Kattalin Miner
2012ko Irailaren 21a
Lagun batek, irailaren 11n, Diada egunean, Bartzelonan izan zela kontatu zidan. Jendetza horren guztiaren artean egotea izugarria izan ote zen galdetu nion nik, ea jende andana horrek inpresionatu ote zuen. Barre egin zuen, eta kontatu zidan, bera ez zela manifa izugarri horretan egon. Berak, medioek (“gureak” diren horiek ere) kontuan hartu ez zuten beste manifa batean egon zela, bai, «erradikalekin», erradikal ezkertiar independentistekin. Kontatu zidan baita ere, kataluniar gazte mugimendu berri bat sortu berri zela, Arran izena duena, eta nahiko pozik geratu zela, haien burua independentista, sozialista eta feminista bezala izendatzen zutelako.
Gauzak nola diren, justu hori kontatu eta gero, Arraneko baten mitina entzuteko aukera izan nuen aurreko astean Hernanin hamar gazte auziperatuen babes ekitaldian. Ekitaldi osoan neska bakarrak dantzariak izan baziren ere, kataluniar honek mitinean «nosotras», «las trabajadoras» eta, azken batean, erdarazko plural femenino unibertsala erabili zuen tarteka haien burua zein besteok izendatzeko. Horrelako gauzak pozgarriak dira batzuentzat; nik, pertsonalki, gaztelaniazko maskulino unibertsala erabiltzeko gaitasun osoa galdua dut jada, aspaldi egiten zidan min belarrietara, aspaldi utzi nion nire burua «nosotros»-en barruan ulertzeari.
Aste berean, berriz, inoiz lehenago ikusi gabeko gauza bat pasa zitzaidan. Ezker abertzalearen prentsaurreko batean, zas!, «las jóvenes estamos» bat, bizitza osoan horrela erabili izan bagenu bezala. Keinu arrarorik egin gabe. Denok feministak, denok femenino unibertsalak. Tori hori! Eta pentsatzen hasi naiz, feminismoak pixka bat bada ere, eragin diola beste mugimendu batzuei. (Bueno, eta baita ere, pentsatzen dut, grazia handia egiten didala ezker abertzaleko gizon horiek haien buruak “nosotras” bezala izendatzen hastea. Baina horiek nire kontuak dira). Grazia egiten dit baita ere imajinatzeak erabaki horrek barne hausnarketan zelako pisua izan ote duen edo ez, eta ea agian laster Euskal Herrian independentzia eta feminismoa aldarrikatu ditugun ofizialki. Badakizue, ametsak. Noski, gero pentsatu nuen, zenbati egingo dion min belarrietan bere burua femeninoan izendatu beharrak. Guri, aldiz, diot emakumeoi, munduko gauza normalenera bezala balitz bezala ohiarazi gaituzte maskulinoarekin identifikatzera. Enfin, hori.
Total, dena ondo zihoan arren, beti hartzen duzu sustoren bat. Gaztelaniak maskulino unibertsalaren arazoa planteatzen digun bitartean, euskarak (oro har) hori gainditzen du. Eta gero, behin hikaz kartelak egiten hasita «zank», «dionk» eta horrelako formulak erabiltzen hasi ginen. Ondo.
Aurrekoan ordea, errugbian jokatzen duen lagun batek, ekarpen ekonomiko bat egiteko laguntza orri bat erakutsi zidan. Nesken taldeari ahal nuena gustura emango niokeela esan nion (badakizue, ni nire istorioetara), eta nola lagundu begiratzen jarri nintzen. Horra non topatu nuen hurrengo esaldia: «Hire indarra behar diagu!». Eta haserretu egin nintzen, «nosotros» entzuten dudanean baina okerrago agian, euskaraz baitzen, inongo beharrik gabe. Esan nion ironikoki, ulertu nezakeela «diagu» horrekin nire indarrik ez zutela behar, eta, beraz, ez nuela laguntzarik emango.
Badakigu, ederki, esaldi hori nondik datorren, eta orduan errora joateko gogoa sartu zitzaidan. Eta pentsatu nuen, orain hain progre garen honetan, eta badirudienez denok «las» izateko bidean gaudela (ametsak, ametsak, ametsak), momentua aprobetxatu eta gehiago eta gehiago eskatzen hastea. Noizbait kantuan entzun nauzuen horiek badakizue batzuk urte asko daramazkigula “Borrokalari kalera” kantua «hire indarraren beharra dinagu» batekin abesten.
Beraz, hikaz ariko garenean, hemendik, «dinagu» unibertsala aldarrikatu nahi dut. Batek daki, agian zortea dugu. •




