Iñaki Altuna
2012ko Irailaren 21a
Urriko hauteskundeen hitzordua gertu da. Oso gertu. Eta hautagaiak kanpainan daude, bete-betean. Ezin ahantzi, gainera, hauteskundeotan Estatu mailako alderdiak ere aurkezten direla. PSOEkoak eta PPkoak beste leku batzuetara ere begira daude. Egia esan, alderdi abertzaleek ere Euskal Herritik kanpo jarrita dute arreta.
Hauteskunde giroa da nagusi nonahi. Galizian EAEko egun berean egingo dituzte, eta Katalunian, itun fiskala eta independentziaren aldarria direla-eta, Masek hauteskundeak aurrera ditzakeela entzun dugu. Oso ozen aste honetan bertan, Kataluniako presidenteak Rajoyrekin izandako bileraren ostean. Finantziazio propiorako proposamenari ezezkoa borobila eman diote Madrilen.
Hautestontziekin hitzorduak aipatzerakoan, Euskal Herrian ezin daiteke Nafarroako egoera ahantz. Barcina estu dabil, gehiengoa galdu duelako eta bertako arazo ekonomikoak, defizit publikoaren markak erakusten duenez, eztanda egin duelako, nahiz eta luzaz arazo hori estaltzen saiatu diren eta horretarako laguntza handia izan duten. Euskal gatazkari behar bezalako aterabidea ematea galarazteko, herrialde horren egoera eta estatusa estatu auzi bilakatu dituzte azken 35 urteotan, eta azkenaldian, esan bezala, aipatu egiturazko arazo ekonomikoa estalarazi nahi izan dute, estatu arrazoiak halaxe eskatzen zuelako.
Eredua agortuta dagoela, aspaldi zegoela, ezin dute onartu, are gutxiago EAEkoa ere auzian dagoenean. Nafarroako estatusaren egonkortasuna, sikiera itxuraz, ezinbestekoa zuten, aldaketa politikorako eta sozialerako giroa gehiegitxo zabal ez zedin. Izan ere, duela zenbait urte, ezker abertzaleak marko juridiko-politikoak agortuak zirela zionean, batek baino gehiagok erantzun ohi zuen hori ez zela horrela Nafarroa Garaian, UPNren eta PSNren itunari eta alderdion gehiengo zabalari esker.
Horrenbestez, ahuldadeak jota Barcinak hauteskundeak deitzen baditu, aldaketaren bidea urratzeko aukera egokia izan dezakete urteotan helburu horren alde agertu diren indarrek. Arduraz jokatu beharko dute, zatiketek eragindako ika-mikak gaindituta.
Oraingoz, edonola ere, hauteskundeak EAEn ditugu. Legebiltzar berriak zenbait erronka garrantzitsuri aurre egiteko aukera eskain dezake: erabakitzeko eskubidean oinarritutako akordioak erdiesteko, elkarrizketa politikoa erabat zabaltzeko (PPk ezker abertzalearekin hitz egiteko eremu egokia izango du), kartzela politika aldatzeko eskaerari sendotasuna emateko... Krisi ekonomikoak ekarriko dituen estutasunei aurre egiteko moduak ere azaldu beharko dira. Horretan ezberdintasunak nabariak dira, adibidez, bi hautagai nagusien artean.
Lehian dira orain, boz bila. Horrenbeste badaki Iñigo Urkullu hautagai jeltzaleak, eta horregatik hasia da mezu sinpleen bitartez PPren eta PSOEren boz multzoetan arrantzatzen, EH Bilduren aurrean bere burua aukera bakartzat aurkeztuz. Halere, beste bi alderdi horiek eserleku asko galtzen badituzte, gehiengo egonkorrak lortzeko aukerak murriztuko zaizkio, gehiengo oso zabal bat hitzartzeko aukera egon badagoen arren. Tira, gero gerokoak, pentsatuko dute Sabin Etxean. Ajuria Enera iristea da kontua, lehentasunen artean lehentasuna. Gutxiengoan ere goberna dezaketela aurreikusia izango dute-eta.
Nolanahi ere, eskatzekoa litzateke hauteskunde lehiak eta, gerora, gobernu kontuek ekarriko dituzten talkak beste eremu batzuetara ez zabaltzea. Hauteskundeak ez ezik, Aieteko Adierazpenaren urtemuga ere gertu da. Konponbidearen erronkari ere eutsi behar diote alderdiek. Ez litzateke batere seinale ona izango datozen hilabeteetan inolako berririk ez egotea. Prozesu demokratikoak ondorioen eremuan urratsak ematea eta lehenbailehen egoera egoki batera iristea oso desiragarria den bezalaxe, arlo politikoan ere mugimenduak egotea oso komenigarria da. Beharra egon badago eta, hauteskunde giroan murgilduta bagaude ere, aukerak ere bai. •




