DATORRENA -

Isidro Esnaola

2012ko Urriaren 12a

Estatu espainoleko aurrekontuen aurkezpenarekin batera, hemengo ordezkari politikoek azpiegitura erraldoien beharraz eta, batez ere, Abiadura Handiko Trenaz mintzatu dira. Arriolak aurreikusitako plana bete zezala eskatu zion Espainiako Gobernuari. Jarraian, hemengo instituzioek dirua aurreratzea proposatu zion Urkulluk. Barcinak hitz egin zuen azkenik, eta bere ustez ere, atzeraezinak dira obra horiek. Denek ildo beretik hitz egin dute: gure gaitz guztiak konpontzeko obrak azkartzea ezinbestekoa da.

Guztien adostasun horrek zer pentsatua eman dit. Beharbada, urteetan errotutako garapen ereduak, nolabait esateko, politikarien burua erabat kolonizatu du. Krisiaren irtenbidea, enplegua, garapen ekonomikoa, dena azpiegitura erraldoien eraikuntzarekin lotzen dute. Ez dira konturatu jendarte honek beste behar larriago batzuk dituela, merkeagoak, ama lurrarekin bat egiten dutenak eta, gainera, lanpostuak sortzen dituztenak. Nonbait ez dira oraindik ondorio horretara iritsi. Dena den, gobernuan izan diren artean, Gasteizko Gobernuko Etxebizitza, Obra Publiko eta Garraioaren kontseilariak, Arriola jaunak, bakarrik hitz egin du, postu hori utziko du eta. Nahiko adierazgarria da diputatu nagusiek ez dutela tutik esan. Nahikoa lan badute kontuak berdintzen. Eraikitzea erraza da; ondoren, eraikitakoa zaintzea eta zorrak bueltatzea zailagoa da. Adibideak ez zaizkigu falta: hor daude Bizkaian Artxandako tunelak eta erdi hutsik dagoen Supersur, Gipuzkoan urteetan Bidegik pilatu dituen zorrak eta bere garaian banketxeekin sinatutako drakoniar konpromisoak eta abar. Hala ere, horiekin tematuta jarraitzen dute. Oro har, gaur egungo politikariak irudimen gutxiko pertsonak dira.

Burbuila lehertu zenetik, eraikuntza amaigabe horrek utzi dituen milaka adibide ikusi ditugu: aireportu hutsak, erdi eraikitako urbanizazioak, erabili gabeko eraikin paregabeak eta abar. Eta kontu publikoetan horiek sortu dituzten zuloak ere ahoz aho dabiltza. Beraz, triskantza ezaguna da. Zergatik jarraitzen dute orduan politikariek lelo berdinekin? Agian, Gobernua higatzeko baliagarria iruditzen zaielako. Hori arduragabekeria galanta da. Horrela da, dudarik gabe. Egungo sistema politikoa ez dago pentsatuta politikariek euren erabakien ardura hartzeko. Alderdien zerrenda itxiek hautetsien jarduera baldintzatzen dute. Batek esan zuen moduan: mugitzen dena ez da argazkian aterako. Eta ezkutuan zarata ateratzen jarraitzen dute, inoiz martxan jarri behar ez ziren proiektuak aldarrikatzen, eta berri batzuk abian jartzen. Noiz eta Gasteizko Gobernua uzteko bezperan. Horren adierazgarri dira Donostiako metroa eraikitzeko egin dituzten esleipen berriak.

Egunotan, hitzaldi baten ostean, erretiratu bat hurbildu zitzaidan. Igande iluntzetan, Oñatitik Zumarragara joateko azken autobusa hartzen duenak, gero Zumarragan trena hartzeko 45 minutu itxaron behar dituela azaldu zidan eta ordutegi horiek koordinatzea posible ez ote den galdetu zidan. Garraio publikoarekin lotutako beste adibide batzuk jarri zizkidan, eta galdera bera egin zidan horietako bakoitzarekin. Azpiegitura gehiagoren ordez, antolakuntza hobea behar dugula argi zeukan: ordutegiak koordinatzea, ibilbideak lotzea, garraio publikoko enpresen arteko komunikazioa sendotzea eta abar. Jubilatu horrek oso argi ikusten zituen garapen eredu berriaren jarraibideak: harremanak zabaltzea, sareak handitzea eta elkarlana sustatzea. Ez da oso zaila, ez ikusteko, ezta ulertzeko ere. Erretiratuak izan behar gara hori ikusteko? Zergatik ez dute ikusten politikariek? Beharbada ikusten dute, baina beti nagusien ondoan, badaezpada. Eta garai berri hauetan, banketxeak dira jaun eta jabe. Horientzat berdin da eredu ekonomikoa bat izan edo bestea izan; garrantzitsuena, mundu osoa zorpetuta egotea da. Zorretan bizi dena hartzekodunaren mende biziko da. Nahita aritzen dira gaizki lotsagabe horiek: mendekotasunak iraunarazteko. •