Pantaila handiaren aurrean edo antzokiko besaulkian eseri eta aktoreen interpretazio gaitasunari erreparatzen jartzen gara. Baina ohartzen ote gara soinean daraman arropak duen garrantziaz? Alferrik da aktoreak bere biziko papera egitea bere itxura fisikoa jokatzen duen pertsonaiarekin bat ez badator. Jantziak, makilajea eta ile orrazkerarekin batera, pertsonaia bat sinesgarri egin dezakete. Edo ez. Zineman, antzerkian eta telebistan lanean ari diren hiru emakumerekin elkartu gara. Esparru berean, baina lan desberdina egiten du bakoitzak: figuringilea, jostuna eta estilista dira.
Xole Aramendi
2012ko Irailaren 28a
Josune Lasa: «Zinemarekin pasiozko harremana dut, bere alde on zein txarrarekin»
Zinemarekin duen harremana pasiozkoa da, «bere alde onarekin zein txarrarekin. Emozioa zein desengainua, dena muturrera eramaten da», esan du. Euskal Herrian zein estatu espainolean azken hogeita bost urteotan egin diren zinema ekoizpen ugaritan aritu da Josune Lasa. Imanol Uriberen “Mikelen heriotza” filma izan zen bere lehen esperientzia eta azkena, Imanol Rayoren “Bi anai”. Euskal zuzendarien artean Juanma Bajo Ulloa, Montxo Armendariz eta Helena Tabernaren aginduetara egin du lan. Hemendik kanpo, Mario Camus, Iciar Bollain eta Pedro Almodovarrekin, besteak beste.
«Ia oharkabean hasi nintzen ‘La muerte de Mikel’en. Ondoren ‘Zergatik Panpox’, ‘Ehun metro’ etorri ziren… Zer gertatzen zen? Onena eta txarrena nintzelana, noski, bakarra nintzen eta!», esan du.
Hirurogei bat filmetan aritu da figuringile. Aktore guztiek soinean izango duten arropa diseinatzea da figuringilearen lana. «Batzuetan figurinak (jantzien marrazkiak) egiten dituzu baina bestetan azokara zoaz edo ezagunei kentzen diezu arropa. Kaletik norbait ikusi eta jaka erosi ere izan diot! Bat-batean sentitzen duzu pertsonaiak horixe bakarrik eraman dezakeela soinean...», dio irribarrez.
Istorioak kontatuz
Txikitatik erakarri du bai zinemak, bai arropak. Eta zorteko sentitzen da biak uztartzeko duen aukera duelako. Istorioak kontatzeko bide ematen dio zinemak. «Moda baino, pertsonaiak asmatzea da nirea. Lanean hasi eta berehala lotu ninduen zinemak. Betiko ametsa zen, eta benetan zerbait nahi duzunean agertu egiten da», kontatu du.
Bere esanetan, jantzigintzak bi muturreko irakurketak ditu, «oso sakonekoa eta oso arina. Asko interesatzen zait arropa nola erabiltzen dugun: dela ezkutatzeko, dela espresatzeko... Gainean jartzen dugun korazaz zer interpretazio egin dezakegun aztertu nahi dut dokumental batean», adierazi du.
Ez da lehenengoa izango. 1991n izan zuen lehenengo esperientzia kamera atzean –“La cena” film laburra hainbat jaialditan saritu zuten– eta errepikatzeko gogoz dago.
Antzerkia eta zarzuela ere zerbait bai, baina zinema egin du gehiena. «XX. mendean girotutakoak izan dira eta Gerra Zibilekoak, asko. Ez da nik hartutako erabakia izan, horrela gertatu da. Pena da, baina horretan sailkatu naute».
Josunerentzat seinale ona da ikusleek jantzietan ez erreparatzea. «Horrek adierazten du arropak ez duela kontakizuna geldiarazten. Gogoan ditut hainbat izenburu, oso zuzendari ezagunenak, dena hain polita egin nahian istorioaren jarraipena zaildu besterik egin ez dutenak. Berdin dekorazioan, presentzia handiegia izatea ez da komenigarria». Biak jorratu ditu, jantzigintza eta dekorazioa. Arte zuzendari bezala hamar film ingurutan parte hartu du.
Aurrekontu murritzak edo presak eraginda baino buruko min handienak zuzendariarekin konexiorik lortu ezinik ibili denean izan ditu. «Zuzendariarekin bat egiten ez baduzu... Eta berdin aktoreekin. Ez luke horrela izan beharko, baina asko kezkatuago daude kamera aurrean ematen duten itxuraz pertsonaiaz baino. Hainbat eta aktore hobea izan, orduan eta kezka gutxiago izango du bere buruaz. Federico Luppik berehala esango dizu: ‘zuk egin zure lana eta nik ez dut txintik esango’. Eta aldiz, hasi berria den bat ‘ez dut nire burua ondo ikusten’ esanez hasiko zaizu. Pertsonaiaz esatekoa duen guztia interesatzen zait –zinema talde lana da eta egoek ez dute tokirik–, baina ez kontua bere burua nabarmentzea bada».
Pertsonaien alde ezkutuaren bila aritzen da Josune Lasa, hura aberasteko asmoz. «Arropak sinesgarria izan behar du. Pertsonaiaren alde argiaz zein ilunaz nik egin dudan irakurketa islatzen du, topikoaz harago. Gogoan dut Karra Elejaldek “La madre muerta” filma egiten ari ginela esandakoa. ‘Pertsonaiaren falla bilatu behar dugu. ‘Taxi Driver’-en bezala, gogoratzen duzu galtza laburregiak zituela?’, bota zuen. Primerako ideia iruditu zitzaidan. Detaile horrekin gauza asko deskribatzen dituzu: baztertua dago, ez du bere itxura zaintzen... Perfekto bazoaz badirudi dendatik atera zarela, eta ez da hain interesgarria».
Erreparoak
Orain ez hainbeste, baina urte askoan aktoreek bigarren eskuko arropa janztea ez da erraza izan. «Erreparo asko zuten. Eta gero aktore amerikarra dator, zure aitonaren jertsea jaztean ‘zein ondo sentitzen naizen!’ diona –gogoratu du–. ’Yoyes’ pelikulan Ernesto Alteriok esan zidan arropak pertsonaiara iristen lagundu ziola. Polita da hori ikustea. “Badirudi ezagutu egin duela!”, esan omen zuten bere arrebek pelikula ikustean. Horrelaxe kontatu zidaten. Noski, ni adin berekoa naiz, hemengoa, eta Goierrin lagunak nituen... Horrelakoak entzutea oparia da niretzat».
Filmazioan aktoreak kameran nola ematen duen ikustea gustatzen zaio. «Ez da gauza bera bideoan edo zuzenean ikustea. Horren arabera pertsonaia garatuz joan naiteke. Badira hasi aurretik dena prest uzten duten figuringileak, baina nik nahiago dut aldatuz joatea», argitu du Josune Lasak.
Madrilera iristean hutsetik hasi behar izan zuen, baina erraza izan zela dio. «Behetik hasi nintzen, jostun bezala, eta garrantzitsua izan zen hori».
Donostiara bueltan
Hogei urtez Madrilen bizi ondoren, Donostiara, jaioterrira etorri zen duela lau urte. «Familia duzunean sakrifikatua da zinema. Eta atsedenaldian nago orain, gustura», dio.
Orain, zinema utzita, telebistan ari da. «Bainet enpresan ari naiz. ‘Decogarden’ saioan dekorazio laguntzailea naiz. Aurkezleen arropaz ere arduratzen naiz», dio.
Josuneren esanetan, «zure lanean ona izatea bezain garrantzitsua da medio bakoitzaren dinamika ezagutzea. Antzerkiko aktoreen artean badira gaizki sentitzen direnak zineman ia azkenak direlako. Eta aldiz, antzerkian diboak dira. Argi fokuak, distantzia… hori guztiaren menpeko dira. Interpretazioak askoz txikiagoa izan behar du. Zinemak zein antzerkiak lege propioak dituzte», azaldu du.
Filmaketak “Gran Hermano”rekin alderatzen ditu. «Berrogei pertsonen neurak batzen dira, pentsa! Filmazioak benetan gogorrak dira nahiz nik gozatu egin dudan. Dena den, txorakeria asko dago zineman bertan eta bere inguruan».
Nati Ortiz Zarate: «Arropak garena adierazten du bizitzan, eta berdin antzerkian»
Bilboko Arriaga antzokian topatu dugu Nati Ortiz Zarate. Bertan eskaintzen diren emanaldietan jantzigintzan laguntzen du. Handik metro gutxira dagoen bere tailerrera goaz. Liburuak, argazkiak, oihalak, josteko makina... ikus daitezke.
Arriagako lan-poltsan dago eta beharra dutenean aritzen da. «Ekoizpen handiren bat –zarzuela, opera edo produkzio propioa– dagoenean deitzen digute. Bestela, askotan, langile bakarra molda daiteke», kontatu du.
Jostuna da Nati. Jantziak jostea eta aktoreek behar dutenean arropa prest egotea da bere lana. Askok izan dezaketen ustearen kontra, plantxa eta garbigailu artean ibiltzen da Arriagan. «Ikuskizun askoren jantziak kanpotik datoz, eginda. Operen kasuan, esaterako. Gure lehenengo lana jantziak hemen lan egingo duten aktoreei eta abesbatzako kantariei probatu eta egokitzea da, ondoren garbitu eta plantxatzeko. Horrez gain, emanaldian zehar eszena arteko arropa aldaketak ahalik eta arinen egiten laguntzen dugu», azaldu du.
Hainbat antzerki taldetan aritu da, aktore lehenik, eta jostun azken urteotan. Karraka taldearen lehen garaietatik euskal antzerkiaren bilakaera gertutik ezagutu du.
Figuringile ere aritu da. «Kukubiltxorekin biak egin ditut, jostunarena eta figuringilearen lana. Patxo Telleria eta Mikel Martinezekin ‘Larru Haizetara’, ‘Euskarazetamol’ edo ‘Lingua Navajorum’ lanetan ia dena egin dut, baita atrezzoa ere. Azken hau ekainean estreinatu genuen eta oso lan polita izan da», kontatu du.
Josten jakiteari garrantzitsua deritzo. «Gertatu izan zait figurinaren fitxa hartu eta berehala ikustea hura egin duenak josteko arrastorik ez daukala. Bai, marrazkia oso polita izan daiteke marko batean ipintzeko, baina ezinezkoa oihalekin islatzeko!», nabarmendu du.
Natirentzat garaiko jantzigintza da zailena. «Gaur egungoak ez du zailtasunik. Estilismoa da gehiago. Dendara joan eta erosi, ez dago besterik».
Zuzendariak nahi duena oihalekin nola islatu da gakoa. «Arin eta merke nahi izaten dute gainera. Jantzi aldaketak azkar egiten dira eta ez dago aktorea kamerinora joateko denborarik. Bi osagaiekin –kapela eta gerrikoa esaterako–, zein garai historiko den adierazi behar duzu».
Jostunaren esanetan, jantziak pertsonaiaren %50 egiten du. «Agertoki gainera igo eta pausoa eman eta oraindik ahoa ireki gabe dagoenean ikusleek ikusten dutena da. Noski, ondoren hitz egin behar du, mugitu... Baina ez dagokion jantzia badauka soinean... Badakit zer den. Izan ere, bi aldeetan egon naiz, aktorea eta jostuna naiz, eta hori entsegu batean ere nabaritzen da. Batzuetan takoien gainean jartzea nahikoa da pertsonaia zurea egiteko».
Janzkera zehazterakoan, pertsonaiaren psikologiak agintzen du. «Bizitza errealean gure look-arekin garena adierazten dugu eta antzerkian berdin, pertsonaiaren psikologiak jantzien erabilera baldintzatzen du».
Talde lana da. «Denak etorri behar du bat: aktoreen lanak, jantzigintzak, eszenografiak eta argiztapenak. Eta zuzendariak garbi eduki behar du nondik jo».
Bigarren eskukoak
Zuzendariarekin batera, ekoizlea da gakoa. «Aurrekontuak ere asko baldintzatzen du», dio. Esperientziak arropa moldatzen irakatsi dio. «Bigarren eskuko arropak erabiltzen ditut. Badira dendak. Aurrez arropa josita badago, zertarako berriz egin?», bota du. Irudimena lagun izaten du. «Diru gutxi dugunean...».
Jostun batentzat, ikusleek arropaz ezer ez esatea da onena. «Horrek esan nahi du justu horrelaxe jantzita joan behar zutela aktoreek, modu horretan etorri direla etxetik», argitu du. Sormen prozesu guztietan bezala, goraldiak eta beheraldiak izaten dira antzerkian. «Gauzak oso ondo hasten dira baina gero beti dator krisialdia. Galduta gaude, ez zaigu ezer ondo ateratzen... Egoera horretan jantzigintza da beti huts egiten duena zuzendariaren ustez... Baina osagai guztiek elkar hartzen dutenean dena konpontzen da. Garatuz doazen lanak dira eta dena bukatu arte ez da emaitza ikusten», adierazi du.
«Gertatu izan zait zuzendari batek estreinuaren aurrean segurtasun eza sentitu eta arropa aldatzeko eskatzea. Eta nik neurekiko, ‘zergatik ez duzu aktorea aldatzen?’ esatea. Agian akatsa casting-ean dago, aktorea ez da egokia», gaineratu du.
Natik amama eta ama ikusten zituen etxean, josteko makinaren aurrean. Berak tailerrean erabiltzen duen makina Menchu Blanco Arriagako jostuna izandakoak Parisetik ekarria da. «Hura hil zenean alabak eman zidan. Eta alaba iaz hil zen. Opari polita egin zidan, niretzat onena. Asko maite nuen Menchu; lehenengo niri egin zizkidan antzerkirako arropak eta ondoren lankideak izan ginen».
Hastapeneko garaitik oroitzapen politak ditu. Karrakarekin igo zen agertoki gainera lehen aldiz. Taldean bertan hasi zen arropak egiten eta pixkanaka beste taldeen enkarguak iritsi ziren. Lan aukera ikusita, Madrilera jo zuen, Ikuskizunen Teknologien Zentrora. «Ordurako egiten nuen nire kasara, baina bide egokia zein zen jakin nahi nuen».
Euskal Herriko hainbat jaitan kalez kale ibiltzen diren erraldoiek eta buruhandiek Natik jositako jantziak daramatzate soinean.
Agertokia faltan duen galdetuta, begiak piztu zaizkio. «Etorriko da», esan du. Zinemako azken lana Borja Cobeagaren “No controles” izan da. «Paper txikia baina oso polita». Telebistan “Euskolegas”eko bi atal izan ziren azkenak eta antzerkian hiru urte dira “Bilbao, Bilbao”, estreinatu zutela. «Oso polita izan da 25. urteurrenean ‘Bilbao, Bilbao’ Arriagaren enkargu denok berriz elkartzea», adierazi du.
Ana Turrillas: «Agertoki gainekoa baino askoz interesgarriagoa da atzekoa»
Bi egun daramatza Ana Turrillasek gau erdian esnatuz. Tanttakaren “Soinujolearen semea” antzezlaneko pertsonaiak agertzen zaizkio loaren erdian. «1950eko eta 1970eko hamarkadetako arropa aurkitu behar dut eta Baionako Traperos de Emausera noa etzi, ea zer dagoen. Bizpahiru galtza aurkitzen dituzu, baina kopuru handia behar dut. Nondik aterako ditut?», kontatu du, bere kezkak partekatu nahian.
Gisa honetako gauak dira beretzat lanbidearen okerrena. «Egungo jantziekin errazago moldatzen naiz, eskura ditudalako. Baina garaiko arropa zailagoa da. Lehenengo pausoa dokumentatzea da. Ondoren, behar duguna bilatzea. Batzuetan dendetan aurkitutakoa moldatu egiten dut, eta, bestetan, jostunei eskatzen diet arropa egiteko, proiektuaren arabera. Zineman errazagoa dela uste dut; Madrilen denda asko daude arropa alokatzen dutenak, baina antzerkian ez dakizu zenbat luzatuko diren emanaldiak eta, hori dela eta ezin duzu alokatu», azaldu du.
Estilismoak osatzen ditu Anak, bera ez da jostuna. Ez du faltan haria eta orratzarekin moldatzea. «Horretarako daude jostunak, ez diegu lehiarik egingo. Nire lanerako ez dut josten jakin beharrik ikusten, nahiz noski, nahiko nukeen jakitea».
Tartekako buruhausteez gain, gustura ikusten da. Lanbideak leiho berri bat ireki zion duela sei urte. Fernando Bernues eta Mireia Gabilondok “Emakumeak izarapean” antzezlanean jantzigintzaz arduratzea proposatu zioten. «Lagunak nituen. Beldurtu egin nintzen baina ‘zergatik ez?’ pentsatu nuen. Niretzat oso ohikoa da bezeroei arropa bat zerekin lagundu dezaketen aholkatzea», dio.
Arropa saltzea da bere zeregin nagusia. Hoss Intropia marka merkaturatzen duen enpresaren partaide da eta Euskal Herriko, Kantabriako eta Errioxako marka anitzeko dendei saltzen dizkie diseinuak.
Agertoki gainean dagoen aktorea jaztea beste zerbait da. «Aktoreak interpretatzen du, baina nik ere interpretatu behar dut pertsonaia. Bide horretan pertsonaiaren psikologiak eta oholtza gainean esateko daukanak gidatzen nau», esan du. Arropa pertsonaia borobiltzera dator. «Pastelaren ginda gara gu. Pertsonaiaz gain, eszenografia eta agertoki gainean norekin dagoen kontuan hartu behar dugu. Aktorearen interpretazioa da oinarria, baina pertsonaia inguratzen duen horrek, arropak, toki batean edo bestean kokatzen du: egiazko tokian, pertsonaia sinesgarri eginez, edo, aldiz, gezurrezkoan, ez-sinesgarri bihurtuz. Talde lana da eta denak koherentzia izatea beharrezkoa da ikuslearengana ondo iritsi dadin».
Antzerkizalea, teloiaren atzean ezkutatzen den guztia deskubritzeko aukera eman dio lanbide berriak. «Atzekoa agertoki gainean ikusten duguna baina interesgarriagoa dela deskubritu dut», aitortu du irribarrez.
Zuzenekoaren emozioa
Beste ezeren gainetik, antzerkiak duen zuzenekoaren emozioarekin geratzen da. «Aktorea biluzik dago agertoki gainean eta horrek balio erantsia du. Ikaragarria da interpretaziorako bere barruan aurkitu behar duen erregistro kopurua. Eta putzuan sartzea lortzen ez denean hor dago zuzendaria, ona bada, aktoreari bultza eginez, bertan sartu eta ondoren ateraz. Horren lekuko izatea da lanbide honen onena», adierazi du.
Lan bakoitzaren aurrean lehenengo aldia balitz bezala sentitzen da. «Iritsiko ote naiz zuzendariak nahi duenera?', galdetzen diozu zure buruari eta estualdia sentitzen duzu», kontatu du.
Hainbat ikuskizunetan lan egin arren, hasiberri sentitzen da. «Asko dut ikasteko; gauza asko egin dituen hasiberria naiz», esan du. Sormen prozesu guztiak bezala, antzerkiko eta zinemako «jantzigintza gozamena eta sufrimendua da. Segurtasun eza nabaritzen duzu».
Mireia Gabilondoren eskutik zineman ere aritu da. “Amaren eskuak” filman parte hartu du udan. Gogorra egin zaio. «Zinemak askoz trikimailu gehiago ditu, baina oso gogorra da. Ez da kronologikoki errodatzen, beraz, duela asteak hasitako eszena gaur bukatzen duzu eta denak egon behar du bere tokian, baita aktorearen kopeta-ileak ere! Sekulako perfekzio ariketa da».
Kukai dantza taldearentzat ere aritu da lanean Tanttakarekin elkarlanean egin dituzten azken hiru ikuskizunetan. Berezia da dantzarientzat arropa egokia aurkitzea. «Mugimendua erraztuko duten oihalak behar dituzu», dio.
Aktoreekin duen harremanaz zera dio irribarre artean: «guztiek egon nahi dute eder, itsusiaren paperean bada ere. Bizitzan bezala, arropak segurtasuna ematen du antzerkian. Eta noski, publikoaren aurrean bakarrik agertu behar duen aktorearentzat oso garrantzitsua da segurtasuna emango dion arropa soinean izatea», dio.
Aldaketak dira buruhaustea. «Arropaz aldatzeko denborarik ez badago, nola lortu itxura desberdina ematea aldaketarik egin gabe? Eta aldaketa egin badaiteke, non gorde arropa aktoreak eskura izan dezan? Ate batetik ateratzen bada nondik sartuko den kontuan izan behar da. ‘Ipar haizearen kontra’ lanean bezala. Zer zen hura...!», dio.




