Egun, harri multzoak besterik ez direla dirudien arren, Nafarroako Erresumaren defentsarako sistema nagusia osatu zuten, garai urrun batean. Gazteluak dira; lurralde honek Europako estatu bat hartu zuela frogatzen duten lekukoak. Amaiurkoa da ezagunena, baina horrez gainera, Irulegin, Ardanatzen, Irurtzunen eta Ollon ere aztarna ugari daude lurpean. Zenbait arkeologorekin hitz egin du GAUR8k.
Jon Orzaiz
2012ko Irailaren 28a
Gaztelak Nafarroako Erresuma konkistatu zuenean, lurraldea defentsarako baliabiderik gabe utzi nahi izan zuen. Horregatik, gotorleku, dorre eta gaztelu guztiak eraisteko agindua eman zuen. Erabaki horrek asmo bikoitza zuen: alde batetik, Nafarroa babesgabe uztea; eta horrez gainera, bertoko biztanleen artean etsipena zabaltzea, erresuma zaharraren eta nafar identitatearen ikur nagusiak birrinduz. Gaztelakoen taktika hain izan zen eraginkorra, ezen, gaur egun, inork gutxik ezagutzen duen Nafarroako Erresuma zaharra defenditu zuten gazteluen sarea.
Hori guztia argitara ateratzeko, hamaika ekimen abiatu dira azken urteetan. 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenak, adibidez, erreskumako gazteluak identifikatzeko mugarriak paratu zituen hainbat tokitan, eta Nabarralde elkarteak, berriz, gazteluen suntsiketari buruzko hitzaldi sorta antolatu zuen iragan irailaren 14an, Euskal Herriko historialarien III. Biltzarraren baitan. Ekimen horretan, gure herriko arkeologo eta historialari ospetsuenetako batzuek hartu zuten parte, eta Nafarroako ondarearen zati garrantzitsu horren inguruan aritu ziren luze eta zabal: «Garai batean, galera defentsiboa eta militarra izan zena, gaur egun, lehen mailako ondarearen desagerpena da. Gazteluek balio monumental eta arkitektoniko ukaezina daukate munduko edozein herrialdetan», azaldu zuen Nabarraldeko kide den Luis Maria Martinez Garatek. «Eraikin horiek mantendu izan balira, ondare historiko, turistiko eta kultural ikusgarria osatuko lukete gaur egun. Europako beste hainbat tokitan halako aberastasuna ikus dezakegu; gurean, zoritxarrez, ez».
Duela hiru, lau edo bost mende galdutako ondare hori (edo horren arrastoak) berreskuratu eta azaleratzea da arkeologoen eta zientzialarien egitekoa. Tamalez, aztarnak lurpetik ateratzeko orduan, lur geruzak eta harriak ez dira oztopo bakarra, ezta hurrik eman ere. Dokumentazioaren, orografiaren eta ingurunearen ikerketa sakona egitea; finantzaketa lortzea; baimenak eskatzea; langile boluntarioak aurkitzea... horiek guztiek osatzen dute egungo indusketa-lanen eguneroko ogia. Horregatik, oso zaila da halako proiektu handi bat abian jartzea.
Arkeologoek, historialariek eta, oro har, zientzialariek hamaika oztopo gainditu behar izaten dituzte, gazteluak eta antzeko arrastoak azalera atera ahal izateko. «Jende askok uste du arkeologoen lana pala eta zizel bat hartu eta lurrean aztarrika egitea besterik ez dela, baina oso prozesu luze eta konplikatua da», azaldu du Juantxo Agirre Mauleon Arantzadi Zientzia Elkarteko kide eta Amaiurko gazteluko indusketen arduradunak. «Dokumentazioa aztertu behar duzu, ingurunea ikertu, baimenak eskatu, finantzaketa plan bat egin, lanetarako proiektua ondu, ingurunean eragingo duen kalteak neurtu, boluntarioak bilatu… Ezin dugu bururatzen zaigun edozein tokitan indusketa bat egin».
Antzeko iritzia agertu digu Iñaki Sagredo Arrate Kultur Kudeaketa elkarteko arkeologoak: «Indusketa lan bat aurreikusteko orduan, gutxienekoa indusketa bera da. Hainbat faktore dira kontuan izan beharrekoak. Arrastoak lurpetik atera ostean, adibidez, horiek finkatu beharra dago, bestela, handik gutxira, hondatu eginen dira; bestalde, ateratzen diren aztarna guztien inbentarioa egin beharra dago, pieza bakoitza sailkatu, eta abar».
Batzuentzat zein besteentzat, arazo nagusienetako bat diru-iturriak lortzea da. «Finantzaketaren afera konplexua da –esan digu Sagredok–. Gaur egun, udalek ez dute indusketetan inbertsiorik egiten, emaitzarik ikusten ez dutelako. Ez da ohikoa, indusketa batean, denbora tarte laburrean emaitza harrigarriak ikustea, edo berebiziko garrantzia duen ondarea lurpetik ateratzea. Horretarako, eremu zabal bat zulatu beharra dago, eta horrek beldurra ematen die administrazioei. Beraz, alde batetik, ez dute lurzorua gehiegi ukitu nahi, eta bestetik, emaitzak ikusi nahi dituzte. Oso zaila da oreka horri eustea».
Horregatik guztiarengatik, lanak pixkanaka-pixkanaka egitea eta mugak ezartzea da arkeologoen lanbidearen oinarrietako bat. «Indusketak egitean, hurrengo belaunaldiak ere kontuan izan behar ditugu. Ahalik eta eremurik zabalena ustiatzea eta arrasto guztiak azaleratzea ez da gomendagarria. Zer utziko diegu etorkizuneko arkeologoei? Datozen urte eta hamarkadetan, segur aski, induskatzeko teknika aurreratuagoak asmatuko dira, zehatzagoak, ingurunearekin horren intrusiboak ez direnak; aldiz, ahal bezain laster dena lurpetik ateratzeko presaka bagabiltza, datu asko gal ditzakegu bidean. Kasu hauetan, eremu zehatz bat zedarritzea da egokiena, indusketak zonalde horretara mugatzea, eta gainerakoa etorkizunerako uztea. Ez gaitezen gurekoiak izan. Mugak jarri behar dizkiogu gure buruari», azpimarratu du Iñaki Sagredok.
Jarraian aztertuko ditugunak Nafarroako Erresuma zaharraren gotorleku garrantzitsuenetakoak dira. Gehienetan (Amaiur, Garaño edo Irulegiko kasuetan, adibidez), indusketa-lanek aurrera darraite, eta arrastoak ikusteko aukera dago; beste batzuetan, alta, harriek lur azpian jarraitzen dute. Batzuek zein besteek Euskal Herriko ondare historikoaren zati garrantzitsua osatzen dute.
Irulegi, herri baskoi baten gainean eraikitako gaztelua
Nabarraldek antolatutako kongresuan parte hartu zuen beste adituetako bat Javier Buces izan zen, Irulegiko gazteluan Arantzadi Zientzia Elkartea egiten ari den indusketaren zuzendaria. Haren arabera, Lakidaingo haitzean dagoen gaztelu horrek ez zuen Nafarroako Erresumako beste gotorleku batzuen garrantzi estrategikoa, baina ezinbestekoa da gure herriaren historia ulertzeko: «Beste gaztelu batzuek ez bezala, Irulegik ez zuen 1512ko konkistan parte hartu, eta agian horregatik, ospe txikiagoa dauka, baina oso garrantzitsua izan zen bere garaian, Piriniotako hegoaldeko bideak kontrolatzeaz gainera, Iruñerriko eskualdearen mugak ezartzen zituelako XIII. mendean».
Aurkitutako dokumentazioaren arabera, XV. mendean, Nafarroako Erresumaren eskuetatik Beaumondarren eskuetara pasa zen gaztelua. «1494. urtean lortu zuen Nafarroak gotorlekua berreskuratzea, baina eraistea erabaki zuen», azaldu du Bucesek.
Arantzadi Zientzia Elkarteak 2007. urtean abiatu zituen indusketa-lanak Irulegiko gazteluan, eta ordutik, hainbat elementu atera dituzte lurpetik. 2008an, adibidez, herrixka protohistoriko baten aztarnak aurkitu zituzten. Zientzialarien arabera, baskoien bastioi bat egon zitekeen bertan, gaztelua eraiki aurretik. «Baskoien txanponak topatu genituen gazteluaren arrastoen artean, baita berantiarragoak ere, Nafarroako Erresumarenak, XIV. eta XV. mende ingurukoak», esan du arkeologoak.
Objektu horiekin batera, azpiegitura ugari ere aurkitu dira Irulegiko ingurumarietan azken urteetan egindako lanari esker: harresiak, pasabideak, aretoak, ur-zuloa, kapera... «Nafarroako Gobernuko Bianako Printzea erakundeari baimena eskatu genion makineria erabili ahal izateko, eta horri esker, aurrerapauso handiak egin ahal izan genituen. Izan ere, itzela da aztarnen gainean pilatutako lur kantitatea, eta batzuetan, beharrezkoa da makinak erabiltzea».
Bucesen esanetan, gaztelua mendeetan zehar lurpean egon izanak harrien eta objektuen kontserbazioa erraztu du, eta horri esker, Lakidaingo haitzean aurki daitekeen ondarea balio handikoa da: «Irulegi defentsarako arkitektura nafarraren adibide garbia da. XV. mendetik hona lurpean izan da, eta ikerketarako esparru itzela eskaintzen du, arrastoak oso egoera onean mantendu direlako. Agian ez du beste gaztelu batzuek bezain besteko garrantzirik, baina oinarrizkoa da gure historia ulertzeko orduan, Nafarroako Erresumaren hastapenaren mugarri izan zitekeelako».
Amaiur, Nafarroako konkistaren ikur, 500 urte eta gero
Euskal Herriko gazteluen artean, Amaiurkoa da, seguru asko, ezagunena. Gaztelua baino gehiago ere bada. Ikur bat da. Nafar herriaren erresistentziaren sinboloa. Eta hori asko da, gaur egun existitzen ez den gaztelu batez ari bagara. Izan ere, Baztango herri horretan egindako indusketak duela sei urte hasi baziren ere, erantzunak baino ugariagoak dira arrastoek utzitako galderak. «Amaiur ilustratzaileen amesgaiztoa da –esan du Juantxo Agirrek–. Datu berriak azaleratzen ari dira ia egunero, eta datu berri bakoitzarekin, gazteluari buruz genuen ideia osoa aldatu egiten da. Horregatik, Amaiurko gaztelua nolakoa zen irudikatu nahi duten marrazki eta ilustrazio eder horiek zaharkituta gelditzen dira berehala».
Gaztelu honen historian, jendartearen memorian iltzatua gelditu den urtea 1522 da. Urte horretan, Gaztelak Amaiur setiatu zuen. Nafarroako Erresumaren alde, 200 bat gudari besterik ez, eta aurrez aurre, Gaztelako armada, 10.000 soldaduz osatua. Borroka epiko hori hainbat abesti, poema eta eleberriren inspirazio iturri izan da urteetan zehar, baina erromantizismo historikoak ez du tokirik arkeologiaren metodo zientifikoen artean. Hala, Amaiurko gaztelua irudikatzen dugun aldiro gotorleku handi eta dotore batean pentsatzen dugun arren, Erdi Aroko eraikinak ez zuen horrekin zerikusirik. «Amaiurren azaldu diren arrastoak garai ezberdinetakoak dira, eta garrantzitsua da batzuen eta besteen artean ezberdintzea, jatorrizko eraikinaren gainean aldaketak egin baitzituzten XVI., XVIII. eta XX. mendeetan», azpimarratu du Agirre Mauleonek.
Nafarroako Erresumaren defentsarako eraikitako gaztelua, jatorrian, dorre bat besterik ez zela nabarmentzen dute historialariek. «Barrualdean zegoen dorre exentua zen, harresi lerro batez inguratua eta eskualdea kontrolatzeko erabiltzen zena. Erdi Aroko europar estatu txiki bateko gaztelu txiki bat zen, eta garai hartako gizartearen testuinguruan ulertu behar dugu. Gerora, XV. eta XVI. mendeetan, hainbat zaharberritze eta handitze pairatu zituen. Konkistaren ostean, Gaztelakoek mugaldeko gotorleku bihurtu zuten; harresi lerro gehiago, kontrahormak eta errefortzuak erantsi zizkioten; eta zazpi bider handitu zuten».
2006tik hona, Arantzadi Zientzia Elkarteak hamaika arrasto eta elementu topatu ditu. «Indusketa-lanetan denetarik agertu da: armak, 14 kiloko kanoi balak, aljibe edo ur-zulo bat, beirazko piezak, estandarteetako puntak… baita Euskal Herriko kaikurik zaharrena ere!», azaldu du elkarteko arduradunak.
Aitzita, haitzean txertatutako zaintza postua
Irurtzunen, Bihaizpeko harkaitzetako batean, Aitzita gazteluaren arrastoak daude. Gotorlekuaren izenak harkaitzei egiten omen die erreferentzia, egun Bihaizpe izenarekin ezagutzen dugun meharguneak Haitzbitarte edo Aitzitarte izendapena baitzuen Erdi Aroan. XI. eta XV. mendeen artean (arrastoen antzinatasuna erabat zehaztu gabe dagoen arren) defentsa sistema interesgarri baten parte izan zen, Garaño eta Orraregiko gotorlekuekin batera. Iruñerriko iparraldeko sarbideak zaintzen eta defendatzen zituen gerrikoa osatzen zuten hirurek ala hirurek.
Gaur egun, Arrate Kultur Kudeaketa elkartea ari da Aitzitako ingurumarietan lanean, eta dagoeneko, hainbat azpiegitura atera dituzte argitara. «Oso azpiegitura interesgarriak topatu ditugu; besteak beste, harresi bat eta aljibe bat. Egunotan, hain zuzen, zati hori ari gara ikertzen», azaldu digu Iñaki Sagredok.
Aurkikuntza horiek, gainera, baliagarriak dira garai bateko eraikuntza teknikak, materialak eta gerra baliabideak hobe ulertzeko: «Garai hartako maisu arkitektoak erabili zituen teknikak agerian gelditu ziren, karezko eta hareazko xaflak topatu genituelako, material horiekin igeltsoa egiten zuten seinale. Bestalde, XV. mendeko txanpon bat ere aurkitu genuen, Bianako Printzearena. Horrekin batera, ikertu dugun azken zatian, harresi handi bat atera dugu lurpetik. 40 edo 50 bat metroko luzera du, eta 20 metroko zabalera. Sarbidea, gainera, oso konplikatua da, haitzaren gailurrean dagoelako, eta 100 metroko pareta bertikal bat gainditu behar delako hara iristeko. Etsaiak adoregabetzeko egiten zuten hori».
Euskal Herriko gazteluen artean, Aitzitakoa ezohikoa da Arrate elkarteko kidearen esanetan. «Aipagarria da gaztelu honek orografiaz egiten duen erabilera. Bihaizpeko kareharria eta, oro har, inguruko baliabide natural guztiak ezin hobe probesten ditu. Horrez gainera, egitura bitxia dauka. Irulegi edo Amaiurko gazteluak, adibidez, defentsarako azpiegiturak izateaz gainera, erret bizitokiak ere baziren. Hau ez. Aitzitakoa askoz ere latzagoa da, deserosoa, elementu gutxikoa. Ez zuen bizitoki funtziorik betetzen. Lauzpabost soldadu besterik ez zegoen bertan».
Gaztelua 1415. urtean eraitsi zuten.
Legin, Iruñeko bideak zaintzen zituen gotorlekua
Legingo gaztelua mendixka baten gailurrean kokatua dago, Ardanatz herriaren ondoan, eta Urroztik oso gertu. Kokaleku hori oso egokia zen Erdi Aroan, Iruñeko bideak zaintzeko, bertatik, Itzaga, Agoitz eta Urrozko zonaldea ezin hobe kontrolatzen baita. Izaera estrategiko horretan oinarrituta, adituek uste dute baskoien herrixka baten gainean eraiki zutela gaztelua, Rala eta Irulegiko kasuetan gertatu bezala.
Gazteluaren jatorria kontakizunen eta teorien lainoetan galtzen den arren, eraikinaren egitura da datuek baieztatzen dutena: «Dokumentuek konfirmatzen dute IX. mendean dorre zirkularra zegoela Leginen, morisko erara eraikia. Garai hartan, nafar gazteluak dorre exentu soilak besterik ez ziren, oinarri karratu edo zirkularrekoak, eta haitzen zein mendien gailurretan eraiki ohi zituzten, sarbidea zailtzeko asmoarekin. Horregatik, Legingo gazteluaren atea ez legoke lurraren arrasean, goiko solairu batean baizik, eta barrura sartu ahal izateko, zurezko zubi mugikor bat paratzen zuten», azaldu digu Pello Guerra kazetari eta historian adituak.
Azpiegitura sinplea izateak ez zion gotorleku honi inolako baliorik kentzen, eraikinaren funtzio nagusia zaintzarena baitzen, defentsarena bainoago. Hori dela-eta, gazteluak ez zuen bizigarritasun baldintzarik betetzen. «Gerora, ingurua harresitu egin zuten, eraikin multzoari sendotasuna emanez», gaineratu du kazetariak.
Leginek pairatu zuen lehen setioa X. mendean izan zen, eta Kordobako kalifa ospetsuenetako batek zuzendu zuen: Abd ar Rahman III. «924 urtean, kalifak azeifa edo zigor operazio bat jarri zuen abian, Antso I.a Gartzez Iruñeko erregearen kontra, bi erresuma horiek lehian baitzeuden, Nafarroa eta Errioxako zenbait lurralderen kontura. Abd el Rahman Tuteratik atera zen, eta iparralderantz jo zuen, bidean topatzen zuen oro suntsituz. Irunberri arpilatu ostean, Leginera iritsi zen, eta bere gudarosteak gotorlekua birrindu zuen», esan digu Gerrak. Gertaera hori gogoratzen duen iturri erromaniko bat azalera atera dute eskualdeko biztanleek egindako garbitze-lanek. Musulmanen aurkako borrokaren ostean, gaztelua berreraiki zen eta erabakiorra izan zen beste hainbat gudetan, Gaztela eta Nafarroaren artekoetan, batez ere.
Gaztelua 1513. urtean eraitsi zuten Gaztelakoek, Cisneros kardinalaren agindupean. Ordutik, Iruñea eta Nafarroako erresumak defenditu zituen gotorlekkuaren harriak lurpean izan dira, eta hortxe jarraituko dute, ikerlari talderen batek argitara ateratzen dituen arte.
Garaño, Gaztelako gudarosteak suntsitu zuen lehena
1512an, Gaztelako gudarosteek Nafarroa inbaditu zutenean, Garaño izan zen birrindu zuten lehen gaztelua. Zenbait agiritan azaltzen denaren arabera, 1105. urtean eraiki zuten, baina datu hori ezbaian dago gaur egun. Arrate Kultur Kudeaketa elkartea ari da gazteluaren indusketa-lanetan, eta oraindik ez du eraikitze data bat zehaztea lortu. XI. edo XII. mendekoa izan litekeela uste dute adituek.
Gune estrategiko batean kokatua dago. 591 metroko altueran eraiki zuten, Zalditze eta Egillor herrien artean, eta gorago aipatu dugun bezala, defentsa sistema hertsia osatzen zuen Aitzita eta Orraregiko gazteluekin batera, Iruñerriko sarbide naturala babestuz. Cisneros kardinalaren aginduz eraitsi zen, baina gazteluaren esanahi sinbolikoak bizirik dirau Ollo bailarako biztanleen artean. Izan ere, Arrate elkartearen lanekin batera, bizilagunek bat egin zuten memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin, eta auzolanean, inguruak sasiz eta sastrakaz garbitzeari ekin zioten. Arkeologoen eta herritarren elkarlanari esker, gazteluaren dorre bat agerian gelditu da, eta horrekin batera, zeramikak, iltzeak eta hezurrak ere topatu dituzte. «Oso gaztelu ederra da, baina arrastoak lurretik ateratzea lan zaila izaten ari da, eraikina izugarri handia baita. Elkarteko zein herriko boluntarioen lanari esker, landutako pertz bat aurkitu genuen harrien artean, baita dadoetara jokatzeko zizelkatutako harri lau bat ere. Eta eraikin handiei dagokionez, etxebizitza bat eta dorre zirkular baten oinarria ere atera ditugu lurpetik. Dorrearena aurkikuntza garrantzitsua da, gainera, Erdi Aroko agirien arabera, goiko partea zurezkoa zelako. Halako eraikin bat ezohikoa da erabat», azaldu du Iñaki Sagredok.
Garaño aipatzen duten lehen dokumentuak XII. mendekoak dira, baina ikerlarien esanetan, atzerago joan beharko genuke gazteluaren benetako jatorria topatzeko. «Hemendik bertatik igarotzen zen erromatar galtzada; beraz, ez litzateke harritzekoa izanen gotorleku hau, hasieran, bide garrantzitsu horretako zaintza-postua izatea», esan du.
Bada, bestalde, Arabiar kronistek deskribatzen zuten Sajrat Qais (gotortutako haitza) Garaño izan zitekeela dioen teoria bat, eta hainbat historialarien ahotan ibili da, baina egiaztatzeke dago oraindik. Zehazki dakiguna da Karlos II.a errege nafarraren semearen bizileku izan zela, eta Nabarreriako gerran, 1276. urtean, setio bortitza jasan zuela.




