Kirolari batzuek hasiera-hasieratik hartu zuten parte Bashar al-Assad presidentearen aurka altxatu zen herri mugimenduan. Gaur egun, egoerak txarrera egin du, gatazkak gerraren itxura hartu baitu eta kirolarien aurkako erasoak propagandarako aukera moduan ikusten baitituzte Gobernuaren aldekoek zein matxinoek.
Jose Angel Oria
2012ko Urriaren 05a
Kirolak ezin du salbuespen izan. Iazko udaberrian hasitako gatazka politikoaren eragina kirolera ere iritsi da Sirian: estadioetan ez da ikuslerik izaten, formatu txikiko futbol liga bat antolatu behar izan dute eta makina bat kirolarik herrialdetik ihes egin behar izan dute. Dozenaka kirolari hil dituzte azken hemezortzi hilabeteetan eta herrialdeko kirol klub ugari ekonomikoki itota daude une honetan. Hedabideek egin dituzten kalkuluen arabera, gutxienez 30 kirolari eta kirol arduradun hil dira borroken eta bonbardaketen eraginez. Beste batzuk, erailketen biktima zuzenak izan ez dira, iparraldeko Alepo hirian hil zuten Ghiath Tayfour boxeo txapelduna, adibidez.
Egoera horri aurre egiteko, oposizioarekin bat egin duten kirolariek Siriar Atleten Batasun Askea eratu berri dute, duela hamabost egun Dohan, Qatarreko hiriburuan jakinarazi zutenez.
Gatazkaren ondorioz hildako kirolarien zerrendan Basel Raya saskibaloi jokalaria, Zakaria Yussef eta Ahmad Sweidane futbolariak eta Mahmud Nseirate arbitroa ere ageri dira. Saskibaloian egiten zuen neska bat, boxeo entrenatzaile bat eta judoka batzuk ere zerrenda berean daude.
Kirolari ezagunak
Nabarmentzekoa da ere Maruane Arafat Siriako Futbol Federazioko zuzendaritzako kide ohiaren hilketa: Siriaren eta Jordaniaren arteko mugaren ondoko borroketako bala galdu batek hil zuen Arafat.
Kirolari ezagunak hiltzen direnean, bi aldeek beren aldeko propaganda bezala erabiltzen saiatzen dira. Argi eta garbi ikusi ahal izan genuen joan den martxoan, Ghiath Tayfour boxeoko txapelduna hil zutenean.
SANA erregimenaren agentziak «terroristei» leporatu zien Tayfour hil zuen erasoa. Iturri horren arabera, boxeolariaren hilketa «Siriako gizarteko pertsona ospetsuak garbitzeko taktika terroristaren» barruan kokatu behar da. Alepoko Unibertsitatetik gertu dagoen kale batean, bero autoa gidatzen zihoan 1984an Siriako boxeo txapelketa lehen aldiz irabazi zuen gizona erasotzaileek tiro egin ziotenean. Bost bala-zauri zituen buruan, SANAren arabera.
France Presse albiste agentziak zabaldu zuen SANA Siriako agentzia ofizialaren berria, baina Alepo hirian Bashar al-Assaden erregimenaren aurkako borrokarik larrienak gertatu direla nabarmenduz. Era berean, gogorarazi Assaden Gobernuak «atzerritarrek antolatutako talde terroristei» egozten diela beti tankerako erasoak.
Kazetariak jomugan
Kirol kazetarien egoera ere okertu egin da, 2011ko martxoan Bashar al-Assad presidentearen erregimenaren aurka altxatu zen borrokaren eta Gobernuak horri emandako erantzunaren ondorioz. Agintariak indarrarekin erantzun zion bere aurkako mugimenduari, eta kirol kazetaritzan ari diren langileak ere biktima gertatu dira.
Orain hilabete inguru Yamen Al Jaja kazetari gazteari tiro egin zioten buruan, Damasko hiriburutik gertu bere autoa gidatzen ari zela. Armadaren eta matxinoen arteko borrokak ziren inguruan, eta kirolaria oso larri eraman zuten erietxera. Zainketa intentsiboetako unitatean dago geroztik.
Duela lau aste, Abdel Razzak Mohammad saskibaloi arbitroa oso larri zauritu zuten, eta bi oinak moztu behar izan zizkioten.
Gainera, Siriako 50 futbolarik baino gehiagok inguruko herrialdeetara ihes egitea erabaki dute, eta beste batzuek gauza bera lortu nahi dute.
Ekonomikoki lur jota dauden klubek jokalaririk onenak saltzen dituzte, beste interbiderik aurkitzen ez baitute. Bide horretatik lortutako dirua zor batzuk kitatzeko erabiltzen dute. Gatazka egoeraren eraginez, makina bat entrenatzailek ere Jordaniako, Libanoko, Irakeko edo Oman sultanerriko bidea hartu dute bertan lan egiteko itxaropenarekin.
Ikuslerik ez
Gatazka kirol ikusleentzat ere ez da onuragarria gertatzen ari, jakina. Herrialdeko estadioak huts-hutsik egoten dira, nahiz eta Siria futbolaren zale amorratuen herrialdea izan den betidanik.
2010-2011. denboraldian, futbol ligako bigarren itzulia bertan behera utzi behar izan zuten, eta horren ordez formatu txikiko lehiaketa asmatu zuten: lehen itzuliko lau talderik onenak lehiatu behar izan ziren txapela lortzeko. Azken momentuan, ordea, talde horietako bik parte ez hartzea erabaki zuten. Azkenean, txapelketaren irabazlea partida bakar batean erabaki zuten, final bakarrean, alegia. Lehiakideak, armadaren taldea, alde batetik, eta poliziarena, bestetik. Egoera ironikoa benetan. Egun hartan, poliziak nagusitu ziren.
Hurrengo denboraldian, gatazka egoera nola zegoen garbiago ikusten zuten guztiek. Poliziaren futbol taldeak eraman zuen txapela berriz, segurtasun neurriek erabat baldintzatutako txapelketan. Segurtasun kontuak direla-eta, hiri batzuetan ezinezko da partidak antolatzea. Beraz, Siriako futbol ligako lehen mailako hamasei taldeak bi multzotan banatu zituzten. Multzo horietako lehen lau taldeek play offak jokatu zituzten ondoren. Erregimenaren aurkako mugimenduak indar gehien duen hirietan, Homsen eta Idliben, alegia, hiriko taldeek lehiaketa uztea erabaki zuten azkenean.
Joko Olinpikoak
Futbola alde batera utzi eta beste kirol batzuekin gertatzen dena aztertuz gero, tankerako arazoak topatuko ditugu. Atletismoan, esaterako, gaur egun ia ezinezkoa da entrenamendu egokiak egitea. Horregatik, Siriako ordezkariek oso emaitza txarrak lortu zituzten Londreseko Joko Olinpikoetan. Aurreko probatan egin izan dituzten marketara iritsi ezinik geratu ziren Britainia Handiko hiriburuan. Maher Khayata Siriako Batzorde Olinpikoko presidenteordeak berak onartu behar izan zuen «Siriako kirolarien porrota». Halaber, «entrenatzeko garaian sortutako zailtasunak» aipatu zituen, baita gatazkak «atleten animoan izan duen eragina».
Kirolariek politikaren arloan ere hartzen dute parte. Gatazkaren ondorioz, Siriako kirolari ugari herrialdetik kanpo bizi dira gaur egun. Horietako askok Al Assaden erregimenaren aurkako oposizioarekin bat egin dute. Famatuena, agian, Firas Al Khatib futbolaria izan daiteke, Siriako selekzioko funtsezko jokalarietako bat baita. Aipatzekoak dira ere Anas Mahmud igerilariaren eta Naser Al Chami boxeolariaren kasuak. Al Chamik brontzezko domina lortu zuen Atenasen, 2004ko Joko Olinpikoetan, eta Siriako erdialdean dagoen Hama hirian tiroz zauritu zuten.
Gobernuak «terroristei» egozten dizkie erasoak, batez ere, biktima ospetsuak direnean; eta oposizioak, erregimenari.
Propaganda gerra horretan, egia da biktima nagusia, eta agintariek inork sinesten ez duena behin eta berriz errepikatzen dute. Esaterako, irailaren 23an, Wael al-Halaki Siriako lehen ministroak Kirolaren Batasun Nagusiko zuzendariak hartu zituen Damaskon. Egoera ekonomikoa lasai egoteko modukoa dela esan zien, lotsatu gabe, eta elikagaiak, botikak eta petrolioa lortzeko inolako arazorik ez dagoela. Gainera, nazioarteko ordezkarien jarrera aldatzen ari dela, eta gatazkari irtenbide politiko bat eman dakiokeel ere azaldu zien, elkarrizketa eta berradiskiditze nazionalaren bitartez.
Mehatxuei aurre egin
Erregimenaren aurkakoek ez dute uste Bashar al-Assad presidenteak kargua utzi gabe bakealortuko dutenik, eta beldurrez bizi direla esaten dute. «Sirian erregimenak agindutakoaren arabera bizi behar da. Herrialdetik kanpo lehiaketa ofizial batean parte hartzen ari naizenean, familia osoa Sirian utzi behar dut, eta hori ez da lasai egoteko modukoa. Edonoiz, etxekoak atxilotu eta eraman ditzakete. Eta defendatzen saiatzen badira, hil egingo dituzte», esan zien Abdul Rauf Al Ameer eskubaloi jokalariak, Euronews telebista kateko kazetariei, Siriar Atleten Batasun Askearen aurkezpenean, irailaren 19an, Dohan.
Aipatutako elkartearen helburuak kirolari horien eskubideak babestea, mehatxuei aurre egitea eta segurtasun indarrek eragiten duten beldurra desagerrraztea dira, baita nazioarteak oposizioko kirolariak onartzea ere. «Herrialde arabiarrek nazioartean errekonozimendua lortzea proposatu digute nazioarteko. Gazteria eta Kirol ministroek gai hori aztertu dezakete bilera batean», adierazi du Yasser Al Hallak eledunak.
Siriakoa ez da Asiako futbol selekziorik onena, baina nazioarteko txapelketetan emaitza duinak lortu ditu. 1950eko hamarkadan bi aldiz lortu zuen Munduko Txapelketaren aurreko lehiaketan esku hartzea (1950ean eta 1958an), kontinenteko beste selekzioei aurrea hartu ondoren. 1966ko sailkapen fasean, Europako taldean sartu zuten, Asiakoa izan arren, Israelekin egin zuten moduan. Hala, Asiako eta Afrikako selekzioek boikota egin zioten txapelketari, FIFAk kontinente horiek ordezkari bakarrarekin utzi baitzituen, eta Siriak boikotarekin bat egin zuen. Munduko Futbol Txapelketarekin lotuta izan zuten emaitzik onena. 1986an, ia sailkatzea lortu zuten, baina Irakek partida erabakigarri bat irabazi zuen eta Siria kanpoan geratu zen. 2014an, Brasilen jokatuko den Munduko Txapelketan ez du esku hartzerik izango, sailkatzeko fasean Tajikistani erraz irabazi zion arren (6-1, bi partidak kontuan hartuta). Asiako erdialdeko herrialdeko selekzioaren aurkako bi partidetan, parte hartu ezin zuen futbolari batek jokatu zuen siriarrekin eta FIFAk Ekialde Hurbileko taldea txapelketatik kanpo uztea erabaki zuen. Tajikistanek ez zuen aukera baliatu; hurrengo fasean, Japoniak, Uzbekistanek eta Ipar Koreak kanpoan utzi zuten.




