infraganti -

Hainbat alderdi ditu bizibide Jon Plazaola urretxuarrak: aktore, bakarlari, gidoilari, aurkezle... Guk umorearen ikuspegitik begiratu nahi izan diogu. Hamar urte baino gehiago daramatza jada gure oholtzetan, poza banatzen. Ezinezkoa zaio geldik egotea; bere imintzioek bere hitzek adina diote. Umorea eta xelebretasuna aitona Juanengandik datozkio.

Fausto Berazadi

2012ko Irailaren 21a

Bere izena sareko bilatzaileetan jarriz gero, «tenore donostiarra» azaltzen da lehen aukeren artean. Hortaz beste Jon Plazaola bat badugu, kantari fina omen dena, donostiarra. «Baten faltan bi», esango luke baten batek. Gaurko honetan kantaria ez, kontalaria dakargu gurera. Berak kontalari tenorea du, eta ez bakarrizketa edota txistetarako bakarrik. Batzuk bakarrizketengatik, beste batzuk “Kuxkuxeroak” telebistako umore saioagatik edota Urola futbol taldean aritu izanagatik ezagutuko dute. Aktore, gidoilari eta aurkezle lanetan badu bai, esperientzia. Bakarrizketen munduan egin da ezagun, aurrez makina bat lanetan jardun bada ere.

Tenore edo izaera xelebre horrengan ea bere aitona Juanek zeresan edo eraginik izan ote duen iradokita, irribarrez ekin dio hizketari. «Aitona Juan nire idoloa zen. Orain bi urte joan zitzaigun ordea. ‘El buen hombre’ deitzen zioten. ‘Xapue’ zen; azpeitiarra, alegia. Hark zuen umorea, hark zuen barre egin eta barrea eragiteko gaitasun eta erraztasuna! Txikitan lehengusu guztiak aitona-amonen etxera joateko irrikan egoten ginen. Gabonetan, familia guztia elkarrekin ginenean, aitona Juan izaten zen familiako eta Gabonetako izarra; hark ahoa ireki eta denok jartzen gintuen algaraka!», bota du arrapaladan, aitona Juanenganako miresmena begietatik dariola. «Irratietara eta deitzea gustatzen zitzaion, han pasadizoren bat edo txisteren bat kontatzeko. Behin Bergaran saio bat egin behar genuela-eta, era askotako jendea bildu ginen: bakarlariak, antzerkilariak.. Tartean Gillermo Segurola old school-eko txiste kontalari azpeitiarra ere bertaratu zen. Harekin solasean, garai bateko azpeitiar txiste kontalari baten gainean aritu zitzaidan. Juan Larrañaga Uztarri zela aipatu zidanean, seko flipatuta utzi ninduen. ‘Zer esaten ari haiz! Hori nire aitona duk!’, erantzun nion nik. Pasadizo hura niretzako ederra izan zen, pozgarria benetan», jarraitu du harridura eta barrea elkar nahasirik.

Sarean ere badu tokia Jon Plazaolaren aitonak. Izan ere, 2005eko apirilean Urretxu eta Zumarragako atari digitalean egin zioten elkarrizketa batean Juan Larrañagak honakoa dio bere bilobaren gainean: «Nik baino erraztasun handiagoa du! Haren kontuak gustura entzuten ditut nik. Gure ustetan ondo ari da eta harro gaude. Mutil koxkorra zenean makina bat ipuin kontatu nizkion. Asko gustatzen zitzaion nire istorioak entzutea, zerbaitegatik atera da halakoa!». Ezbairik gabe, kastatik datorkio Plazaolari umorea, jendea entretenitzeko gaitasuna eta kontularitza.

Lazkao Txikiren jarraitzaile zen aitona uztargilearen pizgarria, ordea, «kuriositatea zen. Asko irakurtzen zuen. Oso kuriosoa zen, jakin-min bizikoa. Nik uste umorearekin dabilenak derrigorrez izan behar duela kuriositatea. Gure aitonaren erdiaren laurdenera iritsiz gero, kontent ginateke. Hark zuen kasta, kabendios!», jaurti du.

Txikia zenean, aitona-amonekin denbora asko igarotzen zuen. «Bizikleta gainean lehen pedal kolpeak aitona Juanekin eman nituen. Parkean izaten ginen sarri, amona Josefina alboan. Bere lagun baserritarrengana joaten ginen bisitan, untxiak, baratzeak, fruituak... ikustera. Beti hara eta hona. Anaia Xabiertxo jaio zen arte. Gure ‘xaxpikia’, izan ere, hala da, zazpi hilabeterekin jaio baitzen. Horrek ere kasta ederra du!», agertu du xalotasunez anaiaz hitz egitean.

Gazte garaiak oroitzean, bakarlari sena datorkio, umorez betiere: «Bakero batzuk jantzi, lehengusuarengandik lehenengo Dr Martens botak oinordetu, lehen zuritoak 75 pezetatan ordaindu, Ordiziara joan igandetan, Lizeoko askatasuna...». Hori dena kontatzerakoan bere eskuak, besoak, bekainak eta imintzioak egiteko baliatzen ditugun gorputzeko atal guzti-guztiak martxan jartzen ditu, lokomotora bat bailitzan. Bere gazte garaia ez ulertzea, oso nekeza. Kontatzen duenarekin barrerik ez egitea, ordea, ezinezkoa. «Leioan Arte Ederrak ikasten hasi nintzen gero. Ez nuen amaitu, telebistatik deitu baitzidaten eta bakarlari gisa ere gustura bainenbilen. Patxi Gallegok asmatutako Xabinaitor EGAdun heroi bakarrak dion bezala, ‘Bilbora joan zen Arte Ederrak ikastera eta bertan galdu zen’. Ni bezalaxe», kontatu du eta Plazaola eta kazetaria bera karkara betean hasi dira. «Egia esan, unibertsitatean dezente ikasi nuen, baina Bilbon hasi nintzen espabilatzen. Aurrerantzean zer arraio egin behar nuen argiago ikusi nuen, nire bide propioa urratzen hasi nintzen. Eta gustura nabil hartu dudan bidearekin. Beti agertzen dira zailtasunak, hau eta bestea, baina pozik nabil. Gainera, ziur naiz hemendik bost urtera ez dudala ‘honekin aspertu edo nekatu naiz eta akabo’ esango. Eta horrek egiten dudanarekin gustura sentiarazten nau. Beti saltsa guztietan leporaino, baina gustura», aitortu du urretxuarrak.

Elkarrizketaren erdi-erdian, McRea irlandar ezaguna agertu da tabernan, «tarte bat aprobetxatzen», esan digu, agurtu ondoren. Urretxun bizi den irlandarra Plazaolaren lagun handia eta «maisu antzeko» bat da. Bera ere ibilia da Euskal Herrian bakarlari gisa.

Gure geografiako gaztetxetako zirkuitua ondo ezagutzen du Plazaolak, hainbatetan izan baita gazteak alaitzen. «Oso-oso eskergarriak dira. Asko betetzen zaituzte gaztetxeetako ekitaldiek. Bestela, bakarrizketak aparkatuta ditut pixka baterako. Egia esan, bakarrizketak ez ditut inoiz serioegi hartu, ez behintzat Paramount katean edo plaza handietan aritzeko. Alor profesionalean aritzeko, esan nahi dut. Bestela, hemengo zirkuituarekin oso gustura aurkitu naiz beti. Ez gara asko. Orain azkoitiar gazte bat badabilela badakit. Euskaraz esan nahi dut. Bestela badira Donostia inguruan-eta espainieraz egiten dutenak. Elebitasuna, hala ere, gure egunerokotasunaren parte da», adierazi du.

Euskal gazteriak ereduak edo erreferentziak behar dituela entzuna dugu, batez ere nerabezaroan, ikastolatik irtetean, euskaraz egiteko. Umorea oso tresna baliagarritzat du Plazaolak. Era berean, euskaldunok elkarrengandik nahiko urrun nabaritzen ote dituen galdetzean, honako gertaera kontatu digu: «Begira, behin Bilboko jaietan, parrandan, bertako batek galdetu zidan: ‘Oye, tu eres giputxi, ¿de dónde eres?’. Eta nik: ‘Yo no soy giputxi, soy de Urretxu’. Hark ‘dónde coño está eso?’ galdetu zidan, kopeta zimurtuz. ‘Urretxu? Entre Santutxu e Indautxu’, bota nion nik. Denbora pixka bat pasa zen, iji eta aja parrandan ginela, eta han non etorri zitzaidan berriz tipo hura. ‘Oye, ¿eso dónde cae, por Miraflores o así?’ bota ez zidan ba serio-serio!». Grabagailua bera ere barrez hasi da momentu horretan. «Euskaldunok askotan badakigu non dagoen Jaka, baina ez Aizpurutxo. Bestetik, askotan, tokiaren arabera, euskaraz gehiago edo gutxiago egiten dut. Niri ikaragarrizko poza ematen dit Azkoitian Iñigo izeneko beste bakarlari bat badela jakiteak. Euskaraz umorea egitea, azkenean, ausardia kontua da. Ausarta izan beharra dago, eta, euskaraz, gehiago», agertu du Jonek, serio samar jarriz.

Asteburu honetan Urretxuko jaiak dira eta adi-adi geratu da Jon elkarrizketaren amaieran taberna kanpoan den jaien egitarauari begira. «Igandean da Euskal Jaia. Ostiralean eta igandean egingo dugu zer edo zer», bota du, intentzioa urrunetik nabari zaiola. Lerrook larunbat goizean etxerantz ogiarekin doanean irakurriko ote dituen egin dugu apustu. Baiezkoan dago bat. •