Unai Gorrotxategi
2012ko Irailaren 28a
12 edo 18 hilabetetik behin telefono konpainia berria aukeratu behar izaten dugu. Momentu hauek telefono mugikorren modelo berriak deskubritzeko, konpainien estalduraz informatzeko eta tarifa desberdinen artean konparazioak egiteko erabili ohi ditugu. Azkenik, konpainia mugikor bat aukeratu eta kontratua sinatzen dugu. Telefonoarekin egingo dugun erabileraren aukera eta muga guztiak aurretik sinatzen ditugu, eta horretara mugatzen da dena. Baina, zer gertatuko litzateke konpainia mugikorrik kontratatu beharrik izango ez bagenu?
Sakelan eramaten ditugun mugikorrek, beraien artean dei bat egiteko, behar beharrezkoa dute antena sare bat. Antena hauek gure herrietan ikus ditzakegu. Mugikor batek beste bati deitu behar dionean, seinaleak antena hauen bidez egiten du bidea, mutur batetik bestera (gure mugikorretik gure lagunaren mugikorreraino iritsi arte). Azpiegitura honek behar-beharrezkoak ditu gure herrietan kokatzen diren antenak. Azpiegituraren arazoetako bat, ordea, antena hauexek dira. Ezbeharren bat gertatuko balitz, antena hauek lurrikara edo beste hondamendi baten ondorioz apurtuko balira, ezingo genituzke gure telefonoak erabili. Noiz eta justu gehien behar ditugunean, gainera.
Bada, Australiako zenbait ikerlari, arazo handi honetaz jabetuta, egoera honi aurre egiteko formula batean pentsatzen hasi ziren eta Serval izeneko proiektua sortu zuten, Haitin gertatutako hondamendiaren ondorioez jabetuta. Haitiko lurrikara bortitzen ondoren, mugikorren antena azpiegitura guztia suntsitu zen. Antenarik gabe, gure mugikorrak harri koskor baten konektibitate funtzioak eskuratzen ditu, alegia, ez dutela komunikatzeko inongo ahalmenik. Eta hau gainditzeko asmotan dator Serval proiektua.
Proiektu hau mugikorrak elkar komunikatu ahal izateko sistema da. Inongo antenarik gabe, mugikorrek, elkar konektaturik, sare bat osatzen dute. Sare banatu honek, mugikor batetik bestera seinale eta datu desberdinak garraiatzen ditu, eta ondorioz, ez da beste antenaren beharrik. Informazioak mugikor batetik bestera egiten du salto, bere helmugara iristen den arte. Noski, sare honen estaldura handitu nahi bada, antenak erabili ahal izango dira, bailara bat bestearekin konektatzeko adibidez, baina distantzia txikiagoetan ez dira beharrezkoak izaten. Gero eta mugikor gehiago, gero eta zabalagoa da sare hau, eta ondorioz gero eta urrutirago iritsi daiteke.
Baina hondamendietatik at ere erabili ahal izango litzateke. Honek esan nahi du gure deiak doan egiteko ahalmena izango genukeela. Baina ez hori bakarrik. Deiak egiteaz gain beste funtzio batzuk gehitu nahi dizkiote aplikazio honi. SMS mezuak bidali ahal izango dira, fitxategiak konpartitu, mapa banatuen funtzioa gehitu, microblogging zerbitzua (Twitter bezalako zerbitzua, baina izaera banatua izango lukeena), eta beste garatzaileek funtzio hauek beste askorekin batera erabili ahal izateko beharrezkoa den APIa ere bai. Oraindik esperimentazioan baldin badago ere, dagoeneko beraien webgunetik deskargatu eta frogatu daiteke. Android mugikorretarako ari dira garatzen aplikazioa. Erabili ahal izateko root ahalmenak beharko ditugu (gaur egun telefonoek berezko ez duten funtzioa da), eta erabli ahal izateko root baimenak konfiguratu beharko ditugu.
Proiektua garapen fasean dago, eta hobetu behar diren gauza asko ditu. Telefonoen aldetik adibidez, rooteatutako telefonoak edo hardware librearekin egindako telefonoak beharko lituzke zerbitzu hau gizartean orokortzeko. Komunikazioa zifratu eta erabiltzaileen identitateak kudeatzeko funtzioak ere garatzen ari dira. Hobekuntza ugari dira baina datozen hilabeteetan aukera asko izango dituen proiektua da Serval. Dagoeneko frogatu nahi izanez gero http://developer.servalproject.org/files/serval.apk helbidean deskargatzeko aukera duzu. Komunikazio banatuetan beste azpiegitura garrantzitsu bat izango da Guifi.net-ekin batera, eta honen eboluzioa jarraitzea interesgarria izango da. •




