Amalur Artola
2012ko Urriaren 05a
"Rolen iraultza" bizitzen ari garela baieztatu du Raquel Royo soziologoak “Maternidad, paternidad y conciliación en la CAE. ¿Es el trabajo familiar un trabajo para mujeres?” ikerketa liburuan (Emakunderen webgunean eskuragarri). Hiriguneetan bizi diren, 30-45 urte bitartean dituzten, eta maila ertaineko edo goi mailako ikasketak egin dituzten 26 bikote heterosexual elkarrizketatu ditu, eta familia roletan izan diren aldaketak aztertu ditu Deustuko Unibertsitateko irakasle honek.
Gazteek, ideologikoki ezkertiarrak direnak eta erdi-goi mailako ikasketak dituztenek rol berriekiko jarrera hobea erakusten dutela azaldu du eta, eredu tradizionalaren aurrean, euren baloreetan aldaketak eman direla nabarmendu du. Jarrera eta jokabideei dagokienean, ordea, aldatzeko asko dagoela uste du.
Zure ikerketaren ondorio nagusiena familia garaikideek ohiko ezberdintasun patroiak errepikatzen dituztela da. Nola iritsi zara ondorio horretara?
Ikerketak enpirikoki egiaztatua dagoen errealitate batean du abiapuntua: XXI. mendean ere etxekolanak eta zaintza emakumeen ardura dira. Estatistika guztietan berresten da emakumeek egunean bi ordu gehiago eskaintzen dizkietela lan horiei, denbora libre gutxiago dutela... Ikerketaren helburua ezberdintasun hori zergatik ematen den ulertzea izan da, eta horretarako, berdintasunaren aldeko diskurtso konszienteetatik haratago joan eta subjektibitatearen alorrera igaro behar dugu: balioak, pertzeptzioak, jokabideak, jarrera. Inertzia horiek bizirik diraute eta, hori baieztatzeko, adibide asko ditugu.
Emakumearen lanpostu bikoitza aipatzen duzu, esaterako.
Hori da adibideetako bat. Emakumeek etxean eta etxetik kanpo egiten dute lan, eta hori ez da gizon askoren kasuan ematen. Eta etxekolanen banaketa ere generoaren araberakoa izaten da: ohikoenak, plantxa, garbiketa eta zaintza adibidez, emakumeen kontua dira eta gizonenak, aldiz, noizbehinkakoak eta alor publikoari lotutakoak izaten dira, zaborra jaistea edo konponketa txikiak egitea, adibidez, eta baita finantzak ere.
Etxetik kanpo ere lan egiten duten emakumeengan errudun sentimendua detektatu duzu...
Elkarrizketatu nituen emakume gehienek agertu zuten sentimendu hori eta, adibidez, gizon bakar batek ere ez zuen erakutsi. Ez da sentimendu mespetxagarria, eta jatorria non duen ikusi behar da: genero posizioaren araberako sentipena da, gizarteak “ama ona” izan behar duela esaten baitio emakumeari, baina ez gizonari. Orduan, emakumeek haurren zainketari denbora askoz gehiago eskaintzen badiote ere, baztertu dituztenaren sentipena izaten dute.
Eta zer gertatzen da denbora librearekin?
Guztiz subertsiboa dela ama batek arratsalde bat beretzat hartuko duela esatea. Horren hutsala dirudien kontu honek sekulako garrantzia du, emakumeak bere burua subjektu bezala berreskuratzea esan nahi duelako. Gizarteak beste pertsonentzat bizi diren izaki bezala definitzen ditu eta badirudi gure amak beti guretzat prest egon behar duela; irakurtzen ari bada, eragotzi dezakegu, eta berak kasu egin behar digu.
Eta lagunekin kafea hartzen ari bada ere, ziurrenik buruan etxekoak izango ditu...
Hala da, noski. Batez ere aginte kulturalaren barneratzearen ondorioz gertatzen den zerbait da. Azkenean, emakumeak hori horrela dela onartu egiten du. Rousseauren lumatik irten zen amatasunaren mitotik dator: emakumeak oso zoriontsuak dira lau pareta artean bizitzen, haurren zainketari dedikazio osoa eskaintzen, horrela biziz ez dira sekula aspertzen, beti daude umore onez... “Ama ona”-ren mito horiek guztiak barneratuta ditugu, baina emakumeek antinaturala den zerbait bezala bizi dute. Azken batean, hori ere feminitatearen eraikuntzaren zati bat da eta aldi berean, patriarkatuta bizitzen jarraitzeko baliabide bat.
Zentzu horretan, rolen biziraupena “ezkutuko mekanismo” batzuei esker mantentzen dela azaldu duzu. Zeintzuk dira mekanismo horiek? Nola detekta ditzakegu?
Liburuan aipatzen ditut batzuk, esaterako, etxekolanen kasuan, gizonek garbitzeko zikinkeria gehiago ikusi behar dute edo erosketak egiteko, hozkailua hutsik ikusi, behar bat dagoela konturatzeko. Emakumeak errazago ohartzen gara kontu horietaz, horretarako entrenatuta gaudelako. Adibidez, sukaldeko ontziak pilatzen direnean, emakumeei lehenago sortzen zaie ondoeza eta harrikoa egiteko beharra izaten dute. Gizonei beranduago sortzen zaie behar hori eta emakumeek euren bikotekideak “lasaiagoak” direlako dela esaten dute.
Antzerako zerbait gertatzen da gustuko ditugun gauzekin: sozialki maskulino gisa definituta dauden lanetarako interes txikia edo disgustua erakusten dute emakumeek. Etxeko konponketa txikiak egiteko, adibidez. Horiek, zuzenean, gizonek egin behar dituzte. Eta gizonei gauza bera gertatzen zaie garbiketarekin, denbora galtzen ari direnaren sentsazioa ere izaten dute batzuetan. Pertsonek gustu pertsonal bat bezala bizi dute hori, baina errealitate hau elkarrizketatu ditudan emakume eta gizon guztietan ematen dela ikusten duzunean, soziologikoki, estrulturalki adostua dagoela esan behar dugu. Horregatik, gure buruari galdetu beharko genioke gure gustuak zein punturaino diren gureak eta zein punturaino diren estrukturalki finkatu edo adostuak. Eta, beraz, ez ote dion erantzuten emakumeek urteetan egin behar izan duten doako lanari.
Bada ezberdintasunik haurrik duten eta ez duten bikoteen artean?
Hori zehazki ez nuen ikertu, baina egia da ustez berdintasunean bizi izan den bikote batek seme-alabak dituenean, errazago hausten dela berdintasun irudipen hori, lan bolumena handitu egiten delako eta rol banaketaren berrantolaketa eskatzen duelako, besteen artean.
Ikerketa egiteko bikote gazteak, haurrak eduki zitzazketenak, hirigunean bizi zirenak eta maila ertaineko edo goi mailako ikasketak zituztenak hautatu nituen. Horietan maizago gertatzen dira aldaketak. Bikoteen artean denetarik aurki daiteke, lanen banaketa simetriko zein asimetrikoa egin dutenak. Ukaezina da oraindik ere bikote asko ezberdintasun handian bizi direla. Dena den, aurreko hamarkadetakoekin alderatuta, aldaketak daudela nabarmena da. Beraz, botila erdi hutsa eta erdi betea ikus dezakegu.
Bada berdintasuna eskuratu ez baina agian horren urrun ez dagoela uste duenik. Jabetzen al gara “berdintasun” hitzak duen esanahiaz?
Egia da badagoela hautsi beharreko irudipen bat. Balioen ikerketetan, esaterako, %98,5ek uste du gizonek emakumeek bezainbesteko ardura hartu beharko luketela etxekolanetan eta haurrekin. Zifra garrantzitsua da oso. Eta %86,4k uste du emakume eta gizonek hartu beharko luketela parte etxeko diru-sarreretan. Hala, Manuel Castells-ek dioen bezala, egia da berdintasun pentsamendu bat zabaldu dela, baita rolei dagokienean ere, baina egoera hori eta errealitatea erabat bestelakoak dira: berdintasun diskurtsoaren eta jokabide errealen arteko talka itzela dago. Baliteke jendea horretaz erabat ez jabetzea.
Aldaketa positiborik ere izango zen, ezta?
Aurrerapausoak eman direla ukaezina da, noski. Eta oso garrantzitsuak gainera. Aurreko belaunaldiek zituzten generoen gaineko diskurtsoak aztertzen baditugu, aurrerapen handiak eman direla konturatuko gara. Pentsa Frankismo garaiko diskurtsoetan, eta ez daude horren urruti!
Bestalde, arriskuak ere badaude eta, aipatu dugun bezala, berdintasuna jada lortu dugula pentsatzea da horietako bat. Errealitatetik oso urrun gaude halakorik pentsatzen badugu eta, gainera, lortu dugunez, horren alde borroka egiteko beharrik ez dagoela pentsatzera eraman gaitzake. Eta hori oso arriskutsua da.
Gizon eta emakumeen rolak ikasiak direla azaldu duzu. Ikasiak izanik, gure seme-alabei transmititu diezazkiekegu. Katea hautsi ezinik gabiltza?
Zalantzarik gabe, haurrak gehiago ikasiko du ikusten duenaren arabera. Balioak bizi egiten dira, ez dira ikasten norbaitek “hau horrela da” esaten dizulako. Guk, bizi dugunaz eta gure inguruak bizi duenaz ikasten dugu, eta hor daude ezberdintasunaren mekanismo nagusiak. Etxe asko benetako ezberdintasun eskolak dira. Hitzez balio jakin batzuk transmititu nahi badira ere, lanen banaketa ez da berdintasunezkoa eta haurrek antzeman egiten dute. Identifikazio horiek irmoak izaten dira, haurrek xurgatu egiten dute ikusten dutena, eta azkenean berdintasunezko diskurtso eta ezberditasunezko jarreraren artean, bigarrenarekin geratuko da, jarrerek osagai kognitiboez gain, afektiboak ere badituztelako, eta azken hauek sakonagoak izaten dira.
Eta nola egin aurre horri?
Eguneroko bizitzan bada jabetze mekanismorik eta horietatik nagusiena guk geuk jarrerak eta jokabideak aldatzeko dugun boterea da. Hala, analisi kontzientea egitea garrantzitsua da, desberdintasuna errepikatzen ari diren ezkutuko mekanismo ez-konsziente horiez jabetzen garen neurrian aldatzen joan gaitezkeelako. Adibidez, “utzi, utzi, neuk egingo dut” esaldi famatua. Historikoki, emakumeei eguneroko lanez arduratzeko papera eman zaie eta, kakots artean esanda, agian zenbait emakumee ez dute egunerokotasuna kudeatzeak ematen dien boterea galdu nahi... Baina mekanismo horiek guztiak patriarkatuaren baliabideak direla konturatu behar dugu, desberdintasunak indartzeko soilik balio dutela, eta kontu hauetaz jabetzen garen neurrian horri aurre egiteko arma gehiago izango ditugu. Hain justu, aztertu ditudan bikote parekideek mekanismo hori erabiltzen dute: lehendabizi jabetu eta gero aldatu edo des-ikasi.
Berdintasuna emakumeen prismatik begiratu ohi da, baina, zer gertatzen da gizonekin? Ez dute irabaztekorik?
Hasteko, aitatasuna. Patriarkatuak aitatasuna ukatu die. Inposatutako diziplina eta hornikuntza ekonomikotik haratago dagoen aitatasunaz ari naiz, seme-alabekiko lotura afektiboez, zainketaz... Gizonak emakumeei egokitu zaien eremu horretan sartzera ausartzen badira sorpresa oso atseginak hartuko dituzte, baita ezeren gainetik gizatiarrak diren alderdiak berreskuratzeko aukera ere; sentimenduak adierazteko ahalmen sanoagoa, esaterako.
Gizartean ditugun genero ezberdintasunak ikusita, ez nituzke gizonak eta emakumeak maila berean jarri nahi, baina egia da gizonek indibiduo gisa lantzeko alor asko dituztela. Eta Stuart Mill edo Harriet Taylor-ek esaten zuten gisara, berdintasunak gizarte osoari ekarriko dio onura, gizon zein emakume, eta garapen eta aurrerapen sozialak lortzeko ere ezinbestekoa da.
Familia rolen kasuan, emakumeen jarrera eta jokabideak gizonenak baino azkarrago aldatu direla baieztatu izan duzu.
Kontua da emakumeek, lan mundura sartu diren neurrian, tradizionalki maskulino gisa definitua izan den rola bereganatu dutela. Baina gizonek, aldiz, ez dituzte femeninotzat hartu izan diren rolak neurri berean hartu. Jarrerei dagokienean ere, emakumeetan aldaketa handiagoa eman da. Hala, egindako galdeketetan emakumeek gizonek baino askoz irmoago baieztatzen dute azken hauek etxeko lanetan eta haurren zaintzan aktiboago parte hartu beharko luketela.
Zenbait ikerketaren arabera, gizonen pertzeptzioa ez da oso errealista: esaterako, haurrekin uste dutena baino denbora gutxiago pasatzen dute.
Faktore bat bada; zer den egin behar dutela iruditzen zaiena. Ez badute inoiz halako ardurarik izan, baliteke egitekoa extra moduan ikustea. Beren ardura bezala bizi beharrean bikoteari laguntzen ari direnaren sentipena dute. Eta “lagundu” hitza tartean dagoenean, argi dago beste norbaiten eginbeharra dela.
Berdintasuna “hemen eta orain” posible dela nabarmentzen duzu zure ikerketaren ondorio nagusien artean. Zergatik da leku eta une egokia?
Lehenik eta behin, ezberdintasuna ez datorrelako naturatik: gizarteak eraikitakoa den neurrian, aldatzea posible da. Horrez gainera, hemen eta orain egin daitekeela diot, geroz eta hobeto ulertzen dugulako nola errepikatzen den genero desberdintasuna eta, ahalegin kontzientea eta benetan nekeza eskatzen badu ere, horiek aurrera emanez aldatzea badagoelako. Ez nuke berdintasuna bere kabuz iritsiko denaren ideia transmititu nahi: askatasuna menderatu egiten da, hala izan da historikoki. Sistema sozialari berdintasuna bultza dezala eskatu behar zaion heinean, gure bizitzan, egunerokotasunean, dugun botereaz jabetu behar dugu eta ez dugu ken diezaguten utzi behar. Horretarako, onena egunez egun berdintasunaren alde lan egitea da.
Askatasunak beti dakar ardura berarekin...
Noski. Erreferente tradizionalen gainbeherak familiaren izaera bera jartzen du kolokan. Nolakoa izan behar du aitak? Eta amak? Lehen erantzun zehatzak zeuden, zapalketan oinarritutakoak, baina norbanakoari segurtasuna ematen ziotenak. Erreferente horiek erortzen diren neurrian, norbanakoaren autonomiak indarra hartzen du eta pertsonek hautatu egin behar dute. Erich Fromm-ek zioen bezala, askatasunari aurre egin beharrean ikusten dute beren burua. Hala, lanen eta identitateen banaketa berdintasunezkoagoa eta askatzaileagoa egiteko aukera dute eta pertsona bezala lehen ukatu zitzaizkien alderdi guztiak berreskuratzeko aukera ere izaten dute. Baina, bestalde, zure paperaren gaineko ziurgabetasuna eta, maiz, korronte nagusiaren aurka joateko beharra ere badakar. Nire ustez, korrontearen aurka joateak eta norberaren papera zalantzan jartzeak benetan merezi du, gaur egun zein etorkizunean onurak besterik ez dituelako ekarriko. Gainera, geratzen zaigun beste aukera, patriarkatua eta genero desberditnasunak errepikatzen jarraitzea da.




