Urte mordoa darama eskola jantokien kudeaketa arautzen duen dekretua kritikatzen. Izan ere, garbi dauka «menu orekatuak» baino askoz gehiago eskatu behar zaiola egunero milaka ikasleri jaten ematen dion zerbitzuari
ENEEK
2012ko Urriaren 05a
Irakasle zarauztarrak, erretiroa hartu ondoren, auzolana egiten du Bizkaiko Gurasoen Elkartean. Ez nolanahi, 1996tik 2010era BIGE eta EHIGEko zuzendaritza eta koordinazio lanen ardura izan baitzuen. Urteetako esperientziaz, eskola-jantokien gaia ondo ezagutzen du, bere borroka nagusietako bat baita. «Jantokien zerbitzua ume guztientzat zabaltzea gurasoen eskaria zen. Jendartearen aldaketek ekarri dute aita zein ama egunean zehar lanean edo lan bila ibili behar izatea. Gainera, 1996an Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 16 urtera arte zabaldu zen. Lehen Hezkuntzako zentroen %50ek sukaldea bazeukan, baina DBH luzatzean, eskolan bazkaltzeko beharra handitu zen. Horregatik da hain garrantzitsua jantokien zerbitzua. Nahiko arazo izan ziren urte askotan, lekurik ez zegoelako. Egun, ikastetxe gehienetan badago lekua», esan du.
2001ean, Euskadiko jantoki publikoak arautzen dituen Dekretua onartu zen, zerbitzua nola eman behar zen eta nork eman zezakeen ezarriz. Anaren ustez, dekretuak gauza onak ekarri zituen; «jantokien ezaugarri orokorrak (baina oinarrizkoak) finkatzeko balio izan du, umeak/begiraleko ratioak, neurriak...». Beste alde batetik, ordea, araudia «itxiegia dela» deritzo, eta hori aldatzeko borrokatu du azken urteetan.
Noiz jan zenuen azkenengoz elikagai ekologiko bat?
Gaur goizean, gosarian. Ogia. Aspalditik jasotzen dugu asteroko otzara. Olioa, lekariak eta zereal ekologikoak ere hartzen ditugu, taldean.
Eskoletako jantokietan ez dira ba horren ohikoak.
Eskola batzuetan, aste ekologikoak eta horrelakoak egin izan dira, baina ez da erraza. EHIGEtik gauzak egitea lortu da (batez ere eskola txikietan), batez ere hitzaldiak. Behintzat, balio du erakusteko beste produktu batzuk badaudela. Gipuzkoan badaude esperientziak (Ekolapiko), baina Dekretutik kanpo geratzen diren eskoletan gauzatzen ari dira.
Azken urteetan, eskola-jantokien kudeaketa ereduaren aldaketa eskatzen ikusi zaitugu sarri. Zer da ba gustoko ez duzuna?
Araudi itxia da, aldaketarako aukera gutxi ematen dituena. Baldintzak ezarriak daude zerbitzuaren ardura katering enpresa handiei emateko. Esaterako, produktuen aldetik, eskolek ez daukate aukera janaria herrian erosteko, erosketak zerbitzuaz arduratzen diren enpresetan zentralizatuta daude. Lizitazioa irabazi ahal izateko, enpresako sukaldearen gaitasuna 20.000 menu egunean izan behar du. Zergatik? Bolumenak handituta, unitatearen kostuak txikitzen direlako. Zer gertatu da? Zerbitzuaren kalitateak behera egin duela, zentzu guztietan. Gainera, jantokia proiektu pedagogikotik kanpo geratu da.
Sasoitasuna oinarrizko baldintza da elikadura osasuntsu baterako. Eskola-umeek horren berririk badutela uste duzu?
Sasoitasuna ez da zaintzen. Arraina sartu dute, eta ortuariak, baina benetako garrantzirik ez diote eman. Zerbitzua ematen duten enpresak, duela urte pare batetik hona, bertako produktua erabiltzen dutela diote, baina BIGEk egin ikerketetan beste gauza bat ikusi da. Badirudi estatistikak egiteko orduan ‘bertako hornitzailea’ eta ‘bertako produktua’ nahasten direla, baina errealitatea bestelakoa da: bertako hornitzaileek kanpoko produktuarekin egiten dute lan, gehien bat.
«Panga» behintzat menutik kendu dute.
Propagandagatik kendu zuten. Janariari behar besteko garrantzia eman behar zaio. Nutrizio aldetik menuak ‘orekatuak’ izan daitezke, baina beste gauza batzuk eskatu behar zaizkio elikadurari, nutrizioaz eta merkeak izateaz aparte. Are gehiago, bertan oso produktu ona ekoizteko moduan egonda.
Kostuen garestitzea da bertako produktua ekologikoekin lanik ez egiteko arrazoi nagusia. Hainbestekoa al da aldea?
Esperientziek erakutsi dute bertako produktua sartzeak ez duela menua hainbeste garestitzen (menuen prezioan, janaria gutxienekoa da, garestia beste elementuak dira). Bertako produktua sartzea ez da garestia, gainera, abantaila asko dauzka. Oso zaila da jendeari hori ulertaraztea. Janariari dagokion balioa emateko mentalitaterik ez dago.
Beste alde batetik, eskaria asetzeko soloak falta dira…
Umeen %90ek eskolan jaten du. Argi dago horniketa aldetik, egun, ezin zaiola jantokien eskari bateratuari bertako produktu ekologikoekin erantzun. Akordioak lotu behar dira baserritarrekin, plagintza serioa egin, helburu paulatinoak ezarri eta garatzen joan. Baserritarrek jakin behar dute zer landatu. Edonola ere, zerbaitetan hasteko ez da beharrezkoa eskari osoari hasieratik erantzutea. Gutxinka joan daiteke, proiektu pilotuak, ikerketa, berrikuntza eta horiek guztiak baliatuta.
10 urtez, etengabe hazten dauden neska-mutilek egunero bazkaltzen dute eskolan. Horiek horrela, jantoki-orduek badute eraginik umeen izaera moldatzeko. Umeek jantokian ikasi behar dute jaten?
Jaten etxean ikasten da. Horrez gainera, eskolan gauzak dastatzen ikasi behar dute, janari bat gustoko duten ala ez erabaki aurretik, behintzat probatzera. Noski, jan behar duten hori erakargarria (eta osasuntsua) izatea da kontua. Beste aldetik, jarrerak eta moduak, elkarrenganako errespetua etxean ikasi behar direla esango nuke nik, baita eskolan eguneroko harremanetan ere. Horregatik, jantokiek etxeko giroa isladatu beharko lukete, parte hartzea bultzatu. Jangelak izaera kolektiboa lantzeko baldintza bikainak ematen ditu, baina ez dira behar bezala aprobetxatzen. Askotan, umeak jarri egiten dira, eta norbaitek zerbitzatu arte itxoiten dute.
Horrela daude gaztetxo asko ohituta, ‘aita, ura!’ eskatzera, altxatzeko beharrik gabe.
Jantoki askotan, ezin dira altxatu ura, ogia edo dena delakoa beraien mahaira ekartzeko. Gainera, eskola-jantoki publikoetan adinak ez dira nahasten. Autonomia garatzeko bidea mozten zaie. Dekretutik kanpo gelditzen diren zenbait ikastetxeetan, Larrabetzuko eskolan kasu, ohikoagoa da adinak nahastea mahaietan: nagusiek ardurak hartzen dituzte, eta gaztetxoei irakasten dizkiete.
Zaindarien lana da jateko ohitura ‘ezohikoak’ ikustea eta zaintzea?
Noski zaindu behar dutela, baina begiraleak zerbitzen ibili behar badira ezin dute zaintza lan hori egin. Horregatik, hain zuzen, bultzatu beharko litzateke gazteen autonomia, begiraleen lana arintzeko. Jateko ohiturak 12 urte betetzerako finkatzen dira. Hamalau-hamasei urteko gazte bat bortxatu beharra dago jatera? Gose bada jango du! Adin horietan, bazkalorduan energia bizkorra behar dute, garuna bero-bero izateko. Nerabeei aukeratzeko bidea eman beharko litzaieke, nahitaez jan behar dituzte bi plater eta postrea? Beraien elikaduran erabakiak hartzen hasteko unea dute. Nerabe bati aukera bakarra ematen badiozu, eta ez badu gogoko, ez du jango. Bazkari arina nahi duela, entsaldatxoa eta fruta? Oso ondo, baina entsaladan proteina eta karbohidratoak sartuta, eta postrerako, bi edo hiru fruta. Ikasi behar dute beraien beharrak kudeatzen.
Hainbeste borrokatu eta gero, itxaropentsu zara?
Gauzak aldatu egin behar dira etengabe, beti izan da horrela. Gaur gauzak era batean dira, atzo, beste era batean ziren. Balioak aldatuz doaz. Legea 10 urtez indarrean dagoenean, gutxienez errebisatu egin beharko litzatekeela uste dut. Momentu konplikatuak bizi ditugu eta gauza horiek aldatzeak eztabaida sortuko luke, baina nire ustez, bigarren hezkuntzako jantokien planteamendua aldatu behar dela argi dago. Azken urteetan, gazteen esperimentaziorako bideak moztu dira, autonomia moztu da. Araudia aldatu behar da, behintzat beste eredu batzuk frogatzeko aukera eman dezan. 2008an, azkenengo sukalde autonomoak galdu ziren. Zergatik ez da aukera ematen esperientzia txikiak garatzeko? Urduñan eskola eta zaharren egoitza parez-pare daude, eta egoitzako sukaldeak bi zentroak hornitzeko gaitasuna dauka, Udalak proiektua sostengatzen du, Urduñako baserritarren kolektibo indartsu bat dago atzean, horietako asko ekologikoak dira, osasun baldintza guztiak betetzen ditu baina ez dago modurik Hezkuntza Sailaren baimena lortzeko. Beldurra diogu zentralizatuta ez dagoenari. ‘Hirugarren munduan’ autonomia eta deszentralizazio proiektuak garatzen laguntzen dugu, baina gurean…ai!




