Mikel Olasagasti
2012ko Irailaren 21a
Familia bilkura izan dugu aste honetan amona Candidari gero arte hunkitu bat emateko. Tanatorioan ibili naiz nahi baino ordu gutxiago, bertatik pasa diren aurpegi ezezagunei izena jarri nahian eta betidanik ezagunak zaizkidanekin solasean. Lehen multzokoekin gai formalak dira nagusi, baina, familiakoekin, elkarrizketa informalagoak izan dira. Gurean, kirola izaten da gai nagusietako bat, eta, guztietan erregea, arrauna, familia oriotarra izatearen kontuak.
Nire kasuan, eskertzen dut futbola alde batera utzi eta beste zerbaitez hitz egiten denean. Hori bai, holako bileretan naizenean ezin falta ordenagailuen inguruko galderak. Izeba Pilarrek gauzak janariekin azalduko banitu hobeto ulertuko lituzkeela esan dit, eta, Joxejuk, Mac baten eta PC baten artean horrenbesteko alde dagoen jakin nahi du.
Gure amona, bere garaikide askorekin batera, teknologiaren iraultzak despistatuta baino gehiago zeharo galduta harrapatu zuen. Nola azaldu amonari Internet gabe gaur egun gizartea ulertzea bere ere zaila izango litzatekeela berak telebistako albistegiei esker Internet munduko gauza txar guztiekin erlazionatzen zuenean? Badakizue, pedofiloak, piratak, terroristak, birusak, lapurretak... Eskerrak Borboiek webgune berritua ere badutela etzekienik! Aitak bere saiakerak egin zituen ordenagailuek derrigorrez txarrak izan behar ez zutela azaltzen baino jaiotzez burugogorra dena ez da ez zahartzaroan aldatuko.
Amorrua ematen dit batzuetan mass media ahalguztidunek Interneti ematen dioten itxura deformatua. Beste behin, alde onak azaltzeko aukera izango banu, ez nuke jakingo nondik hasi. Nola azaldu minuturo Wikipedian milaka aldaketa egiten direla, Flickr sare sozialera ehunka argazki igotzen direla edo txat bidez munduaren txokorik galdueneko jendea kontaktuan jartzen dela? Munduko entziklopedia handiena Interneten garatu da, munduko sistema eragilerik moldagarriena Internetek koordinatu du eta dagoeneko zenbait iraultza ere antolatu dira sarea euskarri gisa erabilita. Hori bai, pedofilo bat agertzen bada, arazoa Internet da, ez patologia.
Amonak hori guztia jakingo balu, agian, ez luke horren gaizki hartuko bilobak etxeko lanak Internet bidez egiten dituztela jakitea eta asko poztuko litzateke semeek Flickr eta Picassa Orioko arraunlarien argazkiekin betetzen dituztela ikustean. Baina, noski, 93 urterekin ezin holakorik ulertzeko eskatu.
Agian, sarean dabiltzan gai txar guztiak alde batera utzi eta alde positiboak ere argitaratuko balira, sarearen irudi hobeagoa izateaz gain, gizarte hobeagoa ere izan genezake. Hau da, albistegietan Youtube atariko bideo ikusgarriez gain sareak lortzen dituen garaipen txiki horiek azaleratuko balituzte agian garaipen handiagoak lortuko genituzke. Sarea tresna boteretsuegia da beti alde txarrak bakarrik erakusten aritzeko.
Ni, pertsonalki, sareko inurri txikien lanak liluratzen nau. Egunero-egunero egiten diren ekarpen txikiekin osatzen den lan erraldoia, Wikipedian edo milaka aplikaziotan egiten ditugun itzulpenetan. Hori erakutsi nahiko nioke amonari, jende zoragarria badela hor kanpoan eta elkartzeko plaza bilakatu zaigula Internet. •




