GOI-MAILAKO KIROLARIAK -

Gozatu egiten dute kirolarekin eta hori euren hitzetako bakoitzean nabarmentzen zaie. Goi-mailan aritzea lehen pertsonan ezagutu dute, haren zirrara eta baita zailtasunak ere. Kiroletik bertatik etorritakoak hesi batzuk, emakume izanak ekarritakoak besteak. Kirolarekiko grinak lagundu die guztiak gainditzen, «gainerakoan ez duzu biderik egiten».

Maider Eizmendi

2012ko Urriaren 05a

«Hain da handia gutariko bakoitzak kirolareriko sentitzen dugun pasioa, jarritako oztopo guztiak jakin ditugula gainditzen. Zailtasun bat duzunero kirola uztea pentsatzen hasten bazara, bidean geratzen zara», hala mintzatu zen Leire Olaberria txirrindularia Emakundek antolatu dituen Emakumea Goi Mailako Kirolean III. Jardunaldietan. Mahaiaren bueltan eserita zeuden baieztapen hau berretsiz Naroa Agirre pertiga-jauziko atleta, Maider Unda borrokalaria eta Tania Lamarca gimnasta ohia. Laurek euren kirol hastapenetatik hasi eta goi mailako kirolera iritsi bitartean izandako zailtasunak hartu zituzten ahotan, bai eta behin goi-mailara iritsita ere gainditu beharreko trabak eta, noski, bai eta maila horretan bizitutako sentsazio eta poztasunak.

Kirolarekiko grina erakutsi zuten laurek. Olaberriak, Agirre k eta Undak, oraindik orain, goi-mailan aritzearen zirrararekin bizi dute hura; Lamarcak aspaldi utzi zuen gimnasia erritmikoaren goi-maila, baina ordurako, 16 urterekin jada, lepoan jantzia zuen Olinpiar Jokoetako urrezko domina. «Maila pertsonalean hark izugarrizko balioa izan zuen niretzat; une hartan uste nuen, gainera, zerbaitetarako balio izango zuela dominak; hura lortu zuten gainerako kirolari guztien pare jartzen ninduen», aitortu zuen. Ondoren, hala ere, Estatu espainoleko taldetik kanporatu zuten eta «gimnasian aritzen den norbaitek talde nazionaletik kanpo ez du zer eginik». Goiz utzi zuen, beraz, goi mailako kirola.

Tania Lamarcaren esperientzia hasieratik da bestelakoa, kirolaren aukeraketatik bertatik. Gimnasia erritmikoan neskak dira nagusi; izatez, ia bakarrak dira, mutilak gutxinaka ari dira-eta kirol disziplina honetara gerturatzen, besteak beste, neskei eta mutilei egozten zaizkien estereotipoak direla tarteko. «Nire ikastetxean kirol eskaintza handirik ez zegoen, neskek gimnasia besterik ezin genuen egin ia», aitortu zuen Lamarcak. Gainerakoek ere baieztapen hau berretsi zuten, aukera eskasa zela eurak haurrak zirenean.

Kirol eskaintza

Urte batzuk pasatu dira ordutik eta egoera aldatu da, ordea. Gaur egun, neska mutilei egiten zaien kirol eskaintza zabalagoa eta anitzagoa da. Hala ere, horretan lanean jarraitu behar dela nabarmendu zuten, «oinarri-oinarrizkoa baita neskak kirolera lotu daitezen», hautuen artean erabat asebeteko dituen diziplina aukeratzeko aukera ematea.

Jardunaldien atarikoan, Blanca Urgell Kultura sailburuak ere ideia bera nabarmendu zuen: «Oinarrizkoa da administrazio publikoek kirol arloan berdintasuna egon dadin eta emakumeen kirol praktika handitzeko lan egitea, maskulinizatuak dauden kirol praktiketan emakumeen parte hartzea handitzeko aukera emanda», adierazi zuen.

Gainera, nerabezaro garaian, neskek kirola uztea ekiditeko modu bat izan daiteke, gertaera hori oso ohikoa baita, bai eta kirol arlotik kanpora ere berdintasunaren aldeko urratsak ematekoa ere. Izan ere, Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak aitortu bezala, kirolean berdintasunaren alde egiteak, beste arlo askotan berdintasunaren alde egitea dakar, hedabideen alorrean duen eraginagatik, eta, batez ere, ereduak sortzerakoan duen zeresanagatik. «Goi mailan aritzen diren kirolarien erreferente sozialak sortzea oinarrizko da berdintasunaren eta gizon eta emakumeen aukera berdintasunaren alde lan egiteko», azaldu zuen.

Eskaintzaz gainera, neskatoak kirolari lotzeko, hastapenetan entrenatzaile gisa dituzten pertsonen grina ere ezinbestekotzat jo zuten mahai inguruan parte hartu zuten kirolariek «Ikasgai batzuekin bezala gertatzen da; batzuk gustuako dituzu, eta beste batzuk, gutxiago; gustuku ez duzuna baina irakasle gogotsu eta on batek ematen badizu, jarrera onez hartzen duzu. Kirolarekin gauza bera gertatzen da; pasioa trasmititzen dakien entrenatzaileak edonor lotu dezake kirolera», mintzatu zen Olaberria. Izatez, entrenatzaileek, inguruan duzun jendeak, lagun taldeak; kirol ibilbidean makina bat lagunek dute zeresana.

Ereduak

Eta ereduak izateak? Kasurik gehienetan erreferentzia gisa hartu zuten emakume kirolaririk ez dutela izan aitortu zuten laurek. Hala ere, erreferenteak izatearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuten. «Haur guztiek nahi dute Messi edo Ronaldo izan. Zergatik? Haiek dira eta han eta hemen ikusten dituztenak, erreferentetzat hartzen dituztenak. Inork ez du Naroa edo Tania izatearekin amesten, ordea», azaldu zuen Lamarcak. Horrek noski, zeresana du neska-mutilek egiten duten kirol aukeraketarekin, bai eta batzuek eta besteek kirola sentitu eta bizitzeko duten moduarekin ere.

Diziplina batzuek eta besteek bizi duten egoeraren gainean ere jarri nahi izan zuten arreta. Nabarmendu zutenez, zenbait kirolek, futbolak, saskibalioak eta tenisak kasu, nagusitasun oso hartzen dute urtean zehar. Hala ere, aurtengo udan jokatu diren Olinpiar Jokoak ahotan hartu, eta makina bat diziplinetan izandako audientziak nabarmendu nahi izan zituzten. «Jende askok, nahiz eta kirolak ia ez ezagutu, edozer ikusten dute. Dena den, jokoak amaitu ondoren, akabo, berriz ere, futbola, saskibaloi apur bat eta tenisa ikusten ditugu berriro guztiok», aipatu zuen Agirrek. Arlo horretan hedabideetan aniztasun gehiago izatea komenigarria litzatekeela iritzi zioten, emakume kirolarientzat eta kirolarentzat oro har.

Baliabide ekonomikoak

Ikusgarriago egiteak, izan ere, agian baliabideak lortzeko erraztasun gehiago emango lizkieteke emakume kirolariei. Sosen gaiari helduta, deigarria gertatu zen Maider Unda borrokalariaren kasua. Bere kirol ibilbidearen hasieran lehiaketa askotan parte hartzeko aukerarik ez zuen, besteak beste, askorik ez zegoelako. Behin antolatzen hasi zirenean, ordea, haietara joateko ere zailtasunak izan zituen, bere poltsikutik ordaindu behar izaten baitzituen bidaiak eta egonaldiak. «Egoera borroka librea kirol olinpiko izango zela erabakitzean etorri zen. Orduan minimoak lortu ahal izateko txapelketetarako laguntzak ematen hasi zitzaizkidan, ordura arte ezertxo ere ez», azaldu zuen.

Babesle pribatuak lortzeko aukeraren gainean ikusleek galdegin zioten. Zailtasunak ikusten dituzte horretan, eta hori euren esanetan, estu estuan dago lotua, zenbait disziplinari eta haietan aritzen diren emakumeei bereziki eskaintzen zaien arreta eskasarekin.

Kirol arloan, berriz, entrenamenduetan kide dituzten gizonen aurrean errespetua «irabaztea» egokizu zaiei: «Ni pistako txirridularitzan hasi eta hiru hilabetera Espainiako Txapelketara joan nintzen eta hiru domina irabazi nituen. Asko pentsarazi zidan hark. Izan ere, nire ustez, ez nintzen hainbeste domina jasotzeko moduko txirrindulari ona. Nire kideak esan zidaten ez kontuan hartzeko nesken kasuan oso erraza zela hori», kontatu zuen.

Ondoren, baina, eskarmentua hartu eta nazioarteko mailan lehiatzen hastean, bere lana askoz ere errekonozituago sentitu duela adierazi zuen: «Eurekin abiatu eta haiek gogor egin eta zuk jarraitzen badiezu euren errespetua irabazten duzu; alde batetik bestera pasatzen zara, itsusiak jasatetik oso estimatua eta zaindua sentitzera».

Oro har, baina gizonen aurrean baino, momentu askotan besteen aurrean erakusteko premia sentitu dutela aitortu zuten.

Amatasuna da goi-mailako kirolean aritzen diren emakumeek eta ama izan nahi dutenek gizonengandik desberdin bizi duten esperientzia. Haurdunaldiko hilabete batzuetan kirola utzi beharrean izaten dira ama izatea erabakitzen duten kirolariek, baina zailtasunak haurdunalditik haratago ere topatzen dituzte.

Arlo horretan, aurrerapausoak eman direla onartu zuten; izan ere, lehen haurra izatea erabakitzen zuen emakumeak kirolari gisa jasotzen zuen beka galtzen zuen. Orain gorde egiten zaie, eta horrek arlo ekonomikotik behintzat gauzak erraztu ditu. Alor emozionalari heldu zioten baina. «Nik egiten dudan kirolaren ezaugarriengatik amatasuna alboratu egin dut oraingoz behintzat. Denbora handia pasatzen dut etxetik kanpo entrenamendu eta lehiaketetan eta, haur bat izanez gero, ez dut uste hura etxean utzi eta lasai joateko gai izango nintzatekeenik».

Dominei ematen zaien «gehiegizko garrantziaz» ere kexatu ziren mahai inguruan eseritako kirolariak. «Nik bosgarren postua eskuratu nuen Pekinen; niretzat ez nuen ezer galdu, baina hedabideek sentsazio hori izatera behartzen zaituzte ia», azaldu zuen, aurtengo jokoetan brontzezko domina lortu duen Undak. «Asko nekatzen gaitu horrek –aitortu zuen Agirrek–, azken batean prestatzeko egin duzun lana eta esfortzua bera delako». Askotan bidean bertan, helmugan bezainbeste disfrutatzen dutela gogorarazi zuten: «Izan dezakezun minik handiena ez da emaitza ez lortzea, zuk egiten duzun horrekin disfrutatzeari uztea baizik; horrela pentsatzen, ordea, adinak erakusten dizu, gazteei batez ere irabazten irakasten zaielako».

Ezgaitasuna duten kirolariak

Ezgaitasunen bat duten kirolarien egoeraren inguruan ere aritu ziren hitz egiten. Mikel Izagirre Kirol Egokituen Federazioko lehendakariak azaldu zuenez, ezgaitasunen bat duten emakume kirolarien kasua bereziki larria da: «azken postuan egoten dira beti».

Datu bat ematearren, «kirol egokituko lizentzien %30 bakarrik» daudela emakumeen esku aipatu zuen. Gizartearen aurreritziak dira haientzako arazo nagusia. «Badira, ordea, beste makina bat hesi gainditzen eta kirola egiten hasten diren emakumeak. Gainera, beste emakume guztientzat jarraitu beharreko erreferente bilakatzen dira», azaldu zuen.

Ezgaitasunen bat duten gizonek eta emakumeek kirola egiten hasteko arrazoak ere askotarikoak dira. Emakume gehienek erreabilitaziorako baliabide gisa ikusten dute kirola, eta hala hasten dira. Ez dute lehia helburu izaten, gehienetan.

Kirolean zein gizartean, emakumeek ibilbide luzea egin duten arren, oraindik ere bide luzea geratzen zaie berdintasunera iristeko, jardunaldietan agerian geratu zenez. Batak bestea elikatuko duela nabarmendu zuten, ordea: gizartean berdintasunaren alorrean emandako urratsek kirola; eta kirolean lortutakoek, gizartea.