionez, NAIZek gure taldeak egiten dituen edukiak formatu ezberdinetan biderkatzeko aukera eman digu. Euskaraz edukia produzitzeko eta edukiak zabaltzeko (sarrera asko du NAIZ atariak) talde nagusienetarikoa izango da gurea. Eduki produkzioko bide hori jorratzea dugu etorkizuneko lehen irizpidea. Bigarrena Interneteko lanabesaren erabileran sakontzea dugu, baita hizkuntza ezberdinak elkarrekin erabiltzeko eta euskaraz eskaintza behar beste zabaltzeko ahaleginak handitzekoa ere. Bihar gaur hasi da. •




