Irakurle porrokatua, txikitatik izan du irudimena lagun. Liburuekin bakarrik ez, pantaila handian zein txikian ikusten zituen aktoreei begira ere txundituta geratzen zen. Antzerkian, zineman zein telebistan aritu da, Madrilen lehenik, Euskal Herrian gero. «Soinujolearen semea» antzezlanean David hezurmamitzea du erronka berria.
Xole Aramendi
2012ko Urriaren 05a
David. Bernardo Atxagaren “Soinujolearen semea” liburuko protagonista da Aitor Beltran (Donostia, 1975) Tanttakaren muntaian. Liburua irakurri gabe zuen Fernando Bernuesen deia jaso zuenean. «Lehenengo pertsonan idatzita dago, eta nahi gabe, nire egunkaria irakurtzen ari nintzela iruditu zitzaidan. Nire antza ere bazuela uste nuen. Irakurle bezala ere gertatzen da, pertsonaiarekin identifikatuta sentitzea. Kasu honetan irakurtzean baldintzatuta nengoen, banekielako gero agertoki gainera eraman beharko nuela. Ez nuen lortzen irakurle arruntak bezala irakurtzea. ‘Eszena hau nola egingo dut?’, etortzen zitzaidan burura. Baina lortzen nuen momentuetan, pertsonaia gustukoa nuen», esan du.
Gogo handiz hartu du erronka. Bi hilabete pasatxo daramatzate entseguetan, eta urduritasuna eta gogoa agertzen zaizkio estreinu eguna hurbilduz doan heinean. «Nire inguruekoek lana ikusteko gogoa, eta era berean, beldurra!», adierazi du.
Kezka ere ez du ezkutatu. «Hain liburu ezaguna eta maitatua izanik, ikusleen harrerak kezkatzen nau, liburua izango dutelako buruan. Gure obra asko gustatzen zait, Patxo Telleria arduratu da testuaz eta oso lan fina egin du. Ez zen batere erraza. 450 orriko istorioa antzezlan batean islatzea, hainbeste pertsonaia, toki eta garai desberdinak...», dio. Urriak 18an estreinatuko dute Bilboko Arriaga Antzokian. Joseba Apaolaza, Patxo Telleria, Mikel Losada, Asier Hernandez eta Mireia Gabilondo izango ditu alboan, besteak beste, 18 aktore agertoki gainean guztira.
Bilboko Arriaga, Donostia Victoria Eugenia eta Gasteizko Principal antzokiek ekoitzi dute lana, Tanttaka Teatroa konpainiarekin batera. Ekimen interesgarria delakoan dago Beltran. «Sekulako apustua da, are gehiago gaur egun egoeran. Ea bide horretatik jarraitzen duten», esan du.
Donostian, Bilbon eta Gasteizen ez ezik, Madrilen egongo dira martxoan bi astez, Centro Dramatico Nacional-en.
Tanttakarekin aritu da aurretik lanean, eta gauzak erraztu egiten ditu horrek. «Fernando [Bernues] oso zorrotza da, baina konfiantza handia ematen dizu. Aktoreokin daukan harremana oso gertukoa da, eta horrek niri lagundu egiten dit», esan du.
Antzerkian “Ni naiz Hector” eta “Ohean” dira egin dituen azken lanak, zineman, berriz, “Izarren argia” eta “Arriya”. Telebistan, “Isabel” telesailean ikus dezakegu orain TVE1 katean. Madrilen eta Euskal Herrian ekoizpenetan erabiltzen diren aurrekontuez eta baliabideez galdetu diogu, erabat desberdinak baitira. «Zeharo harrituta geratu nintzen. Ni Donostian bizi naizenaren jakitun, Caceresa joateko esan zidaten. Donostia-Madril-Caceres ibilbidea egin nuen. Han paradore batean aktore guztiok gaua pasa eta Cacereseko plaza bete genuen 200 figuranterekin, denok Erdi Aroko jantziak soinean. Eta zertarako? Batere hitzik egin gabe zaldi gainean plazan sartzeko! ‘Moztu!’ entzun eta etxera berriz. Pentsa zenbateko aurrekontua duten! Astebete eman nuen zaldi gainean ibiltzen ikasten. Guztia atal bakar batean agertzeko. Dezente ateratzen nintzen baina... Zaldi bakoitzaren ondoan laguntzailea izan genuen errodajean zehar, aktore bakoitzak bere zaldia...», gogoratu du.
Miguel Albadarejorekin egindako “U.C.O” telesaila ere gogoan du. «Oso produktu ona. Hilabete bat eman genuen bi atal filmatzeko».
Euskal Herrian “Goenkale”n aritu zen bolada batez. Beste hainbat aktorerekin bat dator eskola ona dela esaterakoan. «Ez nuen sekula egunero lan egin. ‘Hau egiten baduzu edozer atera dezakezu aurrera’, esan nion neure buruari. Tontakeriak albo batera utzi eta eszena ateratzea, ez dago besterik. Meritu handikoa da aktoreen lana», dio.
Antzerkia eta zinema ditu gustukoen. Bien artean ez luke jakingo zein aukeratu. «Egiteko garaian gehien gustatzen zaidana antzerkia da. Garbiena da. Ez dago bitartekaririk, biok aurrez aurre jarri eta istorioa kontatu egiten dizut –dio–. Teknika handiagoa izatea eskatzen dizu eta horrek ere bere ofizioa dauka. Izan ere, azken ilaran dagoen ikusleak entzun egin behar zaitu. Lan fisikoagoa da, mugimenduak zabalak dira...».
Eta zinemari ere gustua hartu dio. «Elementu bat da aktorea, beste askoren artean. Faltsuagoa da, baina azkenaldian gustua hartu diot; lehen ez zitzaidan batere gustatzen. Emaitza bai, baina egiteko garaian sosoagoa iruditzen zitzaidan. Filmaziora iritsi eta sekulako saltsa ikusten duzu. Bakoitza berera, eta dena oso azkar doa. Zerotik ehunera bat-batean pasatu behar duzu... Sekulako sekuentzia egin arren, agian ez du ezertarako balio autobus bat pasatu delako... Eta horrek guztiak amorratu egiten ninduen», argitu du.
Dela kameraren aurrean ala agertoki gainean, antzeztea da kontua. «Oso gustuko dut. Nire izaerara egokitzen den aktibitatea da, irudimenarekin lan egin behar da. Giza portaera da aktoreon lehengaia eta material bezala erabiltzea interesatzen zait. Ikusten dut esna nagoela, sentsibilitatea piztuta daukadala horretarako», esan du.
Jolas serioa
Jolasa da. «Batez ere, pertsonaia on bat egokitu zaizunean, horretan murgiltzea gustatzen zait. ‘Soinujolearen semea’, adibidez, obra ikaragarria da eta nahi duzun aukera guztia daukazu jolasteko. Izan ere, azkenean, jolasa da. Txikitan bezala, zu indioa zara, ni bakeroa, eta tirokatu egiten zaitut. Badakit ez zarela hil, baina aldi berean oso serio hartzen dut zu hiltzeko lana», adierazi du.
Aitor Beltranen esanetan, pertsona lotsati amorratuentzako salbazioa da antzezpena. «Aktore bati zera entzun nion: ‘Oso lotsatia naiz, baina gidoia irakurri eta badakit neskak baietz esango didala; beraz, pausoa emango dut. Gertatuko dena jakiteak ematen didan segurtasun horri esker, bizitza errealean ez bezala joka dezaket’».
«Nik eszenatoki gainera igo behar badut lotsatu egingo naiz, baina ez naiz ni: Hook kapitaina da, kakoa dauka, beste ahots bat dauka...», gaineratu du.
Agertoki gainean ondoan duen kidearen begirada du helduleku. «Inguruko dena ahaztu eta egia izan dadin, zurekin ez, bestearekin egiten duzu lana. Bestearen erreakzioetara moldatu nahian, atentzioa hor duzu, ez ingurukoan».
Ez da inoiz hartutako bidearen damu izan. Hemezortzi urterekin maleta egin eta Madrilera joan zen interpretazioa ikastera. «Lana sortu zitzaidan eta han geratu nintzen hamaika urtez». Ondoren etxerako buelta hartu zuen. Hemen ere lan aukerak bazituela ikusi eta etxean dago. «Hasieran han nuen lana, ez hemen. Eta pentsatu nuen han geratuko nintzela. Baina ondoren, han gutxitu egin zitzaidan eta Euskal Herrian gehitu. Beraz, etorri egin nintzen».
Gazteleraz hasi zen lanean, telesailetan eta antzerkian. Oholtza gaineko lehen lana, “Salvajes”, Gerardo Malla zuzendari entzutetsuarekin egin zuen. «Amparo Soler Leal aktoreak obra berean egiten zuen lan. Bi hilabetez egunero egin genuen funtzioa. Orduan jakin nuen antzerki denboraldia egitea zer zen», gogoratu du.
Zorte kontua izan zen. «Madrileko antzerki eskoletara jo zuten aktore gazteen bila. Skin baten papera zen. Kasting-era joan eta lehenengo egunean aurrean nuena iraintzeko eskatu zidaten. Hurrengo saiora ilea erabat ebakita agertu nintzen! Orain ez nuke egingo... Eskolako kideak ere harrituta zeuden, kasting bat zen eta niri bakarrik ez, 40 mutili egin ziguten proba... –esan du–. Atzera begira jarrita, orain konturatzen naiz zenbateko zortea eduki nuen».
Txikitatik erakarri du antzerkiak eta zinemak. «Antzerki obrak ikustea asko gustatzen zitzaidan. Eskolan ere gelako graziosoa nintzen eta ingurukoak imitatzen aritzen nintzen. Ia aktore guztiok egin dugu gauza bera», esan du.
Irakurle porrokatua zen umetan. «Asko irakurtzen nuen, oso komiki zalea ere banintzen. Irudimen handia nuen. Bakarrik nengoenean, jolasak asmatzen nituen».
Aktore lanak berekin daraman ziurgabetasun eza eta ezjakintasuna dugu hizpide. «Ez dut horretan askorik pentsatu. Ba ote dakigu aktore gazteok non ari garen sartzen? Orain arte lanbide honetan jarraitu ahal izateko adina lana sortu izan zait, baina ez dakit beti horrela izango den, hurrengo proiektua noiz iritsiko zaidan... Bizimodua nola atera», bota du.
BEZaren igoeraren aurrean kezkati dago. «Zer gertatuko da? Oso kezkatuta nago. Bi film bertan behera geratu zaizkit azken bi urteotan. Kristoren egurra eman diote kulturari», esan du.
Aitaren itzala
Musikaria ere bada. Juan Mari Beltran aitaren itzala nabaria da bere musikari fazetan. Berekin ikasi zuen txalaparta jotzen. «Txikitan musika ikasketak egin nituen eta ondoren kontserbatorioan jarraitu nuen», gogoratu du.
Irakasle ari da orain. «Madrilen urte askotan eman nituen txalaparta eskolak. Gustuko dut. Nire B plana da, edo A plana, nork daki! Nolabaiteko segurtasuna ematen dit», dio.
Mireia Gabilondok zuzendutako “Ttakun Ttan Ttakun” txalaparta ikuskizunean parte hartu zuen aitaren ondoan. «Oso polita izan zen», dio. Juan Mari Beltran seikotean ere aritzen da txalapartari eta perkusio jotzaile bezala. •




