ANALISIA, VENEZUELA -

Venezuelako hauteskunde prozesuaren gardentasuna eta heldutasuna nabarmendu dituzte begiraleek, Hugo Chavez presidentearen aldekoek zein aurkakoek, neutralek zein aldez aurretik hautagairen baten aldeko jarrera hartua zutenek.

Jose Angel Oria

2012ko Urriaren 12a

Venezuelan joan den igandean egin ziren hauteskundeek aipatzeko moduko ezaugarri ugari izan bazituzten ere, bozketa horien sinesgarritasuna eta atzerrian eragindako interesa nabarmendu behar dira, ez baita ohikoa «diktadura» hitza erabiliz askotan salatzen den «erregimen» batek inork salatu ez dituen hauteskunde garbiak antolatzea.

Are gutxiago, «diktadura» horretako hauteskundeak AEBetakoak baino interesgarriagoak suertatzea Latinoamerikako eta mundu osoko milioika pertsonentzat.

Garapen fisiko, psikiko eta intelektualera iritsi den pertsona da heldua. Hitz hori sistema demokratiko jakin bat deskribatzeko erabiliz gero, sistema hori ezin dela gehiago garatu ondorioztatu beharko da, ezin duela gehiago hobetu, alegia. Edozein pozteko moduko laudorio handia, harro-harro eginda uzten zaituen horietako bat.

Baina Venezuelatik datozen berriak eta irudiak ikusita, badirudi sistema demokratikoa gehiago garatu nahi dutela bertakoek, ez dutela nekerik sentitzen, eta hemendik bi hilabetera mundu osoa harritzeko moduko beste erakustaldi bikain bat egingo digutela.

Abenduan, berriz

Igandeko hauteskundeetako propagandak oraindik bazter guztietako paretak estaltzen dituen arren, bertakoak txartel berriak prestatzen hasi dira, abenduaren 16an estatuetako gobernadoreak eta parlamentarioak aukeratzeko hauteskundeak egingo baitituzte. Eta Eguberrietan atseden hartu eta, ia konturatu gabe, berriz hauteskunde kanpaina, 2013ko apirilaren 14an alkateak hautatu behar dira-eta.

«Hauteskundeak gardenak izan dira; eta Chavez presidentearen garaipena, garbia, oposizioak izan duen igoera bezalaxe. Venezuelarentzat oso egun ona izan dela uste dut». Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministro espainolaren hitzak dira, joan den astelehenean Europa Press berri agentziak jaso moduan. Adierazpen horiek ederki asko erakusten dute Venezuelak oso ondo egin dituela gauzak, etsai ideologikoek ere sistema goraipatu egiten baitute, urte askotako diskurtso faltsua hankaz gora botaz.

Europan baino hobeto

Venezuelako demokrazia indartu egin da. Indartsuago dago orain, dirdira handiagoa du gaur, orain astebete baino. Europako sistema demokratikoak gero eta ahulagoak diren momentuan, europar botoemaileak hautagai bati edo besteari botoa emanda ere ezer ez dela aldatuko dakien unean, Latinoamerikan nagusitzen ari diren eredu aurrerakoiek dirdira handiagoa egiten dute, itxaropena eta pasioa eragiteko ahalmena dute.

Herritarren egoera eta gai sozialak lehentasun bikakatu dira herrialde horietan, arrisku-sariaren eta merkatuen nahien ordez. Venezuelako azken hauteskundeetan ere ikusi ahal izan dugu hori, Henrique Capriles eskuinaren hautagaiak ezkertiarra baitzirudien askotan, aurrera egindakoa ez duela irauliko aginduz.

Latinoamerikako azken urteotako hauteskunde prozesu gehienetan, botoemaileak benetako alternatiba bat izan du proposamenen artean. Bi eredu ezberdin zituen esku artean: betiko kapitalismoa, orain neoliberalismoa esaten diotena, alde batean, eta eredu horri aurre egin nahi dion proposamena bestean. Gauza bat aukeratuz gero, Latinoamerika AEBen morroitzara itzuliko da; bestea hautatuta, berriz, bide propioa egiten jarraitu beharko du, burujabe izango da, horrek ekartzen dituen arrisku eta aukera guztiekin.

Europako hauteskunde prozesu gehienetan ez da horrelako aukerarik izaten. Hautagai bat aukeratuta, aberatsenei eta bankariei egiten zaie mesede; bestea hautatuta, bankariei eta aberatsenei. Eta Europako herrita- rrak benetan haserretuz gero, demokrazia bahitu eta «teknikariren» bat jartzen dute agintean, hauteskundeak antolatzen ibili gabe, Italian (Monti) eta Grezian (Papademos) azken urteotan ikusi dugun moduan. Eta egoera horretan ere itxaropena eragiteko moduko hautagairen bat ageriz gero, Grezian Syrizarekin gertatu moduan, herritarrak beldurtu egingo dituzte, azkenean botoa betiko hautagaiari eman diezaioten.

Horixe da Europan nagusi den demokrazia ereduaren ezaugarria: ezer aldatu ez dadin diseinatutakoa dela.

Venezuelako hauteskunde sistema AEBetakoa baino demokratikoagoa dela onartu izan dute estatubatuar begirale batzuek. Horixe esan zuen joan den igandean Danny Glover aktoreak. Chavez presidentea botoa ematera joan zenean agintaria agurtzeko aukera izan zuen estatubatuarrak.

Baina esanguratsuagoak dira Jimmy Carter AEBetako presidente ohiaren hitzak, mundu osoko 90 hauteskunde prozesu bertatik bertara aztertu ondoren ondorioztatu baitu Venezuelakoa dela munduko bozketa sistemarik onena. Presidente ohiak Carter Zentroa sortu zuen orain 30 urte Atlantan, giza eskubideak sustatzeko helburuarekin. Beste gauza askoren artean, hauteskunde prozesuak ikuskatzen dituzte zentroko adituek, bozketak gero eta libreagoak eta justuagoak izan daitezen laguntzeko helburuarekin. Venezuelako sistema aztertu ondoren, presidente ohiak batez ere nabarmendu zuen herrialdean ezarri den sistema automatizatuak papertxo bat ere uzten duela lekuko moduan, emaitzak egiaztatzeko lana errazteko.

Carlos Alvarez Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasunak Venezuelara bidali duen ikuskatze taldeko buruak bat egin zuen Carterrekin: «Hego Amerikako hauteskunde prozesuak ondo ezagutzen ditut eta fidagarritasun osoz esan dezaket Venezuelak duela kontinente osoko sistemarik aurreratuenetako bat, era askotan ikuskatu daitekeena».

Latinoamerikatik kanpoko begiraleek ere goraipatu izan dute Venezuelako sistema, nahiz eta kasu batzuetan ideologikoki Chavezen posizioetatik oso urruti dauden. Horrela, Guillermo Mariscal espainol estatuko Alderdi Popularreko diputatuak zera esan zuen orain bi hilabete: «Teknikoki, prozesua ona da. CNE-k egiten duen lanaren aurka esateko ezer ez dugu».

CNE Hauteskunde Kontseilu Nazionala 1997an sortu zuten, ordura arte indarrean zegoen Hauteskunde Kontseilu Gorena ordezkatzeko. «Bizioz eta ustelkeriaz lepo» zegoen aurreko hauteskunde erakundea, Chavez presidenteak esan izan duenez. Handik bi urtera, Konstituzio berria onartu zuten, eta horretan, CNEren independentzia organikoa aldarrikatzen da. Baita erakunde berriaren autonomia ere, funtzioei zein aurrekontuei dagokienez. Orduan hasi zen aro berrian, alderdi politikoak ez dira jaun eta jabe hauteskunde erakundeetan. Gainera, neurriak hartzen dira herritarren esku-hartzeko aukerak, inpartzialtasuna, administrazioaren deszentralizazioa eta prozesuaren gardentasuna eta bizkortasuna bermatzeko, edo horretan ahalegintzeko. Tibisay Lucena da egungo CNEren presidentea. Igande gauean (Euskal Herrian asteleheneko goizaldean), prentsaurrekoa eskaini zuten erakunde hori zuzentzen duten pertsonek. Lucenaren ondoan eseri ziren beste hiru emakume eta gizon bat. Bost lagunetik, lau emakume, eta horietako bat hizketan. Irudi harrigarri samarra Latinoamerikako herrialde bat izateko.

CNEk lana ondo egin duela esan daiteke, beraz; baina joan den igandeko festak, erabateko arrakastak, ez zuen horrenbesteko dirdirarik egingo herritarren ia %81ek botoa ematera joateko erabakia hartu izan ez balu. Venezuelako hauteskunde prozesua AEBetakoarekin alderatuz gero, ikusten da Hego Amerikako herrialdean ahaleginak egiten direla herritar guztiak erresgistratzeko eta botoemaileek hauteskundeetan esku har dezaten, Ipar Amerikako erraldoian kontrako bidea hartzen duten bitartean. Venezuelan bost herritarretik lauk botoa eman zuen joan den igandean, eta AEBetan askoz ere gehiago izaten dira botoa ematera joan gabe geratzen direnak (horietako asko erresgistratu gabe daudelako) botoa ematen dutenak baino. Herritarren eskuhartzeak demokraziarekin loturarik badu, Venezuela AEBak baino demokratikoagoa da gaur egun, hedabide nagusiak kontrako ideia barneratu dezagun saiatzen badira ere.

AEBetako hauteskunde sistemak gabezia ugari ditu. Larrienetako bat izan daiteke ikaragarri aberatsa ez bazara ez daukazula zure burua bozketetara aurkezterik ere, hau da, ezin duzu presidente izan poltsikoan milioi asko ez badituzu. Beste gabezia larri bat Europak ere jasaten du: presidente kargua bik soilik lor dezakete: Alderdi Errepublikanoko eta Demokratako hautagaiek. Baina edonor aukeratuta ere ezer ez da aldatuko, biak ala biak beraien kanpainak ordaindu dituzten konpainia handien mende baitaude, eta ezin dute konpainia horiek, edo horien jabe aberatsak, haserretuko duten ezer egin, botoemaileei mila aldiz kontrakoa agintzen badiete ere.

AEBetan plutokrazia

Baina azken urteotan, AEBetako hauteskunde prozesuen beste hutsune larri bat salatu dute begiraleek. Sam Pizzigati idazleak, esaterako, «plutokrazia» deitzen dio, «agintea aberatsen esku uzten duen sistema politikoa», Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera. Egileak toomuch.org webgunean gogorarazi du Obama eta Romney hautagaiak Ohio estatuan izan berriak direla. Beraiekin joan ziren kazetariek milaka orrialde idatzi dituzte politikariek esandakoa eta egindakoa kontatzeko baina, Pizzigatik nabarmendu duenez, ez zuten aipatu ere egin egun horietan Ohiotik atera zen berririk garrantzitsuena, Clevelandeko FED Erreserba Federaleko Bankuak AEBetako ezberdintasunen inguruan egin duen azterketa.

Lan-errentek eta kapital-errentek 1980tik hona izan duten bilakaera aztertu du Clevelandeko FEDek, ondasunaren banaketan lehenengoek etengabe behera egiten dutela ondorioztatzeko. Beraz, estatubatuarrek gero eta diru gutxiago ateratzen dute lanetik, eta gero eta gehiago ondasunetatik. Baina lanik egin gabe, aberastasunak emandakoarekin bizitzeko aukera izateko behar den dirutza oso estatubatuar gutxik dutela kontuan hartuta, ondorioa da aberatsen eta gainerakoen arteko aldea hazten ari dela. «Bizirik dagoen demokrazia batean, gure botoak nahi dituzten hautagaiek ondoezik jarri beharko lukete FEDen lana ikusita. ‘Nola da posible?’ esan beharko lukete. ‘Nola liteke gure gizartean aberastasuna lana baino garrantzitsuagoa izatea?’ Baina ez gara demokrazia bizi batean bizi, plutokrazia batean baizik».

Idazleak egiten duen irakurketaren arabera, benetan demokratikoa den gizarte batean gehiengoak nahi duenak azkenean aurrera egiten du eta herritarren nahi horiek lege bihurtzen dira. Baina plutokrazia batean ez da horrelakorik gertatzen. Mitt Romney hautagai errepublikanoaren kasua aipatzen du Pizzigatik fenomenoa azaltzeko. Gogorarazten du Romneyk AEBetako aberats gehienen sostengua duela; hala ere, inkestek galdu egingo duela iragartzen diote. Romneyren aldekoek ez dute nahi aberatsenek zerga gehiago ordaindu behar izatea, eta horixe da estatubatuar gehienek eskatzen dutena. Beraz, plutokraziaren legeak aplikatuta, eta iritzi hori aldatzeko asmoarekin abian jarritako kanpaina guztiek porrot egin dutela ikusi ostean, beste taktika bat hasi dira erabiltzen: «Gaur egungo estatubatuar aberatsenak konturatu dira botoemaileek beraiei komeni zaiena bozkatu dezaten saiatu beharrean, hobe dela kontrako botoa emango dutenak etxean geratu daitezen ahalegintzea, edo horien botoak zenbatu gabe geratu daitezen saiatzea».

«Boto-ezabatzea» deitzen dio demokraziaren aurkako eraso horri idazleak. Greg Palast BBC kateko kazetariak boto ezabatze hori salatzeko egin duen lana goraipatzen du Pizzigatik. Palastek argitaratu berri duen liburuan kontatzen du hiperaberatsek, Koch anaiek, Paul Singerrek eta Harold Simmonsek kasu, diru asko gastatu dutela urteotan komeni ez zaizkien botoak eman gabe edo zenbatu gabe gera daitezen. Berak egin dituen kalkuluen arabera, sei milioi herritarri botoa emateko aukera kentzen zaie, aitzakia ezberdinak erabilita. Jakina, horiek aberatsenen interesen aurkako jarrera izaten duten gutxiengoetakoak izaten dira.