-

Josu Juaristi

2012ko Irailaren 28a

Madriletik mundura zabaldu berri dira «La marca España» delakoaren irudi adierazgarriak. Errealitatetik kanpo bizi izan den markak, azkenean, Europa osora eta haratago erakutsi du bere aurpegietako bat, ohikoa dena, bestalde (zer esan genezake bada, bestela, hemendik, Euskal Herritik?). Espainiako Diputatuen Kongresuaren atarian milaka manifestari, eta ehunka polizia egurra ematen. Manifestariek talka egin zuten poliziekin? Ez, alderantziz. Poliziek egin zuten talka manifestariekin. Oraingoan, kazetaritzan barkaezina behar lukeen manipulazioa eskuin-eskuineko medioek bakarrik egin dute: «Poliziak kargatu `behar izan du´». Kazetaritza anglosaxoian onartezina litzateke antzeko interpretazioa edo balorazioa. Gertatutakoa azaldu behar denean «Poliziak kargatu egin du» esaten da. Eta «bikain» kargatu ere, Espainiako Gobernuko Barneko ministroak adierazi bezala. Europar Batasunean sarritan gertatu dira antzeko istiluak,&punctSpace;Europar Batasuneko polizia indar askok izan ohi dute antzeko jarrera, eta ez Grezian bakarrik. Alemanian, Frantzian, Briatinia Handian… Krisiak oso egoera larriak sortu ditu europar askorentzat eta hiritarrak lehertzen ari dira, baita kalean ere. Ez, Espainiarekin alderatuta, ezberdintasuna ez da hori; ezberdintasuna Gobernuaren eta medio ugariren erreakzioan bilatu behar da, eta horrek harritzen ditu, bereziki, Europar Batasuneko agintariak. Ez autokritikarik, ez barne ikerketarik, ez ezer… harrokeria besterik ez. Harrokeria eta etengabeko borroka ideologikoa, jakina, horretan ari baita, hasieratik, Mariano Rajoyren Exekutiboa.

Katalunia eta Europar Batasuna

Harrokeria horrek beste agertoki batzuk ditu, gainera, egunotan. Katalunian indartzen ari den olatu independentistak sortu berri duen agertokia da horietako bat. Euskal Herriarekin sarritan egin duen antzera, Espainiako Estatuak bi tresna erabili ditu Kataluniaren aurrean, propioa bata (Konstituzioa eta horren «garante» diren baliabideak, Armada barne) eta faltsua bestea (Europar Batasuna). Azken honek merezi ditu hainbat aipamen, independentziaren aldeko apustuari «europar mehatxuarekin» erantzun nahi izan baitio Madrilek. Mehatxu hori ez da erreala, Europako&punctSpace;Batzordeko bozeramaile baten hitzak erabili nahi izan baditu ere Rajoyren Gobernuak. Espainiako Estatuak esan nahi ez duena, jakina, zera da: «mehatxu» bakarra bera dela, baita Europan ere. Kataluniak independentzia lortuko balu Europar Batasunarekin negoziatu beharko luke. Eta Batasunarentzat ez litzateke negoziazio zaila izango. Katalunia, gauzak ondo bidean, zergaduna izango litzatekeelako Europar Batasunean (Euskal Herria eta Eskozia izango liratekeen bezalaxe), Alemania, Finlandia, Herbehereak, Austria eta beste gutxi batzuk bezala. Gainera, «barne anpliazio» posible baterako joku araurik ez dago; asmatu egin beharko lituzke Europar Batasunak, edozer motako egoera berri baten aurrean asmatzen dituen antzera. Egia da, jakina, negoziazio horretan Espainiako Estatuak hitza eta botoa izango lituzkeela, gaur egun kide berri baten integrazioa ahobatez erabaki behar duelako Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluak. Mehatxua, beraz, Madril izango litzateke, ez Europar Batasuna bera. Jakina, Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentziak «Espainia gutxiago» suposatuko luke Europar Batasunean. Euskaldunek edota katalanek horrela erabakiko balute eta Europar Batasuneko kide bilakatuko balira, Madrilek pisu txikiagoa izango luke Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluan (bozka gutxiago) eta Europako Parlamentuan (eserleku gutxiago). Eta bere ekonomiak, zeresanik ez, asko «sufrituko» luke. Madriletik entzun dugun azken argumentua ere faltsua eta interesatua da: Europan inor ez da independentea, Europan mugak desagertzen ari direnez ulertezina da muga berriak sortu nahi izatea… Hala bada, non dago arazoa? Zergatik mantendu nahi dituzte, orduan, bereak? •