Gorka Zozaia | Kimikaria
2012ko Irailaren 21a
Kasualitatea izango da, baina azkenaldian behin baino gehiagotan egon naiz esaera ezagunaren jatorriaren inguruko eztabaidaren baten murgilduta. «Karearena bat eta harearena bestea» esanda, zein da ba bietan ona? Izan ere, badakiguna da esaera hori onak eta txarrak nahasten dituen dinamikez ari garenean erabiltzen dugula. Herri honetan, usu, agintariengandik, instituzioen eskutik, politikariengandik... nozitzen dugun dinamika. “Ezdakitnor” kalera! Eta beste hura barrura... Martxa bat babestu, eta hurrengoaren aurka oldartu... Gozokia gaur eta makila bihar... Dinamika hagitz ezaguna.
Azken adibidea, biziki esanguratsua egin zait. Nuklenorrek Garoñako zentral nuklearraren ustiapena luzatzeko eskaera egin ez eta dirudienez 2013ko udan itxiko da. Ez da erabaki atzeraezina (antza, azaroaren 6ra arte luzatu dio Segurtasun Kontseilu Nazionalak itxieraren dokumentazioa aurkezteko epea), eta zentralak lanean jarraituko du urtebetez, baina berriak poza eragin du mehatxu nuklearraren mende bizi diren herritarren artean eta mugimendu antinuklearrean. Hilaren 9an Garoñaren itxiera eskatzeko egin zuten martxan ez zuten poz hori ezkutatu. Bada, ez ziren ordu batzuk besterik igaro xanpain brindis hartatik, goizaldeko seietan, Liverpooletik heldutako “Encounter” ontzitik Bilboko portuan 12 tona uranio oxido aberastu deskargatu zituztenean. Karearena bat, uranioarena bestea!
Parentesia: Merezi du Irakeko inbasioa bultzatu zuen Azoreetako hirukoteak bolo-bolo zerabilen “uranio enriquecido” entzutetsu hura zertan datzan azaltzea. Uranioa naturan 238 isotopoa da nagusiki (%99,28), 235 isotopoa ia gainontzekoa eta 234 isotopoa soilik %0,0085 batean. Lehen biak dira erradioaktiboak, baina soilik bigarrena da fisiorako baliagarri.
Erreaktoreetan erabilgarri izateko, bere proportzioa %3-5 izan arte aberasten da eta armamenturako erabilgarri izateko %90 inguru izan arte. Lehenari “uranio pobretua” deritzo, eta bere bizitza denbora luzeagatik dataziorako erabilgarria da. Biak ala biak, toxikoak dira eta oxido forman, arnasaren bidez barneratzen dira gorputzean, fosfatoekiko afinitatea dela-eta, hezurretan txertatzeko joera dutelarik. Parentesiaren amaiera.
Bistan denez, berria osoki eklipsatu zuen egun bat baino bere horretan efemeride bilakatu den irailaren 11k. New York eta 3.000k, Txile eta 40.000k, Bartzelona eta 2.000.000ak... zer dira ba 12 tona horien ondoan? Hori ere kasualitatea izango da, baina nahita ere ez lukete merkantzia nuklearraren trapitxeoa ezkutuago eta isilago egingo! Ziur ez zaiela “nokturnitate” apur bat txarto etorri orain arte Santander eta Avilesko portuetako zonalde bakartuetan egin izan duten deskarga lehen aldiz Santurtzin, portu erdian, egin dutenean.
Eta ez omen da azkenaldia izango! Dirudienez, arrazoi ekonomikoak direla-eta, MacAndrews ontzi-enpresak eta zentral nuklearrak erregaiz hornitzen dituen Enusa Industrias Avanzadas enpresak adostu dute aurrerantzean Garoña, Cofrentes, Almaraz I eta II, Asco I eta II eta Vandellos zentral nuklearrak hornitzen dituen erregaia Euskal Herritik bertatik sartzea. Uranio oxidoa Salamancako Juzbado herrian Enusak duen plantan prozesatzen da, hautsetik erreaktoreetan erabilgarriak diren pastillak ekoizteko. Estatuko zortzi erreaktoreentzat 130 bat tona eta esportatzeko beste 200 bat tona ekoizteko, 1.500 tona inguru oxido hauts jasotzen ditu urtean Salamancako plantak, horietatik asko Liverpooletik 40 kilometrora kokatutako Springfields Fuels Limited enpresaren plantatik (ez, ez du Simpson familiaren herriarekin zerikusirik...). Kopuru zehatza ezagutzeke, argi eta garbi dago nahiko tona uranio oxidok zeharkatuko dutela gure herria Santurtzitik Salamancarantz, kamioz.
Karea edo harea, ona zein den guztiz interpretagarria da. Azalpen asko topatu izan ditut egonotan guztiotan. Denak onargarriak. Ziur aski, esamoldea erabiltzen dugunean bezainbesteko interpretaziorako tartea dugu. Inorentzat, berri txarra Garoñakoa eta ona Santurtzikoa izan daitekeen bezala... Badaezpada ere, Lemoizen alde zeuden horien partetik, hasiak dira trafiko berri horren trukean sosak eskatzen. •




