Jose Angel Oria
2012ko Irailaren 21a
Oso irudi ikusgarriak eskaini dizkigu Indiako Kudankulameko zentral nuklearraren aurkako giza mugimenduak. Tamil Nadu hegoaldeko estatuan eraikitako zentraleko lehen erreaktorea agintariek lanean jarri nahi dutela-eta egin dituzte mobilizazioak.
PMANE Energia Nuklearraren Aurkako Herri Mugimenduak jakinarazi du instalazio atomikoen ondoko hondartzan jarraituko duela, eguraldiak okerrera eginda ere, beraiek egin beharreko eskaerak agintariek entzun arte. Dagoeneko urtebete baino gehiago daramate protesta egiten, azken egunotan gogortu egin dituzten ekintzak antolatzen, Japoniako Fukushimako zentralak izan zuen istripu ikaragarriak eraginda, Kudankulamen aurreikusitako segurtasun neurriak nahikoa ez direlakoan.
M. Pushparayan PMANEko presidenteak IANS berri agentziari esandakoaren arabera, iraileko lehen protesta egunetan 8.000 pertsona inguru elkartu izan ziren hondartzan, umeak eta emakumeak barne, Kudankulametik gertu dauden zortzi herrietatik etorrita. «Bandera zuriz jositako kanpaleku bat antolatu dugu, gure mobilizazioaren izaera baketsua garbi adierazteko, baina hemendik ez dugu alde egingo guk exijitutakoari erantzun egokia eman arte», esan zuen.
Tamil Nadu estatuko telebistak eskainitako irudietan Tirunelveli barrutiko Polizia ageri zen, manifestariei bertatik alde egiteko eskatzen, baina egun batzuetan ez zen liskar aipagarririk gertatu.
Uranioa kargatu
«Chennaiko (garai bateko Madras) Epaitegi Gorenak zentral nuklearra abian jartzeko baimena eman du. Zuek erabakiaren aurkako helegitea aurkez dezakezue, baina protestak legez kontrakoak dira», esan zien poliziaburuak nuklearren aurkako manifestariei. Baina ekintzaileek bereari eutsi zioten.
Npcil Indiako Energia Nuklearraren Korporazioak aurreko astean sartu zuen uranioa zentraleko lehen erreaktorean. Garai batean Sobietar Batasunean eraikitzen ziren tankerakoak dira Kudankulameko instalazioak, eta hori ere ez da herritarrak lasaitzeko moduko datua.
Horregatik exijitzen dute lekuko sismikotasuna batzorde independente batek azter dezan, lurrikarak oso arriskutsuak baitira zentralentzako. Era berean, herritarrek exijitu dute zentralak lurrarengan, urarengan eta itsasoarengan izango dituen eraginak ere aztertzeko.
Hondamendia izanez gero garrantzitsuena bertatik alde egitea da. Horregatik ebakuazio-simulazioak egitea ere eskatzen dute inguruetako biztanleek.
Bestalde, esperientziak agintariengan konfiantza gehiegi edukitzea oso kaltegarri izaten dela erakusten duenez, Indiako eta Errusiako gobernuek sinatu dituzten itunak ere aztertu nahi dituzte herritarrek, hondamendia gertatuz gero erantzukizuna norena den aldez aurretik argitzeko. Hondakin erradiaktiboen tratamenduari buruz itun horretan zer esaten duten ere ezagutu nahi dute herritarrek.
Indiako Gobernuak agindu die «konponbide praktikoa» emango diola gatazkari, baina bere jarrera ez du aldatu nahi: energia nuklearra etorkizuneko energia dela esaten jarraitzen du, eta oso garrantzitsua dela Indiaren garapenerako. India bosgarren lekuan ageri da elektrizitate gehien ekoizten duten herrialdeen zerrendan, baina oso populazio handia duenez (1.210 milioi iazko erroldaren arabera), herritar bakoitzari oso elektrizitate gutxi tokatzen zaio.
Horregatik Asiako hegoaldeko herrialde erraldoian milioika lagunek kandelak edo olio-lanparak piztu behar izaten dituzte gauez. Bestalde, argindar-hornidura askotan etetea oso kaltegarria da jarduera ekonomikoarentzat.
Gainera, Alstom talde frantsesak pasa den abuztuan jakinarazi zuen Rajastan estatuko Rawatbhatako zentral nuklearrerako turboalternadoreak ekoizteko 100 milioi euroko kontratua sinatu duela. Alstom eta BHEL Bharat Heavy Electricals Limited konpainiek ekoitzi, instalatu eta lanean ipiniko dituzte turboalternadoreak, eta, Indiako agintariek dituzten egitasmoak betez gero, zentralak ia bikoiztu egingo du elektrizitatea sortzeko egun duen ahalmena. Kasu honetan ere, Tamil Naduko estatuan gertatzen den moduan, energia beharrei era egokian erantzutea da proiektuaren helburua.
Manifestari bat hilda
Poliziaren eta ekintzaileen arteko borrokak irailaren 10ean tragedia bihurtu ziren. Milaka herritarrek mobilizazioarekin jarraitzea erabaki zuten, eta horietako batzuek gose greba egitea, agintariei presio egiteko. Ordura arteko nolabaiteko lasaitasuna egun horretan apurtu zen, Poliziak manifestarien aurka gas negar-eragilea eta makilak erabili zituenean. Emaitza: manifestari bat hilda eta dozenaka zaurituta. “Times of India” ingelesezko egunkariak eskainitako datuen arabera, berrogeita lau urteko arrantzale bat hil zuen Poliziak jaurtitako gomazko bala batek.
Tamil Naduko segurtasun indarren arabera, mila manifestari inguru atxilotu zituzten egun hartan. Gehienak handik ordu batzuetara askatuko zituzten, baina 75 herritarri legez kontrako manifestazioak antolatu izana leporatu zieten.
J. Jayalalithaa Tamil Naduko gobernuburuak erasoa justifikatu nahian esan zuenez, manifestariek zentral nuklearrera joateko ahalegina egin zuten, nahiz eta legez kontrakoa zela esan zitzaien, eta, agintariaren arabera, poliziei egin zieten eraso harriak eta makilak erabilita. 4.000 agente zeuden egun horretan Kudankulamen eta 2.000 inguru geroztik, zentral nuklearra defenditu nahian. PMANE giza mugimenduak jakinarazi zuen zuzendaritzako zenbait kide desagertuta zeudela.
Herritarren protestak indargabetu nahian, Sushilkumar Shinde Indiako Barne ministroak atzerriko gobernuz kanpoko hainbat erakunderi leporatu zien mobilizazioak bultzatu eta finantzatu izana.
Era berean, aurtengo martxoan Indiako Poliziak Sonntag Rainer Herman Alemaniako ekintzailea kanporatu zuen, protestak finantzatzen ari zelakoan. «Errudunen bat behar zuten agintariek eta Sonntagi tokatu zaio. Ez zen dirua biltzen ari eta ez dut uste inolako kanpainarik ordaintzeko dirurik zuenik», adierazi zien kazetariei R. S. Lal Mohan ekintzaileak. «Errugabea da eta gezurrekin nahastu dute», erantsi zuen. Atzerritik iritsitako «etsaia» oso baliagarria izaten da agintarientzat bertako herritarrek arazo gehiegi eragiten dituztenean.
Aitzakia bera erabilita, gobernuz kanpoko erakunde batzuei herrialdean lan egin ahal izateko baimena kendu egin zieten agintariek.
Errusiarren interesak
Errusiako hedabideek, berriz, beraien interesen aurkako erasoa ikusi dute Kudankulameko zentralaren aurkako mobilizazioetan. Errusiako Ahotsa webguneak egin duen interpretazioaren arabera, zentral horren aurkako protestak Indian energia nuklearra garatzeko lehian esku hartzen ari diren beste herrialdeei komeni zaie, frantses Estatuari eta AEBei batez ere. «Indiako energia merkatua ikaragarria da eta lehia hori ezinbestekoa da. Ez da harritzekoa, beraz, herrialde horiek historia lotsagarri horretan zerikusirik izatea: argudio ekologikoen atzean, interes ekonomikoen defentsa ezkutatzen da», diote Errusiako hedabidekoek.
Idinthakarai herria izan da manifestariek beren protestak antolatzeko aukeratu duten lekua. Bertan egin zuten beren baraualdia dozenaka manifestarik. Zentralaren ondoko hondartzan ehunka lagunek eutsi zioten kanpaleku antinuklearrari.
PMANEko zuzendaritzako hainbat kide Poliziaren atzaparretatik urruti eduki zituzten ekintzaileek, kasu batzuetan arrantzaleen itsasontzietan, zentralak arrantzaleen ogibidea kinkan ipini baitu eta lehen momentutik nuklearren aurkako mugimenduarekin bat egin dutelako. Izan ere, Kudankulameko zentral nuklearra Mannareko golkoan dago, itsas bioaniztasuna munduko beste edozein lekutan baino aberatsagoa den tokian: 3.600 espezie daude bertan, adituen arabera. Jakina, zentralaren hondakinek erabat kaltetu dezakete bertako ingurumena, nahiz eta Tamil Naduko agintariek horrelakorik onartu nahi ez duten.
Bestalde, zentraletik gertu bizi diren herritarrak ere kontuan hartu behar dira, instalazioaren arriskuak aztertu nahi badira. Izan ere, 5 kilometroko inguruan hiru herri daude: Kudankulam bera (20.000 biztanle), Idintakarai (12.000) eta 2004ko abenduaren 26ko tsunami ikaragarriak etxerik gabe utzi zituen 2.000 herritar inguru hartzen dituen kolonia. Tamil Naduko Gobernuak 1988an onartu zuen arau baten arabera, 5 kilometroko inguruan ezin da herririk onartu, biztanle-dentsitate txikiko eremua izan behar du-eta. Baina Kudankulam herria zentraletik 2 kilometro eskasera dago; eta Idintakarai, berriz, 4 kilometrora. Tsunamiaren biktimentzat eraikitako lehen etxeetatik instalazio atomikoetara kilometro bat baino gutxiago dago.
Teorian, 16 kilometro koadroko eremuan 10.000 biztanle baino gutxiagok bizi behar dute, baina Kudankulameko zentralaren kasuan 70.000 pertsona baino gehiago bizi dira. Tamil Naduko agintariek nahiago izan dute beren arauak bortxatzea koherenteak izatea baino.
Giza katea... itsasoan!
Kudankulameko zentral nuklearraren aurkako mugimenduak giza kate bat ere egin du… itsasoan! Irailaren 13an gertatu zen. Bezperan Npcil Korporazioak jakinarazi zuenez, lehen erreaktorea boroarekin garbitu zuten egun horretan, uranioa kargatu aurretik egin beharreko operazioa (uranioa kargatu ondoren bi hilabete behar izaten dira erakunde arautzailearen baimena lortu eta erreaktorea lanean jartzeko). Hamar hilabeteko atzerapena, korporazioaren hasierako egitasmoekiko, 2011ko azken asteetan lanean jartzekoa baitzuten Kudankulameko zentrala.
Orduan Indiako Gobernuak onartu zuenez, zentrala eraikitzeko lanak atzeratu egin ziren Errusiatik etorri beharreko ekipamendua garaiz iritsi ez zelako, eta, askoz ere garrantzitsuagoa dena, bertako herritarren protesten eraginez.
Prozesua geldiezina zela aditzera eman nahi zuen Npcil Korporazioak irailaren 12an erreaktorea garbituta zeukala esan zuenean, baina herritarrak ez ziren kikildu.
Egun horretan “jal satyagraha” izeneko mobilizazioa egin zuten, hau da, “desobedientzia zibila uretan” tamileraz. Ehunka lagunek esku hartu zuten, uretan sartuta egindako mobilizazioan. «Itsasoan sartuta jarraituko dugu zentrala abian jartzeko operazioak bertan behera utzi eta gure eskariei jaramon egin arte», esan zieten kazetariei PMANEko ekintzaileek. M. Pushparayan ekintzaileak kazetariei jakinarazi zien uretan sartuta giza kate bat egiten jarraitzeko asmoa zutela, bi ordutako txandak eginez. Milaka agente dituzte oso gertu, manifestarien mugimendu guztiak zaintzen, zentral nuklearra okupatzeko ahalegina egin dezaketelakoan. Itsasontzi batzuen eta hegazkin baten laguntza dute agenteek.
Japoniako Yokohama hirian urtarrilean egin zen nazioarteko konferentzia batean erakunde eta ekintzaile askok esku hartu zuten. Bertan nabarmendu zuen Praful Bidwai indiar ekintzaileak zentral nuklearretatik gertu bizi diren herritarren manifestazio eta protesten garrantzia.
Bazter guztietatik iritsitako ekintzaile eta ordezkariek betetako aretoan gogorarazi zuen bere herrialdean oso maiz egiten direla nuklearren aurkako mobilizazioak eta beharrezkotzat jo zituen, Indiak ez baitu arma atomikoak ez ugaltzeko tratatua sinatu eta bere instalazio nuklearretako segurtasunak zalantza asko eragiten dituelako: istripuak, suteak, leherketak eta ur kutsatu isurketak, langileen eta inguruetako herritarren osasunaren kalterako.
Gainera, Bidwaik emandako esplikazioaren arabera, Indiak gaur egun kontsumitzen duen energiaren %3 baino ez da sortzen zentral nuklearretan, baina Gobernuak abian jarritako egitasmoen arabera 2020. urterako proportzio hori %20ra eraman nahi dute, hazkunde ekonomikoak eragindako kontsumo igoerari aurre egin ahal izateko.
Japoniaren bide berria
Indiar agintarien asmoek Japoniako agintarien laguntza izango dute, orain urtebete Yoshihiko Noda japoniar lehen ministroak eta Somanahalli Krishna Indiako Atzerri ministroak bi herrialdeen arteko aliantza sortzeko urratsak egitea adostu baitzuten, «helburu baketsuak» dituen energia nuklearra bultzatzeko asmoarekin.
Kontsumitutako energiaren %20 jatorri nuklearrekoa izatea lortu nahi dute 2020rako Indiako agintariek, eta %30 lortua zuten Japoniakoek iazko martxoan Fukushimako zentralak istripu izugarria izan zuenean. Baina Japoniako gizarteak erabat aldatu du bere jarrera Fukushimaz geroztik eta Gobernuak hilaren 14an egokitu zituen bere asmoak herritarren nahietara.
Energia politika berria onartu zuten egun horretan ministroek: ez dira erreaktore gehiago eraikiko herrialdean eta une honetan eraikita baino itxita daudenak berriz zabaltzeko baimena eman aurretik segurtasun neurriak oso zorrotz zainduko dituzte. Iragarri berri diren asmoen arabera, 2030eko hamarkadan Japoniak ez du energia nuklearrik erabiliko (Fukushimako istripua gertatu aurretik, Exekutiboak energia kontsumoaren %50 baino gehiago iturri nuklearretatik ateratakoa izatea lortu nahi zuen). Alemaniak eta Suitzak egin duten moduan, energia nuklearra erabat baztertzeko borondatea azaldu du Japoniak.
Momentu honetan Japoniak bi erreaktore baino ez ditu lanean (50 erreaktoretik), eta hidrokarburoen bitartez lortzen du lehen atomoak ematen zion energia, balantza komertzialaren kalterako. Energia berriztagarriei sekulako bultzada eman nahi dio: hirukoiztu egingo du bide horretatik iristen den energia kopurua hurrengo hemezortzi urteotan. Irailaren hasieran Japoniako Gobernuak berak argitara emandako ikerketa baten arabera, 2030erako zentral nuklear guztiak itxi ahal izateko 490.000 milioi euro inbertitu beharko ditu energia berriztagarriak garatzeko.
Teorian norabide egokian egindako urratsa dirudienak ez zituen ekologistak konbentzitu, zentral atomikoen mehatxuei eusteko hemezortzi urteko epea luzeegia delakoan. Begirale batzuek nabarmendu dute ikusi egin beharko dela egungo agintariek hauteskundeak galdu eta agintera beste batzuk iristean egungo asmoei eusten dieten.
Japoniak atzera egitea erabaki du, baina Indiak nuklearren aldeko apustuari eusten dio. Greenpeacek egindako ikerketa batek dio Indian zentral bat eraikitzea Europan eraikitzea baino %50 merkeagoa dela. Segurtasuna sakrifikatuz lortzen da hori.




