Beņat Gaztelumendi bertsolaria
2012ko Irailaren 28a
Kaleak zebra-bidetik zeharkatzeko esaten zigun amak beti udan hondartzara puztutako marrazo eta itsasontziak, hareatan gazteluak egiteko palak eta kuboak eskutan hartuta presaka joaten ginenean; eta halaxe egiten genuen: oinak espaloi ertzetan jarrita eskuin eta ezker begiratu eta zebra-bidetik pareko espaloiraino joan jauzika, marra zuritik marra zurira jauzika, asfaltoa zanpatzen duten zapatilak betiko bertan itsatsita gelditzeko beldur akaso, eta zebra-bideak izaki miresgarriak zirela pentsatzen genuen zimurrik gabeko gure begiak lurretik altxatu ezinik, bidetik ateraz gero zebra bere lozorrotik haserre esnatu eta marruka hasiko zitzaigulakoan –sekula zebrarik ikusi ez eta, noski, bere marrurik sekula entzun ez genuenok imajinatu genitzakeen marru klaseak–, eta halaxe igarotzen genituen hondartzara bideko kale guztiak, hankak zuritik zurira beti, belkrozko zapatilak zikindu nahi ez eta jauzika, presaka genbiltzanean bereziki, gaur bezala, nahiz eta gaur zebra-biderik ez daukadan hankapean, zoru iluneko zubi gorri honetan ere jauzika doaz nire zapatila ondo lotuak, zuri-beltzetik baino gehiago grisetik daukan unibertso galdu honetan; hautsak hatsa jandako etxeen aldamenean eraikitako zubi apurtu honetan jauzika nabil, eta ez dakit zergatik gogoratu naizen ume garaiko hondartzako bidaiekin, badakidanean Txillida-Lekuko sastraken artean ez dagoela haizea orrazteko gai den harririk, nola bada, haizea ere porlanez jantzita datorren inguruotan; presaka nabilelako izango da akaso, beti bezala presaka, mundua autobusen koloreekin pintatzera tematuta, gorriak Astigarragara, berdeak Tolosara, urdin ajatuak Hernanira, urdin berrituak Donostiara –tarteka Galarretan autobusenak ez diren kolore berde, urdin eta gorriek pintzelak gerarazten badituzte ere, baina hori beste istorio bat, da Errekaldeko zubi gorri honekin zerikusirik ez daukana, ezta umetako istorioekin ere, edo bai, agian bai, auskalo, dena dago lotuta; etxeak lotzen dituzten kableak ez dira argiarenak eta telefonoarenak soilik–; presaka nabilenean gauza arraroak ikusten ditut, agure hori adibidez, estazio pareko autobus geltokian bastoi eta guzti eserita, sekula hona etortzerik otuko ez zaion usoren baten zain balego bezala, eskua ogi-apurrez beteta, nahiz eta honezkero ogi-apurrak ere grisez pintatuta egongo diren, industria-auzoetan bizi garenoi ere halaxe gertatzen zaigu beti, barruan pilatzen zaizkigu porlan partikulak, eta hautsak hartuta bezala bizi gara, eta umetan etxe arteko kale-kantoietan ikusi uste genituen munstroak gogoratzen ditugu autobusak joan–etorri eroan dabiltzan bitartean, mundua kolorez betetzen eta iritsi orduko koloreak lapurtzen ere bai, umetan bidaiari guztiak hartu eta estazioan isiltasuna besterik uzten ez zuten Hendaiarako tren horiek bezala, kristalezko begiak zituzten trenak; nola begiratzen genien urrundik, lagunen baten urtebetetzea ospatzeko Txiki-Parkera egindako bidaia bakanetan; nola egiten genuen jauzi pilotaz betetako igerilekuetara eta nola hondoratzen ginen munduaren formako pilotetan; nola ahalegintzen ginen bakoitza pilota bana lapurtuta ateratzen, inoiz saiatu ere saiatu ginen bi pilota elkartzen, «gaurtik aurrera beti lagunak izango gara» esan nahiko bagenu bezala. Baina pilotak, munduak bezala, gutxitan elkartzen dira elkarrekin, eta hala ateratzen ginen, bakoitza bere pilotari begira, metro batzuk haratago beltzez jantzita beilatokitik negarrez ateratako alargunari kasurik egin gabe –«hori beste gauza bat da» esango ziguten gurasoek, «helduen gauzak»– eta halaxe, zebra-bide baten marra zuriak imajinatuko genituen oinpean eta jauzika igaroko genuen zubia presaka, gaur bezala, kable bati itsatsita bidetik atera gabe lurpean ezkutatzera doan gidaririk gabeko trena hartzeko. •




