{ irakurrita } -

Jose Angel Oria

2012ko Irailaren 28a

Lege lehorra egon da indarrean Txekiar Errepublikan joan den ostegunera arte. Egun horretatik aurrera, Osasun Ministerioak ezarritako araudi zorrotza errespetatu beharko dute edari alkoholikoak saldu nahi dituzten establezimenduek. Agintariek esandakoari jaramonik egiten ez diotenei, negozioa itxi egin die. Alkohol aizunduak hildako pertsonen kopurua areagotu izanak eragin ditu Lege lehorra eta ondorengo araudi berria (26 herritar, lerrook idazteko garaian). Herrialdeko Fiskaltzak eta Poliziak uste dute metanolak eragindako intoxikazioa propio egindakoa izan dela, norbaitek aurretik pentsatutakoa, alegia.

Praga hiriburuko “Hospodarske Noviny” egunkarian esanda zeukaten azkenean indargabetu egingo dutela orain hamabost egun ezarritako Lege lehorra, baina Jindrich Sidlok zioen bere zutabean debekuari, zati bati bederen, eutsi egin beharko litzaiokela.

«Bruselako euroburokraten eta etxeko bere laguntzaileen ahaleginek ez dute lortu herrialde honek benetako askatasunaren uharte bakarti izateari uztea. Askatasun uharte bat da, horrenbesteko debeku eta araudi zuzenek esklabutzara daramaten munduan», idatzi du egileak ironikoki. «Irailaren 14an, ostiral gauean, agintariak erabat etsita zeudela indarrean jarritako debeku partzialak bukaera izan beharko du noizbait. Debeku horren amaiera unerik egokiena izan daiteke debeku horren zati bati eusteko aukerari buruz serio hitz egiten hasteko. Oso arrazoi onak daude horretarako, zibilizazioaren bidetik urratsak egiteaz gain».

Drogen legalizazioari buruzko eztabaidak oso ezaugarri bereziak ditu une honetan Txekiar Errepublikan, alkohola baita legez kanpo utz dezaketena, baldintza jakin batzuetan behintzat, Sidlok defenditzen duena aurrera ateraz gero.

Jende askori alkohola debekatzeko beste herrialde askotan egin diren ahaleginak gogoraraziko dizkiola onartzen du egileak bere artikuluan, eta herritarrek debekuak nola gainditzen zituzten eta merkatu beltza nola sortu eta indartu zen aurpegiratuko diotela… «Gu gauden egoeran egonda, alkohola benetan den produktu moduan hartzen duten herrialdeei begiratu beharko genieke: oinarrian, arriskutsua izan daitekeen droga bat, agian legez kontrako drogeekiko ezberdintasun bakarra duena: Estatuak alkoholaren salerosketaren bitartez diru asko biltzen duela». Txekiar Errepublikako «askatasunaren paradisuko» egoerak «esku artetik ihes egin die agintariei», zutabegilearen arabera.

Egileak gogorarazten du herrialdean Europako beste inon baino kasino gehiago dagoela, eta herritar askok ez duela onartu nahi jatetxeetan erretzea debekatzen duen araua. Jindrich Sidlok gogorarazten duenez, gradu askoko edari alkoholdunak saltzea debekatuta badago ere, oso erraz lortzen dira kontrabandoan. «Edonork lor dezake itsu-itsu geratzea, bai eta bere burua hiltzea ere, horrela nahi izanez gero, kontrabandoko vodkarekin. Hori bai, legezkoa balitz baino gehixeago kostatuko zaio», eransten du Jindrich Sidlok.

Horregatik, kalean edari alkoholikoak saltzen dituzten postuak debekatzeko eskatzen du, lehen neurri moduan. Aurrerago, beste herrialde askotan ezarritako arauak Txekiar Errepublikan ere ezartzea nahi du: esaterako, edari alkoholdunak lizentzia edo baimen berezia duten establezimendu jakin batzuetan baino ez saltzea, eta ordutegi jakin baten barruan. •