Atzerritar bati bi hitz euskaraz entzun eta hunkitu egiten gara, hizkuntza handietakoek ez duten sentiberatasuna dugu nonbait. Munduaren beste puntan norbaitek EGA atera duela entzun eta zur eta lur geratzen gara. Nondik datorkie euskararekiko eta euskal kulturarekiko jakin-min hori? Zertarako ikasten dute?
Joxean Agirre
2012ko Urriaren 05a
Hizkuntza guztiak dira miresgarriak, baina euskarak badu plus bat, zaharra eta jatorri ilunekoa delako eta baita hizkuntza gutxitua delako ere. «Euskarak asko erakartzen du, baina aldi berean ikasteko orduan, baliabide oso urriekin lan egiten behar izaten dute», hasi zaigu Mari Jose Olaziregi, Etxepare institutuko promozio zuzendaria, munduan barrena euskara ikastaroak ematen ari diren 40 unibertsitatetako lanaren gainean hitz egiten.
Zein dira euskara ikastera gerturatzen diren ikasle horiek? Zerk bultzatuta hasten dira euskara ikasten? Horiek dira denoi burura datozkigun lehen galderak. «Martxoan, esate baterako, Carlos Cid Abasolorekin, gure programan aspaldidanik ibili den irakasle madrildarrarekin, egon ginen Alcala Unibertsitatean ikastaro horietako batean. Hiriburuko beste zenbait unibertsitateetako ikasleak biltzen zituen eta galdera horixe egin genien, ea zergatik ari ziren euskara ikasten, eta era guztietako erantzunak bildu genituen. Bazegoen hizkuntzalari japoniar bat euskararekin liluratuta zegoena eta, batez ere, morfologiagatik eta sintaxiagatik euskara ikasten ari zena. Baina bazegoen madrildar gazte bat kontra egiteagatik ikasten ari zena. Esaten zuenez, Madrilgo komunikabideetan bereziki euskaldunen eta euskararen kontrako giroa nabaritzen zuen eta kontra egiteagatik erabaki zuen ikastea. Beste batek esan zigun Benidormen ematen zuela uda, han euskaldun taldeak ezagutu zituela, eta liluratuta geratu zela gure izaerarekin. Aitona euskalduna zuen madrildar bat ere ari zen ikasten. Era askotako ikasleak daude ikasgela horietan. Arbaso euskaldunak dituzten ikasle asko aurkitzen duzu talde horietan. Nik New Yorkeko Columbia unibertsitatean katedradun biologo ospetsu batekin bazkaldu nuen. Arbasoak Errioxakoak zituen. National Geografic erakundeak abiatu duen DNAari buruzko ikerketa erraldoian parte hartu zuenean jakin zuen arbasoak euskaldunak zituela, eta orduan hasi zen euskara ikasten New Yorken. Jende horren aurrean liluratuta geratu ohi naiz. Lan honetan hasi nintzenetik, eta munduko unibertsitate onenetara egin ditudan bisitetan –Stanford bigarrena edo hirugarrena izango da munduan edo Chicago bosgarrena–, sekulako jakin-mina aurkitu dut euskararekiko eta euskal kulturarekiko. Badakite bizirik dagoen altxor bat dela. Amaia Gabantxo da irakurlea da Chicagon, eta Linguistikako departamenduan ari da lanean. Batzuek esan ziguten swahilia ikasten ari zirela, hizkuntza aurre-indoeuroparrak interesatzen zitzaizkielako, baina Europan hizkuntza aurre-indoeuropar bakarra euskara zela», jarraitu du.
Lektoretza programa horietan euskara ikasten ari diren ikasleen artean bekak ere banatzen hasi da Etxepare Institutua, eta Maizpiden edo beste barnetegiren batean bildu izan dira maila hobetzeko.
Etorkizuneko itzultzaileak
«Zergatik da hain estrategikoa atzerrian egiten dugun lan hau?», galdetu dio bere buruari Olaziregik eta berehala erantzun du: «Etorkizuneko itzultzaileak talde horietan daudelako. Horregatik bakarrik mereziko luke programak aurrera eramatea». Denetik entzun behar izan dute. «Programa honen bidez mundua euskaldunduko ez dugula esaten digute, baina ez da hori helburua. Diru gehiegi xahutzen dugula esaten dute, ezer ez lortzeko. Eta ez da egia. Helsinkin lan egiten duen Hanna Lanttoren hitzarmenak, esate baterako, zer kostu izango du? 8.000 euro ikasturteko? Bertakoa da, unibertsitateko irakaslea da, EGA du eta lan gehigarri bezala hartzen du hau. Egia da ikasle gutxi dituela, zazpi edo zortzi. Bistan da martxa honetan ez duela Helsinki euskaldunduko, baina talde horretatik aterako dira bihar euskaratik suomierara lanak itzuliko dituzten itzultzaileak, seguru nago. Eta oso inbertsio ona da. Kontuan hartu behar da, bestalde, euskara irakasten duten unibertsitate horietako batzuk botere gune ere badirela. Horietatik aterako da, esateko, biharko intelligentsia eta hor euskara presente egoteak garrantzia du», dio haserre pixka batekin.
Hasieran, programa Hego Amerikan finkatu zen, batik bat. Euskara ematen duten bi unibertsitate daude Argentinan, lau Txilen eta bat Uruguayn, eta hortik ipar aldera zabaltzen ari dira. Europan indartzen ari da, «Hungarian, esate baterako, Izaskun Perez hasi da lanean. Gasteiztarra da, Itzulpegintza ikasi zuen. Budapesten eta Szegeden Gaztelania erakusten zuen, eta bere ekimenez, euskara erakusten hasiko da. Hitzarmena sinatugenuenean Budapesten, Hizkuntza Erromanikoen Sailekoekin bildu nintzen. Euskara irakasten duela hogei urte hasi zirela esan zidaten. Nola egin zuten galdetu nien. Henrike Knorrek zuen sare bati esker hasi omen ziren. Hiru irakasle hungariar elkartu eta hizkuntza iberiarrak ikasten hasi ziren: batek, katalana, besteak, galegoa eta hirugarrenak, euskara. Maizpidera etorri zen euskara ikastera, eta euskarako eskolak ematen hasi zen Budapesten. Inolako laguntzarik gabe aritu dira lanean. Harrigarriak dira kontu horiek. Lektoretza programaren aurkezpen ekitaldian omenalditxoa egin nahi izan genien euskara irakasten aritu zirenei. Ekitaldi hori bukatu zenean, eskola horietan euskara ikasi zuen ikasle batekin egon nintzen, eta ikasita zuenarekin Budapesten elkarrizketa euskaraz jarraitzeko gai izan zen. Hunkigarria da hori», gogoratu du.
Euskararekin bakarrik?
Joan den apirilean Polonian bira egin zuten. Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi idazleak, Jabi Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariak ziren taldean. Hango lektoretza lekuetan emanaldiak egin zituzten, Varsovian, Poznanen eta Gniezon. «Hunkigarria ez da hitza, beste zerbait behar da eman ziguten harrera definitzeko. Bertako telebista nazionalak eta irratiak elkarrizketak egin zizkiguten eta elkarrizketa oso serioak, gainera. Euskal kulturari buruz oso ondo informatutako jendea jarri ziguten aurrean. Varsovian euskara ikasten ari zirenen kopurua ikustekoa zen. Ni lehenago itzuli nintzen, baina geratu zirenek kontatu zidatenez, Gniezora joan eta lau izarreko htelera gonbidatu zituzten. Hoteleko nagusiak txanpanarekin itxaron zituen, eta emanaldiaren ondoren, herriko alkateak eskerrak emateko hitz egin zuen. Badakit beste batzuekin ere horrela arituko direla, baina, nire ustez, euskarak plus bat du», dio Olaziregik.
Poznango lektoretza Bizkaiko Aldundiak bultzatu zuen garai batean. Egungo lektotoreetako batzuk handik atera dira, eta zuzeneko itzulpena egiteko gai dira. «Poloniarren jakin-mina izugarria da. Kataluniarrek , Ramon Llull institutukoek, katalana Polonian salbatuko dela ere esan didate. Poznango zentroa famatua izan da aspaldidanik. Adam Mickiewiez Unibertsitatearen babesean dagoen zentro honetara, agenteak etortzen ziren Soviet Batasunaren garaian hizkuntzak ikastera. Ez dakit zer sistema erabiltzen duten hizkuntzak irakasteko, baina eraginkorra da. Hitzarmena izenpetzera joan nintzelarik, ohartu nintzen edozein irakaslek sei edo zazpi hizkuntza hitz egiten zituela, eta baziren swahilia eta euskara erabiltzen zituztenak ere», gogoratu du.
Zenbat ikasle?
Hasi berri den ikasturte honetan, munduko berrogei unibertsitatetan emango dira irakurletza programak. Zenbat ikaslek ikasten dute euskara eta euskal kultura horien bidez? «Txilen edo Bartzelonan, bi adibide aipatzearren, kopuru handiak dira. Gela batean 30 ikasle aurki ditzakezu. Beste batzuetan, ordea, kopuruak askoz ere txikiagoak dira. Chicagon hamar bat izango dira, Kontanz-en, hogei inguru eta Stanford-en, lau bakarrik. Taldetxoa sortzea izaten da zailena eta bost bakarrik badituzu ere, hastea komeni izaten da. Ikasketak hiru urtekoak izaten dira normalean», dio Olaziregik
Hogeita hemeretzi hitzarmen ditu Etxepare Institutuak, baina 32 lektore ari dira lanean, zenbait kasutan, lektore bakar batek bi edo hiru unibertsitatetan lan egiten duelako. Hori da, esate baterako, Olatz Sanchez Lamikizen kasua, Txileko lau unibertsitatetan ematen baititu euskara eta euskal kulturari buruzko eskolak. «Neska hau harrigarria da, lau lekutan dabil lanean eta sekulako ikasle piloa dauka. Txilekoa da guk lagunduta lanean ari diren irakurletza programen artean indartsuenetakoa. Egia da Argentinan, Txilen eta Uruguayn badagoela euskal arrasto sendo bat. Diotenez, Argentinan euskal jatorria duten pare bat milioi lagun bizi dira, eta Buenos Aires eta inguruetan 64 euskal etxe daude. Baina euskal arrastoak baino eragin handiagoa dauka lektorearen lan egiteko moduak», dio.
EAEko aurreko agintaldian sortu ziren lektoretza programak 24 unibertsitatetan. Etxepare Institutuak gehitu egin ditu, eta lektoreak aukeratzeko modua aldatu du: «Guk lektoreak aukeratzeko modua aldatu genuen eta geroztik deialdi publiko baten bidez aukeratzen dira. Egia da, dena den, deialdietan aurreko lektoreak hautatu ditugula. Hori da, esate baterako, Helsinkin lanean ari den Hanna Lanttoren kasua, edo Bartzelonako Unibertsitatean ari den Aritz Galagarrena, edo Varsoviako Aitor Arruzarena. Gero eta jende gehiago aurkezten da deialdi hauetara, eta gazte oso ondo prestatuak izaten dira, gainera».
Unibertsitateko departamenduetan euskara eta euskal kultura irakasteko, tokian tokiko hizkuntza erabili behar izaten dute, euskarazko eskoletan ere bai, lagungarri moduan. Kontratua unibertsitateak egiten die, baina irakurlearen aukeraketa Etxepare Institutuaren esku dago, bizpahiru onenak bidaltzen ditu.
Olaziregiren ustetan, «oso garrantzitsua izan zen AEBetan presentzia handitzea, izen handiko unibertsitateetan egon behar genuelako, Stanforden, Santa Barbaran, New Yorken edo Chicagon. Euskal arrastoa duten lurraldetik kanpo ere programa indartzea ona zela ikusten nuen. Alemanian bi unibertsitatek zituzten hitzarmenak, Berlinekoak eta Frankfurtekoak. Konstanz-en lortu genuen hirugarrena, eta aurten, Leipzig-en, laugarrena. Italian bi ditugu, Venezian ea Bolognan, eta pertsona bakarra arduratuko da eskola guztiak emateaz. Bi unibertsitate horietan hizkuntza ugari irakasten dituzte, eta sekulako interesa erakutsi dute horregatik. Bolognan bizi den pertsona batek lortu du postua».
Batzuetan unibertsitateak izaten du programaren berri ,eta eskean etortzen da. «Liverpoolen kasuan, esate baterako, haiek eskatu ziguten. Juan Aranak lortu zuen tokia, eta oso programa polita dute martxan. Juan Arana madrildarra da, eta euskaldun berria. Carlos Cidekin ikasi zuen euskara, Renon egin zuen tesia eta Maizpiden atera zuen EGA. Espainoleko lektoreek, esate baterako, gauzak errazago dituzte, Cervantes Institutu indartsua ondoan dutelako. Gure lektore hauek dinamizatzaile ere badira, eta euskal kulturaren inguruko ekitaldiak antolatzen dituzte», dio Olaziregik
Erromakoa, kasu berezia
Joan den urtean abian jarri zituzten programen artean, Leipzig, Pabe, Bologna, Venezia eta Budapestekoa aipatu ditu Olaziregik. Paubekoaz, esate baterako, Xabi Paia arduratzen da. Birminghamekoa utzi, bertara joan baita. «Xabi izugarria da. Berarekin ikasle kopurua berehala igotzen da edozer tokitan. Nik ingelesez bertsotan ikusi dut, eta primeran egiten du. Londresen antolatzen dugun euskal azokan ingelesei bertsotan erakusteko saio bat egiten du. Harrigarria da. Lektoreak trebatzeko saioa egin genuen uztailean. Euskal zinemari buruzko saio bat eman zuen, eta webgune bat ere prestatu zuen. Ur Apalategi eta Charles Bidegain ari dira lanean berak lektoretza emango duen departamenduan. Bordelen ere badugu lektoretza bat, 1956an Rene Lafontek sortua. Jean Haritschelhar, Patri Urkizu eta Xabier Olarra ere egon dira bertan lanean, eta orain Miren Ibarluzea dago, baina ez da gure sarekoa», dio Olaziregik.
Leipzig-ekoa ere punta-puntakoa da. «Lehen mailako lektoretza izango da. Itzulpengintza master bat prestatu dute aurten, eta hizkuntza politikako masterra datorren urtean. Italiakoak ere eskakizun handiko lektoretzak izan dira. Hala ere, lekuan lekuko ezaugarriak izaten ditu lektoretza bakoitzak. Badugu, esate baterako, Erromako Universita Popolare deituarekin hitzarmen bat, baina edonorentzat irekia da lektoretza. Gure programak izaera akademikoagoa dute, baina baditugu hitzarmenak irekiagoak diren erakundeekin ere. Aipatutako Erromako unibertsitateak, esate baterako, publiko irekiarentzat egiten du lan, baina oso dinamizatzaile onak dira», dio. Unibertsitate horretako Euskara eta Euskal Kultura departamenduko koordinatzailea da Adriano Cirulli. Euskaraz moldatzen da, baina nahiago izan du gure galderei italieraz erantzutea; beraz, itzuli egin ditugu. Zientzia Politikoetan lizentziatua da, eta azaroan, Euskal Herriko gaztazkari buruzko liburu bat argitaratuko du, “L’ascia e il serpente. L’ETA e il nazionalismo dopo la lotta armata”, izenburukoa.
Joan den ikasturtean, hiru katedra abiarazi ziren (Bernardo Atxaga literatura katedra New Yorken, Koldo Mitxelena euskal ikasketen katedra Chicagon eta Txillida euskal artearen katedra Frankfurten) eta Mari Jose Olaziregiren ametsa Argentinan, Mar de Platan, ahozkotasuna aztertuko duen laugarren katedra bat antolatzea da, Pello Mari Otañoren izena eramango duena.
MUNDUKO EUSKARA IRAKASLEEI ELKARRIZKETAK
Galderak:
1. Kontatu zure ibilbidea zein izan den: noiz hasi zinen euskara ikasten, eta gaur egun zer lan eta non egiten duzun.
2. Zuen kasua berezia denez (herri unibertsitatea da), aipatu beste lektoretza programekiko dituzuen aldeak
3. Zenbat ikasle dituzu euskara eskoletan eta euskal kulturari buruzkoetan? Zer programazio duzue urtean zehar?
HANNA LANTTO (HELSINKI)
«Ikasle askok hizkuntza txikiekiko elkartasuna sentitzen dute»
1. 2002-2003ko ikasturtean, Deustuko unibertsitatera joan nintzen Erasmus bekarekin, eta euskara ikasteari ekin nion. Urte erdian nahiko ondo ikasi nuen, eta harrez geroztik, joan-etorrian ibili naiz Finlandia eta Euskal herria artean. Joaten naizen bakoitzean, zerbait berria ikasten dut. Duela gutxi hamar hilabete pasa nituen Euskal Herrian eta askoz gehiago ikasi nuen, EGA atera arte. Euskara lektorea naiz Helsinkiko Unibertsitatean. Doktoretza tesia egiten ari naiz Bilbo Handiko code-switching-ari (hau da, hizkuntza nahasteari) buruz eta horregatik azken bi urteotan asko ibili naiz Bilbo inguruan. Beste ikastaro batzuk ere ematen ditut, momentu honetan, praktika eleanitzei buruzkoa, adibidez. Euskal Herria nire bigarren etxea da. Bi lekuen artean zatituta sentitzen naiz. Finlandian nagoenean faltan dut Euskal Herria, Euskal Herrian nagoenean, Finlandia. Hala ere, Euskal Herrian atzerritarra naiz beti, eta kanpotarraren ikuspuntutik ikusten dut bizitza. Agian, horrexegatik, errazagoa gertatzen zait Euskal Herriko panorama linguistikoa ikertzea. Nirea gertuegi daukadalako, ez dut jakiten distantziari nola eutsi.
2. Urtearen arabera. Udazkenean oinarrizko maila irakasten dut, eta momentuz, hamabi ikasle ditut. Udaberrian, bigarren mailara pasatzen dira, normalean sei edo zazpi. Ordutegia funtsezko faktorea da: ikasle gehienentzat euskarako eskola aukera askekoa izaten da; beraz, ordu berean nahitaezko ikasgai bat badute, ezin dute euskara ikasten jarraitu.
3. Gehienek motibazio linguistikoa daukate. Euskara nahiko hizkuntza berezia da, Europako hizkuntzen artean: hizkuntza isolatua, ergatiboa, etab. Ikasle askok hizkuntza txikiekiko elkartasuna sentitzen dute, eta zerbait egin nahi izaten dute hizkuntza gutxituen alde. Gure unibertsitatean, oinarrizko eta bigarren mailak soilik ikasteko aukera daukate, eta horrek pena handia ematen dit. Etorkizunean beste maila batzuk emateko aukera izatea espero dut.
OLATZ SANCHEZ (TXILE)
«Ezin ordain daiteke haiengandik 14.000 kilometrora dagoen herri txiki batekiko duten interesa»
1. Herri erdaldun batean jaio nintzen, Barakaldon, eta eskolak ireki zidan aurreneko atea euskararen mundura. Nerabezaroan, herriko euskara taldean sartu nintzen eta bertan, Sasiburun, urte mordoa eman nituen euskal filologiako ikasketak egin bitartean. Ordurako jakitun nintzen euskaraz bizitzeak zein konpromiso maila altua eskatzen duen, are gehiago nire eskualdean. Maila profesionalean, beti egon naiz euskarara loturik, irakasle, itzultzaile edo teknikari lanen bidez. Une honetan Txileko lau unibertsitatetan nabil euskara irakasle.
2. Txilera etorri eta eskolak emateari ekin nionean, sorpresa ederra hartu nuela aitortu behar dut. Lau unibertsitateetan, batez beste 120 ikasle inguru ditut seihileko bakoitzean; aurten, unibertsitate batean “lengua II” ikasgaia sortu berri dut ikasleek eurek eskatuta, eta taldetxo horretan beste hamar bat ikasle ditut. Klase mistoak egiten ditut, hau da, hizkuntza eta kultura, bi esparruak uztartzen ditut. Ezin irakats daiteke euskara gure ezaugarri kulturaletatik at, gure mundua ikusteko modua kontuan hartu barik. Ikasleentzako oso lagungarria da.
3. Denetariko ikasleak ditut klasean. Beti izango duzu jatorri euskalduna duen bat edo beste baina oro har, motibazio ezberdinek bultzaturik etortzen dira. Batzuek erreferentzia politikoak dituzte; askok musika mailako erreferentziak, euskal talde asko ezagutzen dituzte! Bada euskararen jatorria ezagutu nahi duenik ere, edo beste barik, zientziari loturiko karrera ikasten ari direla eta, historia edo letretako ikasgaia hautatu nahi dute zenbakietatik ‘ihes’ egiteko. Ezin ordain daiteke ikasleek haiengandik 14.000 kilometrora dagoen herri txiki baten historia eta hizkuntza ikasteko erakusten duten interesa.
AMAIA DONES (POZNAN)
«Oro har, Etnohizkuntzalaritzako ikasleek euskara maila oso ona dute»
1. Nik euskara etxean ikasi nuen, Gasteizen, gurasoekin. Itzulpengintza ikasketak amaitu, eta lektoretza beka eskatu nuen Poloniara etortzeko. Duela 4 urte izan zen hori, eta oraindik hemen nabil, euskara eta euskal kulturako ikasgaiak irakasten Adam Mickiewicz Unibertsitatean, Poznan hirian.
2. Egia esan, ikasle kopurua ez da handia: lau taldetan banatuta, 20 bat ikasle ditut. Bestalde, euskal literaturako eskolak ematen ditut, gazteleraz, eta horietan Espainiar Filologian literatura espezializazioa aukeratu duten ikasle guztiek parte hartzen dute, euskara jakin edo ez. Poznaneko Unibertsitatean bi ikasketatan irakasten da euskara: Espainiar filologian ‘Iberiar Penintsulako bigarren hizkuntza’ irakasgaia nahitaez aukeratu behar dute. Euskara, katalana edo portugesa dituzte aukeran. Etnohizkuntzalaritzako ikasketetan espezializazio hizkuntza da euskara, eta horrek esan nahi du ordu kopuru altua izateaz gain (astean 7 ordu), euskara-poloniera itzulpena eta Euskal Herriko historia eta kultura ere ikasi behar dutela. Oro har, Etnohizkuntzalaritzako ikasleek euskara maila oso ona dute. Ekintza kulturalak ere egiten ditugu Poznanen.
3. Gehienek euskara ikasten hasten direnean ez dakite Euskal Herria zer den, ez non dagoen ere. Askok kuriositateagatik hartzen dute. Kontuan izan behar dugu Etnohizkuntzalaritzako ikasleek euskara ez ezik, besteak beste, hindia, txinera, khmerrera eta tailandiera ikas ditzaketela. Berez, hizkuntza bereziak ikasi nahi dituzten ikasleak izan ohi dira.
GURUTZNE ETXEBERRIA (MEXIKO)
«50-60 ikasle izaten ditut ikasturte bakoitzeko»
1. Amezketarra naiz, eta aita eta ama ere bertakoak, beraz sehaskatik jaso nuen euskara. Euskal Filologia ikasi ondoren, Oreretako Udal Euskaltegian ia hamasei urte egin nituen lanean, eta puntualki Pasaiakoan. Bizitzan aldaketa bat behar nuen, eta lankide batek esan zidan Euskal Herritik kanpo euskara irakaskuntzan aritzeko irakasleak behar zituztela. Prozesu luze baten ostean, aukeratu nindutela esan zidaten, eta han bertan erabaki behar nuela Poloniara edo Mexikora joan. Hogeita hamar segundotan erabaki nuen Mexikora etorriko nintzela. Lehen urtea ez zen erraza izan. Konpromisoa urtebeterako zen eta zazpigarra da jada.
2. Ia ikasturtero 50-60 ikasle izan ditut eta ditut. Ardatza euskara izanik ere lehen eskola egunetan ez da hainbeste lantzen. Poliki-poliki hasten gara gai orokorrekin, eta gai bakoitzaren inguruan ere oso modu orokorrean hasten naiz. Geografia, historiaurrea, historia, mitologia, ohiturak, gastronomia, herri kirolak… Pixkanaka euskarak presentzia handiagoa lortzen du eta ardatz nagusi bilakatzen dut. Nahiz eta nik programazio bat egina izan, sarritan aldaketak ematen dira.
3. Nire lehen eskolako galdera izaten da. Zergatik zaudete hemen? Erantzunak denetarikoak izaten dira, eta aurrean ditudanak ere bai. Gutxi batzuk dira Euskal Herritik etorri zirenen ondorengoak. Estatu espainolaren barruan dagoen ‘desberdintasuna’ ezagutu nahi dute batzuk, eta handik heltzen diren berrien inguruan jakin-mina dutenak ere badira. Musika ere arrazoietako bat izan da. Fermin Muguruza ikono da hemen askorentzat, eta haren kantek esaten dutena ulertu nahi dute beste batzuk...
ARGITXU CAMUS (SORBONA III)
«Parisko euskal komunitatearekin zubiak eraikitzen ere ahalgintzen gara»
1. Euskara –hain zuzen ere, xiberotarra– etxean ikasi nuen. Aita euskaldun berria da. Amak haur denboran euskara baizik ez bazuen mintzatzen, frantses eskolara joatearekin batera euskara ahantzi eta hogei urterekin berreskuratu zuen. Ni eta nire hiru ahizpak ikastolara bidali gintuzten, lehenik Maulera (lehen maila) eta hortik Lapurdira (batxilgora arte). Parisko Sorbonne Nouvelle unibertsitatean euskara eta euskal kulturako irakurle naiz. Bigarren ikasturtea hasi berri dut Parisen.
2. 30 ikasle dira euskara klaseetan (bi maila ezberdinetan banaturik) eta 15, euskal historia eta kulturako klaseetan. Klase erregularrez gain, programazio puntualak antolatzen ditugu, izan mintzaldi, jardunaldi edo kontzertu. Adibidez ,Maddi Oyhenart kantari xiberotarra unibertsitatera etorri zen kontzertu bat ematera. Irakurle katalandar eta galiziarrarekin batera jardunaldi literario bat ere antolatu genuen joan den apirilean, oso arrakastatsua izan zena: ‘La littérature des langues sans Etat’ (Estaturik gabeko hizkuntzen literatura). Bernardo Atxagaren presentziarekin kontatu ahal izan genuen. Parisek badu abantaila bat azpimarratzekoa dena ere: Euskal komunitate dinamiko bat badu bere baitan, haren etxe eta aktibitateekin. Ondorioz saiatzen gara unibertsitateko euskal programaren eta Parisko euskal komunitatearen arteko zubiak sortzen.
3. Klase horietan izena ematen duten ikasleak horizonte ezberdinetarik heldu dira, eta arrazoi ezberdinek bultzatzen dituzte. Euskal jatorriko batzuk daude, baina gutxi. Klase horiek ikasle askorentzat interes handikoak dira, haien ikasketa eremutik oso hurbil baitira: Europar Ikasketak egiten dituztenek, adibidez, Europako talde gutxitu bat hurbiletik ezagutzeko parada dute, eta Linguistikakoek Europako hizkuntza zaharrenetariko bat denaren egitura bereziari hurbiltzekoa. Ikasle gehienek jakin-mina dute eta motibatuta daude. Euskal historia eta kultura eskolak seihieko batez edo biz jarraitu ditzakete. Euskara eskolak∫, berriz, hiru urtez segi ditzakete.
ELKARRIZKETA
ADRIANO CIRULLI (ERROMA)
«Euskal Herriko seme ordeko sentitzen gara»
Kontatu zure ibilbidea zein izan den.
Zientzia Politikoetako ikaslea nintzela, ikasturte bat eman nuen Donostian, 2001ean, Erasmus programari esker. Estatu espainiarreko mugimendu nazionalistei buruzko lizentziatura tesia egin nahi nuen, eta materiala biltzen saiatu nintzen egonaldi horretan.
Erromara itzultzean, Associazione Culturale Euskara (ACE), Erromako euskal etxea, ezagutu nuen. Bertako kide gehienak italiarrak ginen eta gara (Erroman apenas ez da euskal diaspora egonkorrik). Elkartean sartu, eta euskal kultura ezagutzera emateko antolatzen diren ekintzetan parte hartzen hasi nintzen. Università Popolare di Roman (UPTER), Euskara eta Euskal Kultura departamendua 2004an sortu zen, eta orduan hasi nintzen euskarako eskolak hartzen, jakin-mina nuelako eta baita premiazkoa ikusten nuelako ere. Egiten ari nintzen tesirako euskarazko dokumentuak aztertu beharrean nengoen, eta ikasturte hori oso ondo etorri zitzaidan. 2011an, departamendu horretako koordinatzaile izateko proposatu zidatenean, pozik hartu nuen lan hori. Zientzia Politikoetako ikertzaile interinoa naiz unibertsitate horretan, eta Euskara eta Euskal Kulturako departamenduko koordinatzaile.
Zuen kasua berezia denez (herri unibertsitatea da), aipatu beste lektoretza programekiko dituzuen aldeak.
UPTERek 25 urte daramatza helduentzako ikastaroak antolatzen. Heziketa jarraituko erakunderik sendoenetakoa da Europan. ACEk euskarari eta euskal kulturari buruzko ikastaroak emateko aukera planteatu zuenean, berehala onartu zuen unibertsitateak. Unibertsitatearen filosofia, hain zuzen ere, horixe da: nahitaez unibertsitatekoa izan behar ez duen publiko batentzat ikastaroak antolatzea. Beste lektoretza programa guztiak egitura akademiko oso espezializatuen barruan kokatzen dira. Gurea, aldiz, zabalagoa da. Ikasle asko unibertsitatekoak dira, baina ez guztiak. Gure ikasleen artean, ez dira gutxi unibertsitatean ikasketarik egin ez arren, euskal kultura ezagutu eta euskara ikasteko gogoa dutenak, eta ahalegin hori egiten ari direnak. Ez dut zalantzarik egiten beharrezkoak direla lektoretza unibertsitarioak. Oso beharrezkoa da nazioarteko unibertsitateetan euskararen presentzia indartzea, baina aldi berean ezinbestekoa da unibertsitarioa ez den publiko batentzat ikastaroak eskaintzea. Ezin da ahaztu euskara hizkuntza gutxitua dela, eta haren promozioa ezin da hizkuntza erraldoiekin bezala egin.
Zenbat ikasle dituzu euskara eskoletan eta euskal kulturari buruzkoetan. Zer programazio duzue urtean zehar?
Herri unibertsitate baten barruan lan egiteak egitarau malguarekin lan egiteko aukera ematen digu. Alde batetik, eskarmentu handia eta EGA titulua duten euskal irakasleekin euskarari buruzko ikastaro ‘arruntak’ ematen ditugu. Horretaz gainera, 15-20 orduko ikastaro laburrak ere antolatzen ditugu ,euskararen hastapenak ikasi edo euskal kulturaren oinarriak emateko. Historia, literatura, musika eta beste hainbat arlo jorratzen dituzten diziplina arteko moduluak ematen ditugu. Irakasle italiarren edo italiarrak ez direnak eman ditzakete. Ikasle asko hastapenak ematen dituzten ikastaro hauetan matrikulatzen dira, informazio zabalagoa bilatu nahi dutelako ,edo euskarako ikastaroak egiten hasteko ez direlako gai sentitzen. Ikastaro labur horien buruan asko ikastaro luzeak egitera animatzen dira. Azken urteetan, hastapeneko ikastaro labur hauek beste hiri batzuetara ‘esportatu’ ditugu eta euskara eta euskal kulturari buruzko ikastaro laburrak antolatzen ari dira Italiako zenbait hiritan. Hau da azken aldi honetan egin dugun apusturik gogorrena. Izan ere, gisa honetako ikastaroen eskaera gehitzen ari dela ikusi dugu. Ikasturte honetan, Milanen hasiko gara euskara eta euskal kulturaren ikastaroa ematen. Gure filosofia ez da ikastaroak soilik ematea, euskara eta euskal kultura modu ezberdinetan lantzea baizik. Mintegi zenbait ere antolatu ohi ditugu; ‘Euskanta’, esate baterako, eta oso harro gaude ekintza horretaz. Erromako Haur Hezkuntzako ikasle talde batek euskaraz idazten ditu kantak, gure irakasleen laguntzarekin eta CD batean grabatzen ditu, ondoren. CD hori urte bukaerako festa batean aurkezten dute. Ekintzaren bidez, Erromako haur eta familia ugarik izan du euskararen berri. Hiru ikasturtetan egin dugu ekintza hori, eta azkenekoan, irratirako antzerki bat ere grabatu genuen, aktore-ikasle talde batekin. Ekintza hauek burutzeko, ACEren laguntza dugu. Bestalde, festak, liburu aurkezpenak, kontzertuak, hitzaldiak eta sukaldaritzaren inguruko ekitaldiak antolatzen ditugu, Euskal Astearen barruan, bereziki. Gure ikastaroetan dabiltzan ikasle kopurua oso gorabeheratsua da. Euskara ikasteko ikastaroetan kopurua urriagoa da, motibazio handia eskatzen duen erabakia delako. Dozena batzuk badira gainerako ikastaroetan eta mintegietan dabiltzanen artean.
Zer-nolako ikasleak dira, zerk bultzatu ditu euskara ikastera eta zenbat ikasten dute? Erromak hiru milioi bizilagun ditu?
Erroma hiru milioi bizilaguneko hiria da eta testuinguru kultural oso anitza eta konplexua du. Lehen esan dudan bezala, ez dag,o ordea, euskal diaspora egonkorrik. Gure ekintzetara gerturatzen direnen tipologia anitza da, ondorioz. Euskal Herrian oporretan izan eta herrialdearekin loturak dituen jendea izan daiteke, jakin-mina duena besterik gabe, hizkuntzak ikastea maite eta euskararekin liluratuta bizi direnak...
Zer harreman duzu zuk zeuk Euskal Herriarekin?
Hamaika urte igaro dira Donostian Erasmus programa egin nuenetik, eta harrez geroztik, Euskal Herriarekin lotura estuak ditut. Eta, nik bezalaxe, ACEn dabiltzan beste erromatar euskaldun berri guztiak eta nire departamenduan lan egiten dutenak lilura horren mende bizi dira. Euskal Herriko seme ordeko sentitzen gara, eta euskara eta euskal kultura ikasteko dugun borondatea herrimin hori sendatzeko modu bat besterik ez da guretzat.




