EKONOMIA -

Jose Angel Oria

2012ko Irailaren 28a

Futbola hiltzen ari dela esan du adituak, makina bat datu mahaiaren gainean ipiniz. Jose Maria Gay de Liebana ekonomian doktore eta Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia irakaslea da. Urtero egiten du futbol profesionalari buruzko ikerketa. Azken txostenaren arabera, ekonomikoki hiltzen ari da espainol Estatuko futbola, liga profesionaleko buruak oso kudeaketa txarra egiten ari direlako. Irakasleak Europako bost ligarik handienak alderatu ditu: Ingalaterrakoa, Alemaniakoa, Italiakoa eta frantses eta espainol estatuetakoak. Ondorio aipagarrienen artean esan daiteke Alemaniakoa eta Frantziakoa direla ligarik onenak. Espainola txarren artean dago, dirua galtzen ari direnen artean; hala ere, bertako bi taldek, Real Madridek eta Barcelonak, sekulako irabaziak izaten dituzte.

Futbolari batzuek kobratzen dituzten kopuru ikaragarriak leudeke Espainiako ligaren arazoen atzean. Hori bai, Estatu mailako ligari, edo handiagoari, eutsi behar zaio, «kataluniar liga bat hondamendi ekonomikoa izango litzateke-eta».

Azken ideia horri heldu diote espainol Estatuko hedabide unionistenek, gero eta hedatuagoa dagoen Kataluniaren independentziari buruzko eztabaidak eraginda. Baina eztabaida politikoa albo batera utzi eta adituak futbolaren ekonomiaren inguruan esaten duena aztertuz gero, egungo eredua ez dela jasangarria ondorioztatuko dugu. Izan ere, espainol Estatua erreskateak eskatzen dabiltzan horietakoa izanda, nola da posible munduko futbolaririk garestienak bertan jolastea? Kontu hori amaitzear da, Jose Maria Gay de Liebana irakaslea oso oker ez badago.

Bundesliga eredu

Busdesliga da konpetiziorik sasoitsuena kudeaketari dagokionez. Alemaniako estadioak bete egiten dira astebururo, espainol Estatuko zelai gehienetan aspaldi honetan gertatzen ez dena. Ingalaterrako Premier Leaguek oso izen ona eta eragin handia dituen arren, porrot egin du. Alemania, aldiz, «oso orekatua da, bertako futbolariek jolasten duten moduan».

Premier Leagueko ereduak porrot egin du Ingalaterran, baina beste eredu bat indartu da herrialde horretan: «klubaren jabearen eredua, Roman Abramovichen eredua. Chelsea futbol taldearen galerak bere konpainia taldearen bitartez finantzatzen ditu», irakasleak esplikatu duenez.

Italiako Serie A ere ez dago etxeperoak botatzeko moduan, bertako taldeek sekulako arazo ekonomikoak baitituzte. Milan, Inter eta Juventus bezalako talde handiek asko sufritu behar izaten dute zenbakiak koadratzeko. Aldi berean, mugaz beste aldean, frantses Ligan austeritatea da nagusi, azken bolada honetan Pariseko PSG taldera petroliotik ateratako dolar asko iritsi bada ere. Hiriburuko taldearen kasua salbuespena litzateke, irakaslearen azterketaren arabera. «Futbola ekonomiaren isla bizia da, eta Europan ekonomiari tira egiten ari direnak Alemania eta Frantzia dira», ekonomialariak eraikitako metafora- ren arabera. Makina bat datu eskaini ditu argudioei eusteko.

Vallecaseko fokoak

Espainol Estatuko liga profesionalari dagokionez, kudeaketa txarra da bere arazo nagusia, Gay de Liebanaren arabera. Horrelako zerbait ematen zuten aditzera joan den igandean Vallecasetik iristen ziren irudiek: Rayoren eta Real Madriden arteko partidari hasiera ezin eman, norbaitek kable ugari moztu egin zituelako. Telebista kamarak, futbol izarrak, hamaikakoak… gauza guztiak prest, eta estadioa huts-hutsik, erdi ilunpetan. Kudeaketa desegokia ala bestelako fenomenoren bat? Edonola ere, krisi garaiko irudia eskaini zigun Rayokoen estadioak igandean.

Gay de Liebana irakasleak berak duela gutxi esan zuen Espainiako futbolaren negozioari hamar urte besterik ez zitzaizkiola geratzen, baina azken bolada honetan klub askoren egoera ikusita, talde batzuen eta ligaren beraren kudeaketa txarra ikusita, diagnosia aldatu egin du: gaixoa uste baino larriago dago eta bost urteko bizitza baino ez zaio geratzen.

Epe horretan egun ezagutzen dugun konpetizio eredua desagertu egingo delakoan dago aditua. «Liga espainolak ez du gora egiten, bi taldek ezik, Barçak eta Real Madridek. Gainerakoak orain bost urte bezala daude. Espainol futbola hiltzen ari da. Asko jota bost urte geratzen zaizkio eta estadioek arrazoia ematen didate. Espainol futbolak ez du xarmarik», adierazi zuen irakasleak azken txostena aurkeztean.

Azken jardunaldietan estadioetara joan den ikusle kopuruaren azterketak arrazoia ematen dio Jose Maria Gay de Liebanari. Lehen mailako zelaietara lehenengo lau jardunaldietan 1.002.983 ikusle joan dira (Betisek eta Atletico de Madridek jokatu beharrekoa falta zela), hau da, iaz baino 136.000 ikusle gutxiago: %12ko jaitsiera. Orain hiru urte baino 144.000 ikusle gutxiago, arazoa kronifikatzen ari dela aditzera emateko.

Orain urte batzuk, Estatuko talderik indartsuenen bisitak estadioa erabat betetzea bermatzen zuen, «baina gaur egun ez da horrelakorik gertatzen. Getaferen futbol zelaia bisitatu dute dagoeneko Barçak zein Real Madridek, baina Coliseumaren erdia baino ez zen bete bi kasu horietan. Gauza bera gertatu zaie Sevillari eta Osasunari: munduko talde onena etorrita ere, zaletu askok estadiora ez joatea erabakitzen dute azken bolada honetan». Kudeaketa txarraren adibide izan daitezke aurtengo ligari hasiera abuztuaren erdialdean eman izana (zaletu asko oporretan daudela alegia), eta aurten ezarri diren ordutegi zentzugabeak. Faktoreok estadioak erdi hutsik egotea eragin dute.

Kiroletan, onena nor den frogatzeko elkarren lehian egiten den jarduera da norgehiagoka, Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera, baina aldez aurretik onena nor den garbi baldin badago, ez du inolako interesik norgehiagokak.

Interesik ez ligak

Horrelako zerbait gertatzen ari da azken urteotan espainol Estatuko futbol liga profesionalean: Barçaren eta Real Madriden arteko lehia izaten da, horientzako izaten baitira sailkapeneko lehen bi postuak, eta hirugarrena 30 puntu gutxiagorekin geratzen da.

Gay de Liebanak futbol kluben aurrekontuak aztertu ditu azken fenomeno hori azaltzeko. Orain bost urte, adituak egindako kalkuluen arabera, bi klub handienen aurrekontuak lehen mailako talde guztien aurrekontuaren %43,38 ziren, baina hasi berria den denboraldian %53ra igo da proportzioa. «Ingalaterrako Premier Leaguen, diru gehien eta gutxien jasotzen duten kluben arteko erlazioa txikiagoa da, 1,5ekoa, baina hemen bi handienek 140 milioi euro kobratzen dituzte, eta 40 milioi besterik ez hurrengoak».

Egoera horrek bere eraginak ditu, jakina. Ekonomialariak dio ondorioetako bat espainol Estatuko futbolari askok atzerriko bidea hartzea erabakitzea dela. «Hemendik hiru urtera ez da futbol izarrik geratuko Ligan, Barça eta Real Madridekoak albo batera utzita», esan zuen bere garaian Miguel Angel Gil Marin Atletico de Madrideko kontseilari delegatuak.

Denborak arrazoia emango diola dirudi. Hedabideek azken egunotan gogora ekarri dituzte Cazorla, Granero eta Michu jokalarien izenak, bere garaian Javi Garciak, Artetak, Juradok edo Raulek hartutako erabakia hartu baitute. Horrela, azken urteotan behera egin du liga espainolak: gehien inbertitzen duten herrialdeen zerrendan bigarren postuan egotetik, seigarren postuan egotera pasa da, eta beherago joan daitekeela dirudi. Ingalaterrak, Alemaniak, Italiak eta frantses Estatuak diru gehiago inbertitzen dute gaur egun. Baita Errusiak berak ere.

Aurrera begira egin beharreko inbertsioek ere buruko min handiak eragiten dizkiete klubetako arduradunei. Valentziaren kasua gogorarazteko modukoa da. Urte batzuk daramatza klubak futbolari onenak oso garesti saltzen eta gazteak merke erosten. Negozio egiten ari dela pentsa genezake, baina estadio berriaren proiektuak arazo gehiegi eragiten ditu. Manuel Llorente presidenteak jakinarazi berri du izarrak saltzen jarraitu beharko dutela, Bankiak Mestalla berriaren proiektuarekin ez jarraitzea erabaki duelako.

Espainol Estatuko ligako klubek 128 milioi euro inbertitu dituzte aurten futbolariak fitxatzeko. Kopuru horren %82 honako bost talde hauei dagokie: Bartzelona, Real Madrid, Valentzia, Sevilla eta Granada. Bi handiek kopuru horren erdia gastatu dute. Beste bost taldek ez dute zentimorik gastatu eta gainerakoek, hiru milioi eurotik behera.

Telebista eskubideak

Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia irakaslearen arabera, espainol ligak badu konponbiderik. «Telebista eskubideak elkarrekin saltzea da etorkizuna. Gaur egun ligak urtean 600 eta 640 milioi arteko sarrerak izaten ditu, eta formula hori aplikatuz gero 900 milioi eurora irits daiteke, Europako, Ipar Amerikako, Latinoamerikako eta Asiako merkatuei pakete egokiak eskainita».

Telebista eskubideen banaketa inon baino injustuagoa da espainol Estatuan, klub batzuek salatu izan dutenez. Jose Maria del Nido Sevillaren presidentea buru zutela, horietako batzuek presio egin dute egoera aldatze aldera, baina oraindik ez dute gauza handirik lortu. Gaur egun Real Madridek eta Barçak telebista eskubideen %50 poltsikoratzen dute, eta gainerako guztien artean banatu behar dute beste %50a. Ingalaterran, esaterako, ez dago horrelako alderik eta klub pobreenek ere izaten dute inbertsioak eta fitxaketak egiteko adina diru.

Bestalde, bi klub handienak egungo egoerarekin oso eroso daude. Kataluniako taldeak 450 milioi euroko sarrerak izaten ditu urtean, eta ia 480 milioikoak Madridekoak. Valentzia ageri da hirugarren poostuan, 120 milioira iristen ez dela. Hori bai, ekonomialariak nabarmendu du Barçak duen aktiborik handiena, Messi, Xavi edo Iniesta bezalako harrobiko jokalariak alegia, ez dela ageri kontabilitatean. «Harrobiko jokalariak ere aktibo moduan agertuko balira, Barça Real Madrid baino askoz ere aberatsagoa litzateke», irakaslearen arabera.

Hala ere, telebista eskubideen banaketa injustua ez da futbol espainolak duen arazo bakarra, Gay de Liebana irakaslearen arabera. Gehiegi gastatzeko joera ere nabarmendu du. Futbolari askok soldata «irentzaileak» kobratzen dituztela dio adituak. Horren eraginez, Ligak 2010-2011 denboraldian 1.669 milioi euroko sarrerak izan zituen, eta 1.830 milioi euroko gastuak. Negozio makala. «Zenbait klub zorrak ordaintzeko arazo askorekin dabiltza, baina futbolariak luxuzko Ferrarietan joaten dira lanera. Futboleko laneskuak klubak pobretzen ditu», irakaslearen hitzetan.

Gehiegi gastatzeko joera horri buelta ematea zaila izan daiteke ordea. «Futbol taldeekin gauza bera gertatzen da: badakite euren erkidegoentzat oso garrantzitsuak direla eta ez dituztela hondoratzen utziko, eta ahal baino gehiago gastatzen dute», Stefan Szymanski kirol ekonomialariak “Berria” egunkariari orain zazpi hilabete esan zionez.

Azken asteotan indar asko hartu duen Kataluniaren independentziari buruzko eztabaida dela-eta, katalanek Estatu propioa sortuz gero Barçak nongo ligan jolastu beharko lukeen askotan aipatu da. Gay de Liebanak oso garbi dauka Kataluniako ligan aritzea «hondamendi ekonomikoa» izango litzatekeela. «Auzo-futbolera itzuli nahi badugu bai, orduan egokia litzateke, baina futbola ekonomikoki indartu nahi bada, proposamen horrek ez du inolako zentzurik», esan zuen.

Irakasleak dio Españolek eta Barçak LFP Futbol Profesionalaren Ligan segitu behar dutela, auzoetako taldeen aurkako liga batean aritzeak interesik izango ez lukeelako. «Dagoeneko hogeita hamar urte pasa dira auzo-futboletik futbolaren industriara pasa ginenetik eta horrek ez du atzera-bueltarik. Barçarik gabeko ligak ez dauka zentzurik, ligarik gabeko Barçak ez duen moduan. Gauza bera esan daiteke Real Madridi dagokionez».

Futbola kirol moduan ulertuta, badu zentzurik erkidego mailako ligak antolatzea, baina futbola jarduera ekonomiko garrantzitsu bihurtu denez, jarduera horri gehien komeni zaizkion erabakiak hartuko dituzte enpresariek, kasu honetan klubetako arduradunek. Horregatik, Gay de Liebanak eta beste aditu batzuek ez lukete gaizki ikusiko egungo liga espainola mendebaldera zabaltzea, Portugalera alegia, bertako talde indartsuenen esku hartzearekin ligak interesa berreskuratu dezakeelako. «Espainiako ligak gaur egun ez du interes handirik. Oporto, Benfica eta Lisboako Sporting bezalako taldeek glamoura erantsiko liokete leihaketari». Gainera, ekonomialariaren arabera, gauzak horrela eginda merkatu berrietara iristeko aukera sortuko litzateke, negozio gehiago egiteko aukera, alegia.