infraganti -

Badira zortzi urte gurpil aulki batean dagoela, baina bere bizitzan ez dago «lehen» eta «orain» bereizten dituen marrarik. Lehen, nahi zuena egiten zuen, pailazo malabarista zen; orain berdintsu jarraitzen du, kirol egokituan topera eta mila saltsatan sartuta. Patxi Fadriquek garbi dauka gurpil aulkiak ezin duela bere izaera aldatu.

Amagoia Mujika

2012ko Irailaren 28a

Bizitza datorren bezala hartu behar da. Baieztapen hori bere bizitzako joko arau bihurtu du Patxi Fadriquek. Jaiotzez donostiarra da, nahiz eta badiren 15 urtetik gora Lasarte-Orian bizi dela. 46 urte ditu eta duela zortzi auto istripu larri bat izan zuen. Ordutik gurpil aulkian dabil. Hala ere, Patxiren bizitzan ez dago marra bat «lehen» eta «orain» bereizten dituena. Lehen bezala orain, gustuko duena egiten du.

«Pailazo malabarista nintzen, kasualitatez edo. Lesio bat izan nuen eskuan eta errehabilitazioa egiteko hasi nintzen malabarrekin. Aritu, aritu eta aritu, erabat lotu nintzen malabarismora», hasi da kontatzen. Aurretik sekula ez omen zuen pentsatu noizbait malabarista izango zenik. Baina gauzak datozen bezala hartzea gustatzen zaio Fadriqueri.

«Orduan oso jende gutxi aritzen zen malabarrekin eta ‘Kiki, Koko, Moko eta Flash’ pailazoek deitu ninduten ea haiekin arituko nintzen galdezka. Gero ‘Potxin eta Patxin’ taldea sortu genuen eta telebistan ere lan egin izan dut. Malabarismo ikastaroak ere ematen nituen... hemen ez zegoen zirko kultura handirik eta malabarrekin aritzen zen bakarretakoa ni nintzen. Pixkanaka handik eta hemendik deika hasi zitzaizkidan».

Malabarismoak badauka jendea harrapatzeko gaitasun berezi bat; malabaristak begira daudenak sare ikusezin batekin harrapatuko balitu bezala da. «Hasieran nahiko lan daukazu zurearekin eta ez zara konturatzen jendearen jarrerarekin. Denborarekin kontzienteago zara, nahiz eta urduritasuna ez den inoiz joaten. Malabarismoa egiteko tentsio puntu bat behar da beti. Baina egia da asko gozatzen duzula jendaurrekoan. Nik oso gustuko nuen jendearen aurrean lan egitea, horrek sekulako adrenalina sortzen zidan».

Istripu larri bat

2004. urtean, Patxi Fadriquek auto-istripu larri bat izan zuen. «Gau osoa lanean eman eta goizean etxera bueltan nentorrela lo hartu nuen autoan eta istripu larri bat izan nuen. Hasieratik esan zidaten lesioa larria zela eta gurpil aulkian geratuko nintzela betiko».

Segur aski horrelakoetan galdera mordoa sortzen da. Horien artean; «eta, orain, zer?». «Tira, hasieratik esan zidaten nolakoa zen lesioa. Hasieratik nekien zer zegoen. Eta erabaki nuen aurrera jarraitu behar nuela, ezin nintzela geratu gertatu zitzaidanagatik kexaka. Ezagutzen dut gertatu zaionagatik kexaka geratu den jendea, eta bizitza osoa garraztuta egotea besterik ez da lortzen horrela».

Lezio garrantzitsu hori, bizitza datorren bezala hartzen jakitearena, ez da istripuaren ondoren ikasitakoa. «Nik beti pentsatu izan dut gauzak datozen bezala hartu beharra dagoela. Malabarismora ere horrela hurbildu nintzen, lesio baten ondoren. Gauza bat gustuko dudanean, aurrera egiten dut eta kito. Pentsa etxean gurasoek eta zer esaten zidaten malabarismoa ofiziotzat nuelako... baina denborarekin telebistan eta egunkarietan ateratzen hasi nintzen eta orduan pentsatu zuten egiten nuena serioxeagoa zela-edo», jarraitu du txantxetan.

Ahal duen neurrian, lehen egiten zituen gauza berdinak egiten segitu du Patxik. «Lehen, emazteak eta biok dantza klaseak ematen genituen, swing, lindy hop eta musika mota horrekin. Orain emazteak jarraitzen du dantza klaseak ematen eta nik musika jartzen dut. Normalean kanpoan aritzen naiz, swing jaialdietan-eta, hemen ez baitago musika mota horren zaletasun handirik. Denbora mordoa daramagu horrekin, emazteak eta biok ekarri genituen swing dantza klaseak Euskal Herrira. Orain, dantza ezin dudanez egin, ba musika jartzen gozatzen du. Izugarri gustatzen zait. Duela gutxi Katalunian izan gara asteburu batean swing jaialdi batean».

Malabarismoa ere ez du erabat utzi. «Orain gutxi samar nabil. 2009. urtean Gasteizen Europako malabaristen topaketa antolatu genuen. Guztira 4.000 malabarista elkartu ginen eta ederra izan zen. Antolaketa oso neketsua izan zen, baina ondo atera zen. Hiru urte eman genituen topaketa antolatzen», jarraitu du.

«Istripua baino lehen egiten nituen ia gauza gehienak egiten jarraitzen dut. Eta lehen bezala orain, mila saltsatan sartuta nago. Nire izaera horrelakoa da eta hori ez da aldatu gurpil aulki batean nagoelako», nabarmendu du.

Kirola, bere bizitzaren ardatz

Lehen egiten ez zituen gauzak ere egiten ditu orain; kirola bere bizitzaren ardatz garrantzitsua da, esaterako. «Istripua eta gero, errehabilitazioan bi urte inguru neramala, Donostian saskibaloi talde berri antolatu behar zutela aipatu zidaten. Interesgarria iruditu zitzaidan eta bertan hasi nintzen, probatzearren». Patxi Fadriquek gauza berriak probatzea gustuko du. Hartara, saskibaloiarekin hasi eta Donostiako taldean hiru bat urte zeramala Gasteizkoan ere hastea erabaki zuen. «Denboraldi batean bi taldetan aritu nintzen, Donostiakoan eta Gasteizkoan. Astean behin joaten nintzen Gasteizera entrenatzera eta han ezagutu nituen badmintona eta mahai-tenisa. Eta horiek ere probatzea erabaki nuen, eta gustatu. Atletismoan ere aritu naiz –Behobia eta Lasarteko krosean atera izan naiz–, palan jokatzen dut Zubietan eta, orain, Donostiako Ondarretako Tenis Elkarteari esker, tenisean eta padelean nabil. Erraztasun guztiak eskaintzen dizkidate eta benetan eskertzen diet», segitu du.

Aurten, lehenengoz, –urtea amaitu baino lehen eta Bizkaia aldean seguruenik– Euskal Herriko gurpil aulki gaineko padel txapelketa jokatuko da eta bertan parte hartuko dute Fadriquek eta bere bikote Edorta De Antak. «Lehen gu bakarrik aritzen ginen baina orain Bizkaia aldean bikote batzuk sortu dira eta txapelketa egingo da». Izan ere, kirol egokituen arazo handiena askotan hori izaten da, kirolari falta.

Kirolak, bistan denez, garrantzi handia dauka Patxi Fadriqueren bizitzan. «Garrantzitsua da mugimenduan egotea, bihotza eta burua osasuntsu mantentzea. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak kirol desberdinetan aritzeko aukera ematen du eta nik ahal ditudan guztiak probatzen ditut. Oso garrantzitsua da federazioak egiten duen lana, benetan zaila delako ezindu askori ikusaraztea gauza mordoa egiten jarrai dezaketela».

Kirolak alderdi fisikoa lantzeaz gain, burua sasoi onean mantentzen laguntzen du. «Kirola egiten ari zarenean garrantzitsua da kontzentratuta egotea eta estrategia lantzea. Hori oso alderdi garrantzitsua da».

Patxirekin hizketan ari zarela –eta batez ere egiten dituen gauzak kontatzen ari denean– erraza da bere gurpil aulkiarekin ahaztea. Tamalez, berak egunero topatzen dituen trabek gehiegitan gogorarazten diote gurpil aulki batean dagoela.

«Mundua ez dago guretzat prestatuta. Nire ustez, arkitektoak ez dira sekula gurpil aulki batean eseri, eta horregatik egiten dituzte gauzak egiten dituzten bezala. Unibertsitatean arkitektura ikasten ari diren ikasleek egun batean gurpil aulki bat hartu, bertan eseri eta kalera atera beharko lukete. Segur aski, hori eginez gero gauzak beste modu batera egingo lituzkete», esan du Patxik.

Autobusa hartzera joan eta arrapala beti matxuratuta egotea; trena hartzera joan eta egin berri dituzten arrapalak eta geltokiko bazterbideak ez daudela parean konturatzea; gurpil aulkientzat prestatutako taxiak aulki guztientzat ez direla baliagarriak ikustea; herrian padel pista berria egin eta gurpil aulkia atetik ez dela kabitzen jabetzea... horrelako egoerak kasik egunerokoak dira gurpil aulkian dabilenarentzat. «Horrelakoetan, bi aukera dituzu: batetik, haserretu eta etxera bueltatzea, eta, bestetik, dagokionaren aurrean kexatu eta beste ate bat, beste modu bat topatzen saiatzea. Ni ia beti kotxearekin mugitzen naiz, baina horrekin ez ditut arazo guztiak ekiditen. Normalean elbarrituen aparkalekuak falta dira –legeak agintzen duen kopurutik behera egon ohi dira– eta daudenak ez dira beti egokiak. Gertatu izan zait elbarrientzako aparkaleku batean aparkatu eta aulkia ezin atera geratzea, justu atearen parean zuhaitz bat dagoelako», kontatu du. Fadriqueren hitzetan, udalek «benetako ahalegina» egin beharko lukete herria ezinduentzat egokitzeko, «baina egitan, ez bakarrik beren aurpegia zuritzeko». Trabak traba, Patxi Fadriquek bere bidetik jarraitzeko adina indar dauka. «Nire bizitzan beti gauza mordoa egin izan dut, ez dakidalako geldirik egoten. Beti daukat egiteko zerbait eta, bestela, segituan topatzen dut zer egin. Ni horrelakoa naiz eta gurpil aulkiak ezin du hori aldatu. Gauza asko egiteko aukera izan dut, eta erabaki bat hartu dut; hain zuzen ere, emandako aukera guztiak aprobetxatzea», bukatu du. •