Galder Gonzalez
2012ko Irailaren 21a
Bileren mundu miragarrian ibili denak badaki bukaeran “besterik” izeneko puntu bat egon ohi dela.
Bertan denetarik sartzen da, eta, bilera ez badago ondo antolatuta, aurreko puntu guztien hedadura bera izan dezake. Orain hilabetean behin idazten dudala gaiak metatzen zaizkit, eta “besterik” pila izaten ditut komentatzeko.
Greba orokorra dugu hurrengo asteazkenean. Espainiar estatuko nazioetako ikasle mugimenduek berriro ere urriaren 11rako greba eta mobilizazioak deitu dituzte, eta urriaren 12rako ekimenak leku ezberdinetan. Nafarroako Gobernuak dio oraindik hezkuntzan murrizketa gehiago izango direla urtea bukatu aurretik. Celaak dio euren ereduan ez dela murrizten, baina milaka irakasle lanik gabe daude ordezkapenak ez dituztelako ordaindu nahi.
Kurtsoa hasi da unibertsitatetan eta Goirizelaia ez da ausartzen burujabetza aldarrikatzera, nahiz eta hori den UPVk izan dezakeen soluzio bakarra (noizbait izan badu).
UPNAn, berriz, zaharrak berri eta lehenengo lepotik burua: ostiak ikasleentzat murrizketak eta tasak salatzeagatik eta dirua eta lursailak Opusi hostiak eros ditzaten...
Baina bada gai bat bereziki komentatu nahi dudana: Wert ultrakristauak zuzentzen duen espainiar Hezkuntza Ministerioak gutun bidez eskatu die irakasleei egiten dituzten politikak ikasgelan kritika ez ditzaten. Gutun bidez esan diete hitz egiten badute zigorra izan dezaketela. Hori da neoliberalek, asteazkeneko grebaren aurka daudenek, Nafarroako Poliziak zein euren nagusiek, nahi duten hezkuntza: akritikoa. Eta hezkuntza akritikoa egiten duten bitartean, ikasten diren gaiak “besterik” handi bat izango dira, inongo koherentzia eta helburu zehatzik gabeko denbora-galtze handi bat. •




