IRITZIA -

Ruben Sanchez

2012ko Urriaren 05a

Muxu samur bat Che Guevarari, herrioi neba-arrebak garela, eta bat loturik baino ezin garela askatu erakusteagatik. Muxu potolo bat Pakito Arriarani, El Salvador eta Euskal Herria maite zituen eta bestelako mundu baten alde bizia eman zuen arrasatearrari. Euskal Herriaren Lagunei itxaropen muxu bat, ordain dezala herri honek zuen elkartasuna, askapen txanponaren bi aurpegiez. Kubari tabako eta ronez bustirikoa, zu gabe ezer ez litzateke berdin izango. Maitasunezkoa, Begoña García Arandigoien eta Marta Gonzalez lore iraultzaileei; Nicaraguita, zuri txiki bat, zu bezain polita. Muxu gartsu bana errefuxiatuen eskubideen alde beren burua erre zuten N’Guyen Van Dong eta Jacques Andreuri. Palestinari, zaren olibondoaren legezkoa. Iñigo Egiluzi kolonbiar oihana bezain muxu ederra.

Zapatistei muxu argia, 500 urteko gauari agur esaten asmatzeagatik. Ambrosio Mogorroni, Cuenca-Gallarta-Nicaragua lotu zituen internazionalistari, bera bezain handia den muxua. Klandestinoa, Europako herriei, inperiotik bertatik borroka egin dezagun. Bigarren tea bezalako goxoa, Saharari. Muxu huaorani bat Alejandro Labaka gotzainari. Herriminez beterikoa, Morroni eta Facali, Uruguay gure bigarren herria dela hezurmamitzeagatik. Lurtsua, jatorrizko herriei, gure lurrean bakean bizi gaitezen. Partisanoa Burgosko prozesuaren kontrako manifestazioan hil zuten Milanoko ikasleari. Utopikoa, munduko boteretsuenen aurkako borrokan hil zen Giulianiri. Hezitzailea Salvadorreko Moreno eta Ellacuria jesuitei. Uholde gorria lain indartsua, Venezuelari.

Munduko eta euskaldun internazionalista guztiei, atzokoei, eta batez ere, gaurkoei eta biharkoei. Altsasun izango gara. •