Baiona eta inguruetan euskarazko kultur eskaintza eskasaren ardurak elkartu ditu. Euskaraz pentsatu, sortu, ekoitzi eta zabaltzen diren kultur jardunak eskaintzea erabaki dute hala. Aste honetan abiatu dute ekimena, baina hileko azken osteguneko hitzordua herritarrek onartu eta gero eta indartsuago izan dadin nahi dute.
info+
ekimenak egingo dituen saioen gaineko informazioa
Maider Eizmendi
2012ko Irailaren 28a
Euskal komunitateari, euskaraz pentsatu, asmatu, sortu eta zabalduko den euskara hutsezko ekitaldiak maiztasun erregularrarekin eskaintzea. Horixe da, aste honetan bertan lehen pausoak eman dituen Elekatu-Elikatu ekimenaren helburua.
Iñaki Etxeleku ekimeneko kideak gogorarazi duen moduan, ez da beste inon ez den ekimena eurena, Euskal Herri osoan agertzen den gogoeta orokor baten baitan sartzen baita. Izatez, azken hilabete hauetan, Hendaian edota Alduden kasu, gisa bereko taldeak sortu dira. Etxelekuren esanetan izan ere, gogoeta ez da gaurkoa, «euskararen orainaz eta geroaz axola duten anitzek bertsua daramate azken urteetan». Bere ustez, gizarte diglosiko batean «nagusitasuna duen hizkuntzak gaina hartzen dio ahulduenari» eta, ondorioz, euskaldunek aukera gutxi izaten dute euren hizkuntza eta hizkuntzarekin bizitzeko.
Ardurak batu
Ekimenaren jatorriaren gainean dio, modu sinple eta naturalean izan duela sorburua. «Hasieran lagun gutxi batzuen artean hasi ginen euskaraz osoki eskaintzen zen kultur jardun eskaintza eskasaren inguruan hitz egiten; apurka apurka ardura bera zuten pertsonak elkartzen joan gara», azaldu du Etxelekuk. Aldez aurretik, guztiek ez zuten elkar ezagutzen beraz, baina euskaraz bizitzearen ardurak batu ditu guztiak.
Azaldu du 1970eko eta 1980ko hamarkadetan jaiotako pertsonek osatzen dutela nagusiki ekimena abiarazi duen taldea. «Belaunaldi euskaldun bat gara, euskaraz jantzia dena, bai norberak ikasi duelako, bai ikastotan ibili garelako; hala eta guztiz ere, Iparraldean oro har, baina Baiona, Angelu edota Miarritzen zehatzago euskarazko jardunez gozatzeko aukerarik ez dugu», arrazoitu du Etxelekuk.
Euskarari dagokion lekua eskaintzeko aldarrikapenaz haratago joan nahi izan dute, euskaldunei beren hizkuntzan eta hizkuntzarekin aritzeko guneak eta lekuak eskaintzea baita euren ustez euskara sustatzeko molderik eraginkorrena. «Izatez, bada euskalzaleek bultzatuagatik euskaraz gutxi hitz egiten den ekimenik; hemen, tamalez, hori errealitate bat da», iritzi dio.
Funtsezkoa eta beharrezkoa
Bere ustez, erdal kulturak nagusitasun handia du eta «euskaldunak erdal itsaso horretan galduak dira». Euren iritziz, ordea, Baiona bezalako hiri batean funtsezkoa eta beharrezkoa da euskaldunei mota orotariko ekitaldiak eskaintzea. Horregatik abiapuntu duten egoerari buelta eman nahi izan diote, «Baionak, euskal komunitate bizi baten beharra duelako eta, halaber, beste denen aberasgarri baizik ez litzatekeelako».
Hori dela eta, euren xedea eta beharra euskaldun komunitateari, euskaraz pentsatu, asmatu, sortu eta zabaldu den kultur jarduerak eskaintzea da. «Euskaraz hazi eta aitzinatu nahi dugu, naturaltasun eta normaltasun osoz, edozein hizkuntza komunitateren gisan», nabarmendu du.
Aste honetan bertan egin dute euren lehen saioa. Lorea Agirre ikerlaria izan dute “Euskal Kulturgintzaren estrategiak garatzeko oinarriak” izeneko azterketaren berri emateko. Etxelekuk azaldu duenez, ez da kasualitatea abiapuntu honen aukeraketa: «Euskararen transmisioa segurtatzeko, jakin behar dugu nola lortu euskarazko kultura bizi bat, euskara bera indartu eta elikatuko duena eta, aldi berean, hizkuntzaren bidez sorkuntza bera elikatzea ahalbidetuko duena».
Hurrengo hitzorduan, urriaren amaieran, Kelpa Altonaga irakaslea izango dute. Oraindik zehazteko dago ikasturte guztiko egitaraua, baina buruan dute orotariko proposamenak egitea. Ez dute nahi ekimena konferentzia ziklo bat izatera mugatzea eta besteak beste, bertso saio bereziak edota Baionako kaleetan barna ibilaldi gidatuak egitea darabilte buruan, bai eta euskal zinemagintzari tarte bat egitea ere.
Dohainik edo merke
Egitaraua ez, hitzordua bai, hura zehaztu dute. Baiona eta inguruetako euskalzaleek hileko azken ostegunean izango dute Elekatu-Elikatu ekimenak antolatutako saioez gozatzeko aukera.
Xumeki abiatu direla badakite, izan ere, argi dute epe luzeko lana dela eurena; «helburua, nolanahi ere, ekimena errotzea eta herritarren artean hitzordua onartu eta gero eta indartsuago bilakatzea da». Luzera begirako aurreikuspenik ezin egin, baina hasiera batean behintzat harrera ona izan dutela uste du Etxelekuk; izan ere, bai talde gisa, bai norbanako gisa ardura bera agertzen duen jendea atxiki zaielako sare sozialen bitartez.
Parte hartzea bultzatzeko helburuarekin, gainera, poltsiko orotara egokitzen diren ekimenak antolatzea da euren oinarrietako bat, «ekitaldien prezioa ez dadin muga izan».




