BEGIRADA -

Gorka Zozaia | Kimikaria

2012ko Urriaren 05a

Inori ahoa hezetu baino lehen, ez; ez naiz iradokizun gastronomiko bat egiten ari. Badakit askotan egin dudala zientzia komunitatearen aurka, eta gaurkoan ere, batazuridunen bat edo beste ez da onik aterako. Baina ez, egurtu gura ditudanekin ezingo nuke sekula kanibalismorik praktikatu, “jaten duguna gara” eta, badaezpada! Bestelako txuletetaz ari naiz, ikasleek azterketak gainditzeko erabili ohi dituztenez. Nire ustez, mugikorrek irauli egingo dutela sormen ariketa paregabe hori; konpasaz markatutako boligrafoek eta letra tamaina minimoan inprimaturiko orri zatiek desagertzear daudela, sormena ez bezala. Izan ere, zer da kopiatzea irakasleak eskatzen duenari sormenaz erantzutea baino? Hots, galderei erantzun egokia ematea. Beti pentsatu izan dut ondo kopiatzea saritu beharko litzatekeela. Ondo memorizatzea baino interesgarriagoa bada gutxienez; gainera, ikasleen etorkizuna erreferentzia hartuta, zientzian horixe da eskatzen dena, kopiatzea.

«Bati kopiatzea, plagioa da. Askori kopiatzea, ikerketa». Baieztapen xelebre honek ondo deskribatzen du jarduera zientifikoa. Ikerketa lana, finean, ikertua dagoenaren gainean ekarpena egitea da. Aurretik egindako baieztapenak ahulagoak edo sendoagoak izan, baldosak dira, eta ikerlariak horietan ematen ditu urratsak, diskurtsoa osatuz. “Halakoak hori esaten duenez, eta besteak hura, eta kontutan izanik hango harek erabilitako argumentuak, esan daiteke hau ikertzea interesgarria dela, eta horren inguruko esperimentu hauek eginda, datu hauek eskuan, berresten dela lehenengoak esandakoa eta gainera honako ondorio honetara hel gaitezkeela”. Ikerlariaren ekarpena hori da, “ondorio” horrekin uzten duen baldosatxoa; eta hura zapaltzen duenak sendotu egingo du. Izan ere, argitalpen batek beste ikerlariek haren gainean egiten dituten erreferentziekin sendotuko da. Zientzialariak izena eta sinesgarritasuna lortuko ditu.

Egungo kultura zientifikoak baina, ez dio elkarelikatze dinamika horri mesede egiten. Egilea aldizkari entzutetsuetan argitaraturiko lan kopuruaren arabera gehiegi saritzeko ohitura horrek ikerlariak lana datuak asmatzera edota behar baino arinago amaitutzat ematera eramaten ditu. Gainera, akreditazio agentziek unibertsitateei balioztapen handiagoa ematen diete, hezkuntza erakundeko egileen argitalpenen arabera. Baliozpen onak finantzazioa ekartzen du beti; izan ere, ospeak diru laguntzak, inbertsioak, enpresak eta ikasleak erakartzen ditu unibertsitatera. Joera hori berria ez bada ere, Bologna prozesuak handitu eta zabaldu egin du, eta unibertsitatearen pribatizazioari ateak parez pare ireki dizkio. Esan beharrik ez dago, unibertsitatearen eta departemenduetan barruan, presioa izugarria da eta ikerlarien lana guztiz baldintzatua dago, eta horrek kalte egiten dio zientziari. Inoiz baino ikerlari kopuru handiagoa egonda ere, askoren ustez, sortzem ari den jakintzaren maila ez da oso ona.

Kultura zientifiko oker honen erakusle, PNASen (“Proceedings of the National Academy of Sciences”) argitaratu dena: 1975. urteaz geroztik, hamarkoiztu egin dira aldizkari zientifikoetara bidaltzen diren artikulu iruzurtiak (biomedikuntza eta bizitza zientzien alorrean bederen). Ikerketa horren arabera, aldizkariek ukatutako artikuluen artean, %21,3 akatsdunak ziren, eta %67,4 “jokabide txarragatik” errefusatu zituzten. Arrazoi horrekin zera ulertzen da, zehazki: iruzurra edo iruzur susmoa (%43,4), bikoizketak (%14,2) eta plagioak (%9,8). Gainera, egile nagusietako batek azpimarratzen duen legez, kontuan izan behar da artikulu iruzurti asko ez dituztela antzematen, iruzurren sofistikazioa dela eta.

Ai txuletak! Badirudi beti izaten direla planteamendu okerren lasterbide. Ikasleari azterketak egitea eskatzen zaio; ikerlariari, ordea, aldizkari arrakastatsuetan artikulu ugari argitaratzea. Berriz ere, zientzialariak ez dira izaki puru eta objetibo bezala agertzen. Ikasleak bezalaxe, jendartearen parte dira, jendarteko balioen jabe, beraz. Zientziak azterketak gainditzen ditu, baina asko geratzen zaio ikasteko oraindik. •