e.lkarrizketa -

Fausto Berazadi

2012ko Irailaren 28a

Patxada nabaritzen zaio Larraitz Lucas Realeko lehen kapitainari. Hala ere bizkortasuna ez du galdu, hitz egin eta pentsatzerakoan bederen. Aurten Reala utzi, eta futbolari agur esan dio, muturreraino disfrutatu zuen Euskal Herriko selekzioaren partidaren ostean. Eta Anoetan, gainera. Harritzekoa bada ere sekula ez baitzuen bere talde kuttunaren estadioan jokatu. Erretretak zabaltzen duen ikuspuntua baliatuz, Reala eraikitzen parte hartu izana harrotasunez darama, harrokeriarik gabe. Gizartean berdintasuna lortzerako bidean, berak eta bere taldeak erditu digute nesken Reala, nesken futbolaren erreferentzia Gipuzkoan. Bere kamisetan 10a ikusi zuenean, Zamorarekin oroitu zen. Aurrerantzean neskaren batek gauza bera pentsatuko du, baina Zamoraren bigoteen partez, Larraitzen kastaz oroituko da.

Gaur egun, Donostiako Santo Tomas Lizeoan zabiltza lanean, haur hezkuntzan irakasle. Zerk ordezkatu du baloiaren atzetik ibiltzearen izerdia?

Beno, korrika beti egin izan dudanez, astean lau bat aldiz joaten naiz; gimnasiora ere joaten naiz, ariketak egitera. Normalean, emakumeok eliteko kirola uzten dugunean, gure gorputzak aldaketak nabaritzen ditu. Ez dut nahi futbola utzi eta urtebetean pisua hartzea. Pasa gabe, baino nire gorputza txukun mantendu nahi dut. Bizitza guztian futbola eta kirola nire afizioak baino gehiago izan direnez, horrekin jarraitu nahiko nuke, nik nahi dudanean.

Epe motzean Behobia-Donostia daukat buruan. Fortuna Kirol Elkartekoekin hitz egin nuen eta pixkanaka korrika hasteko gomendatu zidaten, futbola eta atletismoa ez baitira gauza bera. Fisikoki ongi nabil oraindik, baina hasiera honetan zaila da 20 kilometro korrika egitea. Beti atsegin izan dut korrika egin, kalera atera eta aire freskoarekin kirola egitea. Horrela, hasieran bost, gero zazpi, hortik hamar kilometro egitera pasa naiz, pixkanaka. Bide horretan «Donostiako Hiru Hondartzak» lasterketa egin nahiko nuke. Karrera polita da, Haizearen Orrazian hasi eta Donostiako hiru hondartzak zeharkatzen dituena, 10 kilometrotan. Aurrekoan, distantzia hori 53 minututan burutu nuen; ea nola ateratzen zaidan. Alabaina, ez da futbolean bezala, irabazi beharrik ez dago, gozatzera irten eta kirola egitea da helburua.

Eta gainerakoan? Zertan jarduten duzu lanean ez zaudenean?

Etxean egon!! Ba al dakizu zer den 16 urtez arratsaldero-arratsaldero, astean behin ezik, entrenatzera joatea? Eguraldi ona zein txarra izanda ere? Hori bai, gustura asko joaten nintzen. Baina azkenengo urtea oso gogorra izan zitzaidan. Iaz uztekotan egon nintzen, baina Realeko jendearekin hitz egin ondoren eta asko pentsatu eta gero, beste urtebetez jarraitzea erabaki nuen, zail egin zitzaidan arren. Orain, arratsaldeak libre izatea ederra da. Gaur lagunen batekin kafea hartu, bihar beste batekin... eta gero afaltzera. Hortaz, planak ez daude jarrita, baina beti ateratzen da zerbait. Libre asko nabil, eta gozatzen dut, bai.

Ulertzen dizut bai...

Adibidez, aurreko igandean «hauekin» egon nintzen Anoetan partidua ikusten. Oraindik ere «hauekin» diodanean, Realeko jokalariekin esan nahi dut, niretzat familia bat bezala izan baita, eta da. Badakit aurten jarrai nezakeela eta ez hemendik hiru urtera, baina azkenean muga bat jarri behar duzu, asko kostatu arren. Hala ere, erlazio ikaragarri ona dut beraiekin. Uste du eurek ere aldaketa bat behar zutela. Urtetan ni ikusi naute kapitain lanetan, eta aurrerapauso hori beste batzuek eman behar zuten, eta ematen ari dira. Alderdi horretatik hutsune hori betea dago.

Hori da, orain arte zu izan zara kapitain, euren erreferentzia. Era berean kasta handidun, borrokalari etengabea izan den jokalaria bezala definitu izan zaituzte. Beti taldekideak animatuz eta indarra transmitituz zelai barruan zein kanpoan. Nola betetzen da hutsune hori? Zein da Realak izan behar duen kasta?

1980ko hamarkada hasieran kokatu daiteke akaso Realak duen kasta. Gaur egun ezberdina da, garaiak, bizimodua... aldatu baitira, Realak jokatzen dituen partidetako zelaiak askoz ere hobeak dira, Zubieta bera ere, nahiz eta oraindik ere pare bat futbol zelai ez dauden oso ondo, oso egoera onean dago. Entrenamenduak politak eta era askotarikoak dira. Lehengo entrenamendu saioak ezberdinak ziren; 30 minutuko korrika saioak, serieak ondoren, eskilaretan gora eta behera jardun, baloia gutxiago ikutzen zen... Orain, 16 urteko neska batek teknika maila dezente hobea du... baina kasta, gutxiago. Egon badago hala ere, denek ez daukaten, eta denek eduki behar ez duten arren. Aurten 21 neska daude; denek ez dute zertan egundoko kasta izan, inola ere. Batzuk erreferente izango dira, adibidez Aintzane, Esti edo Maialen. Duela urte batzutatik hona fisikoki garatu egin dira, indartu alegia. Lanean gogor jarraitzen dute. Nire ustez, talde batean, bost edo sei jokalarik besteak aurrerantz, gorantz, eraman behar dituzte. Aurten aipatu ditudan hiru horiek lan hori beteko dutelakoan nago, eta horrek guztiak atzetik beste bost gazteagoren parte hartzea areagotuko du. Kate baten antzera.

Nola definituko zenuke Realaren kasta hori?

Baloi bat galdutzat ematen ez duena. Nahiz eta hiru eta huts irabazten joan eta aurkariarenganako begiruneagatik bost eta huts irabazi nahi duena. Kide guztiak gaizki ari direnean alboan egoten jakitea. Egoera onenetan jokalari askok ematen dute maila; dena aurka duzunean maila ateratzen jakitea eta hori kutsatzea da kasta, nik uste. Lagun batek behin aitortutakoa dut gogoan: «etxean partida errazak irabazten dituzuenean, 5-0 eta halakoetan, ez zaizu ikusten, nahiz eta jokatzen aritu. 2-1 galtzen edo banakoarekin, gauzak estu daudenean, jokalari onenetako bat zu zara».

Gaiz aldatuz, goazen txikitakogaraitara. Oroitzen al zara baloi bati eman zenion lehenengo ostikadaz? Gogoan al duzu nork oparitu zizun lehen baloia?

Begira, niretzat txikitan nire anaia zaharra, bi urte zaharragoa, eta bere taldea ziren erreferentzia, hondartzako futbolean. Haiek Kontxako hondartzan jokatzen zituzten partidak iren sten nituen. Egia esan, baloiarekin beti ibili naiz. Hara eta hona, baloia besapean edota hanketan neramala. Aita oso futbolaria izan da betidanik; ama ordea, ez. Etxean Realekoak izan gara betidanik: aita, anaia eta ni. Aita Atotxara askotan joaten zen, gero anaia eta ni Anoetara joan izan garen bezala. Bada, betidanik baloiarekin. Eskolan, gero, futbolean jo eta ke ibiltzen nintzen, mutil tartean. Hortik izango zen «mutil koxkor» edo «mari macho» deitu izan nautela... kasu askorik egin gabe.

Futbolarekin dudan lehen oroitzapen garrantzitsua, niretzako, ama eta anaiarekin Bordelera joan nintzenekoa da. Pentsa zein txikia nintzen, artean koleta nuela. Zazpi bat urte izango nituen. Bada, anaia txapelketa batean parte hartzen ari zen bere taldearekin. Eta nik jokatu egin nahi nuen. Halako batean penaltia agindu zuen epaileak. Eta jokatu nahi nuenez, taldekoek «Larraitzek bota dezala» esan zuten. Esan eta egin. Buruan dudan argazki eder horren atzetik, beti futbola etorri da.

Ondoren, txikitan eta gaztetan, ikasle txarra izan nintzen. Nota eskasak ateratzen nituen... Behin, amak «horrelako notak ateratzen badituzu ez zara entrenamenduetara gehiago joango!» bota zidan. Oso gaizki pasa nuen. Amak igerri egingo zidan, eta gehiago ez zidan halakorik esan. Zer gaizki pasa nuen!

Lehenengo baloia? Pentsatzen dut aita izango zela.

Eta zure lehen taldea? Segi kontatzen...

14 urterekin izan zen, Intxaurrondorekin. Hala ere, aurretik San Ignacio de Loyola eskolan, jesuitetan, jokatzen nuen ikaskide eta lagunekin, 12 urtera arte. Alabaina, apaizei ez zaitzaienez gustatzen neskak futbolean aritzea, 12tik 14 urtera futbolera jokatu gabe egon nintzen. Haien ustez neskek eta emakumeek sukaldean egon behar baitute...

Baina 13 urterekin aitak Intxaurrondo auzoan areto futboleko talde bat zela komentatu zidan, eta ea animatuko nintzen. Dudatxo batzuk izan nituen, baloi txikia zela, hau eta bestea... Aitak «joan gaitezen zer den ikustera, probatzera» esan zidan, animatze aldera. Eta halaxe joan ginen. Orduan, Intxaurrondoko taldeak futbol-hamaikara salto egin nahi zuen, eta jauzi hortan parte hartzuko ote nuen galdetu zidaten. Egian bizi nintzen garai hartan eta partidak Matigoxotegi zelaian jokatu behar ziren. Segituan baiezkoa eman nuen. Noski baietz! Taldean 13-14 kide ginen eta denboraldi guztia halaxe egin genuen. Horrela bi denboraldi egin genituen, oso oroitzapen onak eman dizkidaten bi denboraldi, dena esan behar bada. Harreman ezberdinak ziren, gazte-gaztea bainintzen eta adin ezberdinetako jendea elkartu baikinen.

Horren ondoren, taldea desagertu eta Añorgako taldera joan ginen Intxaurrondo taldeko bost jokalari. Añorgan bost urte egin eta gero Realera.

Eta? Nola oroitzen duzu Realerako bide hori? Nola sentitu zinen ur handi haietan?

Izugarria izan zen! Añorgan ginela, zurrumurru batzuk komentatzen ziren Realak emakumezkoen taldea atera behar zuela eta. 2004-2005 denboraldia zen. Urtarrilean hasi zen dena. Zurrumurru haien aurrean guk «Realak nola aterako du, bada, nesken taldea?» esaten genuen. Garbiñe Etxeberria, Oiartzungo taldeko jokalari ohia, izango zela entranatzailea entzun genuen. Añorgaren partidetara bi edo hiru ikusle berri eta ezezagun etortzen hasi ziren. Zurrumurrua gorpuzten hasi zen. Aste Santu haietan Realak bost entrenamentu egin behar zituela esan ziguten. «Zertarako?», galdetu genuen. «Jokalariak pixka bat ikusi eta ezagutzeko» izan zen erantzuna. Añorgatik Euskadiko selekzioan jokatzen genuen bost jokalariak joan ginen. Gustura joan, entrenatu... eta ekainean Realak Tolosan txapelketatxo bat jokatu behar zuela esan ziguten. «Baina Realak ez dauka-eta talderik...» adierazi genuen. «Bai, baina probatzeko izango da. 16 jokalari joango zarete». Zerrendan nengoen jada. Halaxe, Tolosara joan, aldagela trakets batean sartu eta... Realeko 16 jantzi. Begiratu eta gure koloreak ikusi nituen: txuri-urdina! Hori gutxi balitz, 10 zenbakia egokitu zitzaidan... Jesus Mari Zamoraren zenbakia! Berotzen hasi eta Garbiñe Etxeberria eta Iñigo Dominguez entranetzaileek deitu ninduten: «Larra, zatoz pixka batean. Kapitaina zu izango zara». Oraindik ez dakit nola ez nintzen atzeraka erori. Ozta-ozta. Beroketan seko urduri, taldekideek zer ote nuen galdetzen zidaten. «Kapitaina naizela esan didate!».

Txapelketa hura irabazi genuen, ikaragarri gustura jokatuta. Hura bukatu eta «hitz egingo dugu, egongo gara» esanaz agurtu ginen denok. Aste betean Anoetara deitu gintuzten 16ak, bilera batera. Zerrendan nintzen, eta proiektuan parte hartu nahi ote nuen galdetu zidaten. Bai azkar batekin eratzun nien nik. Dena oso bizkor etorri zen.

Istorio guztiak bezala, konturatu gabe...

Bada, bai. Egia esan, iazko ekainera arte ez nuen nire burua emakumezkoen Realeko historia egiten ikusten. Momentu horretan jabetu nintzen horretaz guztiaz. Taldea osatzen genuen 19 jokalariek altxa genuen Reala. Egun, kanpotik guzti horri begiratzean zabaltzen zaizu ikuspegia.

Goazen aurrera. Gai ozpintsua: Patxi Izco.

Hasteko, Patxi Izcok esan zuena gizarte osoarentzat oso kaltegarria da. Emakumezkoen nahiz gizonezkoen futbola ez da estetikoa, ez du zertan estetikoa izan; ez du hori bilatzen, esan nahi dut. Futbola da, eta kito. «Emakumeak sukaldean eta gizonezkoak tabernan» esatea bakarrik falta zitzaion. Gizarteak ez du hori behar. Matxismoa zabaldua dago gizartean, oraindik. Gazteak ari gara hori aldatzen. Mezu hori zabaltzea oso kaltegarria da. Zenbait alderdi politiko ere oraindik mezu horrekin dabiltza, gu gutxiago garela sinesten dute.

Garai batean emakumeen futbolak ez zuen abiadura, erritmo handirik izango. Egia da, baina orain? Nik nahiago dut, adibidez, emakumezkoen eskubaoia ikusi gizonezkoena baino. Niregatik, orain futbola utzi dudala badut esaterik, Patxi Izco futbol mundutik kanpora, eta ahal balitz, baita gizartetik ere. Tamalgarria da; are gehiago hori defendatzen duten emakumeak.

Irakaslea zara haur hezkuntzan. Nondik datorkizu irakasle sena?

Gehiegi pentsatu gabe egia esan. 8. mailara arte (egungo 2. DBH), sei edo zapi ikasgai uzten nituen. Pentsa zein ondo pasatzen nuen! (barreak). Hurrengo ikasturtean gustura atera nintzen, matematiketan eta soinketan bikain atera bainuen. Beste guztia kateatu nuen. Amak uda guztirako zigortu ninduen. Kurtsoa errepikatu eta harrezkero nota on askoak ateratzen hasi nintzen. Ahalmena banuen, baina «jartzea» falta edo... Eskoletan haur eta gazteen onena ateratzen saiatu beharko ginateke, aurrekoan Tito Vilanovak esan zuen bezala.

Gero informatika ikasi nuen. Lanean hasi eta ez zitzaidan gehiegi gustatu. Orduan, oraingo bikotekideak «haurrak gustatzen zaizkizu. Zergatik ez duzu magisteritza ikasten?», esan zidan. Halaxe bada, eta orain Donostiako Santo Tomas Lizeoan nabil, txikiekin.

Askotan ikusi zaitugu euskararen aldeko ekitaldietan. Nola ikusten duzu euskara zelaian eta zelaitik kanpo.

Guk beti egin izan dugu euskaraz taldean. Kanpoko partidetan, gainera, lagundu digu horrek. Mutilek ere bai, egun hemengo jokalari gehienek, euren artean euskaraz egiten dute, atzerritarrek salbu.

Bestela? Begira euskarak zer panorama duen Donostian. Nire ustez Donostia herri independente sentitzen da. Donostia Gipuzkoa dela uste du donostiar askok. Amezketa edo Urrestilla non dauden ez dakite askok. Zergatik? Ez direlako probintzia eder honetan barrena mugitzen. Badakite, ordea, non dauden Jaka, Landak, Ezkarai... eta primeran iruditzen zait, toki ederrak baitira. Eta? Gipuzkoan txunditzeko moduko txokoak baditugu; joan bada! Probintziako haurrek, ordea, ezagutzen dute Donostia, asteburu pasa etorri izan direlako. Beren kultura aberatsagoa da alde horretatik, Donostiko haurrena baino. Gehiago mugitu beharko ginateke, baina betikoa, ez dugu denborarik.

Askorentzat harrigarria suerta badaiteke ere, printzipioz ni erdalduna naiz. Familian erdaraz mintzatu eta eskolan B eredua ikasi dut. Euskaraz mintzatzen berandu hasi nintzen, 17 edo 18 urterekin. Matematika euskaraz ikastea sufrimena izan zen niretzat! Gipuzkoarra naiz, euskalduna, Euskal Herriko selekzioan ibili naiz... orduan, gaztelania zertarako? Familia erdalduna dut. 10 lehengusu gara eta nik bakarrik egiten dut euskaraz. Batek orain ikasi behar du, udaltzaina baita. Eskatzen diotelako ikasiko du, ez nahi duelako. Twitterrean erdaraz egiten dut, ama erdalduna baitut. Ama ile apaintzailea da, eta egiten dizkidaten elkarrizketak ezin irakurtzeak asko amorratzen du.